2017-9-23. Azpeitiaren eta Hazparneren arteko senidetzaren 30. urteurrena ospatzeko egun osoko festa ospatu zuten Lapurdiko herrian.
2016-9-23. Azpeitiko kartzelan hildako zazpi preso errepublikarrak omendu zituzten, hildakoen senideetako batzuk bertan zirela egindako ekitaldian.
1971-9-23. Jose Artetxe idazlea hil zen, Donostian.
1965-9-23. Luzio Martinez parrokiko erretoreak baimena eskatu zuen, parrokiko atzeko ate zaharraren aurpegia ikusteko eran jarri ahal izateko lanak egiteko. Baiezkoa eman zuen Udalak.
1926-9-23. Alkateak bere esker ona agertu zuen, hilaren 20an Alfonso XIII.a eta Victoria Eugenia Espainiako erregeak Loiolan izan zirenean herritarrak euren etxeetako balkoiak apaintzen ahalegindu zirelako, denda eta lantegiak itxi zituztelako eta Loiolara joan zirelako. Gobernadorearen esker ona jaso zuen herriak.
1926-9-23. Serafin Tapia herritarrak 1910eko abenduaren 14an eginiko testamenduaren bidez herriarentzat utzitako probintziako 67 obligazioen berri eman zuten, eta astoaren esnea hartu behar zutenentzat, arroparik gabekoentzat eta doterik gabeko neskatxentzat dirua banatu.
1912-9-23. Hilaren 19an Musika Bandaren zuzendaria aukeratzeko eginiko azterketaren berri adierazi zuen epaimahaiak.
1889-9-23. Planes eta Flaquer Bartzelonako elektrika etxeak idatzi zuen, esanez herrian elektrika instalazioa egiteko proiektuak aurkeztu zituela. Udalak batzordea izendatzea erabaki zuen gaiari buruz behar ziren gestioak egiteko eta, ahal zela, oztopoak gainditu eta ideia aurrera eramateko.
1861-9-23. Aszensio Inazio Altuna alkateak jakinarazi zuen Santo Domingo komentuko eliza botatzea agindu zuela, ganga zati bat eroria zelako eta arriskuan zegoela ikusi zuelako. Hark zioenez, garbi ikusten zen zubi baten beharra, enparantza eta ibaiaren bestaldeko zelai txikia batzeko. Ontzat hartu zuten alkatearen jokaera, baita zubia egitea ere.
1834-9-23. Parrokiko apaizei Jauregi komandante jeneralak idatzitako gutunari erantzunez bildu zituzten garai hartako herriko agintariak eta beste zenbait herritar berezi udal berria edo batzordea izendatzeko, herria ordezkatuko zuena eta eskaerak erantzungo zituena. Aho batez aukeratu zuten Inazio Mari Zabala Elizalde alkatetzarako, egunean hamalau erreal ordainduta. Laguntzaile zituen Joxe Etxeberria, Frantzisko Arregi, Joakin Etxeberria, Pedro Etxeberria eta Joxe Oiarzabal. Kontuak eman eta zaintzeko, berriz, hauek izendatu zituzten: Joxe Antonio Orendain, Higinio Elorza, Inazio Bixente Arregi eta Joxe Mari Lasarte -azken bi horiek apaizak ziren-.
1823-9-23. Diputazioak eginiko eskaerari erantzunez, Espainiako Konstituzio erregimenaren aurka boluntario armak hartu zituzten herritarren zerrenda egin zuten. 74 gazte ageri ziren bertan.
1746-9-23. Teresa Gorostiolari herriaren beheko sarrerako San Joaquin eta Santa Ana irudientzat egindako jantziak ordaindu zizkioten.
1718-9-23. Herriko diruzainari agindu zioten utzitako bi haur haziko zituzten emakumeei dobloi bana emateko, haurrentzat arropak eros zitzaten.
1689-9-23. Iruñeko apezpikuak, herriak idatzitako gutun bati erantzunez, jakinarazi zuen ezinezkoa egiten zitzaiola gauean dantzatzen zituzten gizonezkoen eta emakumeen eskumikua altxatzea. Horren berri herriari ematea erabaki zuten, San Miguel ondoren egingo zen lehen Herri Batzarrean.
1592-9-23. Valparaiso hirira (Txile) iritsi zen, gobernadore moduan, Martin Garcia Oñaz eta Loiola.
1564-9-23. Parrokiko patronatuari buruz Navarro doktoreak emandako iritziaren berri jakinarazi zuten. Loiola etxea herriari itzuli behar zitzaiola zioen, eta auzia jartzea erabaki zuten, Loiola etxearen aurka ez ezik, apezpikuaren eta Iruñeko bikario nagusiaren aurka.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago