2020-11-7. Elkarretaratze jendetsua egin zuten plazan, herriko ostalariek deituta, COVID-19a zela-eta agindutako ostalaritza guneen itxiera salatzeko.
2019-11-7. Espainiako Kimika Elkartearen saria jaso zuen IƱaki Bastida kimikariak, Valentzian (Herrialde Katalanak) egindako Kimika Ikerlari Gazteen XVI. Sinposioan.
2018-11-7. Joxe Mari Iriondoren ibilbide profesionala saritu zuten Euskal Kazetaritza Sarietan.
2014-11-7. Pako Aristik 'Euskararen isobarak, hamasei gezur handi eta koda bat' liburua aurkeztu zuen.
2003-11-7. Baite Azpeitiko Euskara Elkarteak etorkinei zuzenduriko hiztegia kaleratu zuen, liburuxka moduan, berrehun hitzez osatua. Euskara batutik zazpi hizkuntzara itzuli zituen berrehun hitzok: gaztelera, ingelera, arabiera, frantsesa, kalatana, gailegoa eta portugesa hizkuntzetara. Azpeitiko euskarara ere moldatu zituen.
1933-11-7. Domingo Lizarralderi lantegiko pabilioiak berritzeko baimena eman zioten. Irailaren 11n izandako suteak kalte handiak sortu zituen han.
1933-11-7. Martzial Uzini Foruen pasealekuaren atzeko lantegian handitze lanak egiteko baimena eman zioten.
1929-11-7. Ildefonso Gurrutxaga alkateordeak maiatzean, ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean Loiolara iritsitako autoen berri eman zuen: 359, 370, 1.090, 1.335 eta 710, hurrenez hurren.
1923-11-7. Alkateak suhiltzaile talde bat martxan jartzeko arautegia aurkeztu zuen, eta aho batez onartu zuten. Joan Joxe Iriarte izendatu zuten buru.
1853-11-7. Alkateak esan zuen Santo Domingo komentua herriari eman ziotenean agindua ziotela bere aurreko horma ez lurrera botatzeko, baina garbi ikusten zelako egokia litzatekeela Enparantza Nagusiari behar bezalako zabalera emateko bera desagertzea, batez ere gogoan izanda elizaren sarrerako ganga hondamenean zegoela eta bere ertzetako bat nahiko okerturik. Baina kontuan izanik guztia aurrera eramateko bide zuzenean jokatu behar zutela, eta agintariak jakinean zirela gainera -batez ere, bertan hilobiratuak izan ziren aurrekoak errespetatuz-, alkateak esan zuen apezpikuari baimena eskatu ziola hildakoen hezurrak herriko hilerrira eramateko, egun batetik bestera iritsi zitekeen erantzuna baiezkoa izango zen itxaropena zuela esanez. Alkateak eman zituen pauso guztiak ontzat hartu zituen Udalak, eta hari eman zioten ahalmena gobernuaren baimena lortzeko gesioak egiteko, aurreko horma ahal zen azkarren botatzeko asmoz.
1786-11-7. Herritar guztien zerrenda osatu nahirik, garbi adierazi zuten bakoitzaren aurrekoak herrikoak bertakoak izan ziren edo ez, eta beste zenbait datu interesgarri ere bai. Guztiak nolabait auzoetan banatu zituzten; agintarien artean banatu zituzten auzo horiek.
1779-11-7. Herri Batzar nagusian eta probintziko itsasertzak zaintzeko eginiko soldaduen zozketari hasiera eman aurrez, boluntario aurkeztu ziren bakar batzuk, zozketaren ondoren guztiak osatzeko.
1710-11-7. Gregorio Sarasua eta Inazio Larralde maisu zurginek esaten zuten parrokian zenbait aitorleku egin eta jarri zituztela, eta, bide batez, horiek ikusteko herriaren aldetik maisuak izendatzea eskatu zuten. Herriak Inazio Basazabal eta Joan Apaeztegi izendatu zituen horretarako.
1704-11-7. Herriaren ardo hornikuntza egiten zuten nafar mandazainek euren ostatutzat herriko tabernak hartuz gero iskanbilak sor zitezkeela irudituta, tabernari guztiei euren etxeetan hornitzaileei ostatua eskaintzea debekatu zieten, eta eskribauari agindu zioten debeku horren berri idatziz ematea tabernariei, adieraziz ez betez gero gogor zigortuko zituztela.
1700-11-7. Herriaren aldetik Hondarribira 22 soldadu bidali behar zituztela-eta, erdiaren zerrenda egiteko agintariak bildu ziren. Bileran herritar gazte talde handia aurkitu zuten. Zozketa egin beharrean, trebetasun handiena zeukatenak aukeratzea erabaki zuten, eta hala osatu zuten zerrenda, soldadu erdiaren hutsunea betetzeko Joseph Goenaga prest zela agertuz. Ikusirik guztien borondatea zerbitzua eskaintzeko Joseph Antonio Azkue fidela eta kapitainaren esanetara, eta berehala irteteko, bakoitzari urrezko lau ezkutu zituen dobloi bana ematea erabaki zuten eta zilarrezko beste sei erreal oinetakoak erosteko.
1642-11-7. Herritarrentzat egokia zela jabetuz eta kontuan izanik sagar gutxi izan zela urte hartan, sagardo zaharrak saltzea erabaki zuten, urtekoak salgai jarri aurrez.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago