2005-8-3. Miserikordiko erloju historikoa kendu egin zuten, Harzubia kale aldera zegoena. Izan ere, hilaren 22an hasiko zituzten San Martin egoitzaren Harzubia hiribide aldeko eraikin zaharrena (ezkerraldekoa) eta San Martin estratako aldea botatzeko lanak. Gasteizko aditu batzuk etorri ziren kentzera. Erlojua 1815ekoa da. Ez zuten gehiago jarri. Barruan zegoen erlojua ere kendu egin zuten.
1961-8-3. Ekaitz batek eraginda San Agustin elizako ganga nagusia lurrera erori zen.
1936-8-3. Alkatearen proposamena ontzat hartuta, Oiarzabal eta Alzuru zinegotziei gutun bat idaztea onartu zuten, une larri haietan agintari guztiek bat egin behar zutela eta batzarretara agertzeko eskatuz.
1936-8-3. Udalean aho batez onartu zuten zinegotziek guardiak txandaka egiteko alkatearen proposamena. Guardiak gaueko hamarretatik goizeko seietara izango ziren, eta zinegotzi bakarrak egingo zuen gau bakoitza. Egun hartan bertan ordena alfabetikoan hastea erabaki zuten, alkatea izan ezik, egunean zehar bertan egon behar izaten zuelako.
1896-8-3. Joxe Manuel Bereziartua Loiola auzoko alkateak Egibar baserritik Juanarro errekara bitartean karela egitea eskatu zuen, behar zen harria auzokoek inguratuko zutela adieraziz.
1874-8-3. Diputazioak jakinarazi zuen errukietxeari laguntzeko herriak ezarri nahi zituen zergak ontzat hartu zituela: urtean hiru mila erreal pattarrari, bi erreal txakolin arroa bakoitzari, erreal bana sagardoa eta petrolioari eta bi marai libra haragiari. Hurrengo egunetik kobratzen hastea erabaki zuten, eta herriko denda eta biltegi guztietan zenbat genero zegoen jakitera irten ziren.
1787-8-3. Gesalagako zubia egiteko herriak eskainitako 250 dukaten erdia Zestoako herriak eskatu zituen, eta zubia amaitu ondoren Azpeitiak emandako laguntzaren berri adierazten zuen piramidea jarri ondoren bigarren erdia ordainduko zela erantzutea erabaki zuten. Horrelako langintzak aurrera eramatean agindu errealak horixe agintzen zuen.
1770-8-3. Loiolako Denboratasunaren administrari izendatu zuten Frantzisko Ibero.
1756-8-3. Loiolako Santutegiko erretaula nagusiaren kapitelak, basak eta zimenduak egiteko ardura eman zuten.
1705-8-3. Probintziak Diputazioak soldaduak biltzeko esanez bidalitako gutuna irakurri zuen. Asmo horrekin herriratuko ziren ofizialak aurkezten zituzten agiriek esandakoaren arabera jokatzea erabaki zuten, aurrez behin baino gehiagotan egin bezala.
1631-8-3. Frantzisko Saez Aranburu herriratzear zen 800 soldaduko taldearekin eta, probintziaren agindua kontuan izanik, taldeko ofizialei bakarrik laguntzea erabaki zuen herriak. Gainontzekoak euren kontura konponduko ziren.
1631-8-3. Kapitain bat txartelak banatzen ari zen soldaduei, herritarren etxeetan ostatua izan zezaten. Ondorioz, horretarako inongo eskubiderik ez zuela adieraztea eta etxeetan soldaduak hartu zituztenei herriak ordainketarik ez egitea erabaki zuten.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago