1869-11-8. Herriko ordezkariak Madrilen urriaren 13an idatzitako gutunaren berri eman zuten. Herriko Miserikordiarako Karitateko Alaben zuzendariarekin eginiko kontratuaren kopia bidali zuen. Ontzat hartu zuen Udalak eta, hari eskerrak emanez, eginiko gastuen zerrenda adieraztea eskatu zion.
1869-10-29. Alkateak adierazi zuen haur eskola bat egokitzeko asmoz nolatan aurkeztu zion Pedro Inazio Odria perituak San Agustin komentuko patioan obrak egiteko planoa eta aurrekontua. Errematean jartzea erabaki zuten, eta azaroaren 2ko arratsaldeko hirurak izendatu zuten horretarako.
1869-10-25. Hilaren 20an Madrilen sinatutako gutun baten bidez, herriko ordezkariek zioten berehala egingo zela kontratu berria Azpeitiko errukietxera joango ziren Karitateko bost Alaben nahia betetzeko, haien Institutuko zuzendariaren eskuetan jarririk zirelako agiria osatzeko datu guztiak.
1869-10-18. Probintziko Irakaskuntza Publikoaren Juntak bidalitako idatzia irakurri zuten, eta euren postuetatik kendutako Pedro Parodi eta Joxe Joakin Senperena maisuei buruz zenbait datu eman zituzten.
1869-10-11. Ikusirik beharrekoa egiten zela haur eskola bat izatea herrian, San Agustingo barneko patioan obrak egitea erabaki zuten.
1869-10-4. Alkateak jakinarazi zuen errukietxeko junta gertu zela herrira etorri behar zuten karitateko bost lekaimeekin agiri bat sinatzeko, eta Udala eta herriko junta bera agertzen zirela agirian -lehenengoa bertako patroi moduan, aurrerantzean sor zitezkeen eztabaiden inguruan erabakitzeko-. Horrela egitea erabaki zuen Udalak.
1869-10-4. Irakaskuntza Publiko Junta Probintzialaren bi gutuni erantzunez, Udalak erabaki zuen Pedro Parodi irakasleari jakinaraztea ezinezkoa zela eta ez zela komenigarria berak Azpeitiko eskolan maisu moduan jarraitzea, Espainiako Konstituzioari zin egiterik ez zuelako nahi izan, eta lehen mailako eta agintarien aurka agertu zelako. Hala, bide batez, haren posturako beste norbait izendatzeko eskatu zuten. Irakasle batek bete behar zuen langintza alde batera utzirik izan zuela esan zioten Parodi irakasleari, batez ere apirilean, maiatzean eta ekainean politikan parte hartu zuelako, eta Espainiako Gobernuaren aurka lan egin behar zuela, liberalen aurkako abestiak kantatuz eta Carlos VII.a eta Ramon Cabrera aldeko deiadarrak eginez, umeen artean ez ezik horien gurasoen artean ere nolabaiteko egoneza nabarituz.
1869-9-27. Kontuan izanik erabat geldirik zela herriak Joan Bautista Altuberen aurka jarritako auzia, herriaren lurraldeak eginiko eskriturei buruzko gestioak indartzea erabaki zuten, horretarako ahalmena emanez Joan Mari Etxaniz eta Hilario Orbea erregidoreei.
1869-9-13. Agustin Etxaniz Madrilen zegoen eta adierazi zuen iluntze hartan iritsiko zirela Karitateko Alabak herrira, eta alkateak jakinarazten zuela errukietxeko juntak batzordea izendatu zuela, ongi-etorria eman nahirik Zumarragako trenaren geltokira joateko. Udalaren aldetik beste batzorde bat izendatzea erabaki zuten, bertara joateko.
1869-9-6. Alkateak jakinarazi zuen Karitateko Alaben zuzendaritzarekin Madrilen sinatu nahi zuten kontratua atzeratu egin zela zerbait. Errukietxeko juntak ere gauza bera egin nahi zuen, horrela herriaren eta juntaren arteko akordioa eza agertuz, baina alkateak zioen berehala sinatuko zela iruditzen zitzaiola, eta luze baino lehen guztia argitu eta herriratuko zirela Karitateko Alabak.
1869-8-30. Gobernadoreak hilaren 23an, errukietxera Karitateko bost alaba ekartzeko sinatutako baimenaren berri eman zuten. Gai horretaz Madrilen herriaren ordezkari zen Agustin Etxanizek bidalitako gutunaren berri ere eman zuten.
1869-8-9. Madrildik Agustin Etxanizek Karitateko Alabak herriratzeko egindako gestioen berri emanez idatzi zuen. Gai horri buruz, Espainiako Gobernu Ministeriora baimena eskatzea erabaki zuten, eta Karitateko Alabak herriratzeko zen proiektua agertu zioten Ministerioari.
1869-7-26. Alkateak esan zuen errukietxeko juntari esan ziola Karitateko Lekaimeak ekartzeko proiektua zaintzeko eta, juntak egokitzat hartu zuenez esandakoa, Donostian zen herriko erretoreari gestiak egiteko agindu zion alkateak. Baina juntak zioen, bera osatzen zuten batzuk bertan ez izatean, gestioak aurrera eramango zituen Udala eta juntaren artean osatutako batzordea izendatzea ezinezkoa zela. Udalak, Agustin Etxanizi idaztea erabaki zuen -Madrilen zen hau-, Karitateko Lekaimeen buru zenari proiektuaren berri emateko eta, honen iritzia jaso ondoren, Udalari zer egin behar zen adierazteko.
1869-7-19. Etxaniz erregidoreak jakinarazi zuen gauzain izendatutako Kandido Apaolaza, Tomas Arzuaga eta Joxe Inazio Amenabar gauzain lanetan hasi zirela hil honen lehen egunetik, aurrena izendatutakoa buru zela.
1869-7-19. Etxanizek proposatu zuen Elgoibar, Azkoitia eta Gipuzkoako beste herri batzuetan bezala errukietxera Karitateko Ahizpak ekartzea, zerbitzu hobea eskaintzeko bertan. Horretarako behar ziren gestioak egin zituela jakinarazi zuen, goizean Azkoitian izan baitzen bertan zuten eskritura ezagutzeko, eta kopia bat ere erakutsi zuen. Udalak proposamena sakondu zuen, eta azkenean alkateari errukietxeko junta biltzean gaiaren berri adierazteko eskatu zioten, ahalik eta azkarren gestioak egiten hasteko.
1869-6-29. Mesolalde eta Larralde txistulariek karlista martxak jo zituzten San Pedro egunean, udal liberalaren aurkako seinale bezala.
1869-6-28. Aurreko egunez udal langile batzuek Espainiako monarkiaren Konstituzioari zin egitea uko egin ziotela esan zuten. Neurriak hartzea erabaki zuten, ezinezkoa baitzen alde batera uztea gertatutakoa.
1869-6-25. Diputazioaren gutuna jaso zuten, politiko nagusiaren idatzi batekin. Irakurri ondoren, Udalak aho batez erabaki zuen prest zela probintziako foruak defenditzeko, beraien aurka egiten bazen.
1869-6-14. Zirujauek baserrietara egindako bisitaldiak kobratzeko prezioen zerrenda onartu zuten. Zerrenda uztailaren 1etik aurrera martxan jarri zuten.
1869-6-4. Hilaren 6an Donostian egingo zen Espainiako Monarkiaren Konstituzioaren proklamaziorako gobernadoreak egin zuen gonbiteri erantzuna eman zioten, bertara Joxe Manuel Larrañaga alkatea eta Frantzisko Egiguren erregidorea joango zirela esanez.
1869-6-1. Udal telegrafo estazioa martxan hasi zen. Arduradun, Joxe Blasco telegrafista izendatu zuten.
1869-4-19. Euskal Herriko beste Diputazioekin bat eginik, Gipuzkoakoak eginiko gutunaren berri eman zuten. Bertan, Kuban bakea lortzeko asmoz, bertaratu nahi zen tertzioa osatzeko boluntarioen zerrenda ageri zen. Gutuna ohiko tokian zintzilikatzea erabaki zuen herriak.
1869-4-19. Donostiako Telegrafoetako inspektoreak adierazi zuen herrian geltoki bat jartzea onartuta zegoenez, bere langileetako bat herriak eskaintzen zuen lokala ikusi eta altzariak jasotzera bidaliko zuela. Guztia prest zegoela jakinarazi zuen alkateak.
1869-4-5. Herriaren garbiketarako alkateak proposatu zituen baldintzak onartu zituzten: iturri publikoak, garbitokia, ermitak eta abar, kaleak eta enparantzak ere garbituz.
1869-2-21. Inazio Bereziartua 'Takolo I.a' jaio zen. Lehen txistera partida Bilbon jokatu zuen eta 1890ean Argentinara joan zen. Pedrosekin bikotea osatu zuen eta orduko bikoterik onenaren aurka jokatu zuten, Irun eta Iturriren aurka; hamahiru tantoz irabazi zieten. Erronka partida batean eta Larralderekin bikotea osatuz, tanto batek 15 minutuko iraupena izan zuen. Madrilerako kontratatu zuten ondoren, baina Argentinara bidean jarri zen berriro, 1892an. Eskuzko pilotak orduan Gipuzkoan indar berezia zuen eta era horretan ere jokatu zuen. 1905ean Donostiako Moderno Frontoia inauguratu zuen, Baltasar lagun izanik eta 'Azkoitiko Txikia' eta Urzelai arerio zituztela. Tanto batez irabazi zuten bi azpeitiarrek. Baina harrigarria bada ere, erremontean ere jokatu zuen hamar bat urtean. 'Takolo' deiturarekin beste pilotari batzuk ere sortuko ziren ondoren Azpeitian: Bixente Bereziartua 'Takolo II.a', Juan Kruz eta Joxe Bereziartua 'Takolo III.a' eta 'Takolo IV.a', lehenenaren ilobak.
1869-2-15. 'Kapitain Jeneral' euskaraz idatzitako mintzaldia, nafar eta euskaldunei zuzendua, toki publiko baten zintzilikatzea erabaki zuten, eskatuz "bakeak iraun zezala eta foruak gurekin izan ditzagun''. Ezinbestekoa egin zen Carlos VII.ak zituen nahiak baztertzea.
1869-2-15. Santo Domingo komentuko gela batetan telegrafo zentrala jartzeko aldaketa egitea erabaki zuten.
1869-2-1. Gasteizko Telegrafo Probintzialeko buruari, telegrafia estazio bat jartzeko behar zen gelak nolakoa izan behar zuen galdetzea erabaki zuten.
1869-2-1. Inauterietan, igande eta asteartean, zezenkoak jolasteko enparantza nagusian itxitura jartzea erabaki zuten.
1869-2-1. Herriaren beheko sarreratik Plaza Txikira bitartean harriztatze berria egin eta urak jasotzeko, kalearen erdian hodieria jarri zuten. Ondoren, etxeetako jabeei, teilatuko urak jaso ahal izateko eurek kanaleratzeko eta hodieriak jartzeko eskatzea erabaki zuten.
1868-12-28. Alkateak adierazi zuen Juan Amezuarekin eskritura sinatu zuela. Horrela parrokiko organoaren jabetza herriaren eskuetara pasatuko zuten, 5.200 erreal ordainduz hari, eta gainontzeko diru eskaera guztiak alde batera utziz.
1868-12-28. Udalak eta herritar batzuek dirua aurreratzeko izendatutako eguna izanik, Eusebio Gurrutxaga, Cayo Bea Murgia eta Joxe Ibarrarekin burdina landu eta beste zenbait tresna egiteko Madalena auzoan aurrez Inazio Muguruzaren lantegia izandakoan 40.000 erreal ematea erabaki zuten.
1868-12-14. Udalak aginduta lurraldeko epaitegi eta kartzelaren planoak egin zituen Fernando Etxeberria azkoitiar arkitektuari, egindako lana ordaintzea erabaki zuten.
1868-12-14. Kontuan izanik Joxe Inazio Aldalur organistak parrokiko organoari buruz emandako iritzia, Udalak erabaki zuen organoaren egile Amezuari herriak 5.500 erreal emango zizkiola proposatzea, akatsak zuzentzen egin beharreko lana alde batera uzteko asmoa agertzen bazuen. Denbora gutxira Juan Amezuaren seme Hermenegildok idatziz emandako erantzuna jaso zuten, esanez bere aitak ontzat hartu zuela proposamena, eta hari deitzea erabaki zuten; batzarrera agertu ondoren, aipaturiko 5.500 erreal eman zizkioten, eta herriaren eskuetara pasatu zen parrokiko organoa.
1868-12-7. Antonio Lekuona margolariak adierazi zuen gau eskolarako eman zizkioten gauzak herriari bueltatu nahi zizkiola. Horretarako Etxaniz erregidorearekin harremanetan jartzeko eskatu zioten.
1868-11-30. Bi gutun irakurri zituzten. Bata, Nikolas Ledesmarena: parrokiko organoa ikusteko Tolosako organista Felipe Gorriti proposatzen zuen. Beste gutuna, Aldalur herriko organistarena: bere iritzia eman gabe gelditzea nahiago zuela adierazi zuen. Udalak Izeta eta Etxaniz erregidoreak izendatzea erabaki zuen Aldalurrekin hitz egiteko.
1868-11-30. Kontuan izanda herritarrentzat mesedegarria izango zela Inazio Muguruzak Madalena errebalean burdina landuko zuen fabrika zabaltzea, Udalak aurrez herritarren artean eginiko diru bilketa 30.000 errealera altxatzea erabaki zuen eta beste 10.000 erreal gehiago ematea elizaren dirutik, baldin eta hori gabe behar nagusiei erantzuteko eran gelditzen bazen. Joxe Domingo Larraar, Manuel Aranburu eta udal idazkariak osatutako batzordea izendatu zuten guztia aurrera eramateko.
1868-11-23. Manuel Mari Caballerok, Juan Amezuak parrokirako egindako organoari buruz iritzia eman behar zuen eta, hala, hark idatzitako bi gutun irakurri zituzten: lehenena Covadongan (Espainia) idatzia hilaren 14an eta bigarrena 21ean, herriratu zela esanez eta prest zegoela organoa aztertzeko. Aldalur organo-joleari albiste hori pasatu zioten, jakiteko prestaturik zuen edo ez, eta ez balu, jakinarazi zioten egokia zela Caballerorekin batera organoa ikustea hurrengo eguneko arratsaldeko lauretan parrokian.
1868-11-16. Joan Amezuak parrokirako egin zuen organoa ikusteko aukeratzeko, eta Nikolas Ledesma eta Joan Covadongak bidali zituzten gutunak irakurri ondoren, lehenak haren ordez Aldalur organo-jolea izendatu zuen eta bigarrenak Kandido Aguado. Aldalur guztiaren jakinean uztea erabaki zuten, iritzia ager zezan.
1868-10-6. Donostian zen probintziko Gobernu Juntak emandako dekretua bezpera gauean iritsi zela esan zuten, eta haren bidez azken irailaren 30ean osatutako udalak ezerezean gelditu zirela. Udal haien ordez 1866ko abenduaren 31n osatutakoak jarri behar ziren. Horrela osatu zuten berriro Udala, aurreko agintariekin.
1868-9-28. Nikolas Ledesmak eta Manuel Mari Caballerok parrokirako Amezuak eginiko organoari buruz emandako iritzia aurkeztu zuten, eta kopia bat Joxe Inazio Aldalur organo-joleari pasatzea erabaki.
1868-8-24. Diputazioak Zumaian egindako Batzar Nagusiak hartutako erabakiaren berri eman zuen. Azpeitiko Udalak egindako proposamena ontzat hartu eta Loiolako Ikastetxea amaitzeko diru bilketa egitea erabaki zuten, beste gauza batzuen artean. Bestalde, probintziak bost urtean zehar ehun mila erreal ematea ontzat hartu zuen, bakoitzean hogei mila erreal emanez.
1868-8-10. Joan Amezuak adierazi zuen parrokiko organoa ikusteko Sevillako (Espainia) katedraleko lehen organo-jole Manuel Caballero izendatu zuela.
1868-8-10. Tomas Agirrezabalaga eta Olazko ermitaren inguruko biztanleek Harzubitik Loiolarako bidean, ermitaren parean, 'Salbe' inskripzioa zuen monolito bat altxatzeko eskatuz idatzi zuten, asko baitziren pare horretan 'salbe' esaten zutenak. Horretarako ermitan bildutako 416 erreal eskaini zituzten. Harria inguratzeko ere prest azaldu ziren, eta 600 edo 700 errealeko laguntza eskatu zuten. Elizak 600 erreal ematea erabaki zuen.
1868-6-30. Zumaian egingo ziren Gipuzkoako Batzar Nagusiei eskaera zuzentzeko garai egokia zela irudituta, Loiolako ezker aldeko obraren jarraipenerako prestatu zen txostenaren berri eman zuten. Onartu egin zuten.
1868-6-27. Berri ontzat hartu zuten hilaren 25ean hartutako erabakia; hau da, probintziko foruen defentsarako prest egotea, haien aurka egiten bazen.
1868-6-8. Juan Amezua organo-egilearen txostena jaso zuten, zor zizkioten zenbait ordainketa eskatuz. Amezuari jakinarazi zioten Udalak Nikolas Ledesma izendatu zuela parrokiko organoa ikusteko, eta bere aldetik beste norbait izendatzeko. Bi ikuskatzaileen iritziz, organoa amaitu gabe bazegoen, eta herriak beste maisu bati esango zion organoak zituen akats guztiak Amezuaren kontura ordaintzeko.
1868-6-2. Diputazioari eskerrik beroenak ematea erebaki zuten idatzi bidez, maiatzaren 31n ospatuko zen elizkizunerako gonbitea ontzat hartu zuelako. Elizkizun horretan, San Inazio Gasteizko apezpikutzako, Gipuzkoako eta Bizkaiko apezpikutzako patroi izendatu zela ospatu zuten.
1868-6-2. Loiolako erretoreari baimena eman zioten Loiolara ura sartzeko, egin beharreko lanak aurrera eramateko.
1868-5-31. San Inazio Gasteizko apezpikutza eta Gipuzkoa eta Bizkaiko zaindari izendatu zutelako ekitaldia ospatu zuten goizean.
1868-5-29. San Inazioren zaindaritza ospatzeko Parrokiko apaizen erantzuna kontuan harturik, Bazko bigarrenean goizeko bederatzietan izango zen Loiolako elizkizunera korporazioan joatea erabaki zuen Udalak. Prozesioa goizeko zazpi eta erdietan aterako zen herritik.
1868-5-25. Juan Amezuak eginiko organoa ikusi eta euren iritzia agertzea ezinezkoa egiten zitzaiela adierazi zuen Joxe Inazio Aldalur organojoleak. Organoaren arazoa noizbait amaitu nahirik eta era guztietako iritziak jaso ondoren, Amezuari proposamena egitea erabaki zuen herriak. Proposamena: hiru mila erreal emango zizkioten, akatsak zuzentzeko egin zituen aparteko lan guztien ordain bezala. Horrela, gainontzeko eskakizun guztiak moztu egin ziren.
1868-5-25. Nahiz eta publikoki ezagutzera ez eman, egia zen aita santu Pio IX.ak San Inazio izendatu zuela Gasteizko apezpikutzako zaindaritzat. Gipuzkoa eta Bizkaiari zegokionez, atsegina izan zen herritar guztientzat, eta hurrengo igandean ospatzea erabaki zuten. Herria korporazioan joango zen parrokiraino eta bertan meza entzun ondoren, 'Te Deum' abestu. Albistea aurrez jakinarazi zieten apaizei.
1868-5-18. Joxe Santesteban eta Nikolas Ledesmak ezagutzera emandako txostenean aginduta bezala, egiten ari zen parrokiko organoan akatsak zuzenduz gauza batzuk aldatu zituela adierazi zuen Juan Amezuak, baina gastu batzuk gehitu zirela. Joxe Inazio Aldalur organojoleari eta Joxe Bixente Arregi apaizari organoa ikusi eta beraien iritzia agertzeko eskatzea erabaki zuten.
1868-2-17. Probintziako ibaiei buruz Diputazioak osatutako arautegia ikusirik, herriko ibai zaintzaile lanerako Joxe Mari Lete eta Luis Garmendia izendatu zituzten, Lete Urrestillarako. Urtean 250 eta 200 erreal ordaindu zieten.
1868-2-10. Kontuan izanik Beasaingo Udalak astearteetan azoka izateko eskaera zuzendu zuela, Azpeitian aspalditik egiten zen egun berean eta gertatzen zenaren berri gobernadoreari ematea erabaki zuten.
1868-1-27. Frantziskanen komentuko lekaimeek eginiko eskaera ontzat hartu zuten; hau da, Zelai Luzen ez zitezela inoiz zuhaitz handi eta luzeak izan.
1868-1-27. Urrestillan lehen ikasketa osoak egiteko mailako umeen eskola berri bat eraikitzea erabaki zuten.
1868-1-7. Mila duroko laguntza ematea erabaki zuen herriak Cayo Vea Murgiak, Eusebio Gurrutxagak eta Felipe Nuñezek herriaren inguruan eraiki nahi zuten mihia lantegirako, garbiketa eta zuriketa merkataldegirako.
1867-12-30. Zuhaitz landaketak egiteko urteko garairik onena zenez eta, Zelai Luzen horretarako beharra bazegoela ikusirik, halaxe egitea pentsatu zuten. Baina 1761ko urtarrilaren 25ean Frantziskanetako lekaimeek herriari emandako zelai horretan zuhaitzik ez sartzea erabaki zenez, altuera txikikoak landatzea onartu zuten. Lekaimeen buru egiten zuenarekin eta Enparan etxearen jabearekin harremanetan jarri ziren aurretik.
1867-12-16. Aurreko egunean Joxe Manuel Larrañaga alkatea, Meliton Izeta, Juan Joxe Aizpuru eta Inazio Mugerzak idatzitako gutun baten berri eman zuten. Eskutitz horretan azpeitiarrak herritik atera gabe lan egiteko nahiari erantzunez, Azpeitian fabrika bat sortzeko aukera azaldu zuten. Horiek Zarautzen fabrika handia zuten, eta Eusebio Gurrutxaga, Caio Vea Murgia eta Felipe C. Nuñezi herrian beste lantegi bat jartzeko laguntza eskatu zieten, eta lehenengo bilerarako behintzat prest zeudela adierazi zuten. Udalak ideia gogoz bultzatzea erabaki zuen, eta mila duro emateko prest zela agertu zuen, baita alkatearei ahalmen osoa emateko ere gestioak egiteko.
1867-11-4. Herritarrek eta Pauleko (Espainia) San Vicente Konferentziako kideek herriari txostena aurkeztu zioten, eta jakinarazi igande-eskola martxan jartzea erabaki zutela, goizeko zortzietatik bederatzi eta erdiak bitartean zabalik izango zela, astegunetan eskola alde batera utzi eta lanera joan behar izaten zuten gazteentzat, baita nahi zuten helduentzat ere. Umeen herri eskolako lokala eskaintzea erabaki zuen Udalak, eta beharreko luma eta tinta ordaintzea herriak.
1867-11-4. Nuarbe auzoko biztanle batzuek, idatzi baten bidez, bertako elizak nolako egoera zuen adierazi zuten: hezetasuna agertzen zuela toki guztietan eta txikiegia gelditu zela azkenaldian. Konponketa lanak egitea eskatu zioten herriari, eta bertako biztanleek ekartzeko behar ziren materialak. Eskaera, Urrestillako eta herriko erretoreen eskuetara pasatzea erabaki zuten.
1867-8-19. Mutikoentzat Urrestillan egin nahi zuten eskolaren planoak eta aurrekontuak aurkeztu zituzten. Onartu eta enkantean jartzea erabaki zuten.
1867-5-16. Herriko epaitegia galtzeko zorian zegoela ikusirik eta Inazio Iberok Madrildik idatzi zuela kontuan izanik, herriarentzat epaitegiak zuen garrantzia jakinaraziz Espainiako erreginari idaztea erabaki zuten, inolako aldaketarik ez egiteko eskatuz.
1867-5-11. Zurrumurruak iritsi ziren: arriskuan zela herriko epaitegia, Madrilen kentzeko asmoa zutelako. Gaiari buruz luze hitz egin zuten, alkatearen teniente Inazio Ibero izendatuz azkenik Madrilera joan eta gestioak egiteko gai horri heltzeko asmoz.
1867-1-24. Frantzisko Alberdi Baltasar pilotaria jaio zen. Mardura puntistarekin batera agertu zen frontoietan eta, harekin bat eginda, ia menperatu ezinezko bikotea osatu zuten. Nahiko gazterik hil zen Baltasar.
1866-12-31. Gasteizko Pontziano Legariak idatzitako gutun bat aurkeztu zuen alkateak. Bertan suhiltzaileen ur bonba herrira ekartzeko prest zegoela adierazi zuen, Udalak jarritako baldintzetan. Egin beharrekoak azkar egingo zituztela esanez erantzutea onartu zuten.
1866-12-24. Alkateak bi idatzi aurkeztu zituen. Haietako bat Parisen sinatutakoa zen; suhiltzaileen ur bonbak egiten zituen lantegi bateko zuzendariak idatzitakoa. Bestea, berriz, gai berari buruz Gasteizen sinatua; bata eta besteari kontsulta eginik eta ondoren alkateak berak idatzia. Ikusi zen Gasteizko zuzendariak eskaintzen zuen bonba Pariskoak eskaintzen zuena baino hobea zela, eta adierazi zuten bere prezioa sei mila errealekoa zela lantegian, erdia ordainduz erosteko orduan eta beste erdia urtearen buruan. Udalaren kontura izango zen herrira ekartzea, baina aginduz tekniko bat bidaliko zutela denboraldi baterako, bonba erabiltzen erakusteko, bidaiak eta ostatua ordainduz erosleak. Udalak, gaia eztabaidatu ondoren, ur bonba hori bat-batean eta sei mila erreal ordainduz erostea erabaki zuen, baina bera herrira ekartzea eta teknikoak sor zitzakeen gastuak lantegiaren kontura izango ziren.
1866-12-17. Martxan jarri nahi zuten adornua eta figura landuko zituen marrazki eskolarako erositako ezaugarri bilduma aurkeztu zuten. Eta ordainketa egitea onartu zen, baina kontuan izanik handienak zirela garestienak, lehenago kuadroetan sartzea erabaki zuten.
1866-12-3. Etxaniz errejidoreak jakinarazi zuen suhiltzaileen bonbak indar indar gutxi zuela eta, ondorioz, indar handiagoa zeukana aurkitu beharra zegoela azaldu zuen, Donostiakoa eredu hartuz.
1866-12-3. Antonio Lekuona margolariarekin izendaturiko batzordeak hitz egin ostean, abian jarri zuten gaueko Marrazki Eskola. Urtean sei hilabetetan egongo zen zabalik, urriaren 1etik martxoaren amaiera arte. Udalak lokala, aulkiak, eserlekuak eta beharreko tresnak jarriko zituen eta eskolarako atezaina aurkitu. Era berean, maisuari 1.500 pezeta ordaintzea erabaki zuten.
1866-11-26. Kontuan izanik idatzita zegoela parrokiko hilerrirako arautegia, herritarrei argitaratzea eta salgai jarri zutela jakinaraztea erabaki zuten. Inork hilobi partikularrak egitea nahi izanez gero, lurra erosteko denbora eman zioten.
1866-11-19. Etxaniz erregidoreak proposatu zuen adornua eta figurako marrazkiari bultzada ematea, Antonio Lekuona margolariak -unean herrian bizi zen- agertzen zuen borondatea gogoan izanik. Etxaniz bera eta alkatea izendatu zituzten Lekuonarekin hitz egiteko.
1866-10-1. Erretorearekin harremanetan jarri ondoren, gobernadore zibilari idaztea erabaki zuten, herrian erretore etxea egitea beharrezkoa zela esanez.
1866-9-25. Amezuak eginiko parrokiko organoa ikusi eta aztertzeko herriak izendaturik zituen Nikolas Ledesma eta Manuel Mari Caballero, eta horiek egina zuten euren lana.
1866-9-24. Lehen instantziako Epaitegiaren kartzela berrien planoa aurkeztu zuten, aurrez Fernando Etxeberria arkitektuak prestatua, eta Udalak erabaki zuen ahal zen azkarren San Fernando Arte Ederren Akademiako eskuetara pasatzea, ontzat har zezan. Derrigorrezkoa iruditu zitzaien horrela egitea, eta bitartean guztia prestatu zuten haiek egiteko.
1866-9-10. Joxe Manuel Abalia parrokiko erretoreak Udala batzordea sortzera gonbidatu zuen, berekin bilera bat egin ondoren, apaiz etxea egiteko gestioak aurrera eramateko asmoz. Izeta eta Etxaniz erregidoreak izendatu zituzten herriaren izenean batzorde hori osatzeko.
1866-9-10. Garai hartan konponketak egiten ari ziren hilerrian. Meza santua emateko kapera bat gabe gelditu ez zedin eta, Etxaniz erregidorearen proposamena ontzat harturik, eraikin bat altxatzea erabaki zuten, ahal zela Santo Domingo edo San Agustin komentuetako aldare bat jarriz bertan.
1866-8-27. Madalena errebalerako bidearen kontra eta Joxe Beristainek zeukan etxearen ondoan etxea egiteko Juan Gibertek eskatutako baimena ontzat hartu zuten.
1866-8-20. Nikolas Ledesma maisuak parrokiko organoa ikusi ondoren, Pedro Roquer Zaragozako (Espainia) maisuak organoa egoki amai zezakeela adierazi zuen. Ledesmari mila erreal ordaintzea erabaki zuten, egindako bidaia eta lanaren truke. Bestalde, aipatutako maisuaren zain egotea erabaki zuten, beste bakarren bat aurkitzen ez bazuten behintzat.
1866-6-4. Inozentxio Elortzak parrokiko hilerriari buruz aurkeztu zuen planoa onartu zuten. Bertan, sendi eta partikularrei zenbat hilobi eskain zitezkeen eta zenbat hilobira zitezkeen zehaztu zuten.
1866-5-28. San Miguel baserriko maizterrarekin hitz egin zutela adierazi zuten horretarako izendatuek. Aurreko urtean bezala, urte hartan ere etxearen zati bat gaixo bidaiariak jasotzeko utz zezan edo bakardadean egon beharreko gaixoak egon zitezen eskatu zioten. Herriak bere aldetik egokitze lanak egin zituen, eta herriaren aldetik 640 erreal ordaindu zizkioten.
1866-5-21. Suteetan erabiltzen zen moto-bonbara ura eramateko olanako ehun bat poltsa erostea onartu zuten. Antza denez, Gasteizen lor zitekeenez bakoitza 14 errealean, ondoren bikeztatu eta bustiezin geldituko ziren, erregidore batek bileran bertan aurkeztutakoa bezala.
1866-4-23. Etxaniz erregidoreak -horretarako izendatutako batzordeko kideak-, Juan Amezuak parrokirako egin zuen organoa ikusi eta Nikolas Ledesma Bilboko organojoleak aurkeztutako zentsuraren berri agertu zuen. Ledesmari konfidentzialki galdetzea erabaki zen agertzen zituen akatsak konponketarik bazuten, eta horrela izanik nork egin zezakeen lan hori, Amezuarentzat ezinezkoa bazen behintzat. Bestalde, langintza hori gutxi gorabehera zenbat kostatuko zen ere galdetu zioten.
1866-4-18. Juan Joxe Ezeiza Mardura pilotaria jaio zen.
1866-4-1. Herriko lehen gauzainak kaleratu ziren.
1866-3-31. Herriko gauzainen arautegia ontzat hartu eta sinatu egin zuten.
1866-3-26. Gauzainen soldatak ontzat hartuta Diputazioak emandako baimenaren berri eman zuten, egunean zortzi erreal emanez arduradunari, zazpi besteei eta erreal erdi bat ordekoari.
1866-3-26. Hauek ziren gauzain postua eskatu zutenak: Joxe Bernando Olaizola, Serafin Etxeberria, Joxe Simon Olazabal, Dionisio Arregi, Ramon Juaristi, Juan Dibildos, Inazio Usobiaga, Joxe Remigio Agirre, Kalixto Etxeberria, Joxe Mari Larrañaga, Joxe Mari Bereziartua, Sebastian Aieztaran eta Juan Joxe Errazti. Haien artean, Udalak arduradun lanetarako Joxe Bernardo Olaizola, eta Serafin Etxeberria eta Sebastian Aieztaran, Kalixto Etxeberria ordezko zela aukeratzea erabaki zuen. Apirilaren lehen eguna, berriz, lehen aldiz gauzainak kaleratzeko izendatu zuten.
1866-3-18. Aurreko hilaren 24 gauean gertatu zen sutean ibaian eta garbitokian sartuta ontziak urez betetzen ibili zirenen zerrenda irakurri zuten, eta gogoan izanda gau hotz eta izoztuan haiek eginiko lan neketsua, haien artean 101 erreal banatzea erabaki zuten.
1866-3-18. Lastur auzoko Joxe Mari Rementeriak eginiko eskaeraren berri eman zuten, inauteri astearte goizean kaleratutako bere zezenak begi bat galdu zuela esanez, teila zati batekin jotzean. Udalak hari 80 erreal ematea erabaki zuen.
1866-3-12. Herriko gauzainen arautegia ontzat hartu zuela adierazi zuen gobernadoreak.
1866-3-12. Aurrez erreta ziren Kakatxingoa deituriko etxe eta lurraldeen jabeari ordaintzea erabaki zuten, beharrezkoa egiten baizitzaion herriari erosketa Harzubitik Loiolara egin nahi zuen bidea egokitzeko.
1866-3-12. Juan Amezua organo egileak parrokikoa amaitutzat eman zuen, eta bera aztertzeko batzordea izendatu zuen Udalak.
1866-2-26. Herriko gauzainen arautegia onartu zuten.
1866-2-25. Bezperan gauez izandako suteak nolabait ukituta, sua menperatzeko baliagarria izan zitekeen materiala erostea erabaki zuten. Gainera, uhaskan eta ibaian sartuta gauean lanean aritu zirenen zerrenda egitea onartu zuten, eskupeko bat emateko, lanean egindako denbora kontuan izanda.
1866-2-24. Gauean sute garrantzitsu bat izan zen.
1866-2-19. Arautegi bat osatuz, gauzain zerbitzua sortzea erabaki zuen Udalak.
1866-2-18. Musika Bandarentzat instrumentu batzuk erostea erabaki zuten.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago