Hamarkada: 1800

  • 1809-10-28. Touvenot jeneralak Frantziako enperadorea eta Austriakoaren artean bakea sinatu zutela esanez korrejidoreari idatzitako eguneko adierazgarria irakurri zuten. Batzarra amaitu ondoren herritarrei jakinaraztea erabaki zuten, eta parrokiko apaizei albistea pasatzea, berri ona ospatzeko meza santua eta 'Te Deum' antola zitzaten.
  • 1809-10-28. Beste ofizio bat irakurri zuten, herrian ziren zaldi guztiak azaroaren 10erako Donostiara bidaltzeko aginduz, eta Udalak erabaki zuen herrian zenbat ziren jakiteko gestio guztiak egitea.
  • 1809-9-19. Urretxuko alkatearen gutuna jaso zuten, probintziako polizia komisarioaren beste batekin batera, eta haiei erantzutea erabaki zuten, hauxe esanez: herrian 36 fusil besterik ez zirela, oso munizio gutxirekin -alkateak Donostiatik ekartzea agindu zuena-, herriak eta herritarrek zutena Tolosatik etorritako ofizial batek jaso zuelako.
  • 1809-9-4. Herriko lurraldeak erosi nahirik egin zituzten txostenen berri eman zuten. Batzuek dirua eskaini zuten eskura, eta beste batzuek herriari aurreratu zioten diruaren truk eskatuz. Errazti maisuari lurraldeak zatitu zitzan eskatzea erabaki zuten, bakoitzaren balioa agertuz, ondoren enkantean jartzeko eta eskaintza onenak egiten zituztenei saltzeko.
  • 1809-8-31. Herriari dirua aurreratuta zuten pertsonei zor zietena ordaintzea erabaki zuten, eta herriaren lurrak eskaini zizkieten horrela nahi zutenei. Gainera, tratu horri lehentasuna eman zioten, herriarentzat ez baitzen kaltegarria.
  • 1809-8-31. Burgosera (Espainia) egindako garraioan idiak galdu zituztenei herriko lur zatiak emanez ordaintzea erabaki zuten, baina aurrez jaso nahi zuten lurraldea seinalatuz txostena aurkeztea derrigorrezkoa zuten. Eskatutako lurraldea emango zieten, herriarentzat kaltegarria ez bazen.
  • 1809-7-9. Soreasu errota saltzeko baimena eman zioten Enparani, aurrez egindako hiru erremateetan eroslerik ez baitzen agertu.
  • 1809-6-26. Frantziar aldekoek salatuta, atxiloketak egin zituzten. Atxilotuen artean Frantziskanen kaperaua eta Matxinbentako bikarioa zeuden.
  • 1809-6-24. Bezperan herriratutako Frantziako troparen komandanteak idatzitako gutun baten berri eman zuen alkateak, ordena berri bat jaso bitartean herrian gelditu behar zuela esanez. Kontuan izanik sortuko ziren gastuak, Diputazioari erregutzea erabaki zuten herriak aurreratutako generoak ordaintzeko, gutxienez 85.000 erreal jasotzeko zituelako.
  • 1809-4-4. Alkatea eta Ibero errejidorea aukeratu zituzten herriko apaizekin harremanetan jartzeko eta jakiteko ea ongi iruditzen zitzaien Loiolako baratzan hilerria jartzea. Baldin eta ondo iruditzen bazitzaien, norbait bidali beharko zuten korrejidoreari lurralde hori eskatzera. Ez bazen onartzen apaizek eginiko proposamena, alkateak eta Ibero errejidoreak erabaki beharko zuten non egin hilerria, apaizekin adostasunera iritsita.
  • 1809-4-4. Inazio Bixente Errazti arkitektuari eskatu zioten hilerri berria egiteko planoak prestatzeko.
  • 1809-3-12. Aurreko batean Thuvenot jeneralak emandako gutuna irakurri zuen alkateak, gazteleraz xehetasunak emanez ondoren. Bertan zioen garbi agertu zuela herriak bere oposizio berezia, denbora guztian izanik matxinada sortzeko nahia, baina azpilanean ibilitakoek orduan zutela une egokia, Espainiako erregeak emandako amnistia aprobetxatuz, bat-batean beraien nahiak eta lanak alde batera uzteko, Espainiako dinastia berriaren auka egin gabe. Herriak erabaki zuen alkateari ahalmen osoa ematea Frantziako jeneralari erantzuteko, 5.000 biztanle zituen herri honetan ez zela horrelako sentimendurik agertuz, baizik eta bakar batzuk besterik ez zirela horrela jokatu zutenak, eta itxaropena zuela, ordurarte izan zuen iritzia mereziko zuela aurrerantzean herri honek.
  • 1809-3-2. Alkateak adierazi zuen nolako gastuak sortzen ari zen herrian zegoen Frantziako tropa, batez ere geroago eta gaixo gehiago zeudelako soldaduen artean.
  • 1809-2-15. Monterroneko Konteak Frantzisko Joxe Enparani idatzi zion, Frantziako armadarekin herriak egin zituen zorren berri emanez eta berehala ordaindu behar zituela esanez, edo, bestela, tropa bat herriratuko zuela adierazi zuen. Horrela gerta ez zedin, Arrasaten zegoen frantziar komandanteari idaztea erabaki zuen herriak.
  • 1808-9-8. Diputazioaren eskaerari erantzunez, hari herria Urretxun eta Zumarragan garraio lanak egiteko prest zela adieraztea erabaki zuten. Herriak garraio lanak egin zitzakeen toki bakarrak ziren. Bi herrietarako lau mila erreal ematea erabaki zuten basoak saltzean lortutako dirutik, esanez zakuak prestatu ondoren bidaliko zutela irina.
  • 1808-8-31. Herri Batzar nagusian onartu zituzten hilaren 24an troparen garraioak egiteko prestatutako baldintzak.
  • 1808-8-24. Batzordea izendatu zuten troparen garraioak egiteko.
  • 1808-6-26. Zabalaga baserrian izandako sutearen berri eman zuten. Hura ikustea erabaki zuten, derrama kobratzeko.
  • 1808-3-16. Joxe Inazio Altuna alkateak jakinarazi zuen gestioak egiten ari zela Nikolas Inazio Odriozola erretoreak ez zitzan berriro hitz iraingarriak esan herriko agintarien aurka.
  • 1807-2-24. Bergaratik Getarira bitarteko errepidea egiteko proiektua bultzatu nahian, Frantzisko Josep Enparan eta Xabier Inazio Amenabarrek 200.000 erreal zentsura eta 25.000 erreal emaitza bezala eskaini zituzten. Orduan, ez zuten erabaki bat hartu herriak eginiko eskaintzari buruz.
  • 1807-2-21. Tabernetan egiten ziren gehiegikeriak kontuan izanik, tabernen leihoetan orri batzuk jartzea erabaki zuten eta horrela jakin zezatela hurbiltzen zirenek nolako prezioak zituzten. Goizetik ilunabarrera bitartean egon beharko zuten orriek ikusgai, bestela lehen aldian jabeari bi pesoko isuna ezarriko zioten.
  • 1806-12-20. Herritar bereziekin bilduta, alkatea eta erretorearen artean idatzitako gutunen berri eman zuten, Andre Maria Sortzez Garbiaren egunean erretoreak mesa nagusian ez zuelako alkatearen eskaintzarik jaso nahi izan. Erretoreari pulpitutik barkamena eskatzea exijitu zioten, alkateari egindako irainagatik.
  • 1806-12-8. Goizean parrokian ospatutako meza nagusian bertako erretoreak nola jokatu zuen adierazi zuen alkateak: Espainiako erregearen aginduz zeukan agintaritza zapuzturik sentitu zuen, eskaintza jasotzera ez zitzaiolako hurbildu erretorea, ohikoa zen bezala. Egindako lehen Herri Batzar nagusian gertakizunaren berri ematea erabaki zuten, eta alkateak jakinarazi zuen, batzarra egin aurrez, erretoreari idatzi bidez agertzeko asmoa zuela berriro horrelako jokaera bazuen, diakonoa eta diakonordea kenduko zizkiola, eta eskaintza egitea jaistea debekatuko ziola.
  • 1806-10-25. Baserrien errentamenduei buruzko erret zedula eman zuten.
  • 1806-10-11. Inazio Nikolas Odriozola parrokiko erretoreak idatzi baten bidez kexua bidali zion Espainiako erregeari, baserrietako jabeen aldetik haietan ziren sendiek jaso behar izaten zituzten bortxaketak zirela-eta.
  • 1806-8-31. Herri Batzar nagusian korrejidoreak hilerriaz emandako aginduen berri adierazi zuten. Gai horretaz gestioak egiteko izendatutako batzordeak ere hilerri berria kokatzeko tokiari zegokionez bere iritzia azaldu zuen. Parrokiari zegokionez, Madalena inguruko tokia aukeratzea erabaki zuten, batzordeak proposatutako bat zelako, eta Urrestillakoa, berriz, batzordeak proposatzen zuen bakarrean egitea erabaki zuten.
  • 1806-8-31. Herriko sendagilearen postua hutsik zen eta sei sendagile aurkeztu ziren postua bereganatu nahian. Ondorioz, Udalari guztien informeak biltzeko baimena eman zioten, bai justiziaren aldetik bai euren herrietako erretoreen aldetik, batez ere zintzotasuna eta jakituria jakite aldera. Ondoren Herri Batzar nagusian aurkeztuko zituzten informe horiek, aukeraketa egiteko.
  • 1806-4-8. Gaspar Amenabarri idaztea erabaki zuten, Cadizen (Espainia) bizi zen Xabier Inazio bere anaiak testamenduaren bidez parrokirako 65.000 erreal eskaini baitzituen.
  • 1806-2-4. Danborraria lanpostuz aldatzea erabaki zuten, azken igandean enparantza nagusian herriko alkateari mesprezuak egin zizkiolako.
  • 1806-1-3. Vera Cruz Kofradiako buruak Udalari eskaera egin zion, esanez parrokiko erretoreari Loiolan zeuden bi Premostranse sermolariri Garizumako igandeetan pulpitura igotzen uzteko baimena eskatzeko.
  • 1805-4-27. Oñatz eta Elosiagako elizak egokitzea erabaki zuten, eta apaizek zeuzkaten etxeak ere txukundu zituzten.
  • 1805-2-17. Mesedetzako Planaren berri eman zuen Odriozola erretoreak pulpitutik, baina agintarien artean oso gaizki hartu ziren sarrera bezala egindako komentarioak.
  • 1804-7-30. Korrejidoreak debekaturik zituen zezenketak, dantzak eta gainontzeko jaialdiak, eta alkateak jakin gabe bando bat zabaldu zuen gaueko ekintza guztiak bertan behera uzten zituela adieraziz. Goizeko bileran horri buruz hitz egin zuten, eta korrejidorearekin harremanetan jartzea erabaki. Arratsaldean berriz ere biltzeko gelditu ziren. Arratsaldeko bilera horretan, Udalak antolatuta zituen gaueko ekintza guztiak aurrera eramatea erabaki zuten, herriak Kontseiluko gobernadorearen baimena lortu baitzuen.
  • 1804-6-28. Korrejidoreak erregeak emandako agindua adierazi zuen, Bergara eta Getaria bitarteko errepideaz. Azpeitiko herriari Enparan eta Soreasu errotak saltzeko gestioak egitea debekatu zioten. Bergara, Azpeitia, Azkoitia eta Zestoa herriek egingo zuten errepidea, eta dirua jarri beharko zuten horretarako.
  • 1804-6-9. Manuel Furundarena apaizak egiaztatu zuen Elormendiko San Pedro ermitaren egoera larria. Apaiza Iruñeko apezpikuari bidaltzea erabaki zen, antzeko ermitak profanatuak izan zirela jakinarazteko, elizari ezinezkoa egitean zutik edukitzea.
  • 1804-5-17. Jakinean izanik Elormendiko San Pedro ermita erortzeko zorian zela -batere egurrik gabe zegoen, frantziarrek erre egin zituztelako azken gerratean-, eta inolako irudirik gabe barnean, apezpikuari bere profanazioa eskatzea erabaki zuten.
  • 1804-4-26. Espainiako Armadako Flotako komandanteak hesiak egiteko zuhaitzak ebakitzeko baimena eman zuen; bakoitzeko hiru aldatzeko agindu zuen.
  • 1804-1-12. Bando baten bidez jakinarazi zuten azoka egunetan goizeko hamaikak bitartean ezin zitekeela salgai jartzeko ezer erosi, eta gainontzeko egunetan hamarrak bitartean berdin; eta, gainera, ez euren kasa eta ez beste inor bidalita azokara bidean ziren saltzaileengana.
  • 1804-1-12. Bando bidez, komentu eta parrokiko atarietan jolasean ibiltzea debekatu zuten.
  • 1803-12-7. Inazio Bixente Erraztik Olazko ermitan egin beharreko obren zerrenda aurkeztu zuen. Zerrenda horretan aurkeztutako obrak egitea erabaki zuten.
  • 1803-6-6. Urrestilako Guardia zubia konpontzeko aurrekontua prestatzea erabaki zuten.
  • 1803-4-13. Kontseilu Nagusiak 400 edo 500 haritz alferrikakoak ebakitzeko egin zuen eskaera onartu zuten. Haritzak txalupak osatzeko erabili ziren eta, bide batez, barrerak egiteko, aurrez zeudenak frantziarrek erre baitzituzten.
  • 1803-3-15. Zalantza batzuk egon arren, eta azken urteetan horrela egiten zelako, Ostegun Santu egunean San Agustin komentuko sagrarioko giltza jasotzeko korrejidorea aukeratu zuten; alkateak parrokikoa jasoko zuen.
  • 1803-3-13. Ahalmen osoa eman zieten agintariei azkenaldian saldu ziren herriko lurraldeen kontuak aztertzeko, ondoren zorrak ordainduz.
  • 1803-3-13. Hiru giltzako bi kaxa egitea erabaki zuten, haietako bat elizaren diruak jasotzeko eta bestea herriko lurraldeak saldutakoan jasotakoa gordetzeko. Giltza bat alkateak eta parrokiko etxezainak izango zuten, bestea lehen eta bigarren errejidoreek, eta hirugarrena diputatu zaharrenak.
  • 1803-3-8. Herriko festetan zekorketak antolatzeko Inazio Ramon Arozenak eginiko proposamenaren berri eman zuten. Hark barrerak egiteko materiala eskatzen zuen, berak sarrerak kobratzeko eskubidea izanik alde batetik; edo 1.500 erreal eta materialak herriak emanez, inolako kobraketa gabe geldituta bera. Bigarren proposamena hartu zuten ontzat.
  • 1803-3-8. Urrestillarako bidea konpontzea erabaki zuten, Landetako ermitan aulki batzuk jarriz.
  • 1803-2-26. Nikolas Inazio Odriozola parrokiko erretorearekin herriak nahiko harreman traketsak zituen, eta Iruñeko apezpikuaren laguntza eskatzea erabaki zuten agintariek. Urtean zehar ematen ziren aginduen berri ez zuten elizaren bidez ematerik nahi.
  • 1803-2-18. Herriko agintari eta Nikolas Inazio Odriozola erretorearen artean iritzi ezberdinak sortu ziren. Azken honek udaletxera bidali zuen gutun bat, esanez nahiko hitz eta esaera gogorrak erabiltzen zituelako agintarien aginduak ez zituela elizaren bidez adieraziko.
  • 1802-12-14. Herriaren diruak gordetzeko hiru giltza zituen kaxa egitea onartu zuten, eta giltzak zegokienei banatzea. Horrez gain, kontuak emateko liburua ere prestatu zuten -kaxaren barnean gordeko zena, hain zuzen-.
  • 1802-8-26. Udalak San Agustin komentuko priorearen gonbitea onartu eta bertako patroi bezala egun horretako elizkizunetara agertzea erabaki zuen.
  • 1802-6-19. Uholde handiak izan ziren egun honetan eta hurrengoan.
  • 1802-5-30. Soreasu errotan Frantzisko Joxe Enparanek zuen zortzi eta erdiko jabetza herriak eskuratzea erabaki zuten. Horren ordez, Enparan errotan eskaini zioten beste hainbeste.
  • 1802-5-12. Herrian gelditzeko etorri ziren hamabi soldadu eta haien sarjentuarentzat ostatua aurkitzeko, batzordea izendatu zuten.
  • 1802-3-10. Aratz-Errekarako eta Zestoarako bidea erabat hondatuta zeudela ikusita, konponketa lanak egitea erabaki zuten.
  • 1801-12-2. Frantzisko Jose Enparanekin egin nahi zen trukaketaz hitz egin zuten. Enparan etxeak errotan zituen zortziko bi eta erdi zatiak trukatu nahi zituzten eta, zalantzak zeudenez nola egin erabakitzeko, korrejidoreari erabakitzeko eskatu zioten.
  • 1801-11-13. Herria eta Enparan etxearen jabearen artean errotei buruz eginiko trukaketaren berri eman zuten, baita onartu ere.
  • 1801-9-30. Postariak lan gehiegi zuelako atzeratzen zen Urretxutik ekartzen zuen posta; hala uste zuten, behintzat. Horregatik, eta lana azkarrago egin zezan, Pagotxeta mendian, Azkoititik igaro gabe, Zestoa, Zumaia, Getaria, Arroa, Aizarnazabal, Okina eta Errezilera idaztea erabaki zuten, diru laguntza eskain zezaten horrela egiteko.
  • 1801-8-4. Agintariek, herritar bereziekin bilduta, lantegi berria jarri zen Bustinzuri etxea alokatzea erabaki zuten, herriarentzat egokia izango zela irudituta.
  • 1801-7-19. Herritarren gogoa zen 'Te Deum' kantatuz elizkizun bat egitea, herrian fabrika berria martxan jartzeagatik eskerrak emateko. Horrela egitea erabaki zuten.
  • 1801-7-12. Manuel Enparan hil zen. Manuel San Hermenegildo itsasontziko burua zen eta, Gibraltarko Itsasartean 'Rey Carlos' Espainiako itsasontzia gau ilunean etsaitzat hartu ondoren, borrokan ari zela hil zen.
  • 1801-5-20. Uholde handiak ezagutu ziren egun horretan eta ondorengoan.
  • 1801-5-3. Erretoreak egin zituen gestioei esker Ameriketara zilarbizia bidaltzeko fraskoen fabrika herrian zabalduko zela jakin zen. Udalak biztanleentzat mesede handikoa izango zela kontuan hartu zuen, eta hari eskerrak emanez akordio horren berri adieraztea erabaki zuen.
  • 1801-2-11. Sukaldeko egurra garraiatzeko Izarraitzen bide berria zabaltzea erabaki zuten.
  • 1801-2-11. Ikatza egin ahal izateko, mendiak salgai jartzea erabaki zuten, enkantean jarriz ondorengo lehen igandean.
  • 1801-1-5. Herrian ziren bi udaltzainek herriko etxean bizitzea erabaki zuten, batez ere bertako kartzelan ziren presoak hobeto zaindu zitzaten.
  • 1800-10-15. Gurutzea etxearen ate ondoan aurkitutako utzitako haurrari buruz alkateak esan zuen emakume baten eskuetan utzi zuela, eta Udalak erabaki zuen berehala Iruñeko Ospitale Nagusira eramatea, ohiko limosna emanez hango zuzendariari.
  • 1800-10-15. Kontseilu Nagusiak agindu bezala, hilren 26an, igandean, beharrezko agiriak ohiko tokietan zintzilikatzea erabaki zuten, eta herriak saldu nahi zituen lurren errematea udaletxeko arkupeetan egingo zutela, zuhaitz landareak hazten zituztenekin zuen 60.000 errealeko zorra ordaintzeko.
  • 1800-10-14. Utzitako haur bat aurkitu zuten -neskatxa bat-, bederatziak jota, Gurutzea etxearen ate ondoan.
  • 1800-9-14. Herri Batzar nagusian prezioa jarritako herriaren lurraldeak saltzea erabaki zuten, erregearen aginduak adierazitako eran.
  • 1800-9-13. Korrejidoreak Kontseilu Nagusiak emandako Espainiako erregearen agindua bidali zuela idatzi zuen, Ugartemendia eta Landa perituek aukeratutako herriaren lurraldeak enkantean jartzeko baimena emanez 60.000 errealera bitartean. Hortik lortutako dirua zuhaitz landareak hazten zituztenei zor zitzaiena ordaintzeko erabiliko zuten, edo lurraldeak emanez, bestela. Herri Batzar nagusia egitea erabaki zuten, guztiaren berri hilaren 14an emateko, goizeko hamarretan.
  • 1800-9-13. Frontoia egiteko lurrak kendu zizkietenez Juan de Dios Alzagari eta Rosa Abarrategiri, Higinio Frantzisko Elorza herriko perituari eskatu zioten herriaren lurraldeetan neurri bereko zatia aukeratzeko lehenenarentzat eta bi mila erreal balioko lurrak bigarrenarentzat.
  • 1800-9-2. Alkateak jakinarazi zuen bi haur zeudela utzirik inudeen eskuetan: uztailaren 13an eta 18an erretorearen ondoko etxearen leihoan utzitako mutikoa eta neskatxa. Kontuan izanik Iruñeko Ospitale Nagusira eramateko 300 erreal beharko zirela eta eguraldi beroak egin zituela, alkateak zioen ez zela erabakirik hartzen ausartu, baina garestiagoa izango zela herriaren aldetik haiek haztea. Alkateari iruditzen zitzaion egokia izango zela Iruñera eramatea. Ardoaren hornikuntza egiten zuen batekin harremanetan jartzea erabaki zuten, inudeek lagundurik bi haurrak Iruñera eramateko, 300 errealeko laguntza eskainiz.
  • 1800-7-23. Plazan herriko festetan zekorketak ospatzeko Zestoako herriari itxitura egiteko langak eta egurrak eskatzea erabaki zuten.
  • 1800-6-18. Korrejidoreak ontzat hartu zituen ordura arte herriak egindako lurralde salketak.
  • 1800-5-30. Juan Larraarekin eskritura egitea erabaki zuten, frontoia konpondu eta bederatzi urtean bere gain izan zezan, behar ziren egokitze lanak eginda.
  • 1800-5-14. Garia jasotzeko garaia iristen ari zela eta gehitu ziren txolarreek izugarrizko kaltea egiten zutela ikusirik, bando bat ematea erabaki zuten igandeko meza nagusia amaitzean. Bertan sendi bakoitzak lau txolarre edo antzeko txori kaltegarriak akabatu eta hilabete barruan udal eskribauari eman behar zizkiotela jakinarazi zuten. Esandakoa egiten ez zuenari bi pezeta kenduko zizkioten. Gaiari buruz guztia kontu handiz emateko eskatu zioten eskribauari.
  • 1800-1-29. Herriaren argikuntza lanetarako tratua egin zuen herriak Joxe Inazio Otañorekin. 1.900 erreal ordaindu zizkion.
  • 1800-1-29. San Agustingo paretak behar bezala txukuntzea erabaki zuten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan