2014-2-4. Abortuaren legearen erreforma proiektuaren aurkako adierazpena aho batez onartu zuten udalbatzarrean.
2011-2-4. Azpeitia eta Lasao arteko bidegorriaren lanak martxan jarri zituzten.
2010-2-4. Hileta zibiletarako araudia onartu zuen Udalak.
2007-2-4. Garikoitz Etxeberria 'Kafe' atxilotu zuen Bilbon Ertzaintzak, Haika-Segi auziagatik. Sei urteko kartzela jarri zion Espainiako Auzitegi Gorenak urtarrilaren 19an. Etxeberria auzi beragatik 2001etik 2005era egon zen preso, behin-behinean.
1914-2-4. Azpeitian herri laborategi bat martxan jarri zela adierazi zuten. Ramon Nazabal botikaria zuzendari izendatu zten, urtean 1.500 pezeta ordainduz.
1901-2-4. Arkuak egokitu eta udaletxearen aurrealdea txukuntzeko proiektuak aurkezteko gonbitea egin zuten.
1895-2-4. Plaza Txikian euren generoak saltzen zituzten merkatarien arteko iskanbilak amaitutzat eman zituen Udalak, merkatari bakoitzari plazan izango zituen metroak seinalatu ondoren.
1885-2-4. Frontoi berria egiteko bi elkarte eta herritarren proposamena jaso zuten agintariek.
1866-2-4. Udalak, herrian somatzen zen langabeziaz jabetuta, herritarrei lana ematea erabaki zuen, sendien beharrei erantzun bat emateko asmotan. Egin beharreko zenbait obra aipatu ziren eta, horien artean, hilerrirako bide berria, ibai aldetik Zelai Luzen altxa zitekeen pareta handia eta abar.
1856-2-4. Urrestillako mutikoen maisuari kontuak hartzea erabaki zuten, maisua lau edo bost ikaslerekin bakarrik gelditu baitzen bere utzikeriagatik, eta gainontzeko mutikoak nesken eskolara joan ziren.
1847-2-4. Bulda Santuaren idatzia iritsia zenez, hurrengo iganderako, otsailaren 7rako, elizgizonei deitzea erabaki zuten, ager zitezela ohiko orduan herriko dorrearen aterpera. Ospe handiarekin publikatua izan zedila ere erabaki zuten.
1814-2-4. Karlos San Juanen gutuna irakurri zuten; Elgoibarko ospitaleari herriak zor zizkion 7.000 erreal berehala ordaintzeko agintzen zuen. Gipuzkoako Politiko Buruaren egunean 312 erreal ordaintzeko aginduz eta atzera utzitakoak, Frantziaren aurka ahalegindu ziren soldaduen beharrei erantzuteko beharrezkoak nolanahi ere. Ospitalearekin harremanetan jartzea erabaki zuten eta herriak zor zuena ahalik eta azkarren ordaintzea.
1814-2-4. Herrian egon ziren tropen beharrei erantzuteko Enparan jaunak eginiko diru ordainketak ikusi ondoren, harekin likidazioa egitea erabaki zuten.
1806-2-4. Danborraria lanpostuz aldatzea erabaki zuten, azken igandean enparantza nagusian herriko alkateari mesprezuak egin zizkiolako.
1702-2-4. Parrokiko Bataio kaperan Elgoibarko Bartolome Elorzak egin zezakeen burdinsare bat jartzea erabaki zuten.
1678-2-4. Probintziak hartutako erabakiari erantzunez, 18 urtetik 60 bitarteko jatorrizko herritar eta biztanle guztiak lau zatitan banatzea erabaki zuten. Zati bakoitzak bere kaboak izendatu beharko zituen eta kaboek zerrendan zeuzkaten guztien armak ikusi beharko zituzten, gutxienez urtean lau aldiz deituz eta horretarako nahi zituzten egunak aukeratuz. Kaboak euren taldea osatzen zutenek armak izan zitzaten ahalegindu behar zuten, ez zuenari ahalik eta azkarren erostera bultzatuz. Aipatutako lau egun horietako batean, guztiek prest izan beharko zuten bolbora eta balak erabiliz tiro lehiaketan parte hartzeko. Saria, setazko galtzerdiak ziren. Gainera, kaboek zigorrak jartzeko ahalmena zuten.
1667-2-4. Kontuan izanda herriaren lurraldeko zenbait auzo edo zati agintarien artean banatuta zeudela, bertako biztanleak haien deialdiari erantzutera derrigortuta zeudela erabaki zuten, batez ere bideak konpondu eta txukundu behar ziren garaian eta mila maraiko isunaren azpian.
1667-2-4. Hilda zen Joxe Argarainek betetzen zuen postari zerbitzua egiteko, Joseph Abarrategiri deitu zioten. Abarrategirekin bi urterako eskritura egin zuten, herriak urte bakoitzeko 24 dukat ordainduz. Asteazkenetan irten beharko zuen herritik eta larunbatean itzuli Gasteiztik, kartak eraman eta ekarriz.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago