2021-7-24. Urteurrena bete eta bi egunera, Sanagustin kulturgune osatuaren hamargarren urteurreneko ekitaldia egin zuten, Sanagustinen bertan, ospakizun ilara borobilduz.
2019-7-24. Amets Amubietak eta Larraitz Larrañagak dantza sueltoko Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuten, hirugarrenez, Errenterian.
2019-7-24. Ertzaintza hilketa gisa ikertzen hasi zen bezperan herriko baserri batean jazotako ume baten heriotza.
2018-7-24. Amets Amubietak eta Larraitz Larrañagak Gipuzkoako Dantza Suelto Txapelketa irabazi zuten Errenterian.
2016-7-24. Amets Amubietak eta Larraitz Larrañagak Gipuzkoako Dantza Suelto Txapelketa irabazi zuten.
1999-7-24. Errejoneadore debutatu zuen Igor Etxaniz 'Kinttela' azpeitiarrak, herriko zezen-plazan.
1988-7-24. Urola trena ordezkatu zuten autobusak zerbitzua eskaintzen hasi ziren.
1933-7-24. Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko diputazioetako Gestora Batzordeek hiru probintzietako udalek Gasteizen abuztuaren 6an biltzeko egindako deialdiaren berri eman zuten. Hiru probintzietarako estatutu bakar baten proiektua aztertuko zuten bileran, eta herriak Joxe Antonio Oiarzabal alkatea ordezkari izendatzea erabaki zuen.
1871-7-24. Herritar batzuek San Inazioren irudia parrokitik Loiolara prozesioan eramateko euren burua eskaini zuten. Gainera, adierazi zuten bakoitzari herriak ohikoa zen libra ogia eta pinterdi bat ardo eman gabe egingo zutela. Baina herriak Elosiaga auzoko biztanleei eskaintza hitzez eginda zuen, eta lehentasuna azken horiei ematea erabaki zuten.
1871-7-24. Herriko zenbait kaletan pattarra salduko zutenen zerrenda osatu zuen Udalak, eta haiek baino ez zituen baimendu horretarako.
1781-7-24. Herriak, eurengan konfiantza agertuz, San Agustin eta Santo Domingo komentuei idaztea erabaki zuen, urteko eta ondorengo San Inazio bezpera eta egunean gauean euren komentuak biek argituko zituztelakoan, biztanle guztiek euren etxeetan egin ohi zuten bezala.
1781-7-24. San Inazio egunean ospatuko zen alardea edo ezpata dantzarako herritar guztiei albistea ematea erabaki zuten, udaltzainen bidez.
1781-7-24. 1610ean herriak hartutako erabakia aldaketarik gabe betetzea erabaki zuten. Hau da, bezperan prozesioa egingo zen Loiolara, bezperak eta konpletak kantatuz, eta santuaren egunaren ondorengoan meza nagusira joango ziren.
1735-7-24. Animalia kaltegarriak herriratzen zituztenek egin ohi zituzten iruzurrez hitz egin zuten. Kontuan izanda Azkoitiko herriak ez ziela ezertxo ere ordaintzen, gauza bera egitea erabaki zuten.
1696-7-24. Urrestillako parrokiko etxezainari baimena eman zioten koruko gangari heltzeko egurra ebakitzeko, baita andamioak egiteko ere, arriskuan zegoen-eta.
1670-7-24. Baimena eman zioten Pedro Arteagari San Pedroren aldare bat parrokiko elizako Epistola aldeko lehen pilarean jartzeko.
1656-7-24. Joan Ansola maisuak adierazi zuen derrigorrezkoa zela zimendu berriak ateratzea parrokiko elizako sei pilareak egiteko, lehengo zaharrak behar bezalakoak ez baitziren. Eskribauaren aurrean eskritura sinatzea erabaki zuten, bere iritzia idatzirik gera zedin.
1640-7-24. Alkateak jakinarazi zuen Irlandako konpainia bat zela herrian Kantauriko armadako gobernadoreak aginduta, eta bere kapitainak adierazi ziola, bost egun bazituzten ere herrian, oraindik behar bezalako ostaturik gabe zela 60 laguneko taldea. Neurriak hartzeko eskatzen zuen, guardiak egin beharko baitzituen gauean.
1639-7-24. Herri Batzar nagusian herrian ehun soldaduko konpainia osatu zela esan zuten. Bakoitzari egunean zilarrezko erreal bat ordaintzen zioten, erregeak ematen zuen soldataz gain. Ordainketa egiteko zilarrezko bostehun dukat topatzea erabaki zuten.
1569-7-24. Errazti burdinolako buru herritar Iñigo Goiaz eta Martin Errazti ziren, eta negozioaren hiruko zati bat Domingo Lopez Arandiak zeukan.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago