2021-1-23. COVID-19aren eragina arintzeko eta tokiko ekonomia nahiz industria bultzatzeko sustapen plana adostu zuten EH Bilduk eta EAJk elkarlanean. 1,7 milioi euro bideratu zituzten sustapen planera.
2021-1-23. Urtarrilaren hasieran Aizarnazabalen hilda agertu zen Aintzane Pujanaren hilketa salatu zuten dozenaka lagunek plazan, Basanderiek talde feministak deituta.
2014-1-23. Azpeitiko Enplegu Orientazio Zentrua zabaldu zuten, Sindikatu Zaharreko hirugarren solairuan.
1992-1-23. Euskal Herriko Abesbatzen Federakuntzaren Batzar Nagusia egin zuten herrian.
1947-1-23. Lagun Onak klubeko presidenteak aurkeztu ondoren, Inazio Arrietak Garmendipe zelaian eginiko lanen likidazioa onartu zuten.
1934-1-23. Eskaerari erantzunez eta urtean 350 pezeta ordainduz, Enparan kaleko 1. zenbakia zuen etxeko bigarren solairua Emakume Abertzale Batza elkarteari alokatzea erabaki zuten.
1933-1-23. Loiolan, Bixente Guibert eta Juan Etxezarretak kioskoak zituzten tokia, sei urterako (urtean 50 pezeta ordainduz) ematea erabaki zuen herriak.
1933-1-23. Odria auzoko eskola eraikitzeko planoa eta aurrekontua onartu zituzten.
1901-1-23. Iristaioko urak aztertu ondoren, Emilio Azarolari eskaini zioten berak herriratzeko ikerketa egiteko.
1899-1-23. Azoka plaza estali bat egiteko helburua agertuz herriaren diru-alderdiari buruz eginiko txostena aurkeztu zuen batzorde batek.
1874-1-23. Urrestillako sendagile postua bete nahian, honen berri adieraztea erabaki zuten.
1860-1-23. Erdi kalea harriztatzeko harria atera, landu eta garraiatzea jarri zuten enkantean.
1757-1-23. Hezetasunari aurre egiteko San Agustin komentuko erretaula nagusiari harrizko oin bat egitea erabaki zuten.
1750-1-23. Inazio Ibero maisuari Inazio deunaren erretaula zaharra tasatzeko eskatu zioten, erretaula Martite Azkoitiko ermitako erretoreak erosi nahi baitzuen.
1734-1-23. Inazio Ibero maisuak aurkeztutako eran, Harzubiko zubia eta inguruan zen zumarraren ondotik Loiolako Etxe Santura bitartean, Urbitatera egin zen bideari buruzko zenbait xehetasun eman zituzten; batez ere, Perdillegi baserriko lurraldeak aipatuz. Herriak bidea egiteko bereganatu zituen lurraldeak ordaintzea erabaki zuen.
1708-1-23. Sagardoa saltzeko txanden zozketa egin zuten. Hamar saltzaile ziren edari hutsa zutenak eta beste bik urarekin nahastuta zuten.
1686-1-23. Herriko bideak ez ezik, Zestoarekin bat egiten zuena konpontzea beharrezkoa egiten zela ikusita, lehen astelehenean bertan lanari hastea erabaki zuten eta, horren berri emanez, garraioak egiteko eran zirenei. Langileei egun bakoitzeko libra bat ogi, sardina bat eta behar hainbat sagardo eman zizkien fidelak.
1686-1-23. Juan Etxeberria maisu zurginari Enparan errotan konponketa lanak egiteko agindu zioten.
1671-1-23. Agustina Villarrealek eta herriko beste zenbait labezainek ogia erretzeko prezioa altxatzeko eskaera egin zuten. Gurdi bat egur, aurrez lau erreal ordaintzen zuten, eta gero bost erreal eta erdi ordaintzen zituzten. Orduan esaten zutena egia zela ikusita, altxatzea erabaki zen anega ogia erretzea.
1643-1-23. Herrian tabernak gutxitzea egokia iruditu zitzaien agintariei, eta neurria hartzeko herritar guztiak otsailaren 2an, goizeko zortzietako bilerara deitu zituzten. Bilerara agertzen ez zenarentzat 300 maraiko isuna jarri zuten.
1585-1-23. Frantziskotarren probintziala herriratu zen, aita santuak aginduta bezala adierazi zuela, lekaimeak klausuratzea derrigorrezkoa zela.
1572-1-23. Gallai inguruan itsasontziak egiteko egur baliagarria zegoen, eta herriak erabaki zuen Bilbon adieraztea bere errematea.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago