1669-11-29. Aurreko urtean agintaritzan izan zirenei eta aurtengoei, ordenantzek adierazten zuten bezala, lehen ostiralerako herriko artxiboaren jabetza orduko agintarien eskuetara pasatzea agindu zieten eta, hori ez bazuten egiten, mila maraiko isuna ezarriko zieten.
1669-8-12. Parrokiko kanpai handia funditzeko eskritura sinatu zuten Pedro Foncueba maisuarekin.
1669-8-6. Pedro Foncueba kanpaien egileari 815 erreal ordaintzea erabaki zuten. Haren laguntzaileei beste ehun erreal gehiago ematea ere erabaki zuten, herriko dorreko kanpaia funditu baitzuten. Herriak horretarako beharreko materiala jarri zuen.
1669-8-5. Pedro Beltran Oiarzabal erregidoreari Frantzisko Zelaiaran parrokiko erretorearen etxera joateko agindu zioten, parrokiko bi kanpaiak funditzeko eskritura egitean lekuko izateko eskatuz. Berehala itzuli zen Beltran, neskameak erretorea kanpoan zela esan ziolako. Hurrengo eguneko goizean dorretik bi kanpaiak jaistea erabaki zuten.
1669-7-14. Parrokiko hiru kanpai eta herri dorrekoa funditzea erabaki zuten.
1669-6-28. Tolosan egindako Gipuzkoako Batzar Nagusiak emandako aginduaren arabera, Santiago egunean arma erakusketa eta alardea egiteko arratsaldeko ordu bi eta erdietarako deialdia egitea erabaki zuten. 18 urtetik 60ra bitarteko gizaseme guztiei deitu zieten, eta deialdia alde batera uzten zutenek mila maraiko isuna eta hamabost eguneko kartzela jasoko zuen.
1669-6-11. Parrokiko kanpai handia ez ezik, beste bat ere apurtuta agertu zen. Horren aurrean, herrian zegoen Pedro Foncueba kanpai egilearekin edo beste norbaitekin harremanetan jartzea erabaki zuten. Guztiaren ardura parrokiko etxezainari eman zioten. Agindua aurrera eramateko dirurik gabe baziren, zilarrezko berrehun dukat zentsuan hartzeko ahalmena zeukan.
1669-6-11. Olazko ermitako seroraren dotearekin, bertako kanpaia funditzea erabaki zuten, apurtuta zegoelako. Konponketa lan batzuk ere egin zituzten barruan. Beharrezkoa zen egurra herriak eman zuen.
1669-4-23. Herriaren kontura Olazko ermitarako bidea egitea erabaki zuten.
1669-3-22. Kexak jaso zituenez, herriak Inazio Zubimendi eta haren emazteari txakolina herriratu eta saltzea debekatzea erabaki zuen.
1669-3-22. Pedro Beltran Oiarzabal errejidoreari ikatza egiten Aratz aldean ibili zirenek egin zituzten kalteak neurtzea agindu zioten.
1669-3-14. Albistea izanik Loiolara iristear zela Juan Eberardo jesuita inkisidore nagusia, herriaren izenean ongietorria egiteko ordezkariak aukeratzea erabaki zuten.
1669-3-14. Jakinean izanik parrokiko koruko burdin barrotegia egiteko limosna emateko prest zirela herritar batzuk, agintariek eskaera egitea erabaki zuten, erretorearekin batera kaleratuz.
1669-2-24. Herriak Jazinto Pazuengos sendagilearekin eginda zuen eskriturari buruz abokatu baten iritzia jakitea erabaki zuen eta, ondoren, herritar biztanle bereziekin bat eginik behar zen erabakia hartzea.
1669-2-16. Herriko sendagile Jazinto Pazuengosek adierazi zuen aurreko urtean Antonio Erkizia eskribauaren aurrean herriarekin eginiko eskrituran agertzen zela, urtean 20 dukat emango zizkiotela elizgizonek bere soldata osatzeko, baina eskaera luzatu bazen ere ezin izan zituela kobratu. Erabakirik hartu gabe, udalbatzar nagusia egin bitartean gaia alde batera uztea erabaki zuten agintariek.
1669-2-16. Martin Garatetxea eta Juan Apaeztegi maisuek osaturiko txostena aurkeztu zuen Inazio Apaeztegi erregidoreak, herriko ordularia zegoen dorrean zer konponketa egin behar ziren adierazten zuena. Han aipaturiko lan guztiak aurrera eramatea erabaki zuten.
1668-12-31. Parrokiaren patronatuari buruzko auziaren berri adierazi zuten Herri Batzar nagusian.
1668-12-17. Joakin Mendizabalek adierazi zuen Juan Saloguen lizentziatuaren aurka jarririk zeukan auzian, Valladolideko Erret Chancilleriak arrazoia eman ziola herriari. Honek ez zuen nahi Saloguen alardeetara agertzerik.
1668-12-17. Joakin Mendizabalek jakinarazi zuen Kontseiluaren aurrean auzia jarri zuela Loiola etxearen jabe Martin Inazio Oñaz eta Loiolaren aurka, parrokiaren patronatuari buruz, gaiaz zenbait agiri aurkitu baitzituen. Udalak ontzat hartu zuen haren jokaera, eta Herri Batzar nagusirako deialdia egitea erabaki zuen, urtearen azken egunerako. Goizeko bederatziak jarri zuten hasiera emateko eta mila maraiko isuna ezarri zuten bertara joaten ez zenarentzat.
1668-11-14. Tomas Leiarizti maisuak, herriarekin zeukan tratua gogoan izanda, Bustinzuri errebaleko gurutzearen teilatua egiteari berehala ekingo ziola esan zuen eta, bide batez, ermitaren hormak egokituko zituela. Herriaren aldetik berrehun erreal ordaindu zizkioten.
1668-10-26. Hirurobieta baserriko Domingo Enparanek herrian limosna eskea egiteko baimena eskatu zuen, baserria erretzean ondasun guztiak galdu baitzituen. Herriak erabaki zuen parrokien bidez berria zabaltzea eta hark nahi zuen laguntzailea hartuta limosna eskea egiteko baimena ematea.
1668-10-20. Alkateak adierazi zuen hurrengo egunean, igandean, parrokian agertzeko asmoa zuela Ana Lasaldek -Matias Inazio Zuazolaren emazteak-, eta, kontuan izanik aldaketaren bat egiteko asmoarekin izan zitekeela, neurriak hartzea egokia izan zitekeela pentsatu zuten. Arratsaldean herritar bereziekin bilera egitea erabaki zuten, eta bertan erabaki zen alkateari aldaketa egiten ez uzteko ahalmen osoa ematea.
1668-9-14. Dirurik gabe zegoenez herria eta, bere lurraldean abarrak ebakitzeko gaztainondoak izanik, lehen igandean Liazasoro, Larraarburu eta Lizundia inguruetan ziren gaztainondoak enkantean jartzea erabaki zuten, gehien ordaindu nahi zuenari emanez.
1668-7-20. Ugarte burdinola erre zen eta Juan Larraldek hura egokitzeko egurra ebakitzeko baimen eskaera egin zuen, baina erabakia hartzeko herritar bereziekin biltzea erabaki zuten agintariek.
1668-7-7. San Inazio eguneko zezenketarako, korrejidorea eta bere emaztea gonbidatzea onartu zuten. Emakumearentzat aparteko etxe bat ere hartu zuten. Bestalde, askari bat prestatzea erabaki zen.
1668-5-25. Batzordea izendatu zuten Soreasu errotaren presa ikusteko, errotariaren iritziz gaizki baitzegoen. Ikusi ondoren egoera txarra zela baieztatzen bazen, Martin Garatetxea maisuari aginduko zioten konponketa.
1668-5-4. Barrenportalen edo herriaren beheko sarrera inguruan zen bolatokiaren ingurua egokitzeko, alkateari 60 dukat ematea erabaki zuten.
1668-4-26. Matias Zuezolaren aurkako auzia jarraitzea onartu zuten, parrokiko patronatuari buruz agiri berriak aurkitzean.
1668-2-23. Jakinik Azkoitiko alkateak Matias Inazio Zuazolari Loiolan ongietorria egiteko asmoz ehun gizaseme armatuta zituen, eta Azkoitiko herriari idaztea erabaki zuten, jakinaraziz inolako baimenik ez zuela soldadu konpainia batekin herriratzeko eta are gutxiago jende armatua zuela inguruan, ezta maskaradak edo jolasak bertan egiteko ere.
1668-1-27. Errege egunean agerraldi edo alardera agertu ez zirenei isuna jartzea erabaki zuten. Jatorrizko herritarren eta haien semeei mila marai, eta biztanleei eta semeei, berriz, 500 marai.
1667-12-21. Eguberri bigarren egunez parrokien bidez jakinarazi zieten herritar guztiei Errege egun arratsaldean, euren armak, sokak eta balak zituztela ohiko alardea egiteko enparantzan bildu behar zutela. Sarjentu, Jazinto Egurza, Frantzisko Eizagirre eta Juan Odriozola erregidoreak izendatu zituzten.
1667-12-21. Korrejidorea eta bere Audientzia herrian izango ziren, eta sagardo gutxi zegoen; urtea bukatzerako amaituta izango zen sagardoa. Bera, fidelari bi kupel baino ez saltzea agindu zioten eta bi horiek amaitu orduko beste bi jartzeko salgai jartzea.
1667-10-16. Joakin Mendizabal alkateak jakinarazi zuen kexak zirela, herriko harategia goizean soilik zabaltzen zutelako eta, gainera, haragi gutxi eskainiz. Hornitzaileari goizez eta arratsaldez harategia zabaltzeko agintzea erabaki zuen Udalak, eta behar bezainbeste haragi eskaini behar zuela; bestela, mila maraiko isuna izango zuen.
1667-7-14. Antonio Erkizia izendatu zuen Udalak herriko hamabi soldaduri Hernanira laguntzeko. Hara hilaren 16an irten eta egun berean iritsiko ziren.
1667-7-14. Herriaren lur zati batzuk soro bezala erabiltzeko baimena eman zieten Olaberriko Domingo Aramendiri, Araazko Inazio Eizagirreri, Largarateko Martin Etxezarretari, Eizmendiko Antonio Eizmendiri, Laaarko Bernardo Zuloagari eta Pagaolako Joxe Gurrutxagari.
1667-7-1. Herriko Barrenportal edo beheko sarreraren horma handien kontrako aulkiak erorita zirela-eta, Frantzisko Mendizabali agindu zioten Martin Garatetxea maisuarekin edo beste maisu batekin aulki horiek herriaren kontura berriro egitea, erabat galdu baino lehen.
1667-6-19. Beharrezko bolbora eta gainontzeko munizioak erostea erabaki zuen herriak.
1667-6-19. Prudentzio Goiri izendatu zuten herriko armak garbitu eta zaintzeko soldatapean, herri guztiaren baimenik gabe arma bakar bat ez emateko aginduz inori. Eta Zarautzen ospatutako Gipuzkoako Batzar Nagusietan agindu zuten bezala, herritar guztiek libra bat bolbora, hamabi bala alkabuza edo mosketearentzat eta behar hainbat metxa izan behar zuten. Erabaki hori parrokiaren bitartez jakinaraztea erabaki zuten.
1667-6-19. Herritar Joseph Iturriagari ebaketa baterako basoak 105.000 errealetan saldu zizkiotela adieraztea erabaki zuten. Eskritura egitean 55.000 erreal ordainduko zituen eta beste guztia lau urtera, %5eko interesarekin. Gainera, Nafarroako zezen bat ekarri beharko zuen Iturriagak San Inazio egunerako.
1667-6-19. Nafarroako beste zezen bat ekartzea erabaki zuten San Inazio egunerako. Toreatzaileak kontratatu zituzten.
1667-5-15. Amuarraina eta aingira libra erreal bat eta erdiko prezioa saltzeko agindua eman zuten, hamar mila maraiko isunarekin.
1667-4-29. Abitaingo harrobitik parrokirako atera zen harria ordaintzea erabaki zuten. Martin Garatetxea eta Antonio Eizmendi maisuek tasatu zuten aurrez.
1667-2-4. Kontuan izanda herriaren lurraldeko zenbait auzo edo zati agintarien artean banatuta zeudela, bertako biztanleak haien deialdiari erantzutera derrigortuta zeudela erabaki zuten, batez ere bideak konpondu eta txukundu behar ziren garaian eta mila maraiko isunaren azpian.
1667-2-4. Hilda zen Joxe Argarainek betetzen zuen postari zerbitzua egiteko, Joseph Abarrategiri deitu zioten. Abarrategirekin bi urterako eskritura egin zuten, herriak urte bakoitzeko 24 dukat ordainduz. Asteazkenetan irten beharko zuen herritik eta larunbatean itzuli Gasteiztik, kartak eraman eta ekarriz.
1667-1-30. Udalbatzar nagusira agertu ez zenari 500 maraiko isuna ezartzea erabaki zuten.
1667-1-30. Herriko bi ordulariak konpontzea erabaki zuten.
1667-1-28. Udalak, sei urtean zehar posta garraiatzaile lanerako Joxe Argarainekin tratua egin zuen. Urte bakoitzean 24 dukat ordaindu zizkion.
1667-1-28. Martin Garatetxea maisuari Landetako zubia aurkeztu zuen eran konpontzeko agindu zioten.
1667-1-20. Udalbatzar nagusian, alkateak fidelaren aurka hartutako neurrien berri adierazi zuen, esanez fidela preso zuela, arraina saltzen zuten emakume batzuen kontra egin zuelako. Gaiari buruz euren iritzia jakin nahian Bilboko bi lizentziaturekin harremanetan jartzea erabaki zuten. Herriaren aginduak eta gainontzeko paperak bidali zizkieten bi lizentziatuei eta, haien iritzia jakin ondoren, beharrezko neurriak hartuko zirela erabaki zuten.
1667-1-14. Herriak izendatutako batzordeak bere iritziz zuhaitz landaketak zeinek egin zitzaketen ezagutzera eman zuen: Gorostortzuko maizterrak 4.000 oinkada; Arangurenekoak 4.000; Etxenagusikoak 4.000; Otzaka-handikoak 2.000; Gomuntzokoak Erdoizta aldean 4.000; Largaratekoak 4.000. Guztira, 22.000 oinkada.
1667-1-14. Orduan fidela zen Frantzisko Latenta, bere etxean preso zegoen alkatearen aginduz. Herriak, gertatzen zena aztertzeko Sebastian donearen egunez, arratsaldean, udalbatzar nagusi bat egitea erabaki zuen, Latentak bere egoera nolabait eteteko herriaren laguntza eskatu baitzuen. Era guztietako iritziak sortu ziren agintarien artean, baina azkenean aipaturiko egun horretan batzar nagusia egitea onartu zuten, gehiengo baten iritzia hori izan baitzen.
1667-1-7. Martin Galarza mandazain altsasuarra Nafarroako ardoaren hornikuntza egitera behartu zuten urte baterako.
1666-12-16. Martin Garatetxea maisu harginari azken uholdeak eramandako Barrenolako zubiari eta Landeta eta Harzubiko zubietan izandako kalteei buruzko iritzia eskatzea erabaki zuten.
1666-10-29. Fidela eta Martin Erkizia erregidoreari eskatu zioten Antonio Altunari herriaren izenean berrehun peso aurreratzeko eskatzea, unean zituen beharrei aurre egiteko.
1666-10-22. Antonio Erkizia erregidoreak jakinarazi zuen Joan Kereizeta herritarrari bere ondasun gehienak erre zitzaizkiola Urdazubi baserria suteak hartzean, eta harentzat herriko kaleetan limosna eskatzeko baimena eskatu zuen, errebaletan eta lurraldeko baserrietan ohikoa zen bezala. Erregidoreari eskatu zioten Kereizetarekin batera irteteko jaiegun batean limosna eskean, eta eskribauak agiria prestatuko zuela horretarako -parrokiko erretoreari erregutu zioten, bestalde, elizaren bidez zabal zezala-.
1666-10-20. Hilario Zabalak ordainketa eskritura sinatu zuen, Urrestillako parrokiko Errosario Kofradiaren alboko aldarea egin zuelako.
1666-10-8. Pregoiak egiten zituen Vicente Ferrer aragoiarra (Espainia) udaletxera deitu zuten, eta bi urtean herriari zerbitzua eskaintzeko eskritura egitea erabaki zuten, herriaren aldetik urtean 300 erreal ordainduta -pregoiak ematean jaso zitzakeen beste zenbait txanponekin batera-. Janzki bat egingo zioten, gainera, Ferrerrek berak eskatzean.
1666-10-1. Herriko kale eta kantoietan bando bat ematea erabaki zuten, aginduz inork ez zezala saldu ardorik etxe partikularretan, baizik eta herrian ziren lau tabernetan bakarrik. 50 dukateko isuna ezarriko zioten agindua betetzen ez zuenari.
1666-9-24. Ustekabean elurrik gabe gelditu zela adierazi zuen Inazio Odriozola hornitzaileak, nahikoa jaso zuela uste bazuen ere. Herriari esan zion beste herri batzuetako hornitzaileekin gestioak egiten ari zela behar zena inguratzeko, hutsegitea barkatzeko eskatuz. Emandako hitza bete beharko zuela esatea erabaki zuten, nahi zuen tokitik elurra ekarrita, baita zerbait gehiago ordaindu behar bazen ere.
1666-9-18. Herriko lurretan soroak egin eta erabiltzeko baimena emandakoei Kapelamioza tokitik Otzaka-Munoa bitartean agindutako zuhaitz landaketak egiteko eskatzea erabaki zuten, eta zuhaitzek bi hosto egitean herriari eskaintzeko.
1666-5-28. Beduara joaten ziren mandazainei Zestoan pasatzean inolako oinarririk gabe ordainketa batzuk egitea eskatzen zietela jakitean, herriko erregidore bat bertaratzea erabaki zuten, gertatzen zenaren berri jakiteko.
1666-2-12. Izarraitz mendiari buruz zenbait gauza jakin nahian zen herria, eta Jauregi eta Betelu erregidoreak azterketa batzuk egin ondoren zera adierazi zuten: duela 21 urte bertan ziren zuhaitzak ikatzetarako moztu zirela eta Deba aldera, berriz, orain 11 urte atera zirela zuhaitzak, guztira 800 zama ikatz gutxi gorabehera, eta unean, toki berean ari zirela ebakitzen.
1666-2-5. Urte baterako Gasteizera postari lana egiteko Mikel Argarainekin egin zuen kontratua herriak. Asteazken edo ostegunetan irtengo zuen herritik eta larunbat eguerdian itzuliko zen, herriak 24 dukat ordainduko zizkion urtean -erdia orduantxe bertan eta gainontzekoa irailean-.
1665-8-24. Alkateak Herri Batzar nagusian adierazi zuen parrokiari buruzko zenbait agiri zahar ezkutatuta zirela nonbaiten, eta haiek topatzeko nuntzioaren aldetik Paulina bat lortzea egokia zela. Nuntzioa Madrildik herriratu zen, eta bere bitartez Simancasko (Espainia) Artxiboan, Iruñean edo beste nonbaiten aurki zitezkeen agiriak herriratzeko behar ziren gestioak egitea erabaki zuten.
1665-8-12. Hildako zezenaren haragiak 290 libra pisatu zituela eta 119 libra 84 errealean saldu zirela adierazi zuten. Gainontzekoak ibaira bota zirela jakinarazi zuten, 171 libra saldu ezinean gelditu baitziren.
1665-6-19. Erregearen agindu batekin Diputazioko gutuna jaso zuten. Bertan soldadu iheslariak eta arloteek atxilotzeko agindu zuten. Erantzutea erabaki zen.
1665-6-15. Arrantza egiteko ibaia gelditu zutenak askatzea erabaki zuten, lau errealeko isuna ordainduta.
1665-6-5. Herri Batzarrean mendi eta basoak ikatzerako saltzea erabaki zuten, herriak zituen zorrak ordaintzeko. 60 boto jaso zituen batzarrean.
1665-4-23. Erregeak berriro probintziari soldadu eskaera zuzendu ziola jakitean, udalbatzar nagusira agertu ziren 77 herritarren artean bozketa egin eta Agustin Eizagirre errejidoreak egindako proposamena onartu zuten. Beraz, erregeari oraingo honetan probintzia zerbitzurik eman gabe uzteko eskaera zuzentzea erabaki zuten, ezinezkoa egiten zitzaiola adieraziz, zorretan murgildurik baitzen.
1665-3-20. Pedro Beltran Oiarzabali hauxe agindu zioten: Probintziako Batzar Nagusiak ospatzen ziren bitartean, korrejidorearentzat etxe bat aurkitzeko.
1665-3-8. Enparantza nagusia zabaltzeko tokia eman zuenez, Santo Domingo komentuari obra batzuk egiteko baimena eman zioten.
1665-2-20. Usurbilera iritsi ziren lau zezenak herrian ospatu behar ziren, Gipuzkoako Batzar Nagusietara ekartzea ezinezkoa zela ikusita. Hango eskribauari horren berri ematea erabaki zuten, hau adieraziz: haien jabeari esateko gauzak bertan behera uzteko. Nafarroatik hiru zezen ekartzeko erabakia hartu zuen herriak, horrela egiteko aginduz Inazio Odriozola eta eskribauari.
1665-2-13. Herriak Santo Domingo komentuko arkuak egin zituen Martin Garatetxea maisuari zor zizkion 550 dukat ordaindu zizkion.
1665-2-11. Aldare nagusiaren Ebanjelio aldean, Errosarioko Andre Mariaren erretaula bat egiteko Hilario Zabalia arkitektuarekin eskritura egin zuten Urrestillako bikarioa zen Frantzisko Korta eta Errosarioko Andre Mariaren kofradiako buru Pedro Urangak.
1665-2-6. Santo Domingo komentuko arkuak eta torila egiteko harria ateratzeko baimena eskatu eta Azkoitiko herriaren baimena mugatua zela ikusita, berriro idaztea erabaki zuten.
1665-1-30. Martin Garatetxea maisuari torilak egiteko lana eman zioten, herrian ospatuko ziren Gipuzkoako Batzar Nagusietarako prest izateko.
1665-1-30. Agustin Eizagirre erregidoreak Gasteizen Batzar Nagusietarako su artifizialak ekartzeko egin zuen tratuaren berri eman zuen eta horien itxura ere erakutsi zuen.
1664-12-28. Herri Batzar nagusian Santo Domingo komentuari buruz hitz egin zuten: herriak komentuaren baratzaren jabetza lortzea nahi zuen, enparantza zabaltzeko. Behin eta berriz zuzendu zuen eskaera, eta jakinarazi zuten fraideek baratzaren zati bat emateko prest zirela, ordainduz gero. Agintari eta Inazio Agirre, Saloguen lizentziatua eta Frantzisko Mendizabali eskatzea erabaki zuten komentuko priore eta fraideekin erosteko bide egokia aurkitzeko, behar bada diruan zentsuan hartuta edo nahi zen erara eta muga gabe.
1664-12-28. Kontuan izanik herritar asko gelditu zirela batzarrera agertu gabe, haietako bakoitzari berrehun maraiko isuna kobratzea onartu zuten.
1664-10-10. Aurreko urtean agintaritzan izandakoei bi egunen barruan kontuen berri emateko albistea pasatzea erabaki zuten, bakoitzarentzat bostehun maraiko isuna izendatuz horrela egiten ez bazuten.
1664-9-28. Enparan etxeari herriak 32.055 marai ordaindu zizkiola esan zuten, bere errotaren zortzi eta erdikoaren erdia erosteko. Beste 16.042 marai ordaindu zizkioten Bikuña etxeari, errota bertan zuen beste hainbesteko zatia erosteko.
1663-7-1. Anaia Aranburuk diseinatutako eliza egiteko Frantziskanek Martin Garate eta Juan Larraar hargin maisuekin eskritura sinatu zuten.
1660-4-8. Julian Rotetak eginiko eskaerari erantzunez, Logroñoko (Espainia) inkisidoreak Aita Joxe Antxietaren margo bat jartzeko baimena eman zuen. Urrestillako elizan eta epistola aldean jarriko zuten.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago