Eguna: 7-19

  • 2021-7-19. Mirari Uria futbolaria Realaren talde nagusiko jokalari bilakatu zen.
  • 2020-7-19. Kepa Peñagarikano nagusitu zen Josean Olaskoaga 'Aizperro'-ren aurkako apustuan, Azpeitiko zezen plazan.
  • 2012-7-19. Emakumeenganako indarkeriaren kontrako protokoloa aurkeztu zuten herriko hainbat eragilek.
  • 2010-7-19. EAEko Auzitegi Nagusiak 2007an onartutako planeamendu orokorreko arau ordezkatzaileak baliogabetu zituen.
  • 2010-7-19. Euskal Herriko Herriarteko Txapelketatik kanporatu zuen Markinak Illunpe.
  • 2002-7-19. Loiolako Basilika ireki zuten, barruko zaharberritzea amaitu ondoren. Loiolako Basilika bi urtez izan zen itxita lanak egiteko: 2001 eta 2002an. Zaharberritze lanak kupulan, danborrean eta lurzoruan egin zituzten. 992.000 euroko aurrekontua izan zuten horretarako eta 19 hilabete behar izan zituzten lanak bukatzeko. Aldundiak Eskualdeen garapeneko Fondo Europarretik diru laguntzak eskuratu ahal izan zituen. Basilika berrituta, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta zaharberritze lanak egin zituen C.P.A enpresako (Conservacion de Patrimonio Artistico) arduradunek aurkeztu zuten. Aurkezpenean Luis Mari Bandres Foru Aldundiko Kultura diputatua, Graviela Vives Aldundiko Jabego historiko-artistiko, artxibo eta museo ondareen zerbitzuko burua, Luis Astrain Aldundiko arkitektura zerbitzuko burua, Enrique Aizpurua obraren zuzendaria eta Jose Maria Cabrera enpresa ahaolkularia izan ziren. Ekitaldian Jesusen Lagundiari XIX. mendeko grabatu bat oparitu zion Gipuzkoako Foru Aldundiak, Basilika itxita izan zen denboran jasandako trabengatik.
  • 1997-7-19. 'Txokolo Zaharra'-ren omenez Izarraitz Txistulari Taldeak ateratako diskoa aurkeztu zuten.
  • 1974-7-19. Jesusen Bihotzaren Ikastetxea handitzeko Roman Azkue arkitektuak egindako proiektua onartu zuten.
  • 1943-7-19. Diputazioko presidente Agustin Brunetek, uztailaren 17an azpeitiar alkate San Inazio Tertzioko bandera, Probintziako Jauregiko aretoan jartzeko, Joxe Alzuru eta Tertzioko Manuel Mozoren tenientearen eskuetan jarri zuela esanez agiria bidali zuen.
  • 1920-7-19. Aho batez erabaki zuen Udalak uztailaren 21ean emandako legearen aurka protestatuz Espainiako Gobernuko ministroek Kontseiluko presidenteari telegrama bat bidaltzea, 1876ko Euskal Herriko foruak eta askatasuna ezerezean uzten zituelako. Foruen mendeurrena betetzen zen.
  • 1869-7-19. Etxaniz erregidoreak jakinarazi zuen gauzain izendatutako Kandido Apaolaza, Tomas Arzuaga eta Joxe Inazio Amenabar gauzain lanetan hasi zirela hil honen lehen egunetik, aurrena izendatutakoa buru zela.
  • 1869-7-19. Etxanizek proposatu zuen Elgoibar, Azkoitia eta Gipuzkoako beste herri batzuetan bezala errukietxera Karitateko Ahizpak ekartzea, zerbitzu hobea eskaintzeko bertan. Horretarako behar ziren gestioak egin zituela jakinarazi zuen, goizean Azkoitian izan baitzen bertan zuten eskritura ezagutzeko, eta kopia bat ere erakutsi zuen. Udalak proposamena sakondu zuen, eta azkenean alkateari errukietxeko junta biltzean gaiaren berri adierazteko eskatu zioten, ahalik eta azkarren gestioak egiten hasteko.
  • 1852-7-19. Zabalia-barrena baserria saltzeko gobernadoreak emandako baimenaren berri adierazi zuten. 50.200 errealean tasatu zuten baserria, Santiago kaleko zati bat egokitzeko lurreratu behar ziren etxeen jabeei ordaintzeko. Baserria abuztuaren 8an, meza ondoren, enkantean jartzea erabaki zuten, Elolaren kaperautzakoa zelako eta herria bere patroia.
  • 1801-7-19. Herritarren gogoa zen 'Te Deum' kantatuz elizkizun bat egitea, herrian fabrika berria martxan jartzeagatik eskerrak emateko. Horrela egitea erabaki zuten.
  • 1796-7-19. Aurreko urtean plaza ixteko barrera frantziarrek erre zutenez, Zestoako herriari idaztea erabaki zuten hiru egunerako bereak uzteko eskatzeko.
  • 1732-7-19. Oran konkistatzean agintariak herritar bereziekin bildu ziren, ospakizun batzuk antolatzeko asmoz. Parrokiko apaizei prozesioa egiteko eskatzea erabaki zuten, eta ondoren meza eta 'Te Deum' abestuko zituzten. Plazako jaialdiei buruz hitz egitean, Manuel Alzagak, bere anaia eta herriko alkatea zenaren izenean, adierazi zuen Nafarroako bi zezen San Inazio egunez hiltzeko erosita zituela. Baina ez zuten erabakirik hartu.
  • 1732-7-19. Madrilen zen Joakin Altuna, eta handik idatzi zuen, jakinaraziz 260.000 marai kobratu zituela Elolaren memorien errentatik, zeinak Sevillako (Espainia) alkabaletatik Gaztelako Gatzagako alkabaletara aldatu ziren aurreko urteko ekainaren 15ean. Beste diru kopuru batzuen berri ere eman zuen. Joakin Altuna 1.800 errealekin oparitzea erabaki zuten.
  • 1720-7-19. Alkateak Simon Elgorriaga Donostiara erregearen galeratara eramateko ordaindutako gastuak aurkeztu zituen. Simon Elgorriaga Baionako komandantearengana eraman zuten ondoren, sei urteko zigorra ezarri baitzitzaion.
  • 1707-7-19. Diputazioak kapitain nagusiaren gutuna bidali zuen, lurraldea defenditzeko guztiak gertu egon zitezela eskatuz, albisteek ziotenez berehala iritsiko baitzen etsaia Gipuzkoako itsasertzera. Herriak erabaki zuen agintariei ahalmena ematea bolbora, metxa eta beruna erosteko, eta dirua biltzeko horretarako. Bestalde, biztanleak armak eskuetan zituztela prest egon zitezen, guztiei hurrengo eguneko goizeko zortzietan enparantzan biltzeko albistea pasatzea erabaki zuten; horrela, gutxienez 300 bat lagun lehen deialdiari erantzuteko egoki prestaturik izateko. Lagun horiek armak erabiltzen trebetasunik handiena izan behar zuten.
  • 1407-7-19. Herriak zituen pribilegioak onartu zituen Juan II.a erregeak, Burgosen (Espainia).

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan