2013-6-4. Herritarren parte-hartzerako araudia behin betiko onartu zuen Udalak.
2010-6-4. Aitor Zulaikak Lagun Onakeko Hirugarren mailako taldearen entrenatzaile postua utzi zuen.
2004-6-4. Milaka arrain hilik agertu ziren Lasaoko araztegiaren parean, Urola ibaian.
1950-6-4. Miguel Ibarmia Mendiola errezildarra eta Inazio Iriarte Igartza urrestildarra neurtu ziren, bi enbor 75 ontza eta erdikoak eta 14 30ak zituztela. Lehenenak 66.20.3/5ean amaitu zuen lana, eta bigarrena erretiratu egin zen, 34.02 egin ondoren.
1941-6-4. Alkateak jakinarazi zuen Jesusen Lagundiari omenaldi bat eskaini nahi ziotela, bera sortu zeneko IV. mendeurrena ospatuz, baina proposatuz uztailaren 31 baino lehen herriak bere kasa omenaldi berezi bat egitea. Aho batez, batzordea izendatzea erabaki zuten omenaldi hori antolatzeko.
1923-6-4. Bi zinegotzik agertu zuten Gorpuz ondorengo egunean San Inazio kalean ospatzen zen prozesioaren garrantzia, bere jatorria aita santu Paulo III.ak herriari emandako Bulda zela agertuz. Korporazioan eta Musika Bandarekin prozesioan parte hartzea proposatu zuen, Loiolako erretorea, Guardia Zibilaren komandantea eta Mikeleteen burua gonbidatzea, eta udaletxeko balkoiak apaintzea. Ontzat hartu zuten mozioa.
1917-6-4. Alkateak jakinarazi zuen Diputazioak bere jauregian Jesusen Bihotza tronatzeko erabakia hartu zuela. Erabaki horri jarraituz herriak ere antzeko zerbait egin zezakeela proposatu zuen. Alkatearen ideia aho batez onartu zuten eta Jesusen Bihotzaren egunean -ospe handiz- egitea erabaki zuten.
1875-6-4. Kale desberdinetako pertsonei pattarra saltzeko baimena eman zieten.
1869-6-4. Hilaren 6an Donostian egingo zen Espainiako Monarkiaren Konstituzioaren proklamaziorako gobernadoreak egin zuen gonbiteri erantzuna eman zioten, bertara Joxe Manuel Larrañaga alkatea eta Frantzisko Egiguren erregidorea joango zirela esanez.
1866-6-4. Inozentxio Elortzak parrokiko hilerriari buruz aurkeztu zuen planoa onartu zuten. Bertan, sendi eta partikularrei zenbat hilobi eskain zitezkeen eta zenbat hilobira zitezkeen zehaztu zuten.
1860-6-4. Juan Amezuak idatzi zuen, parrokiko organoa amaitu zuela esanez. Organoa ikusteko Joxe Juan Santesteban izendatu zuen Udalak, aurrez ere izendatua.
1855-6-4. Roke Artetxek honako hau salatu zuen: Norte de España dilijentziako administrari bezala plaza Txikian zegoen pasabide estu eta altuera gutxikoak sortzen zuen arriskua. Diputazioari eginiko salaketa zen baina berak herrira bidali zuena. Neurriak hartu nahi baziren ere, arkuaren gainean zegoen dorreari buruz ere neurriak hartu nahi zituzten. Momentu hartan Udalak ez zuen erabakirik hartu.
1847-6-4. Sotero Tapia izendatu zuten herriko postaritzarako.
1847-6-4. Herriaren agindua beterik, Altube fidelak eta Elorza erregidoreak aurkeztu zuten herriko behartsurik handienen zerrenda. 134 behartsuz osatutako zerrenda luzea izan arren, onartu egin zuten eta Diputazioari kopia bat bidaltzea erabaki.
1810-6-4. Miguel Pizarrok hamar mila erreal eskaini zituen. Antonio Mari Sorondori agindu zioten Pizarroren etxetik pasatzeko eta erreal horiek eskuratutakoan Azpeitiko Udalari emateko berehala. Horrela egin zuen bilera amaitu baino lehen. Pizarrok berak lehendik ere hamabi mila erreal aurreratuta zituen.
1771-6-4. Erregearen zerbitzura Kantauriko Erregimenduan sartu ziren 11 soldaduri ordaintzeko, agintaritza eskura zezaketenei 14 erreal eskatzea erabaki zuten, eta gainontzeko herritarrei, berriz, zazpi erreal. Gizaseme ezkongabe eta urte horretan ezkondu zirenek 44 erreal ordaindu beharko zituzten.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago