2018-7-10. Lau urterako lan hitzarmena sinatuta, hamabi eguneko greba bertan behera utzi zuten Sammic enpresako langileek.
2015-7-10. Oihana Goenaga igerilariak Espainiako Txapelketan urrea irabazi zuen 200 metro libreetan.
2011-7-10. Lagun Onak Mendi Bazkunak bigarren postua lortu zuen mendi lasterketen Euskal Herriko taldekako txapelketan, Zumaian. Jexux Zelaia aurrena izan zen beteranoen sailkapenean.
1907-7-10. Herritik Zumaiara bitarteko tranbia elektrikoaren obrak bukatzeko luzapena ematen zuen ordena errealaren berri jakin zen.
1907-7-10. Zerbitzuan sartzean eman zioten bakoitzari jantzi osoa, katiuskak, bi alkandora, hiru pare galtzerdi, bi zapata pare, musuzapia eta kapela.
1907-7-10. Probintziak adierazi zuen alistatu nahi zutenek udal eskribauari agertu behar ziotela nahia, hogei egunen barruan. Helburu hori lortzeko Probintziak berak batailoia osatzen zuen bakoitzari 1.500 erreal ematea eskaini zuen, eta egun bakoitzeko beste erreal bat.
1813-7-10. Hitzez eta idatziz mehatxuak jaso zituen eta miseria osoan zen herria, Portugalgo armadarentzat sei mila zatiko ogi prestatzeko; beste 1.200 zatiko ogi Bizkaiko taldearentzat eskatzen zizkioten. Batzarrean, nahiz eta agintari gutxi izan, lurralde kontribuzioaren kontura 90 anega gari eskatzea erabaki zuten, eta 24 orduren barruan udaletxean bildu beharko ziren.
1793-7-10. Gipuzkoako Juntan ziren herriko ordezkariek idatzi zuten, probintziaren akordio baten berri emateko eta gerrarako boluntario talde bat osatzeko eskatuz. Herriak erabaki zuen bando bat ematea eta erretoreari elizan deialdi bat egiteko eskatzea. Gauza bera egin zuten Urrestillan eta OƱatz, Eizmendi, Elosiaga eta Olazko ermitetan, Loiolako eliza eta Matxinbentakoan.
1785-7-10. Parrokiko apaizei saninazioetan egiten ziren elizkizunak gogoratuz eta ohi bezala parte hartzera gonbidatuz idaztea erabaki zuten. Adierazi zieten 1610ean onartu zutela apaizek eta agintariek uztailaren 31 jai hartzea, eta egun horren aurreko bezperetan partaide izatea gainontzeko elizkizunetan bezala. Geroago, 1669an, bi alderdien erabakia izan zela jakinarazi zieten, uztailaren 30ean Loiolako Etxe Santura joan eta 'Konpletak' abestea, abuztuaren lehen egunez prozesioan bertara azaltzea bezala. 1767ra bitartean horrela egin zela esango zieten, ekaitz gogor batek ohitura moztu zuen arte. Orduan, zirudienez lasaitasuna iritsia zen, eta bien artean ohitura hura suspertu nahi zela adierazi zieten.
1777-7-10. Herriak Loiolako Etxe Santura prozesioa berriro egiteko gogoa zuen eta Manuel Bixente de Figueroa Gaztelako Kontseilu Nagusiko Gobernadoreari baimena eskatzeko idaztea erabaki zuten.
1752-7-10. Alkateak Arrasaten ospatutako Gipuzkoako Batzar Nagusiak hartutako erabakia adierazi zuen; 800 hargin eta zurginak erregea Ferrolen (Galizia) egiten ari zen lanera bidaltzea, alegia. Herriak tokatzen zitzaiona bete beharko zuela-eta Udalak erabaki zuen batzordea izendatzea herriko lurraldeko hargin eta zurginen zerrenda osatzeko.
1682-7-10. Eskribauari agindu zioten parrokiko erretaula nagusia egiteko material limosna eskatzera irten beharrekoak izendatzeko.
1638-7-10. Diputazioaren gutuna jaso zuten. Bertan Getariara 60 soldadu bidaltzea eskatzen zuten, eta berehala izendatu zituzten guztiak. Pedro Rekarte kabo izendatu zen abiatzeko, eta alkateari agindu zioten bakoitzari lau erreal ematea; hala egin zuen.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago