Eguna: 7-6

  • 2013-7-6. Nerea Etxeberria Euskadiko txapeldun izan zen ironman erdiko distantzian.
  • 2002-7-6. Zine Klub Elkartearen liburua aurkeztu zuten. 'Azpeitiko Zine Klubak 25 urte fotograma artean' liburua argitaratu zuen 25. urteurrena zela-eta. Liburuan elkarteak egindako ibilbidea biltzen da: proiektatutako filmak, taldeak berak egindakoak, antolatutako zinema ikastaroak.
  • 1936-7-6. Herriak Nafarroako zezenak erosi zituen eta entzierroa ospatu edo ez eztabaidatu zuten; gehienek baiezkoa eman zuten.
  • 1903-7-6. Herriko Osasun Juntaren eskaera ontzat hartu zuten, eta Kristina enparantza txikiko pixatokiak botatzea erabaki zuten.
  • 1846-7-6. Herriko sendagile Joxe Ramon Sagastumek Azkoitian izan zen gaixotasunari buruz txostena aurkeztu zuen, eta lana artxiboan gordetzea erabaki zuten.
  • 1846-7-6. Alkateak Ascenzio Inazio Altunarekin hitz egin zuela adierazi zuen, hau baitzen Azkoitian ospatu ziren Gipuzkoako Batzar Nagusian herriaren ordezkaria. Alkateak herrian kaperotasuna aurkeztu gabe herritarrei agintaritzarako bidea emateko zegoen beharra batzarrean aukezteko erregutu zion, herritarrek gaitasun eta jatortasuna ongi erakutsia baitzuten herriaren zuzendaritza izateko. Altunak bere berri jakinaraziko zuela adierazi zuen, eta Udalak alkateak egindako guztia ontzat hartu zuen.
  • 1845-7-6. Gipuzkoako Errenta Intendentziaren gutunari erantzunez, udalak erabaki zuen San Agustin komentua herriaren eskuetan zela adieraztea. Bertan, udalak umeentzako eskola eta irakaslearen etxebizitza zituen, eta gainontzeko gelak batzarrak eta beste zenbait ekintza publikoetarako erabiltzen zituen. Enparantzan antolatzen ziren ekintzak ikusteko ere erabiltzen zuen eraikina eta Santo Domingo komentuan, berriz, 1841ean herriak ordainduta egindako kuartela zegoen, bertan Guardia Zibilak zeuden.
  • 1814-7-6. Inazio Mari Zabala Antxieta Urrestillako alkateak herriaren baimenik gabe Urrestillan ziren soldaduei emateko basoetan egurra ebaki zuen, eta herria bertan ziren soldaduei eskaintzeko egurrik gabe gelditu zen. Horregatik, Eizagirremendiko biztanleenekin bakarrik konformatu beharko zuela esan zioten, eta herriaren basoetan norbait bazen lapurtzat hartuko eta behar bezala zigortuko zutela jakinarazi zuten.
  • 1814-7-6. Urrestillako alkateak lapurtzat hartu zutelako kexatuz erantzun egin zuen, eta Udalak halako irainik egiterik ez zuela sekula pentsatu, baina baimenik gabe ezin zezakeela herriaren basoetan egurrik ebaki azaldu zuen.
  • 1813-7-6. Herri Batzar nagusian Inazio Sanchezek bidalitako gutuna irakurri zuten. Gutunean, Frantzisko Xabier Losada jeneralaren aginduz inguruko herrietan zatikoak bilduko zirela jakinarazi zuten eta hiru mila zatiko ogi eta beste hainbeste haragi eskatzen ziren. Diputazioak bidalitako azken idazkiekin erantzutea erabaki zuten: herriak lehentasuna Diputazioari eman behar ziola, honek agindutakoan jasotzen baitzituen zatiko eskaerak eta, beraz, haren agindurik gabe ezinezkoa zitzaiola eskatzen ziren ogi eta haragi zatikoak herriari ematea.
  • 1811-7-6. Lurraldeko kontribuzio zergaren %8 kobratzea erabaki zuten eta diruzainari interesatuei ordainagiriak bidaltzea agindu zioten, ahalik eta azkarren ordain zezaten. Herriak ahalmena zuenean dirua itzuliko zietela ere adierazi zieten.
  • 1741-7-6. Apezpikuaren baimena jaso zuten parrokiko erretaula nagusia urreztatzeko.
  • 1648-7-6. Martin Abaria maisuak Urrestillako elizarentzat eginiko moldaketa ontzat hartu zuten. Domingo Eizmendi, Martin Irarrietagozoa eta Juan Zaldua maisu harginek euren iritzia azaldu zuten eta zer gehitu behar zen jakinarazi zuten.
  • 1598-7-6. Amuko zubia urak eraman zuen, eta errematean jartzea erabaki zuten. Horrela, Juan Martin Arzalluz Errezilgo maisuak emandako itxura eman zioten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan