2020-8-17. Koronabirusaren Azpeitiko fokuari lotuta, baheketa masiboan positibo emandako 100 kasuren berri eman zuen Osakidetzak.
2011-8-17. 17 urteko azpeitiar mutil batek Donostiako Adingabekoen Fiskaltzaren esku utzi zuen bere burua, Amaia Azkue emakume oriotarra berak hil zuela aitortuta. Azkueren gorpua 2011ko martxoaren 16an aurkitu zuten Nuarbeko Ibai-Eder urtegian.
1965-8-17. Azoka plaza handitzeko Martzelo Gibert arkitektuak prestatutako proiektua onartu zuen Udalak.
1942-8-17. Jose Luis Frantzesena musikaria jaio zen.
1925-8-17. Inazio Perez Arregi enparantzan eta Urola ibaiaren ertzean jarritako barandaz Bizkarrondo ingeniariak aurkeztutako likidazioa onartu zuen Udalak. Joan Joxe Iriarteri 4.180 pezeta ordaintzea erabaki zuten; beste 1.045 pezeta berme bezala geldituko ziren.
1904-8-17. Santiago Agirre Segurola 'Txikuri' pilotaria jaio zen.
1873-8-17. Lizarraga jenerala herrian sartu zen, eta kanpaiak jo zituzten.
1829-8-17. Errepide errealak herriari eskain ziezaiokeen mesedeaz hitz egin zuten, batez ere proiektaturik zen Elgoibar eta Tolosa bitartekoaz. Azpeitia ez ezik, Azkoitia, Albiztur, Goiatz eta Bidania errepidea egiteko prest ziren. Alkateari herrietako ordezkariekin harremanetan jartzeko ahalmena eman zioten.
1823-8-17. Herri Batzar nagusian Diputazioak uztailaren 27an idatzitako ofizioa ezagutzera eman zuten. Bertan, hilaren 13an hartutako erabakia dekretutzat jotzea onartu zela adierazi zuten. Joxe Inazio Altunak adostasuna adierazi zuen, baina Juan de Dios Alzagak eta bere pareko ziren beste herritarrak, agintaritza eskuratzerik ez bazuten ere, herritarren zerrenda nagusitik ez ziren kentzen. Probintziako Batzar Nagusiak emandako agindua, ordea, bete eta aurrez hartutako erabakia onartu zuten.
1823-8-17. Herriarentzat titulu bat lortzeko helegitea egin zitekeela adierazi zen, gobernuarekin izandako lotura eta eskainitako laguntzak horretarako ezaugarriak ematen baitzituen. Baina asmoa alde batera utzi zuten, garai egokiagoan egingo zela esanez.
1812-8-17. Kontribuzioak atzerapen handiarekin kobratzen zirela-eta, herriko idazkariari etxeen errentak eta lurralde zatiak eta maiztertzan zirenei zituzten aleak, zor zuten kontribuzioa ordaindu bitartean geldiarazteko eskatu zioten. Idazkariari ez ezik, aleak geldiarazten ibili zirenei kontuak agertzean ordaindu egin zieten.
1811-8-17. Herrian zen komandanteak idatziz eskatu zuen boluntario joan ziren soldaduekin bat egin eta haiekin irten zuten sendikoen zerrenda. Baita Frantziako indarrik ez zen herrietan bizi zirenena ere. Herriak Probintziako Kontseiluak bidalitako agindu bat jaso zuela eta haren kopia bat bidaliko zitzaiola erantzun zioten. Eta nahi zuen zerrenda ere prestatuko zitzaiola adierazi zuten.
1736-8-17. Loiolako Santutegiaren sarrerako San Inazio irudiaren inguruko aingeruak, izkinetako beste lau irudiak eta eskailerako lehoietako bat egiten hasi ziren.
1637-8-17. Erregeak probintziari emandako agindua betetzeko, itsasertzera hurbil zitekeen etsaiari aurre egitea, derrigorrezkoa zen munizioa erostea eta dirua lortzeko basoak erosi zituenari hiru egunetan ordainketa egiteko adieraztea erabaki zuten.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago