2020-9-5. Espainiako armadako militarrak Xoxoten ibili ziren.
1968-9-5. Alkateak jakinarazi zuen, lantegietako nagusiekin eta kontratistekin harremanak izan ondoren, eskaintzak jasotzeko asmotan zela, herriko Azoka plaza zaharra lurreratu ondoren hango materialak saldu nahirik. Jaso zituen eskaintzen artean, onena Inazio Mari Olaizolak eginikoa zela esan zuen, 28.365 pezeta emango lituzkeelako burdinagatik eta beste 21.635 pezeta gainontzeko materiala bereganatzeko. Ontzat hartu zituzten eginiko eskaintzak.
1859-9-5. Alkateak jakinarazi zuen Juan Giberti erantzun ziotela nolako baldintzetan erosiko lukeen herriak Gibertek berak prestatutako suhiltzaileentzako bonba: sei mila errealetan, hain justu. Konforme zen Gibert, baldin eta herriak bere aldetik lokal bat ematen bazuen bonba egoki gorderik izateko. Gainera, inolako diru ordainketarik gabe emango lukeela ere esan zuen, bere mangera egoki edukitzeko nahiko koipe ematen bazitzaion eta beharrezko konponketa lanak herriaren aldetik ordaintzen baziren. Giberti urtean 120 erreal ematea erabaki zuten, uneoro bonba ongi prestaturik eduki zezan.
1831-9-5. Gogoan hartu zuten aurreko urteko abenduaren 9an Diputazioak idatzitako gutuna, neurriak hartuz nafarreriak sor zitzakeen hilketak baztertzeko. Kontuan izanik kutsatutako hiru lagunetatik gazte bat hil zela Urbieta baserrian, Osasun Junta osatzeko aukeraketa egitea erabaki zuten, partaide izanik alkatea, parrokiko erretorea eta hiru sendagileak.
1824-9-5. Lurraldeko diputatuak jakinarazi zuen, garai hartan penintsulan ziren iskanbilak gogoan izanik, herriko Tertzioa konpainiari prestatzeko muniziorik gabe zegoela, kartutxo bakar bat gabe, eta herriari neurriak hartzeko erregutu zion. Beharrezko bolbora eta kartutxoak erostea erabaki zuten berehala, eta Diputazioari pitxar ardo bakoitzari bi maraiko zerga jartzeko baimena eskatu zioten, gastuei aurre egiteko.
1815-9-5. Alkateak jakinarazi zuen nola jaso zuen albistea kuartel nagusitik, lehen dibisioko tropek zein herritan gelditu behar zuten esaten zuena. Haren arabera, herri horietako bat Azpeitia zen, ospitale militarra bertan ezarriko zen, eta herriko etxeetan banatuko zituzten zenbait erizain eta militar ofizial. Diputazioari esatea erabaki zen nolatan hartu zen horrelako erabaki bat aurrez herriarekin harremanik izan gabe eta ostatua eskaintzeko tokirik izan gabe; jakinarazi zioten Azkoitian erosotasun handiagoa izan zitekeela.
1811-9-5. Udalbatzarrean orduan herrian zen komandantea agertu zen eta, Inperioko mariskalaren agindua betez, hiru herritar hiltzeko prest zela adierazi zuen. Tolosan zegoen Lefevreri albistea pasatzea erabaki zuten, gauzak argitzeko eskatuz, legeak ez baitzuen adierazten fusilatuak herriko biztanleak izan behar zirenik, baizik eta departamendukoak.
1783-9-5. Zabala Azpillaga baserrian izandako suteari buruz hitz egin zuten. Orduko erregidore Frantzisko Inazio Orendaina zen baserria, eta bertan izandako kalteak neurtzeko Domingo Errazti eta Pedro Joseph Zubelzu izendatu zituzten.
1744-9-5. Tomas Iturriagak adierazi zuen erregeak Sebastian Enparan fraidea -orduan El Escorialgo (Espainia) San Lorenzo Monastegiko priorea zen-, Urgeleko apezpiku izendatu zuela. Herriko semea izanik, eta ospatu nahirik, herritar bereziei deitu ondoren, hamasei lagun agertu ziren batzarrera, eta hauxe erabaki zuten: meza nagusia egitea eta 'Te Deum' kantatzea, herritarrei kanpaien bidez deituz; arratsaldez dantza bat eta suak egin zituzten.
1711-9-5. Eguraldi ona eskatuz errogatiba bat egin zuten, herritik Loiolako Santutegira prozesioan joanez.
1520-9-5. Parrokiko atearen ondoan, utzitako haur bat aurkitu zuten.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago