2012-3-3. Jose Mari Orbegozo dantzari azpeitiarrak Europako txapela jantzi zuen Torremolinosen (Espainia) saltsa modalitatean, eta bigarren postuan sailkatu zen vals, tango eta pasodobleetan, Amaia Gonzalez lasartearrarekin batera.
2011-3-3. Diputazioak Azpeitia eta Azkoitia arteko saihesbidearen proposamena aurkeztu zuen udaletxean.
2011-3-3. Guardia Zibilari Azpeititik alde egiteko eskatuz mozioa onartu zuen Udalak.
2011-3-3. Jose Mari Orbegozo azpeitiar dantzariak Europako pasodoble txapelketa irabazi zuen Torremolinosen (Espainia), Amaia Gonzalez lasartearrarekin batera. 2000n eta 2007an ere txapela lortu zuen bikoteak.
2010-3-3. Espainiako Auzitegi Nazionalak Iñaki Etxarte auziperatu zuen, Kolonbiako presidentea hiltzen saiatu zelakoan.
2009-3-3. Xabier Etxeberria 'Txapi' presoa gose greba egiten hasi zen Mureteko (Frantzia) kartzelan, Espainiako Estatura kanporatua izateko arriskua zuela salatzeko.
2002-3-3. Bertsolari Gazteen I. Erniarraitz Sariketako lehen kanporaketa saioa izan zen. Sariketaren asmoa bertsolari gazteak bultzatu eta ezagutzera ematea da. Zarautz, Zumaia, Itziar, Aizarnazabal, Zestoa, Azkoitia eta Azpeitiko hamasei bertsolari gaztek hartu zuten parte sariketan. Finala Azpeitian jokatu zuten, martxoaren 23an.
1998-3-3. Jendaurreko lehen aurkezpena egin zuen Uztarria Kultur Koordinakundeak.
1977-3-3. Igerileku estalia egiteko proiektua eta aurrekontua onartu zituzten udaletxean.
1966-3-3. San Pedro gaina ixteko baimena eman zioten Martzial Uzin enpresako Jesus Guibert apoderatuari.
1959-3-3. Zezen-plazan idi demak jokatu zituzten.
1936-3-3. Aratz-erreka auzora eginiko errepidea hilabete hartako 29an inauguratzea erabaki zuten.
1890-3-3. Pedro Alejandro Rekondo arkitektuak ura herriratzeko eginiko proiektua aurrera eramatea erabaki zuten.
1884-3-3. Egunean 7,50 pezeta ematea erabaki zuten Bikendi baserriko Joxe Inazio Unanuerentzat, honen emazte Teresa Lekuonak haur neskatxa bikiak izan zituelako eta haietako bati bularra emateko.
1799-3-3. Herriak zituen zorrak ordaintzeko, Kontseiluari herriak bere lurraldeak saltzeko baimena eskatzea erabaki zuten.
1795-3-3. Danborra joz eta pregonariaren ahotsez kaleko ertz eta ohiko kantoi guztietan, herrian edo Urrestillan bizi zen edonork ardoa eta pattarra saltzea debekaturik zegoela adieraztea erabaki zuten. Olioa ere ezin zen saldu lizentziarik gabe. Aginduaren aurka zenari genero guztia kenduko zioten. Agindu hori eman zuten, behartsuen babeserako sortuta zen ospitalak bere langintzan jarrai zezan. Ospitalaren bizitza, genero horiekin eskuratzen zuten zergan oinarritzen zen, batik bat.
1795-3-3. Larroche jeneralak eta Crouzet gerra komandanteak eginiko eskaerari buruz hitz egin zuten, Frantziako armadaren ospitaleko arropak garbitzeko emakumeak aurkitzea izanik gai nagusia. Baina zailtasun handiak sortu zirela adierazi zuten, gaixotasun bat nagusitu zelako ospitalean bertan eta herrian lan horiek egin zitzakeen jendea gaixotu egin zelako. Frantziako buruei hauxe adieraztea erabaki zuten: herriak ez zuela inolako ordainketa egiterik emakumeei, eta ager zezatela idatziz zenbat ordain zezaketen egun bakoitzeko, ondoren herriak gestio batzuk egin zitzan.
1782-3-3. Joxe Joakin Enparanek Enparan errota saltzeko eskatuz idatzi zuen, eta horrela egitea erabaki zuen herriak, aurrez Soresu errota ere tasatuz. Batzorde bat izendatu zuten horretarako.
1771-3-3. Kontseiluak seroreen ministerioa debekatu ondoren, herriak baimena eskatu zion apezpikuari parrokiko etxazabak antolatu zitzan -bera ez ezik-, eta ermita guztiak zaintzeko eta garbitasuna eskatu zizkion. Baiezko erantzuna jasotzean erabaki zuten Egimendiko San Pedroren ermitaren ardura Frantzisko Ibero etxazabari ematea.
1741-3-3. Agustin Conde eta Juan de Miguelez urreztatzaileekin eskritura egitea erabaki zuten, parrokiko aldare nagusiko sagrarioa eta nitxo nagusia lantzeko.
1711-3-3. Gregorio Aranburu eta Asenzio Larraar harginek egurra eskatu zuten. Karobi bat erre nahi zuten Leizeaga baserriaren inguruan, San Agustin komentuko elizako obrak hasteko.
1711-3-3. Gregorio Sarasua eta Juan Zelaiaranek parrokirako egin zituzten konfesionarioak edo aitorlekuak ordaintzea erabaki zuten, Martin Zaldua eta Sebastian Artola maisuen iritziak jaso ondoren.
1700-3-3. Parrokiko korura igotzeko eskailerako baranda herriko jai nagusietarako egiteko, Mikel eta Antonio Esnaolarekin egin zuten eskritura.
1680-3-3. Herriaren baso guztiak ikatza egiteko saltzea erabaki zuten.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago