Eguna: 7-22

  • 2021-7-22. COVID-19ak eragindako kasu positiboek gora egin ondoren, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa Biziberri IV planaren hirugarren mailan kokatzea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak. Besteak beste, merkataritza, gizarte eta kultur jarduera guztien itxiera ordubete aurreratu zuten (01:00etara).
  • 2018-7-22. Azpeitiak Euskal Herriko eskuzko Herriartekoaren txapela jantzi zuen, bigarren urtez jarraian, Amurriori 3 eta 0 irabazita. Zornotzan jokatu zuten finala.
  • 2017-7-22. Oier Ibarguren txirrindulari azpeitiarrak Orthezeko Klasika (Okzitania) irabazi zuen.
  • 2017-7-22. 'Sagardoa Azpeitian' liburua aurkeztu zuten, Laxaro Azkunek idatzia eta Juan Joxe Agirreren argazkiekin osatutakoa.
  • 2016-7-22. Eusko Gudarostearen sorrerako 80. urteurrena gogoratzeko ekitaldia ospatu zuten Loiolan.
  • 2016-7-22. Xaguxatar parkea inauguratu zuten, Ingurugiro Etxea Museoaren ondoan.
  • 2011-7-22. Sanagustin kulturgune osatua martxan jarri zuten, Kultur Mahaiak kudeatuta eta, besteak beste, ostalaritza zerbitzuarekin.
  • 2000-7-22. Txakelek 'Azpeitiko Jaiak' liburua aurkeztu zuen.
  • 1931-7-22. Alkateei abuztuaren lehen egunerako egindako gonbiteaz hitz egin zuten. Joaten zirenei bazkaririk ez ematea itxuragabekoa iruditu zitzaien, eta bozketa baten ondoren erabaki zuten guztiak ez gonbidatzea.
  • 1914-7-22. Diputazioak Udala Olazko ermitara gonbidatu zuen, bertan ospatu ziren Gipuzkoako Batzar bereziak gogoratuz jarri nahi zen plakaren aurkezpenera. Musika Banda eta umeen abesbatza prestatu zuten egun horretarako. Korporazioan joatea erabaki zuen Udalak, ezinezkoa bazen ere umeen abesbatza horretara egokitzea.
  • 1912-7-22. Gonbitea ontzat hartu eta herriak egindako gonbitea erantzun zuten Donostiako Santa Maria, San Bixente, Artzain Ona, Antigua eta San Inazio parrokietako erretoreek ez ezik, Irun, Urretxu eta Alegikoek, eta Hondarribia, Hernani, Zestoa, OƱati, Orio, Ataun, Altza, Alegia, Legorreta eta Elduaingo alkateek.
  • 1897-7-22. Nuarbeko Hirutasun Santuaren eliza bedeinkatu eta inauguratu zuten.
  • 1892-7-22. Herriko epaitegia ezerezean gelditu zen, eta aho batez Madrilera idaztea erabaki zuten, herriak bertako langileen soldatak ordainduko zituela esanez, beste irteerarik aurkitu ezean.
  • 1872-7-22. Udalak Loiolako ateak zabaltzeko baimena lortu arren elizkizunak bertan ospatzeko, herriko apaizek ez zuten parte hartzerik nahi. Udalak erabaki zuen herritarrei idatzi bat bidaltzea, apaizen jokaera salatuz, eta nahi zuten guztientzat Loiolako eliza eta kapera hiru egunetan zehar zabalik izango zela jakinarazi zuen.
  • 1846-7-22. Azkoitian ospatu ziren Gipuzkoako Batzar Nagusietan Aszensio Inazio Altuna izan zen herriko prokuradorea. Bertan kaperotasuna aurkeztu gabekoek herriko agintaritzara iristeko bidea emateko eskaria egin zuen, baina idatzi baten bidez adierazi zuen alferrikakoa izan zela eskaria.
  • 1837-7-22. Diputazioak gutun baten bidez adierazi zuen Ramon Ibero alkatea atxiloturik zela, erregearen aurkako lanean ibili zelako. Haren ordez beste alkate bat izendatzea agindu zuen.
  • 1794-7-22. San Agustin komentuko arkupeetan egin zuten erregearen zerbitzura joan behar zuten soldaduen zozketa. Bi konpainia osatu zituzten -bakoitza 80 lagunekoa-, eta beste talde bat 37 lagunekoa.
  • 1738-7-22. Herri Batzar nagusian Ramon Iberok adierazi zuen atxilotuta egon zela Lizarran eta beste zenbait tokitan, eta gastu handiak egitera behartua izan zela. Egin zituen gastuen zati bat herriak ordaintzea aztertzeko batzordea izendatzea eskatu zuen, eta herriak egokitzat hartu zuen eskaera.
  • 1674-7-22. Baimena eman zioten Inazio Odriozolaren emazte Graziana Goikoetxeari Odriozola baserriaren inguruan ermita altxatzeko.
  • 1641-7-22. Herri Batzar nagusira etorri gabe gelditu zirenei ezarritako mila maraiko isunari buruz hitz egin eta berrehun maraira gutxitzea erabaki zuten, ikusita nolako beharrak zituzten herritarrek, nahiz eta Inazio Agirrek garbi adierazi ezarritakoa kendu egin behar zitzaiela.
  • 1641-7-22. Saninazioak ospatzeko Arantzazuko komentuko musikariak ekartzea eta prozesioetan ezpata dantzak egitea erabaki zuten, beste ekintzen artean.
  • 1594-7-22. Azken uholdeek kalte handiak egin zituztenez, erregeari baimena eskatzea erabaki zuten, herritarren artean konponketa lanak aurrera eramateko dirua biltzeko.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan