2021-5-18. 1766ko Matxinada kaleko lur azpiko aparkaleku publiko berria ireki zuten, herriko bigarrena, Alberdieneko etxe berrien azpian.
1972-5-18. Herriko mazero eta txistularientzat jantzi berriak erostea erabaki zuten.
1939-5-18. Aginduak betez, udaletxeko balkoitik Nafarroa enparantza nagusian bildutako herritarren aurrean, Franco jeneralak 1936ko uztailaren 19an Espainiako armadaren buruzagitza hartu zuela eta gerratearen azken berriko proklamak irakurri zituen alkateak.
1908-5-18. Erdi kaleko 11. zenbakia zuen bere etxean obrak egiteko baimena eman zioten Joxe Urbistondori. Jendearen pasabidea moztu gabe egiteko agindu zioten.
1868-5-18. Joxe Santesteban eta Nikolas Ledesmak ezagutzera emandako txostenean aginduta bezala, egiten ari zen parrokiko organoan akatsak zuzenduz gauza batzuk aldatu zituela adierazi zuen Juan Amezuak, baina gastu batzuk gehitu zirela. Joxe Inazio Aldalur organojoleari eta Joxe Bixente Arregi apaizari organoa ikusi eta beraien iritzia agertzeko eskatzea erabaki zuten.
1853-5-18. Loiolako zelaian ganadu feria ospatu zuten.
1837-5-18. Andoainen zegoen tropak eginiko haragi eskaerari erantzunez, 1.700 zatikoren banaketa egitea erabaki zuten. Aratz, Izarraitz eta Oñatz auzoetan egingo zuten banaketa; lehen auzo horretan bizi zirenen artean 500 zatikoa osatu zuten, bigarrenean 600ekoa eta hirugarrenean beste 600ekoa.
1835-5-18. Ordiziako herriak eta Domingo Irazustak bidalitako gutunak irakurri ondoren, herriaren egoera larria ikusita, alferrik egiten ziren alkatea eta ingurukoen lanak. Alde guztietatik eskaerak jaso eta erantzun ezinean gelditu ziren. Gertatzen zenaren berri adieraztea erabaki zuten, eta gutunak bidali zizkieten Irazusta komisarioari eta Usain diru biltzaileari.
1796-5-18. Parrokiko kanpai bat apurturik zegoen, eta Eizmendiko ermitakoa ekarri zuten bere ordez jartzeko. Honek zarata desberdina ateratzen zuenez, hautsitako kanpaia funditu eta Santa Kruz ermitarako beste bat egin ote zitekeen jakiteko, besteena nolabait nahasturik, herriko kanpai egilearekin harremanetan jartzeko batzordea izandatu zuten.
1739-5-18. Herri barruan ganaduak edukitzeari buruz 1704 eta 1724an hartutako erabakiak berriro onartu zituzten. Hurrengo San Joan eguna bitartean jarri zuten, astakiloak ez beste ganadu guztia herritik kanporatzeko epea. Inazio Segurola eta Sebastian Legarda izendatu zituzten herri barruko etxe guztiak ikusteko, arriskurik gabe sua non egin zitekeen jakiteko, leku horietan tximiniak jarriz. Agintariak beraiek agindutako obrak etxe jabeei eginarazten saiatu ziren.
1739-5-18. Herritik kanpo sagardoa saltzea debekatu zuten.
1713-5-18. Urrestillako bikarioak eta Pedro Martin Goikoa nafar margolariak bertako parrokirako hiru lan margotzeko eskritura sinatu zuten. Andre Maria Deikundekoa zen bat, bestea Loiolako Inazio. Hirugarrena, Aita Antxieta. 1.600 erreal ordaindu zizkioten nafarrari.
1705-5-18. Herriak prestatu zuen Suteetarako Anaiartea onartu zuten, Madrilen.
1696-5-18. Martin Zaldua eta Inazio Basazabalek erretaula nagusia ikusi zuten berriro, aldaketa batzuk egiteko asmoz.
1628-5-18. Italiako Kontseiluan erregearen idazkari Lorentzo Agirrek testamendua egin zuen Madrilen.
1533-5-18. Konkordia eskritura sinatu zuten Frantziskanetako lekaimeek, Martin Garzia Oñaz Loiolako jaunak, Andres Loiola parrokiko erretoreak eta beste hamabi apaizek, herritar biztanle berezienak lekuko zirela.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago