Eguna: 3-14

  • 2020-3-14. Koronabirusaren aurrean, herritar ahulenak babesteko boluntario sarea jarri zuen martxan Azpeitiko Udalak.
  • 2017-3-14. Pasaiako segadaren auzia artxibatzearen aurka Espainiako Auzitegi Konstituzionalean babes helegitea jarri zuela jakinarazi zuen Udalak.
  • 2014-3-14. Urola Erdiko sustapen ekonomikorako akordio politikoa adostu zuten Azpeitiko eta Azkoitiko Udalek eta alderdi politikoek.
  • 2011-3-14. Estalitako igerileku berria inauguratu zuten, lehendik zegoena osatzeko. Kanpoko igerilekuaren zati bat estalita egindako igerileku berria 25 metro luze eta 8 metro zabal zen.
  • 2010-3-14. Hazparne euskal egitura politiko propioa sortzearen alde agertu zen herri galdeketa egin eta gero.
  • 2007-3-14. Altuna y Uria enpresak Madalena auzoko harrobian zituen kamioiei eraso egin zieten.
  • 1991-3-14. Espainiako II. Boccia Txapelketa hasi zen. 50 bat ezinduk parte hartu zuten.
  • 1963-3-14. Gernikako Arbolaren ibiltokian umeen parkea egitea erabaki zuten.
  • 1963-3-14. Ikusirik Antxieta Etxeak agertzen zuen hondamena, bertako biztanleak kanporatu eta galmen espedientea martxan jartzea erabaki zuten.
  • 1948-3-14. Lagun Onak Futbol Taldeak Afizionatu Kopa lortu zuen, Eibar taldeari 5-0 irabaztean.
  • 1938-3-14. Hilerrian panteoi bat egitea erabaki zuten, 'San Inazio' tertzioko erreketeak hilobiratzeko, eta Perez Arregi plazan, berriz, monumentu bat altxatzea haiek gogoratuz.
  • 1932-3-14. Herriko Txistularien Bandarako, Basilio Lizaso izendatu zuten silbote bezala.
  • 1904-3-14. Dionisio Soroetak bidalitako gutun pozgarriaren berri eman zuten. Zumaiatik Zumarragarako tranbia elektrikoaren eskubideak bereganatu zituela zioen Soroetak gutunean, eta ahal zuen guztia egiteko prest zegoela ahalik eta azkarren lanak hasteko.
  • 1892-3-14. Herriko behartsuenek lana izan zezaten, pilotalekuko jardineko eta Amuko zubitik Iturriagatxo baserrira arteko obrak hastea erabaki zuen Udalak.
  • 1892-3-14. Lurralde kartzelak ordaintzeko, herriari tokatzen zitzaion azken zatia onartu zuten.
  • 1870-3-14. Herriko lehen haurren eskola zabaldu zuten. Joxe Joakin Senperena eta haren emaztea ziren maisuak.
  • 1852-3-14. Zabalia-azpikoa baserria saltzeko apezpikuari baimena eskatzea onartu zuten, eskura zitekeen dirua Frontoia zen inguruan kale berria egokitzeko. Sochantreek erabiltzen zuten etxea zen hura, eta patroia, berriz, herria.
  • 1840-3-14. Joxe Frantzisko Saloguenek egin zuen eskaera, 1833an igoarazi zuen globo aerostatikoaren ordainketa egiteko, aurrez zerbait kobraturik bazuteb ere.
  • 1783-3-14. Zestoara bitarteko bidea egokitu nahian, peritu bat izendatu zuten, hark ikus zezan noren lurraldeak behar ziren, ondoren haien jabeekin harremanetan jartzeko.
  • 1713-3-14. Agintariek sinatutako eran egitea erabaki zuten parrokiko elizako ate nagusia.
  • 1684-3-14. Tolosan ospatutako batzarrean erabakita bezala, bederatzi soldadu Hondarribiko presondegira bidaltzea onartu zuten.
  • 1670-3-14. Kexak ziren Malkorra errementariko presak kalteak sortzen zituelako inguruko bidean, eta haren jabe Jazinta Arriagari, Antonio Altunaren alargunari zera agindu zioten: kalteak konpontzeko beharrezko neurriak lehenbailehen hartzeko.
  • 1669-3-14. Albistea izanik Loiolara iristear zela Juan Eberardo jesuita inkisidore nagusia, herriaren izenean ongietorria egiteko ordezkariak aukeratzea erabaki zuten.
  • 1669-3-14. Jakinean izanik parrokiko koruko burdin barrotegia egiteko limosna emateko prest zirela herritar batzuk, agintariek eskaera egitea erabaki zuten, erretorearekin batera kaleratuz.
  • 1631-3-14. Herriaren errotak erabiltzea agindu zuten, aleak xehetzeko, beste nonbaitera eramateak kalteak sortzen zizkiolako herriari.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan