2021-2-26. Biltegia erabat kiskali eta kalte material larriak eragin zituen Irurena berniz enpresan piztutako suak.
2019-2-26. 'Azpeitia 1936-1945' eta 'Azpeitia 1960-2017' liburuetako edukia eguneratu eta sarean jarri zuten Azpeitiko Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak.
2015-2-26. Udalak Espainiako bandera udaletxean jartzeko agindua jaso zuela baieztatu zen.
2011-2-26. 'Azpeitiko sokamuturra. Soka ez da eten' dokumentala estreinatu zuten Sanagustin kulturgunean. Enekoitz Esnaola kazetariak egina, Zezen Beltz elkarteak jarri zuen salgai DVD formatuan.
2000-2-26. Bertso-Antzerki jaialdia egin zuten Kilometroak 2000ren alde: Joxe, Xebaxtian eta Beñat Lizaso, Imanol Lazkano, Angel eta Andoni Larrañaga, Joxe Agirre, Joxe Luis Gorrotxategi, Xabier Euzkitze, Jokin Uranga, Urko Egaña, Leire Olaizola eta Haritz Etxeberria bertsolariek hartu zuten parte.
1993-2-26. Ibaiederreko potabilizadore planta inauguratu zuten.
1948-2-26. Frantzisko Apalategi euskal idazlea hil zen, Loiolan (Azpeitia). Karlistaldietako kontaketak bildu zituen eta 'Euskal mutilak armetan' liburua idatzi zuen.
1923-2-26. Orbea Anaiak fabrikatik herriko gauzainentzat lau errebolber erostea erabaki zuten.
1923-2-26. Nikolas Bizkarrondok Urola trenaren geltokira egin beharko zen bidearen proiektua aurkeztu zuen, eta herriak onartu egin zuen.
1922-2-26. Belaetxe baserria menderatu zuen suak, gauez.
1912-2-26. Loiolako zelaiaren eta herriaren arteko bidean elektrika argia jartzeko baldintzak onartu zituzten.
1896-2-26. Baserritarrei zakurren zergarik ez kobratzea erabaki zuten, beharrezkoak zituztelako. Luxu bezala txakurrak zituztenei soilik kobratzen zieten zerga.
1866-2-26. Herriko gauzainen arautegia onartu zuten.
1829-2-26. Atzeratutako kontribuzioei aurre egiteko -1826 eta 1827. urtekoak-, guztira 14.700 errealeko zorra zegoen eta herriak sukalde bakoitzeko hamasei erreal kobratzea erabaki zuen.
1803-2-26. Nikolas Inazio Odriozola parrokiko erretorearekin herriak nahiko harreman traketsak zituen, eta Iruñeko apezpikuaren laguntza eskatzea erabaki zuten agintariek. Urtean zehar ematen ziren aginduen berri ez zuten elizaren bidez ematerik nahi.
1768-2-26. Sukalderako egurra banatzeko, arau berri batzuk onartu zituzten.
1747-2-26. Ospitaleko kontuen liburuak ezin izan zirela ikusi jakinarazi zuten, bertako zuzendaria kanpoan baitzen, baina egia zela kalte batzuk sortu zizkiotela, azken urtean herriak behar bezalako tokian eta hurbileko basoetan egurra eman ez ziolako. Horrela gauzak, eginiko kaltea 200 errealean baloratzea erabaki zuten.
1648-2-26. Kataluniako gerrarako erregeak egin zuen soldadu eskaera zela-eta, Diputazioak adierazi zuen Olazko Andre Mariaren ermitan ahalik eta azkarren batzar berezi bat egitea komenigarria zela. Batzarra prestatzeko, eta ohikoa zuen bezala, aurrez Azkoitiko ordezkariekin bilera egitea erabaki zuten, biek bat egin eta, ondoren, batzar berezian iritzi berak agertzeko.
1637-2-26. Bidanian egindako batzar berezian erregeari beste eskaintza bat egitea erabaki zela adierazi zuten: Frantzian eskuratutako tokiak gorde eta zaintzeko guztira 600 soldadu eskaintzea, herriak 31 prestatzea tokatuz. Hasieran, behintzat, hogei egunerako irten beharko zuten. Eta aurrez ordainduko zieten zerrendan agertzen ziren soldaduei. Horietako bakar batzuk aipatzeko, honakoak agertzen ziren (bakoitzak 32 zilarrezko erreal kobratu zituen): Juan Eleizalde, Inazio Alberdi, Domingo Ondarza, Domingo Eizagirre, Matias Alberdi, Inazio Azpillaga, Bautista Aizarnazabal, Inazio Bizkarra, Juan Zabala, Domingo Zubimendi, Martin Legarda, Mikel Lasa, Martin Arralde, Joxe Aranburu, Inazio Arzalluz, Domingo Ibarzabal, Inazio Urrutia...
1587-2-26. Nahiz eta aurreko egunean albistea pasatu, Frantzisko Iñigez Alzaga ez zen agertu udalbatzarrean, Tolentinoko San Nikolas monastegiaren sorrerari buruz hitz egiteko. Juan Zuazola apaizari deitu eta eskatu zioten Alzagari ematea komentuaren eta herriaren artean eginiko kapituluak, ikus zitzan. Apaiza itzuli eta adierazi zuen Alzagak ez zuela joan nahi, eta honen ordez Akemendi lizentziatua eta Martin Agirre izendatu zituen herriak kapituluak aztertzeko.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago