1997-9-9. Nuarbe taldeari omenaldia egin zioten, Ingalaterran Jersey hirian Europako Sokatira Txapelketa irabazi zuelako 560 eta 640 kilotan.
1960-9-9. Bikoteka neurtu ziren Alberdi eta Astigarraga aizkolariak, Iurrebaso eta Zeberioren aurka, 54 ontzako hamabi enbor ebakitzeko. Lehenengo bikoteak irabazi zuen, 27.57.7/10ean; bigarrenak 30.18-5/10 egin zuen.
1954-9-9. Joxe Soraluze Korta aizkolaria hil zen.
1929-9-9. Anaia Frantzisko Garate jesuita hil zen, Bilbon.
1872-9-9. Parrokiko erretorearen teniente Isidoro Bengoetxeak idatziz eskatu zuen San Agustin komentuari buruzko agiriak ikusteko baimena, hilaren 7an Gasteizko Epaitegi Eklesiastikoak emandako agindua bete zezan. Udalak erabaki zuen Espainiako Estatuak herriari komentua eskaintzean eginiko agiriaren kopia bat ematea, baita beste zenbait gairi buruzkoak ere.
1872-9-9. Alkateak jakinarazi zuen nola jarri zuten La Azpeitiana arma fabrikan herriak zituen akzioak saltzeko iragarkia, eta nahi zutenek proposamenak egin zitzaten aukera eman zutela, gutxienez bi mila erreal izendatuz, baina inork ez zuela horrelakorik egin. Azkenean, Meliton Izeta prezio horretan bereganatzeko interesaturik zela jakitean, hari ematea erabaki zuten.
1810-9-9. Gobernadorearen gutuna jaso ondoren, hilaren 6an gertatutakoaren berri adierazi zuen orduan alkatetzan zen Martin Larrunbek; hau da, 80 pertsonaz osatutako taldea herriaz jabetu zenekoaz. Udalak erabaki zuen eskribauari agintzea dendetako nagusiengandik lapurtu zuten guztiaren berri biltzeko, herriaren aldetik ordainketa egiteko. Janaria eta edaria eman beharra izan zutenei ere herriak ordaintzea erabaki zuten.
1764-9-9. Herritar berezienekin Guillermo de la Pradak herriko dorrean ordulari berria jartzeko eginiko eskaintza ikusi ondoren -derrigorrezkoa zen ordulari zaharra hark jasotzea, ordaindu ondoren-, horrela nahi ez balu beste maisu bat aurkitzea erabaki zuten.
1756-9-9. Italiatik Loiolako erretaulak egiteko itxurak eskaini zituzten.
1742-9-9. Herritar bereziekin egindako batzarrean, Iraetako zubia ordaintzeko bostehun dukat ematea erabaki zuten, aurrez abokatuekin kontsultatu ondoren.
1740-9-9. Diputazioak bidalitako gutuna irakurri ondoren, hurrengo astelehenean Herri Batzarra egitea erabaki zuten, goizeko bederatzietan. Konpainia osatu behar zuten soldaduen zozketa eta ofizialen aukeraketa egin behar zuten, lehen albistea jasotzean agindutako tokira abiatzeko. Parrokien bidez ez ezik, auzoetara udaltzainak bidaliz deialdia zabaltzea erabaki zuten.
1628-9-9. Hilaren 2an hartutako erabakiari erantzunez, eta herriko agintaritza eskuratzeko agiriak erakutsi nahirik, 106 herritar agertu ziren udaletxera.
1589-9-9. Alkateak jakinarazi zuen Iruñeko bikario nagusiak San Agustin monastegia lurreratzeko laguntza eskatu ziola, eta Goiaz lizentziatua laguntza emateko iritzikoa zela, bestela herriaren kontura egingo zutelako. Agintariek adierazi zuten fraideei monastegia egiteko hitza emanik zutela, eta berriro horretarako baimena lortzea erabakita ere bai, baina oraindik lortu ez zelako gertatzen zela guztia. Azkenean, gaia alkatearen gain uztea erabaki zuten.
1560-9-9. Herriko enparantzan agintariak, erretoreak eta beste zenbait herritar ospetsu bilduta zirela-eta, Martin Larraondo agertu zen, Iruñeko eta bertako Ospitaleko prokuradorea, esanez berritu egin zela hura, eta Iruñeko apezpikuaren eta Gipuzkoako korrejidorearen baimenarekin laguntza eskatzera herriratu zela, hilaren lehendabiziko igandeetan emango zena. Nahi zenean utzitako haurrak ospitalean jasoko zirela gogorarazi zuen Larraondok berak.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago