Eguna: 9-30

  • 2016-9-30. Urola Kostako Kros Mistoen I. Txapelketa aurkeztu zuten Azpeitiko, Errezilgo eta Zarauzko lasterketen antolatzaileek.
  • 2014-9-30. Pako Aristik 'Urari ostutako poemak' liburua aurkeztu zuen.
  • 2013-9-30. Eneko Ibarguren atxilotu zuen Guardia Zibilak Loiolako liburutegian, Herrira herri mugimenduaren kontrako operazioaren barruan. Urriaren 3an aske utzi zuten, karguekin, Espainiako Auzitegi Naziolean deklaratu ondoren.
  • 2010-9-30. Joxean Agirre idazle eta kazetariak Zubikarai beka irabazi zuen.
  • 1994-9-30. Udalak eta Eusko Ikaskuntzak laguntza hitzarmena sinatu zuten.
  • 1988-9-30. Kike Zurutuza Herri Batasuneko zinegotziaren autoa erre zuten.
  • 1982-9-30. Herriko garbitokia konpontzea erabaki zuten, eta parrokiko ataria berriztatzea.
  • 1982-9-30. Igerileku estalia zimendatu eta hormigonaketa egiteko agiria sinatzeko baimena eman zioten alkateari, urte bereko ekainaren 15ean Altuna y Uria enpresarekin eginiko akordioaren ondorioz.
  • 1970-9-30. Joakin Iriarte filosofo eta jesuita hil zen.
  • 1956-9-30. Ramon Azpeitia eta Joxe Bengoetxea neurtu ziren lasterkan, zezen-plazan, bigarrenak berrehun metroko abantaila zuela. Azpeitiak 6.200 metro 23 minutu eta hamasei segundotan egin zituen. Bengoetxea erretiratu egin zen, 4.400 metro egitean.
  • 1936-9-30. Kruz Mari Etxeberria, Kasto Orbegozo, Galo Barrena, Roke Astigarraga eta Toribio Azkue bildu egin ziren, eta Etxeberriak jakinarazi zuen Azpeitian Espainiako armada hilaren 20an sartu zenean, eskuin aldeko pertsona gehienak falta izatean alkate izendatu zutela, eta berak egoki ikusten zuen zinegotzi taldea izendatzeko ahalmena eman ziotela, baldintza bakarra izanik Espainiako mugimendu nazionalaren aldekoak izatea, eta horrela izendatu zituela haiek. Une hartan bertan egin ziren karguen jabe. Alkatearen proposamena ontzat hartuta, aurreko Udalak hartutako erabakiak ezerezean uztea erabaki zuten -Oñatz eta Elosiaga auzoetan zabaldutako bigarren eskolak bertan behera uztea, esaterako-.
  • 1801-9-30. Postariak lan gehiegi zuelako atzeratzen zen Urretxutik ekartzen zuen posta; hala uste zuten, behintzat. Horregatik, eta lana azkarrago egin zezan, Pagotxeta mendian, Azkoititik igaro gabe, Zestoa, Zumaia, Getaria, Arroa, Aizarnazabal, Okina eta Errezilera idaztea erabaki zuten, diru laguntza eskain zezaten horrela egiteko.
  • 1740-9-30. Janaria saltzera herrira zetozenek udaletxe azpiko arkupeetan eduki behar zuten generoa eguerdiko hamabiak bitartean, eta ezingo zuen, berriro saltzekotan, inork erosi ordu horretara bitartean. Bestela, bostehun maraiko isuna eta egun bateko kartzela zigorra ezarriko zioten saltzaileari eta erosleari.
  • 1707-9-30. Kontuan izanik Izarraitzen animalia asko zela -otsoak, basakatuak eta abar- eta arriskutsua zela bertako ganaduarentzat eta biztanleentzat, erabaki zuten ehun errealekin saritzea bizirik edo hilik animalia horietako bat edo gehiago herriratzen zuenari.
  • 1707-9-30. Herriko lurretan bigantxak zituztenei eguberriak bitartean guztiak etxera eramateko edota lurretatik kanporatzeko agintzea erabaki zuten.
  • 1644-9-30. Kontuan izanik San Miguel egunean agintari aukeraketan istiluak sortu zirela ondasun gabeko herritarrengandik, horien aurka neurriak hartzea erabaki zuten, euren ondasunen berri adierazten zuten agiriak aurkezteko eskatuz.
  • 1636-9-30. Une hartako gerratean herria bere banderarik gabe zegoenez, eta bere nortasuna agertzeko beste zenbait gauza ere ez zituelako, Joan Anzia erregidoreari agindu zioten Miguel Gerrenzurik agindurik zituen ehun dukatekin Donostiara joan eta behar ziren gauzak eginarazteko.
  • 1636-9-30. Herriko konpainiak beharra bazuen ere, Joan Oñaz erregidoreari agindu zioten berrehun anega gari inguratzeko, eta horretarako harremanetan jarri ziren erretorea, apaizak eta beste zenbait herritar.
  • 1636-9-30. Herriko konpainiaren kaperau moduan izendatu zituzten Bartolome Sokin, Joan Badiola eta Frantzisko Korta apaizak, eta zirujau lanerako, berriz, Martin Landeta gaztea eta Martin Atxaran.
  • 1590-9-30. Korrejidorea aurrean zela aukeratu zuten alkatea, bozketa bidez.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan