Hamarkada: 1670

  • 1679-6-23. Joseph Ezarzaburu maisua urreztatzen eta margotzen ari zen parrokiko pulpitu gaineko txapela, eta ikustea erabaki zuten. San Inazio egunerako amaitzea eskatu zioten.
  • 1679-6-23. Juan Oñaz, Antonio Larralde eta Frantzisko Aizarnazabal apaizak apaizen kofradiatik edo anaiartetik bidalita zeuden duela urte batzuetatik. Horren aurrean, Udalari eskatu zioten erregu bat egitea berriro onartuak izan zitezen. Herriaren aldetik erregua luzatzea erabaki zen.
  • 1679-1-12. Alkateak, herriaren izenean, Frantziskanen Abadesarekin Pedro Altuna Arostegiren memoriakoa zen Miranda etxeari buruz eginiko konponketa adierazi zuen. Kobratzeko interesak 1.130 dukat izan ziren guztira, eta zilarrezko 200 dukateko, zentsuari esker.
  • 1678-12-21. Iraetako zubiari buruz Udalak idatzitako gutun guztien berri eman eta jasotako erantzunak ere irakurri zituen. Proiektu horretarako herriaren ordezkari Antonio Azkue izendatu zuten eta Zestoako ordezkariarekin harremanetan jartzeko eskatu zioten. Bien artean erabakitzen zutena aurrera eramateko, bi Herri Batzarren onarpena beharrezkoa zen.
  • 1678-10-9. Tolosan ospatutako Probintziako azken Batzar Nagusiak, Azpeitiak Iraetako zubia zaindu behar zuela agindu zuela kontuan hartuta -azken uholdeek eraman zuten- edo, bestela, Debako herriari ordaindu behar zizkiola zortziko 30 erreal, bat edo bestea aukeratzeko ahalmena eman zioten herriari. Idatzi baten bidez, Debako herriari esan zioten Debak berak egiten bazuen zubia, Azpeitia ahaleginduko zela zutik edukitzen Debak nahi zuen denboraldian.
  • 1678-10-4. Frantziskanen eliza berria inauguratu zuten.
  • 1678-9-16. Jakinean izanik herriaren aginduei muzin eginez eta Santo Domingo komentuko priorearen eskaerari erantzunez harria ateratzen zutela Komuntzo ingurutik, eta era horretan iturriko ura zikintzen zela erabat, batzordea izendatu zuten gertatzen zena aztertzeko. Batzordea hauek osatu zuten: Inazio Beltran Oiarzabal, Frantzisko Latenta eta Tomas Leiarizti maisu harginak.
  • 1678-7-3. Martin Eleizalde kapitainak Komuntzoko harrobitik harria ateratzeko eskaera egin zuen, Bikuña etxe zaharraren aurreko aldea berritzeko, eta baiezkoa eman zioten.
  • 1678-3-29. Aurreko urteko San Inazio jaietarako Tuteratik ekarritako zezenak ordaindu gabe zeudela jakinarazi zuten, orduan dirurik ez zuelako herriak. Pedro Jimenez zezenen jabea herrira kobratzeko asmotan etorri zela esan zuten. Zezenak eta Jimenezen bidaia ere ordaintzea erabaki zen.
  • 1678-3-6. Nikolas Brustin maisuari Urrestillako elizako aldare nagusirako egin zituen hiru margo eta aurrez zeudenen txukunketa ordaindu zizkioten.
  • 1678-2-17. Oiarzabal bere etxera bidean gurutze bat jartzeko baimena eman zioten Pedro Beltran Oiarzabali.
  • 1678-2-17. Bere bilobaren Arana etxe berria egiteko, herriko lurraldeetan egurra ebakitzeko baimena eman zioten Pedro Beltran Oiarzabali.
  • 1678-2-17. Herriaren basoetan egurra ebakitzeko baimena eman zioten Bixente Kortari, Eliz kalean zituen bere etxeak konpontzeko.
  • 1678-2-4. Probintziak hartutako erabakiari erantzunez, 18 urtetik 60 bitarteko jatorrizko herritar eta biztanle guztiak lau zatitan banatzea erabaki zuten. Zati bakoitzak bere kaboak izendatu beharko zituen eta kaboek zerrendan zeuzkaten guztien armak ikusi beharko zituzten, gutxienez urtean lau aldiz deituz eta horretarako nahi zituzten egunak aukeratuz. Kaboak euren taldea osatzen zutenek armak izan zitzaten ahalegindu behar zuten, ez zuenari ahalik eta azkarren erostera bultzatuz. Aipatutako lau egun horietako batean, guztiek prest izan beharko zuten bolbora eta balak erabiliz tiro lehiaketan parte hartzeko. Saria, setazko galtzerdiak ziren. Gainera, kaboek zigorrak jartzeko ahalmena zuten.
  • 1678-1-14. Martin Garatetxea maisuari albistea pasatzea erabaki zuten, koruko ganga margotzea kobraturik zuela-eta lana egiteko eskatzeko.
  • 1678-1-14. Eskuztako zelaian zuhaitz gazteak landatzea ez ezik, zeharkatzen zuen paretak egokitu eta iturri bat jartzea erabaki zuten.
  • 1678-1-14. Parrokiko atarirako egindako eserlekuak ordaintzea erabaki zuten.
  • 1677-11-28. Parrokiko pulpituen txapelak egiten zituen Juan Apaeztegi maisuak, eta hari bi mila erreal ordaintzea erabaki zuten.
  • 1677-11-28. Eskuztako gurutzea egitea erabaki zuten, aurrez zen bezalakoa.
  • 1677-11-19. Iruñeko apezpikuaren baimenarekin eta herriak agindurik, parrokiko pulpituei euren gaineko txapela egiten ari zen Joan Apaeztegi arkitektuari kontuak aurkeztea eskatzea erabaki zuten, garbi geratzeko zenbat zeukan jasota eta zenbat oraindik kobratzeko.
  • 1677-11-9. Pedro Beltran Oiarzabalek bere alaba Maria Inaziaren izenean Landarbaso lurraldean egurra ebakitzeko baimena eskatu zuen, Arana etxean zuen sutegia egokitzeko, ustekabean hondaturik gelditu zela-eta. Herritar bereziei deitu eta euren iritziak jaso ondoren, Udalak egurra ezer ordaindu gabe ematea erabaki zuen, horrelako kasuetan egin izan zen bezala.
  • 1677-10-27. Unean herrian zegoen Joseph Portocarrero korrejidoreari dolumina agertzea erabaki zuten, Maria Manuela Prado emaztearekin zeukan alaba hil egin baitzen. Bezperako iluntzeko zortzietan hilobiratua izan zen herriko parrokian, Elola kaperan, eta, haren patroia herria zenez, kandelak pizturik jendetza handia bildu zuten. Dolumina agertzeko Domingo Arregi erregidorea eta Tomas Korta kapitaina izendatu zituzten; horiek berehala Portocarreroren etxera joan ziren eta udaletxera itzuli, korrejidoreak bertara etorri nahi zuelako. Berriro joan eta korregidorearekin itzuli ziren; honek esker sutsuenak agertu zizkion herriari eta bertako seme bat bezala hartzea nahi zuela eskatu zuen, sekula ahaztu ezinezko laguntza jaso zuelako Azpeitian. Horrez gain, bere jakituri guztia herriaren alde lana egiteko eskaini zuen.
  • 1677-10-22. Udaletxean agertu ziren Fernando Miranda eta Tomas Errazkin apaizak, eta esan zuten nola Maria Manuela de Pradok -Gipuzkoako korrejidorearen emaztea- haur bat izan zuela, eta herriko agintariei erregutu zietela bataioko unean neskatxa herriaren izenean har zezatela, Juan Antonio Agirre alkatearen bidez. Esker ona agertuz, horrela egingo zutela erantzun zuten agintariek. Apaizak aldegin ondoren, Inazio Agirre eta Domingo Arregi erregidoreak izendatu zituzten emakumea zoriontzeko, eta haren senar Joseph Portocarrero korrejidorearekin ere gauza bera egitea erabaki zuten, hura Batzar Nagusitik itzultzean. Bataioa egin zedin beharrezko zabalkundea emanez, eta jaialdiak antolatuz, Inazio Beltran Oiarzabal eta Jazinto Korta erregidoreak izendatu zituzten guztia antolatzeko; zezenak inguratu zituzten euren etxe aurrean goiz eta arratsaldez jolasteko, organoa jo zuten elizkizunean eta tiroak bota zituzten parrokiko dorretik. Elizkizuna antolatzeko, Frantzisko Zelaiaran, Sebastian Zabalia eta Frantzisko Erkizia apaizekin hitz egitea erabaki zuten, eta herritar guztiak gonbidatzea bertara, udaletxean hurrengo arratsaldeko ordu bietan bildurik, bertatik elkartuta parrokira joateko.
  • 1677-10-1. Herriko harakinari denda goizeko seietan irekitzeko agindu zioten, eta arratsaldean hirurak aldera. Saltzeko unean, lehentasuna eman behar zien apaizen neskameei edo komunitateko arduradunei.
  • 1677-9-27. Nikolas Brustin margolariarekin Urrestillako parrokirako tratua egin zuten, San Sebastian, San Frantzisko eta Kristo Gurutzatuaren margoak egiteko. Azken horren alboan izango ziren San Juan eta bi Mariak.
  • 1677-8-20. Herritar bereziei Loiolako maiztergoaren jarraipena eskuratu zuen Alcañicesko markesari zorionak emanez idazteko batzarrera deitu zieten. Guztien iritziak jaso ondoren, bidali beharreko gutuna prestatu zuten.
  • 1677-7-23. Herritar bereziei deitzea erabaki zuten agintariek, korrejidorea herrian baitzen Alcañicesko Markesaren izenean Loiola etxearen jabetza eskuratzeko asmoz. Horrela egin ondoren batzarrera hamahiru biztanle azaldu ziren, eta erabaki zuten Markesaren izenean parrokiko patronatua eskuratzea nahi zuen norbait agertzen bazen bere aurka egitea.
  • 1677-6-13. Sevillan (Espainia) zegoen Frantzisko Beitia agentea eta hari idaztea erabaki zuten, Elolaren errentak kobratzeko gestioak egiteko eskatuz.
  • 1677-6-13. Gipuzkoako Batzar Nagusietarako gonbitea pasatzea erabaki zuten Azkoitiko alkateari. Batzarra egin aurretik Olazko ermitara azaltzeko eskatu zioten, bertan izango ziren gaiak bien artean aztertzeko.
  • 1677-6-10. Diputazioak agindu bezala, guardiak egitea erabaki zuten gau eta egunez. Guardia postu bat ospitalean zegoen, bestea Madalenean eta hirugarrena Enparan inguruan, izurritea zegoen herrietako inor ez sartzeko. Igandean hasiko ziren guardiak egiten; lehenik agintariak eta ondoren gainontzeko herritarrak.
  • 1677-4-4. Diputazioaren gutun bat jasotzean, muga inguruan jendetza handia mugitzen zela esanez eta herritarrak prest egon zitezela eskatuz, herriak erabaki zuen biztanle guztiei jakinaraztea 18 urtetik 60era bitarteko guztiek prest egon behar zutela arma erakusketa bat egiteko.
  • 1677-3-7. Frantziskotar Hirugarren Ordenako Anaiei Elola kaperan Paduako San Antonioren irudi bat jartzeko baimena eman zieten.
  • 1677-1-20. Herriko dorrean zegoen ordularia zaintzeko tratua egin zuten Martin Odriozolarekin, zortzi urterako eta bertan bizi zela. Tiroak ere bota beharko zituen bertatik ohiko egunetan. Herriak 20 dukat ordaindu zizkion urtean, eta beste bi gehiago, berriz, ordulariari olioa bota beharko ziolako. Baina lehen urtean jasoko zituen 20 dukat horietatik hamar, behintzat, aurrez lan berean izan zen Martin Concejoren alabari eman beharko zizkiola agindu zioten, San Miguel egunetik ordura artean ordularia zaindu zuelako.
  • 1676-12-11. Tomas Eizagirre apaiza agertu zen batzarrean, erregeak emandako 11 pribilegio agintarien esku uzteko. Pribilegio horietatik batzuk parrokiko patronatuari buruzkoak ziren, besteak San Agustin monasterioa sortzean emandakoak, eta besteak parrokiarekin zerikusia zutenak ziren.
  • 1676-11-15. Joxe Inazio Oñaz eta Loiolaren ama Ana Larralde parrokiaren patronatua eskuratu nahirik zela ulertu zuten Frantzisko Larretxek idatzitako gutunean, eta Agustin Eizagirre erregidoreari herriaren izenean haren aurka egitea agindu zioten.
  • 1676-11-15. Elur hornikuntza egiten zuen Bernardino Azpillagak eta honi bi mila maraiko isuna ezartzea erabaki zuten, sarritan hutsegiteak egin zituelako.
  • 1676-10-25. Pedro Beltran Oiarzabal eta Agustin Eizagirre izendatu zituen herriak parrokiko etxezain Antonio Azkuerekin batera parrokian egindako obrak aztertzeko. Juan Abalia maisua haiekin izanik, txostena pasatu behar zieten agintariei.
  • 1676-10-25. Tomas Bikendik bere gain hartu zuen herriko kaleen eta plazen harriztatzea, beheko sarreratik goikora bitartean eta Bustinzuriko gurutzera arte. Sei urtean egoki zaindu beharko zituen, eta herriak nahiko harri eta lur eman zituen Eliz kalea behingoz egokitzeko. Herriaren aldetik hogei dukat ordainduko zizkioten urtean.
  • 1676-10-16. Ugarte, Aranguren, Igartza eta Loiarteko baserritarrekin konpondu zen herria, haien ahuntzek eginiko kalteak ordain zitzaten. Herriak agindutako tokian 50 gaztainondo edo haritz landatzeko prest agertu zen bakoitza, eta bi urtera herriari eskaintzeko.
  • 1676-10-9. Kontuan izanik herriak eginiko eskaerari erantzunez nuntzioaren zentsurak herriratu zirela artxiboan falta ziren paperak aurkitu nahirik, eta parrokien bidez eman zituztela ezagutzera, hurrengo igandean jakinaraztea erabaki zuten, parrokien bidez, ondorengo igandean eskomikua irakurriko zutela.
  • 1676-9-26. Maiatzaren 10ean Urrestillan aurkitutako utzitako haurra herriaren kontura Goiatzen hazi zela adierazi zuten, eta haren gurasoak nortzuk ziren jakiteko egindako gestioek emaitza eman zutela. Egun hartako arratsaldean umea gurasoei emateko prest zeukaten. Herriak eginiko gastuak gurasoei ordaintzeko eskatzea erabaki zuten.
  • 1676-9-12. Urrestillako parrokiko etxezainak elizan kalbario gurutzat zintzilikatzeko baimena eskatu zuen, eta Udalak horrela egitea erabaki zuen.
  • 1676-7-27. Inazio Odriozola elur hornitzaileari hurrengo ostegunerako Aizkorriko izoztegira eraman zuen soka -idiak erabiltzeko soka- herriaren eskuetan jarri behar zuela jakinaraztea erabaki zuten. Bestela, soka ordaindu beharko zuela. Herria hornitzeko zuen eginkizuna gogoratu zioten, baita falta zen egun bakoitzeko mila maraiko isuna izendatu ere.
  • 1676-6-26. Murgildurik amuarrainak harrapatzea debekatu zuten, mila maraiko isunaren azpian.
  • 1676-6-26. Juan Apaeztegi izendatu zuten parrokiko pulpituetako txapelak egiteko, Iruñeko apezpikuaren baimena jaso zuelako herriak.
  • 1676-3-10. Aurreko astean erre zen Igartza baserria altxatzeko, Domingo Arregiri egurra ebakitzeko baimena eman zioten.
  • 1676-2-22. Herriko sendagile Pazuengosek bere jaioterrira, Lizarrara, joateko gogoa agertu zuen, bertako sendagile izendatu nahi zutenean. Udalak, herritarrei udalbatzarrean, gertatzen zena agertzea erabaki zuen.
  • 1676-2-9. Garizumako lehen iganderako deialdia egitea erabaki zuten. 18 urtetik 60 urte bitarteko herritar eta biztanle guztiak deitu zituzten, arratsaldez, enparantza nagusira armak zituztela, orduan denak bat eginda neurriak hartzeko armak erabiltzeko ariketak egiteko. Bide batez, lau barrika bolbora eta behar zen metxa erostea onartu zuten.
  • 1675-11-15. Leizeaga, Saraseta, Idiagirre, Lastaola eta Madalenako etxeak ez ezik, Izarraitz aldeko beste zenbaitek herriaren lurralde zatiak eurentzat harturik zituztela jakin zen, eta Pedro Beltran Oiarzabal eta Joan Odriozolari agindu zieten zortzi egunen buruan gaiari buruz iritzia agertzeko.
  • 1675-11-15. Loisoro baserrian zen Joakin Martizenak herriaren lur zati bat beretzat hartu eta lantzen zuela jakinik, batzarrera deitu zuten, eta aitortu egin zuen hori, esanez unean garia eginik zuela bertan. Lurraldea urteetan erabili zuenez, Nuarbeko zubia bere kontura konpontzeko agindu zioten. Herriaren aldetik hiru erreal emango zizkiotela geratu ziren.
  • 1675-10-25. Urte hartan sagar gutxi jaso zenez, saltzeko sagardoa egin nahi zutenei agindu zieten erdia urik gabe egiteko eta beste erdia ura nahasturik.
  • 1675-7-12. Inazio Odriozolarekin herriak tratua egin zuen datorren urteko martxoaren hasieratik hasita bederatzi urtean elur hornikuntza egiteko. Libra bakoitza lau errealean salduko zuen, abenduan, urtarrilean eta otsailean izan ezik, eta baimena eman zioten San Inazio festen inguruko hamabost eguneko ferian sei errealean saltzeko libra bakoitza.
  • 1675-6-16. Antonio Erkiziari ahalmena eman zioten zilarrezko 300 dukat zentsuan hartzeko. Diru horrekin, erregeak probintziari eskatutako 200 soldaduz osatutako taldea joango zen bederatzi herritarrei ordainduko zieten.
  • 1675-5-31. Probintziaren aginduaren arabera, Izpiritu Santuaren Bazko bigarrenez alardea urtean behin egingo zen abisua auzoetara pasatzea erabaki zuten. Elizaren bidez jakinaraziko zuten 18 urtetik 60ra bitarteko herritar eta biztanle guztiak agertu behar zirela; bestela, mila maraiko isuna izango zuten.
  • 1675-4-1. Bederatzi urtean herriko kaleak ongi edukitzeko kontratua egin zuten Frantzisko Etxaniz maisuarekin.
  • 1675-4-1. Gaspar Fernandez Vallesekin haragi hornikuntzarako tratua egin zuten. Hark idiak erabiltzeko soka ekarriko zuela eta San Inazio jaietarako lurraldeko bi zezen emango zituela agindu zuenean egin zuten tratua.
  • 1675-3-25. Enparantzan egiten ziren arkuei buruz tirabirak sortu ziren herria eta Santo Domingo komentuaren artean, eta agintariek gauzak baretzeko fraideekin harremanetan jartzea erabaki zuten.
  • 1675-3-9. Bernabe Aranburu Santo Domingo komentuan eta enparantza apaindu nahirik herriak eginiko arkuak botatzen hastean, komenigarria den edo ez aztertzea erabaki zuten.
  • 1674-10-14. Martin Garatetxea maisuak parrokian egin zituen lanak ikusteko batzordea izendatu zuten.
  • 1674-10-14. Frantzisko Antonio Zabalari, Erdi kalean zuen etxea korrejidoreari eskaintzeko eskatu zitzaion, eta baiezkoa eman zuen.
  • 1674-9-7. Bi parrokietatik deialdia egitea erabaki zuten: elizan egin nahi zituzten obrei buruz zerbait adierazi nahi zuten guztiak herriko agintariengana ager zitezela, zortzi egun barru, ostiralean.
  • 1674-7-22. Baimena eman zioten Inazio Odriozolaren emazte Graziana Goikoetxeari Odriozola baserriaren inguruan ermita altxatzeko.
  • 1674-6-17. Herritik irten behar zuten 33 soldaduri ordaintzeko dirua lortzeko agintariei eman zieten ahalmena. Besterik ezean, eta zentsuan hartuta, Tomas Kortak 150 peso eskaini zituen soldaduei ordaintzeko.
  • 1674-2-16. Herrian ospatuko ziren Gipuzkoako Batzar Nagusiei buruz erabaki batzuk hartu zituzten.
  • 1674-2-16. Parrokiko koruko burdinsarea egiteko diru laguntza eskainitako guztiei deitzea erabaki zuten, hiru egunen barruan eskainitakoa bete zezaten.
  • 1674-1-31. Sagatzeta baserri inguruan eta herriko lurretan bertako maizterrak landatuta zituen fruitu zuhaitzak ebakitzea eta haien ordez haritzak eta gaztainondoak sartzeko agindu zioten Pedro Beltran Oiarzabali. Baratza bezala erabiltzen zuen lurraldean ere gauza bera egin behar zuen.
  • 1674-1-27. Landeta etxearen aurrean zen San Pedro ermitan eginiko konponketak ordaindu zituzten.
  • 1674-1-19. Juan Apaeztegi maisuari maisu arkitektu batekin parrokiko erretaula nagusirako Aingeru Goardakoaren irudia egiteko tratua egin zezan eskatu zioten. Bide batez, pulpituen gaineko txapelak egiteko eskatu zioten, eta gero haiek urreztatzeko.
  • 1674-1-14. Apirilean Gipuzkoako Batzar Nagusia herrian izango zenez, denak txukun irten zezan agintariak erabakiak hartzen saiatu ziren.
  • 1674-1-5. Parrokiko Roke donearen aldarean behar zen Aingeru Goardakoaren irudia egiteko, Inazio Beltran Oiarzabali limosna bilketa egitea agindu zioten.
  • 1673-12-1. Juan Apaeztegiri parrokiko koruko burdinazko hesia egiteko agindu zioten, hurrengo urteko apirilaren 1ean Azpeitian bertan ospatuko zuten Gipuzkoako Batzar Nagusirako. Lanok aurrera eramateko parrokien bidez jakitera eman zuten agintariak eta herritar ezagunak eskean ariko zirelako herrian zein baserrietan koruko burdinazko hesia egiteko.
  • 1673-12-1. Alkateak adierazi zuen Matias Zuazola Floreaga eta Loiolak eta Inazio Urkieta erretoreak, herriko auziak jarraitzeko izendatutakoak, berari eskatu ziotela Diago Agirre apaizarekin batera Iruñera agertzeko, apezpikuaren aurrean herriaren aldetik agertu beharreko gauzak jakinarazteko eta, beraz, herritik kanpo zen bitarterako bere ordezko alkatea izendatzea eskatu zuen. Gaia eztabaidatu ondoren eta aho batez, Jazinto Egurza erregidorea aukeratu zuten alkaterako.
  • 1673-10-27. Herriko basoak zaindu behar zituztenak izendatu zituzten, eta herriak zenbait agindu eman zizkien.
  • 1673-10-20. Pedro Arkaia kristaleroak esan zuen amaiturik zituela parrokiko leihoetako kristalak. Haiek ikustea erabaki zuten, eskriturak agertu bezala egin zituen jakiteko.
  • 1673-10-20. Sagardoa urarekin nahastuta egitea erabaki zuten, sagar gutxi izan zelako urte hartan. Herriko fidelak prezioa eman zuen, dastatu ondoren.
  • 1673-3-11. Diputazioak adierazi zuen derrigorrezkoa zela, lurraldean ziren lapur eta arloteekin amaitzeko beharrezkoa egingo bazen, herri bakoitzeko biztanle armatuak zabaltzea erreka eta basoetan, egun bat aukeratuz horretarako. Herriak erabaki zuen lehen astelehenean ateratzea sei taldetan banatuta, 50 erreal emanez talde bakoitzari.
  • 1673-2-25. Eskuzta zelaira bitarteko bidearen ertzean, haritzak landatzea erabaki zuten.
  • 1673-2-7. Simon Astuinek lau urterako eta orduantxe hasita postari lana egiteko proposamena egin zuen. Gasteiztik herritarrentzako ziren karta guztiak ekarriko zituen larunbatean eta Gasteizera eramango zituen herritarrek idazten zituztenak. Herriak urtean 450 erreal ordainduko zizkion, 300 erreal aurreratuz lanean hasten zen unean. Proposamena onartu eta harekin eskritura egitea erabaki zuten.
  • 1673-2-2. Herriak eta elizgizonak parrokiko patroi Matias Inazio Oñaz eta Loiolarekin zuten auziaren berri eman zuten, eta herriak erabaki zuen aurrera jarraitzea, beharrezkoak egiten ziren ate guztiak joz. Gainera, gogora ekarri zuten akordio batera iristeko Joseph de Castro y Santa Cruzek eginiko txostena.
  • 1673-1-31. Simon Astuinek postari langintzan jarraitzeko soldata handiagoa eskatu zuen eta Udalak gaiari buruz hitz egiteko herritar bereziei deitzea erabaki zuen. Martin Eleizalde, Antonio Altuna, Joakin Mendizabal, Frantzisko Inazio Enparan, Juan Perez Etxabe, Pedro Beltran Oiarzabal, Agustin Eizagirre eta Joseph Iturriaga agertu ziren. Baina azkenean agintarien eskuetan utzi zen erabakia hartzea.
  • 1673-1-27. Ostiralean, herri aginduak seinalatuta zuen orduan, udalbatzarrera agintari guztiak agertzea aipatu zuten, eta horrela egiten ez zutenei isuna jarri zieten.
  • 1673-1-12. Ontzat hartu zuten Juan Bautista Aizarnazabalek eginiko azterketa, eta Elolaren kaperau izendatu zuten.
  • 1673-1-11. Elolaren kaperau izan nahi zuen Juan Bautista Aizarnazabali azterketa lana jartzeko, Udalak epailetzat Miguel Bikuña fraidea, Frantzisko Zelaiaran apaiza eta Juan Saloguen erretordea izendatu zituen.
  • 1672-10-12. Beharrezkoa izanik herrian sagardoa izatea, sagarra zutenei parrokien bidez sagardoa egiteko eskatzea erabaki zuten -erdia ura nahastuta eta beste erdia urik gabe-.
  • 1672-10-12. Kontuan izanik gero eta zailago egiten zela herrian neskameak aurkitzea - gehienek erabakia zutelako bakarrik bizitzea kalera ematen zuten etxeetan, iskanbilak eta pekaturako bideak aukeratuz horrela-, gertatzen zena moztu nahirik neurriak hartzea erabaki zuten.
  • 1672-6-3. Parrokien bidez deialdia zabaltzea erabaki zuten, herritar eta biztanle guztiak armekin bil zitezen Izpiritu Santuaren Bazko bigarrenean. Azaltzen ez zenak, 500 maraiko isuna ordaindu beharko zuen.
  • 1672-5-24. Komentuko teilatua bukatzeko, egurrak ebakitzeko baimena eman zioten Frantziskanetako abadesari.
  • 1672-2-2. Herrian haragia eta bakailoa hornitzen zutenen gutunak irakurri zituzten. Horiek prezioak altxatzeko eskatzen zuten, galera sortzen zietela adieraziz, baina Udalak ezezkoa ematea erabaki zuen.
  • 1671-10-30. Herriko lurretan zuhaitz haztegiak zituztenei hil horretan guztiak atera eta ezer gabe utz zitzatela agintzea erabaki zuten. Hala egiten ez zuenari mila maraiko isuna ezarriko zioten.
  • 1671-10-23. Landeta auzoko San Pedro ermitan konponketa lanak egitea erabaki zuten.
  • 1671-9-18. Joseph Iturriaga alkateari parrokiko koruko burdin baranda amaitzeko eskatu zioten, diru laguntza eskaini zutenei kobratuz, eta gainontzekoa elizak jarriko zuela.
  • 1671-8-21. Herritik Lasao auzora bitarteko bidean konponketa lanak egitea erabaki zuten.
  • 1671-7-26. Gaztelako zezen bat ekartzea erabaki zuten San Inazioetarako zezenketarako, Joxe Iturriaga alkateari saldutako mendien dirutik soberan gelditu zenarekin.
  • 1671-7-8. San Inazio bigarren egunez Loiolara joaten ziren prozesioan eta, ohikoa zen bezala, ehun mosketariz osatutako taldea joatea erabaki zuten. Herriak bakoitzari bolbora eta metxa eman zien.
  • 1671-7-3. Batzarrean adierazi zuten Urrestillako organoa amaituta zela eta, organo-egilea oraindik inguruan zenez, fidelak parrokiko organoa garbitzea eta konpontzeko hari deitzea erabaki zuten, organoa berritzea derrikorrezkoa baitzen. Erretorearekin harremanetan jartzeko batzordea izendatzea ere erabaki zuten, eta horrela egin ondoren maisuari herriratzeko eskatzeko idaztea onartu zen. Morroi bat zaldian gutunarekin bidali zuten Sasiolara, bertan egon zitekeela pentsatuta.
  • 1671-6-21. Udaletxe berria egiteko tokiari buruz hitz egin zuten. Horretarako bozketa egin eta Frantzisko Goitia lizentziatua eta erregidorearen proposamena onartu zuten. Proposamen horren arabera, aipatutako bi tokietan udaletxea egiteak gastu handiak sortuko zituen, bertan zeuden etxeak erosi beharko zirelako. Horretarako, Inazio Beltran Oiarzabalek bakarrik agertu zuen saltzeko gogoa. Beraz, dirua hartu beharko zen zentsuan, udaletxe berria egiteko herritarrek laguntza handia eskaini beharko zutelako. Hori baino errazagoa izango zen orduko udaletxea eta kartzelak egokitzea, berriak egitea baino. Iritzi horren aldeko 38 boto jaso zituzten, eta Inazio Agirre erregidoreak egindako proposamenak 28. Azken horrek honako hau proposatu zuen: udaletxea egitea aurrez herriko dorrea zen tokian, bere inguruan zeuden hiru etxeak herriak hartuz; hau da, Juan Larraar, Inazio Beltran Oiarzabal eta Juan Martinez Eizagirrek ibai aldera zituztenak; horretarako udaletxe zaharra saltzea proposatu zuen.
  • 1671-5-15. Mosketari bakoitzari alarderako libra erdi bat bolbora ematea erabaki egindako, herriak ordainduta.
  • 1671-5-2. Elizetan jakinaraztea erabaki zuten hurrengo egunean bertan, Izpiritu Santuaren Bazko bigarrenean, alardea egingo zela. 18 urte zituztenetik 60 urte bitarteko herritar eta biztanle guztiei arratsaldeko ordu baterako dei egin zieten enparantza nagusira. Agertzen ez zen herritarrarentzat bi mila maraiko isuna ezarri zuten eta biztanleentzat milakoa.
  • 1671-4-24. Ikusirik herriko dorrea erortzeko zorian zela, konpontzea erabaki zuten. Zezenak jolasten ziren enparantza aldera egurrezko balkoi bat aterako zioten, izkina batetik bestera, apaingarria baitzen.
  • 1671-2-20. Uholdeek erabat desegin zuten Malkorra burdinolako presa konpontzeko baimena eman zioten Jazinta Arregiri.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan