Eguna: 7-15

  • 2015-7-15. Amaia Azkueren hiltzaileak 2012an jaso zuen 10 urteko zigorra adingabekoentzako zentroan betetzen jarraitzea ebatzi zuen Donostiako Adingabekoen Epaitegiko epaileak.
  • 2012-7-15. Nuarbeko pilotaleku berritua inauguratu zuten.
  • 2005-7-15. Horma-irudi batzuengatik gorabehera askoko egunak pasatu ondoren, uztailaren 15ean ireki zuten Gaztetxe berria Loiola'91 bezala ezagutzen den eraikinean.
  • 1960-7-15. Inazio Aizpuru eta Miguel Iriondo neurtu ziren zezen-plazan sei mila metrotan. Lehenenak lana 27.45.3/5ean egin zuen eta bigarrena 3.200 metro egindakoan erretiratu egin zen.
  • 1956-7-15. San Inazioren irudia inauguratu zuten Xoxote gailurrean.
  • 1912-7-15. Alkateak adierazi zuen San Inazio eguna jaiegun izendatu zutela, eta gertakizuna ospatzeko abuztuaren lehen eguneko prozesiora gonbidatu zituela probintziko alkate, erretore, senadore eta diputatu guztiak. Denekin bazkaria egitea erabakita bazuen ere, jakinarazi zuen ezinezkoa izango zela, oztopo handiak baitziren tartean. Azkenean domina bat ematea pentsatu zuen, baita gestioak egitea ere horretarako, baina denbora gutxi zegoen eta hori ere ezinezkoa zela ikusita, diploma bat ematea egokia izango zela pentsatu zuen. Karmelo Etxegarai euskal probintzietako kronistak diploma horietan inskripzioak idatziko zituela adierazi zuen. Udalak ontzat hartu zuen alkateak egindako guztia.
  • 1872-7-15. Pozik entzun zuten herriko agintarien aldetik Diputazioak bidalitako gutuna. Gutunean Gipuzkoako Batzar Bereziak hartutako erabakia jaso zuten; hau da, ezerezean uzten ziren baimenik gabe probintzian sortu ziren kongregazio eta elkarteak.
  • 1872-7-15. Herrietan erasoan hasteko prest talde armatuak zirela jakin zuten, eta alkateak adierazi zuen zinegotzi eta herritar zintzoak bildu ondoren armak hartzea erabaki zutela. Horretarako gobernadore militarrari idatzi zioten, Remington fusilak eta kartutxoak Donostiatik ekartzeko baimena eskatzeko. 54 fusil Soraluzeko fabrikatik herrira ekarri zituzten, eta Gobernuko parketik beste bi mila kartutxo. Diputazioari egindako gastua jakinaraztea erabaki zuten, batzar bereziak onartu bezala honek erdia ordaintzeko.
  • 1839-7-15. Joxe Etxeberriak Goenarrazate meategian lanean hasteko baimena eskatu zuen. Hori egiteko herriari burdinolarako ateratzen zuen kintale bakoitzeko erreal erdi bat ordainduko zion. Baimena ematea onartu zuten, baina kintale bakoitzeko erreal erdia lehen bi mila kintale osatu bitartean ordainduko zuen, eta ondorengoetarako herriak zerga aldatzeko ahalmena zuen.
  • 1783-7-15. Hil honen 5ean, San Inazio bezperan parrokian ospatzen ziren bezperetara eta egunean bertan ospatzen zen elizkizunera, Udala korporazioan joateko hartutako erabakia ezerezean uztea onartu zuten.
  • 1774-7-15. Gaztelako Kontseilu Errealeko gobernadoreari idaztea erabaki zuten, jesuitak Loiolatik kanporatu zituztenetik bertako eliza eta kaperak igande eta jaiegunetan meza bakarra emateko erabiltzen zirela jakinarazteko. Gainera, meza ikastetxea zaintzen zutenentzat baino ez zen. Idatzian herria urteetan zehar antzinako ohitura -San Inazio bezperan Konpletak abestera joaten ziren Loiolara eta ondorengoan, berriz, herriko apaizekin batera prozesioan eta meza nagusia ospatzen zuten- bete ezinagatik nahigabeaz zela ere esaten zen. Gobernadoreari baimena eskatu zioten eraikin handia herriarentzat mesedegarria izan zitekeen ekintzarako erabiltzeko, itxirik eduki beharrean.
  • 1768-7-15. Herriak eginiko eskaerari erantzunez korrejidoreak idatzitako gutuna jaso zuten. Bertan adierazi zuen Arandako Konteak parrokiko atariko obrak aurrera eramateko Loiolako harrobietatik harria ateratzeko baimena eman zuela.
  • 1685-7-15. Herritar bereziekin egindako batzarrean adierazi zuten Sistiaga aldean Azkoitia eta herriaren arteko lurraldea banatzen zituzten mugarriak ikusi zituztela, eta bi herrien ordezkariek eskritura sinatu zuten. Lehenena eta zaharrena onartu zituzten.
  • 1685-7-15. Tomas Ibargurenek Madrildik idatzi zuen gutunaren berri eman zuten. Eskutitzean jakinarazi zen herriak erregearen baimena zuela beste hamar urtean ardoari zerga ezartzeko.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan