2019-12-9. Itziar Sagarzazu hil zen, Loiolako Herri Irratiko esatari izandakoa.
2016-12-9. Jakinarazi zuten Azpeitiko Epaitegiak erabaki zuela Anjel Otaegiren senideek jarritako kereila kriminala ez tramitatzea, delituak preskribatuta zeudela eta Amnistiaren Legea indarrean zegoela argudiatuta.
2013-12-9. Fagor Etxetresnak kooperatibak Grumalentzat azaroaren 28an aurkeztutako hartzekodunen konkurtsoa onartu zuen Donostiako Auzitegiak.
1955-12-9. Agintariek Institutu Laborala inauguratu zutenez geroztik lehen ikastaroa hasteak sorrarazten zien poza aktan idaztea erabaki zuten.
1926-12-9. Alkateak adierazi zuen Beizaman gertatutako krimen bikoitzak eta, batez ere, horren argitzea guztiz zaildu zuen misterioak sorrarazi zuen kezka. Bestalde, kasuaren argitze lanetan buru-belarri aritu zen Pedro Marroquin epaileari omenaldia egitea proposatu zuten. Horretarako, Espainiako Gobernuko Epai ministroari idatzia bidaltzea proposatu zuten lurraldeko herriak sinaturik, eta kopia bat epailearen guraso zaharrei bidaltzea ere bai. Horrez gain, epaileari agintari makila eskaintzea erabaki zuten, aho batez.
1901-12-9. Alkateak jakinarazi zuen Joxe Frantzisko Etxanizi Urrestillako argikuntza egiteko urtarrila arteko zeukan epea motz gelditu zitzaiola. Hori zela-eta, Udalak epea luzatzea erabaki zuten otsailaren 1era arte.
1889-12-9. Anastasio Belokik herriko argikuntza egiteko proposamena aurkeztu zuen. Udalak proposamen horretan aldaketa batzuk egiteko eskatu zion.
1872-12-9. Hilaren 5ean etxea erre zitzaion Joxe Inazio Bereziartuari, eta baimena eskatu zuen dirua biltzeko. Baimenaz gain, Udalak 320 erreal eman zizkion.
1823-12-9. Agustindar fraideen probintzial Joxe Caballerok idatzi zuen: Iruñeko apezpikuaren ordezkari Juan Joxe Errazti apaizak ez ziola utzi nahi izan itxita zen San Agustin komentutik ezer ateratzen, eta komentua uztean han gelditu zirela bitxi, irudi eta aldareak. Herriak erabaki zuen erantzun aurretik herriko apaizekin harremanetan jartzea.
1781-12-9. San Agustin eta Santo Domingo komentuetako fraideekin uztailaren 30ean eta 31n komentuak argitzeaz eztabaida zuen Udalak, ez baitzuten nahi ohitura bezala hartzea urtero argiztatzea eta, beraz, herria eskaera urtero egin beharrean zen. Herri Batzar nagusian eztabaida kontuan izanik, guztien iritziak jaso ondoren erabaki zuten: komentuek garbi agertzen zutenez herriarekin bat egiterik ez zutela nahi San Inazio eguna ospatzeko, herriaren nahiari erantzun egokia eman gabe gelditzen baziren herritar bezala ez zirela hartuko eta eskubide guztiak galduko zituztela jakinaraztea. San Agustingo fraideei gogorarazi zieten ez zutela herriaren oparirik jasoko Aste Santuan eta San Agustin egunean.
1715-12-9. Izarraizko izoztegia errentan eman zioten lau urterako Bartolome Larraari, herriaren elur hornikuntza urteko hogei dukaten truke egitearren. Elur libra hiru maraitan eta San Inazioren zortziurrenean lau maraitan saltzeko baimena lortu zuten.
1583-12-9. Herriko seme-alabak eskolan maisurik gabe zeudenez eta Iruñean bizi zen Andres Yañez Arrieta berriro Azpeitira eskolak ematera bueltatzeko prest zegoenez, harekin eskritura sinatzea erabaki zuten.
1578-12-9. Potosi (Bolivia) hirian hil zen Juan Ibañez Garagarza azpeitiarrak herriko behartsuentzat utzitako ondoretasunari buruz hitz egin zuten agintariek.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago