2011-8-6. Loiolan Magis 2011 topaketak hasi ziren. Hainbat herrialdeetatik etorritako 3.000 gazte baino gehiago elkartu ziren bertan.
1944-8-6. Idi-demak jokatu zituzten zezen-plazan, arratsaldez. 30 minutuko txandak egin zituzten eta J. Odriozola izan zen irabazle. Bigarren I. Azkue izan zen eta R. Olabe hirugarren.
1941-8-6. Espainiako Gerran hildakoei eskainitako monumentua euriagatik uztailaren 31n ezin izan zenez inauguratu, hilaren 10ean eguerdiko hamabietan inauguratzea erabaki zuten, eta aurrez beharreko gonbiteak zabalduko zituzten.
1913-8-6. Sute handia izan zen Txarabarrena baserrian.
1894-8-6. Juan Pablo Lojendio mikeleteen buruak idatzi zuen San Inazio bigarren egunez prozesioan parte hartu zuten mikelete bakarren batzuk urrutitik etorri zirela-eta, bi pezeta ordaintzea egokia izan zitekeela esanez. Azpeitiko Udalak mikeleteek San Inaziori eskaintzen zioten ohorea probintziak eginikoa zela esan eta herriari bere eskaera betetzea ezinezkoa zitzaiola esanez erantzutea erabaki zuen.
1855-8-6. Aurreko egunean herriko Osasun Juntak hartutako neurrien berri eman zuten, erikor kolera bi kasu agertu baitziren herrian: lehenena hilaren 3an eta bigarrena hilaren 4an -Faustino Zuduperen kasua, hain zuzen ere; ordu gutxira hil zen-. Ontzat jo zituzten juntak hartutako erabakiak.
1855-8-6. Alkateak, izurriteak jarraituko balu ere, gastu handiak sor zitekeela ikusita, Rodilek ezarritako isunaren lehen seihileko isuna ez ordaintzea erabaki zuela adierazi zuen, eta erabakia ontzat hartu zuten.
1831-8-6. Probintziako kapitain nagusiaren gutunarekin batera Diputazioak adierazi zuen Azpeitiko eta Azkotiko herrietara Guardia Errealeko Cazadores probintziako erregimendua bidaltzea erabakita zuela. Ostatua emateko lokalak aurkitzen ahalegintzea erabaki zuten.
1797-8-6. Herri Batzarrean Udalak bere lurraldeak saltzeko zituen zalantzak adierazi zituen. Azken apirilaren 30ean egindako batzarrean erabaki zuten 500.000 errealen balioan saltzea lurrak, baina herria lurralde jabetza gabe geldi zitekeen. Gaia eztabaidatu ondoren, 200.000 errealen balioan saltzea erabaki zuten, eta herriak zituen baratzak erosteko erabiltzaileei erosotasuna emango zieten. Era berean, erabaki zuten ahalik eta soldata txikiena ordaintzea herriak. Bazasabal diputatuak protesta egin zuen hartutako erabakiaz.
1732-8-6. Herritar bereziekin bilduta, ehun ezkututan herriko enparantza alokatzea erabaki zuten apustu eta zekorketarako.
1693-8-6. Joseph Agirre fielak saninazioetako zezenketa arratsaldean agintarientzat eta herriko dorrean bildutako emakumeentzat askari egokia eman zuelako eta gastuak kobratzerik nahi ez zuenez, Udalak eskerrak ematea erabaki zuen.
1693-8-6. Azken herri festetan zezen ahulak atera ziren, eta sei zezen eta bi joaldun bakoitzeko prezioa ehun erreal jaistea erabaki zuten -800 erreal guztira-, probintziko noblezia ez ezik, Bizkaia eta Arabakoa ere lekuko izan baitzen. Gainera, Agustin Agirrerekin tratua egitean, Salamancako (Espainia) Manuel Gonzalez Reierok zezen egokiak bidaliko zituela esan zuen.
1690-8-6. Diputazioak adierazi zuen hilaren 22rako lau soldadu jarri beharko zituela herriak Pasaiako portuan. Baina dirurik gabe zenez, 700 erreal herritarren artean lortzea erabaki zuten.
1669-8-6. Pedro Foncueba kanpaien egileari 815 erreal ordaintzea erabaki zuten. Haren laguntzaileei beste ehun erreal gehiago ematea ere erabaki zuten, herriko dorreko kanpaia funditu baitzuten. Herriak horretarako beharreko materiala jarri zuen.
1379-8-6. Juan I.a erregeak herriaren pribilegioak konfirmatu zituen, Burgosen (Espainia).
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago