Eguna: 9-6

  • 2015-9-6. Hiru gazte -azpeitiar bat eta bi errezildar- hil ziren Lasaon auto istripuz, Zestoako festetatik bueltan.
  • 1915-9-6. Alkatearen proposamena ontzat harturik, Barrena zinegotziari eskatu zioten Musika Bandarentzat kioskoa enparantzan egiteko planoak eta aurrekontuak prestatzeko.
  • 1905-9-6. Joxe Egigurenek eta beste herritar batzuek, herriak lagunduta, eskatu zuten bigarren mailako heziketa martxan jar zezatela Anaia Maristen Ikastetxean, eta horretarako batzordea izendatzea. Horrela egitea erabaki zuen Udalak.
  • 1869-9-6. Alkateak jakinarazi zuen Karitateko Alaben zuzendaritzarekin Madrilen sinatu nahi zuten kontratua atzeratu egin zela zerbait. Errukietxeko juntak ere gauza bera egin nahi zuen, horrela herriaren eta juntaren arteko akordioa eza agertuz, baina alkateak zioen berehala sinatuko zela iruditzen zitzaiola, eta luze baino lehen guztia argitu eta herriratuko zirela Karitateko Alabak.
  • 1858-9-6. Diputazioak galdetu zuen ea noizko izango zen errukietxea egokituta, unean Donostian zeuden lurraldeko behartsu guztiak bertaratzeko. Erantzutea erabaki zuten eta, inolako atzerapenik gertatzen ez bazen behintzat, azaroaren amaierarako prest izango zela esan zuten.
  • 1837-9-6. Espainiako Gorteek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak ezerezean uztea agindu zuten, dekretu baten bidez.
  • 1834-9-6. Batzarrean bildu ziren zenbait herritar, agintariekin batera, honoko albiste honetan oinarriturik: "Erzilla udaltzainak adierazten du herria benetako agintaritzarik gabe dagoela, eta hori da arrazoia zuri gonbitea pasatzeko, gaur arratsaldean bertan eta lauretan udaletxean gurekin bildu zaitezen. Azpeitia, 1834ko irailaren 6an. Frantzisko Andres Landa, Joan Fermin Agirrezabalaga, Artiz". Deiari erantzunez, Azpeitiko udaletxera agertu ziren Ramon Ibero, Atanasio Mari Larraar, Joxe Antonio Orendain, Joxe Inazio Agirrezabalaga, Inozentxio Elorza, Higinio Frantzisko Elorza, Blas Antonio Arrieta eta Joxe Etxeberria. Baina gutxi zirela irudituta, deialdi zabalagoa egitea erabaki zuten hurrengo eguneko goizeko bederatzietarako, albistea hartzean jaso zutela sinatzen zutela.
  • 1810-9-6. 80 lagunez osatutako armatutako talde bat herrian sartu eta sekulako harrapaketak egin zituen.
  • 1742-9-6. Iraetako zubi berriari buruz Debako eta Zestoako ordezkariek eginiko gutuna jaso ondoren, eta haiekin bat eginik, Azpeitiko herriak, 1679ko apirilaren 12an sinatutako eskritura gogoan izanik -zubia egiteko 500 dukat eskaintzen zen, baldin harri landuarekin egiten bazen-, herritar bereziekin batzar bat egitea erabaki zuten, meza nagusiaren ondoren, guztiaren berri eman ondoren ordainketari buruz erabakia hartzeko.
  • 1562-9-6. Urrestillan, bertako elizarako kanpaiak egin eta elizkizunetarako gauzak erosteko, diru bilketa antolatu zuten.
  • 1562-9-6. Joan Borjak dobloi bateko eskaintza egin zuen, Urrestillako elizan meza santua eman ondoren.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan