2015-4-25. Aingeru Castrok irabazi zuen Azpeitiko XVI. Rallysprinta; Joxe Labaka hirugarren tokian sailkatu zen.
1943-4-25. Inazio Iriarte eta Narxiso Arrospide aizkolariak neurtu ziren. Iriartek zortzi enbor 60'' eta hamar 36'' ebaki zituen eta Arrospidek zazpi 60'' eta bost 36''. Iriartek irabazi zuen, zazpi segundoko aldearekin; 71'38'' behar izan zituen.
1938-4-25. Felipe Oiarzabalek herriko Enparantza Nagusiko 1. zenbakia zeukan etxearen behean harategi bat zabaltzeko gogoa adierazi zuen, eta horretarako baimena eskatu zuen. Udalak baiezkoa eman zion, baina aurrez altxor kuotaren %25 ordaintzekotan.
1932-4-25. Suhiltzaile eta mekaniko posturako bi eskaera zeuden herrian -motobonba zaintzeko eta erabiltzeko-, eta Joxe Inazio Aizpuru aukeratu zuten lan horietarako.
1927-4-25. Aho batez onartu zuten Solfeo Akademia eta Udal Musika Bandaren arautegia.
1917-4-25. Manuel Senante, gortean zen lurraldeko diputatuak, hilaren 20an agindu erreal bat sinatu zela esanez idatzi zuen, honetarako: Tolosa, Albiztur, Bidania, Goiaz, Errezil eta Azpeitiaren artean autoen bidez posta zerbitzua egiteko baimena eman zen, egunean joan-etorria eginez, eta urte bakoitzean sei mila pezeta ordaindu behar zirela.
1910-4-25. Alkatearen mozioa ontzat hartu eta Espainiako kolore nazionalak dituen bandera bat erostea erabaki zuten, udaletxeko balkoian zintzilikatzeko.
1823-4-25. Komandante generalak eskatuta eginiko deialdiari erantzunez bildu zen udalbatzar nagusia. Bertan izan zen generala, eta Udala berriro 1820ko martxoaren 7an zegoen bezala osatu behar zela agindu zuen, baldin eta aurrez aldaketarik egin ez bazen. Aldaketak eginik zeudela esatean baina herria oraindik Urrestillaren jabetza eskuratu gabe zela, berehala egin beharko zela jakinarazi zuen. Herriak haren agindua betetzea erabaki zuen.
1823-4-25. Joxe Domingo Bikuña eskribauak egun honetako datarekin eman zuen herriaren aldetik egin zen Urrestillaren jabetzaren berri, hauxe esanez: Konstituzioaren garaian puntu batzuetan jarririk ziren mugarriak bota eta apurtu ondoren, Urrestillara iritsi zela alkatea, bertako enparantzan eta kaleetan paseatu zela, eskuetan justizia makila erreala eramanez eta, jabetzaren ezaugarri bezala, beste ekintza batzuk ere egin zituela, inolako kontraesan eta oztoporik gabe, lekuko izanik...
1782-4-25. Diputazioak konpainia bat osatzeko eskatu zuen, eta zozketa egitea erabaki zuten; aurrez 18 urtetik 50era bitarteko giza-seme guztien zerrenda egin zuten. Herriak soldadu bakoitzari lau pezeta ematea onartu zen: erdia zozketako unean eta beste erdia herritik ateratzeko unean. Baina, horrez gain, egunero beste bi erreal eta libra eta erdi ogi emango zizkieten, kanpoan egin behar zuten denboraldi osoan.
1761-4-25. Parrokian bataioko kaperako burdinsarea urreztatu eta pintatzen ari zirenei, probintziako batzar nagusiak egin behar ziren aretoa zuritzea agindu zieten.
1572-4-25. Zestoan izan zen Gipuzkoako Batzar Nagusietan zeuden herriko ordezkariek edo prokuradoreak bertan erret dekretu bat irakurri zela adierazi zuten, probintziako kapitain general eta Hondarribiko alkate, Nafarroako erretorde Barpasiano Gonzaga izendatu zela esanez. Bide batez, erregearen zedula hori ontzat hartu behar al zen galdetu zuten. Herriak baiezkoa adierazi zien, erretoreordeari probintziak zeuzkan pribilegioak gordetzeko eskatuz, eta bertan bizi zedin nahi zuenean.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago