Eguna: 2-21

  • 2018-2-21. Olatz Prat izendatu zuen lehendakari Azpeitiko Kultur Mahaiak. Maite Maizen lekukoa hartu zuen Pratek.
  • 2017-2-21. Urkome Urola Kostako Landa Garapen Elkarteak 30. urteurrena ospatzeko ekitaldia egin zuen Sanagustin kulturgunean.
  • 2016-2-21. Nicolas Oteiza 'Kaito' hil zen.
  • 2009-2-21. Aitor Arana Azpeitian bizi zen legazpiarra Irun Hiriko euskarazko eleberriaren saria irabazi zuen, "Oscar eta Sebastian" lanarekin.
  • 2009-2-21. Aritz Odriozola Lagun Onak Mendi Bazkunako lehendakaria Ori mendian hil zen. Azpeitiarra erori eta buruan kolpea hartu zuen.
  • 1993-2-21. Herriko Zezenzale Batzordeak Imanol Elias Odriozolak idatzitako 'El toro, simbolo de fiesta en Gipuzkoa' liburua aurkeztu zuen.
  • 1935-2-21. Herriko suhiltzaile bakoitzaren etxean txirrin bat jartzea erabaki zuten, deialdiak egiteko kanpaia alde batera utziz.
  • 1935-2-21. Frantzisko Korta eta beste zenbait merkatarik eginiko eskaerari erantzunez, ganadu ferietan enparantzan egiten zen txerri erakusketa Santiago kalera aldatu zuten.
  • 1915-2-21. Gauean, aurrez suak erretako San Joxe deituriko fabrikaren zati bat bota zuten.
  • 1910-2-21. Burutik egin zen Joxepa Larrar eta ibaira bota zituen bi haur. Horiek atera nahian zauritu egin zen Feliziano Etxeberria, eta honek eginiko botika gastuak ordaintzea erabaki zuen Azpeitiko Udalak.
  • 1869-2-21. Inazio Bereziartua 'Takolo I.a' jaio zen. Lehen txistera partida Bilbon jokatu zuen eta 1890ean Argentinara joan zen. Pedrosekin bikotea osatu zuen eta orduko bikoterik onenaren aurka jokatu zuten, Irun eta Iturriren aurka; hamahiru tantoz irabazi zieten. Erronka partida batean eta Larralderekin bikotea osatuz, tanto batek 15 minutuko iraupena izan zuen. Madrilerako kontratatu zuten ondoren, baina Argentinara bidean jarri zen berriro, 1892an. Eskuzko pilotak orduan Gipuzkoan indar berezia zuen eta era horretan ere jokatu zuen. 1905ean Donostiako Moderno Frontoia inauguratu zuen, Baltasar lagun izanik eta 'Azkoitiko Txikia' eta Urzelai arerio zituztela. Tanto batez irabazi zuten bi azpeitiarrek. Baina harrigarria bada ere, erremontean ere jokatu zuen hamar bat urtean. 'Takolo' deiturarekin beste pilotari batzuk ere sortuko ziren ondoren Azpeitian: Bixente Bereziartua 'Takolo II.a', Juan Kruz eta Joxe Bereziartua 'Takolo III.a' eta 'Takolo IV.a', lehenenaren ilobak.
  • 1859-2-21. Auzoko biztanleen eskaerari erantzunez, Elosiagako eliza eta apaizaren etxean konponketa lanak egitea erabaki zuten.
  • 1812-2-21. Herrian egiten ari ziren gotorlekuen berri Probintziako Kontseiluari ematea erabaki zuten, batez ere garbi utziz orduan amaitzear zegoen gotorlekua 5.000 erreal kostatuko zela gutxienez, eta herriratu berria zen komandanteak hura botatzeko eta beste toki batean berri bat egiten hasteko agindua eman zuela. Azkenean, Kontseiluari neurriak hartzea eskatu zioten.
  • 1807-2-21. Tabernetan egiten ziren gehiegikeriak kontuan izanik, tabernen leihoetan orri batzuk jartzea erabaki zuten eta horrela jakin zezatela hurbiltzen zirenek nolako prezioak zituzten. Goizetik ilunabarrera bitartean egon beharko zuten orriek ikusgai, bestela lehen aldian jabeari bi pesoko isuna ezarriko zioten.
  • 1784-2-21. Egibartxo baserriak agertzen zuen hondamena neurtzeko Frantzisko Ibero maisua izendatu zuten.
  • 1784-2-21. Herri barruan 24 farol jartzeko behar ziren gestioak egitea erabaki zuten.
  • 1734-2-21. Bere izendapena gogoratuz, Frantzisko Joseph Enparan zoriontzea erabaki zuten, lehendabiziko ostegunerako zezenketa bat antolatuz enparantza nagusian, suak, dantzak eta freskagarriekin.
  • 1687-2-21. Enparan kaleko bere etxearen atzean Inazio Basazabalek dolareak egin nahi zituen tokia ikusteko (aurrez labea zegoen inguruan), Juan Apaeztegi izendatu zuen herriak, Esteban Alzaga hargin maisuarekin batera.
  • 1600-2-21. Domingotar eta agustindarren arteko auzia, aurrenekoen aldekoa izanik eta herriarentzat interesgarria zelako, Miguel Saez Goiaz Madrilera bidaltzea erabaki zuten. Egunean 600 maraiko soldata izan zuen.
  • 1575-2-21. Herriko ospitalearena zen Keixeta baserria saltzea erabaki zuen herriak.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan