1986-7-13. Urola trenak bidaiarien zerbitzua moztu zuen.
1952-7-13. Kandido Txurruka eta Juan Goli neurtu ziren, hamabi enbor kana erdikoekin. Lehenenak lana 36.56.3/5ean amaitu zuen eta bigarrenak 37.21.2/5 behar izan zituen.
1936-7-13. Alkateak herriko festetan ospatu nahi zen entzierroaz gobernadorearekin hitz egiteko batzordea izendatzea proposatu zuen. Olaizola zinegotziak erantzun zion entzierroa egitea erabaki zenean adierazi behar zuela alkateak proposamena, eta ez orain Nafarroako zezenak erosita zirenean.
1914-7-13. Udaltzaingoaren arautegia gobernadore zibilak onartu zuela jakinarazi zuten.
1903-7-13. Apezpikuak Anaia Maristak herrian gelditzeko eman zuen baimenaren berri adierazi zuen. Herriak pozik hartu zuen erabakia.
1891-7-13. Herriari San Inazio jaio zeneko IV. mendeurrena uztailaren 31n eta abuztuaren lehen eta bigarren egunean ospatzeak kalteak sortzen zizkion, eta jesuiten Probintzialari idaztea onartu zuten egun horietan antolatu nahi ziren elizkizunak uztailaren 28, 29 eta 30era aldatzea ontzat hartzeko adieraziz.
1891-7-13. Gregorio Lizurumek eta beste batzuek aurkeztutako eta aurrez alde batera utzi zen idatzia irakurri zuten berriro. Idatzian errukietxeko junta eraberritzeko Udalari herritarren batzarrerako deia egiteko eskatzen zuten. Baina estatutuek ez zioten Udalari horretarako ahalmena ematen eta Juntari berari eskaera zuzentzea erabaki zuten.
1876-7-13. Azken gerra karlistan sortutako gastuei aurre egiteko Joxe Manuel LarraƱagak, Agustin Iturriagak, Bernardo Iturriagak eta Joxe Mari Arregik 1872ko abenduan aurreratutako dirua itzultzea erabaki zen, baina herria interesak ordaintzekotan geratu zen.
1862-7-13. Urrestillako kalean lauzadura berria jartzeko harria garraiatzea errematatu zuten.
1830-7-13. Gipuzkoako Batzar Nagusiak adierazi zuen Frantzisko de Paula, honen emaztea eta infanteak Zestoan zirela Gesalagako bainuak hartzen, eta Loiolako Ikastetxera joateko asmoa zutela. Zestoatik Loiolara bitarteko bidea ez zela oso egokia eta Inazio Mari Balzola eta Agustin Etxeberria konponketa lanak egiteko izendatu zituztela ere jakinarazi zuten. Herriari gauza bera esan zioten, ahal bazen auzolanean egitea komenigarria zela. Udalak erabaki zuen auzolanean egitea ezinezkoa zela erantzutea, herriak ez baitzuen ezer ohiko freskagarri bezala eskaintzeko etxetik urrun lanean aritu beharko zuten langilei. Azkenik, Probintziari laguntza eskatzea onartu zen.
1828-7-13. Saldu edo hartzekodunei emandako herriko lurraldeen berri adierazi zuten, oraindik bakarren batzuek ordainketarik ez baitzuten egin. Udalak zorretan zirenei diruarekin agertzeko aginduz albistea ahalik eta azkarren pasatzea erabaki zuen.
1812-7-13. Probintziako Kontseiluak idatzi zuen, Pedro Pizarrok alkatetzarik ezin zezakeela eskuratu eta kontseilari baino ezin zitekeela izan esateko, euskara ez baitzekien. Udalak gogoan izatea erabaki zuen.
1759-7-13. Parrokiko Vera Kruz aldareko erretaula urreztatzeko eskritura egin zuten Manuel Fernandez de la Vegarekin.
1747-7-13. Udalbatzar nagusian, herriak osatu behar zuen konpainiaren ofizialak izendatu zituzten. Zozketan sartzen ziren gazte ezkongabeen zerrendak onartu eta txartelak zilarrezko pitxar baten sartu zituzten. Ondoren, aretoaren erdian jarrita gaztetxo batek bertatik atera zituen 54 gazteren izenak. Azken laurak hutsunea betetzeko ziren.
1629-7-13. Probintziak agindu zuen bezala, hilaren 14an parrokien bidez deialdia zabaldu eta hil honen 25ean arma erakusketa egitea erabaki zuten.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago