2018-2-2. Absolbitu egin zituzten 2015eko maiatzean Espainiako Auzitegi Nazionalean izan zen epaiketa batean desordena publikoa eragitea eragotzita epaitutako Azpeitiko bi bizilagunak.
2010-2-2. Jabi Agirre azpeitiar presoari sei urteko espetxe zigorra jarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak, etxean lehergaiak izatea egotzita.
2009-2-2. Garikoitz Etxeberria "Kafe" Haikako kide ohiak kartzelatik irten zuen, sei urteko zigorra osorik beste ondoren.
2006-2-2. Bittor Gurrutxaga 'Otola' trikitilaria hil zen.
2006-2-2. Igor Etxaniz 'Kinttela'-k burtzikari profesional lana utzi egin zuen.
2002-2-2. Sutea Izarraitzen; 19:00ak aldera Eskuzta inguruan hasi eta zabaltzen joan zen, GI-631 errepidearen bestaldetik ia Lasaoko industrigunearen parera heldu zen arte. Sugarrek larrea, zuhaitzak eta basoko 200 hektarea inguru erre zituzten. Baserriren bat arriskuan egon bazen ere -Gaztañazabal baserria, adibidez-, suhiltzaileek lan egin zuten arriskutik kanpo izan zedin. Dena den, ez zen baserririk hustu suaren arriskuagatik. Goizaldera itzali zen sua.
1976-2-2. Jefatura Local del Movimiento deitutakoentzat, Enparan kaleko 1. zenbakia zuen etxeko bigarren solairua prestatzea erabaki zuten, etxeak berak oinaldean zuen gela utzi egin behar izan baitzuen sendagilearen kontsulta jartzeko.
1976-2-2. Juan Carlos I.a Espainiako erregeari amnistia eskatzea erabaki zuen Udalak.
1964-2-2. Eizmendi auzorako bidea egokitzea erabaki zuten.
1955-2-2. Aratz-Erreka auzoan eskola bat eta Urrestillan bi eraikitzeko -bata mutikoentzat eta bestea neskentzat- eskaera egitea erabaki zuten.
1943-2-2. Joxe Eizmendi Eizmendi eta Joxe Mari Egiguren Miranda neurtu ziren, 10 enbor 45'' ebaki eta 8.000 metro lasterka egiteko. Eizmendik irabazi zuen.
1931-2-2. Herrian sortu zen Euskaltzaleak Elkartearen arautegia onartu zuen Udalak.
1876-2-2. Jesusen Lagundiko erlijio botoak egin zituen Anaia Frantzisko Garatek.
1782-2-2. San Agustin eta Santo Domingo komentuetako arduradunen idatziak irakurri zituzten, herriak agindutako gauetan leihoetan argiak jartzeko prest zirela adieraziz. Arduradunak beldurturik ziren, biztanleek zituzten eskubideak galtzeko zorian baitziren herriko agintariek mehatxatuta.
1683-2-2. Juan Martinez Agirreri herriarekin zuen betebeharra 16.000 zuhaitz landatzea zela gogorazi zioten.
1681-2-2. Etxaiz baserriko Bernardo Aizpuruk zuen Sistiaga aldean Pagaldar deituriko basoa erosita, 22 zuhaitzen adarrak mozteko, baina herriak izendatutako begiraleak harekin izan gabe egin zuen mozketa, eta Udalak 50 errealeko isuna ezartzea erabaki zuen. Beste kalte batzuk ere eginak zituen nonbait, ikatzetarako haritz abarrak ebakirik, eta zilarrezko zazpi erreal kentzea onartu zuten.
1673-2-2. Herriak eta elizgizonak parrokiko patroi Matias Inazio Oñaz eta Loiolarekin zuten auziaren berri eman zuten, eta herriak erabaki zuen aurrera jarraitzea, beharrezkoak egiten ziren ate guztiak joz. Gainera, gogora ekarri zuten akordio batera iristeko Joseph de Castro y Santa Cruzek eginiko txostena.
1672-2-2. Herrian haragia eta bakailoa hornitzen zutenen gutunak irakurri zituzten. Horiek prezioak altxatzeko eskatzen zuten, galera sortzen zietela adieraziz, baina Udalak ezezkoa ematea erabaki zuen.
1640-2-2. Alkateak adierazi zuen probintziak eskainitako 400 soldadu osatzea adierazi zuela korrejidorearen tenienteak, eta herriari tokatzen zitzaizkionak berehala bidal zitzala.
1640-2-2. Erregearen zedula baten berri emanez Diputazioak beste gutun bidali zuen. Gutunean, Gipuzkoako lau konpainiaz osatutako batailoiek Hernanira joan behar zutela eskatzen zuen, han egiten ari ziren gotorlekuak egiten laguntzeko. Eta gastu handirik sor ez zedin, egokia izango zela hilean behin konpainia horiek txandatzen joatea. Gaiari buruz erabakitzeko, Diputazioak herriaren botoa jakinaraztea eskatzen zuen. Egokiena batzar berezi bat egitea zela erantzutea onartu zuten eta, bidali beharko baziren, Pasaia aldeko biztanleez osatuak izatea.
1640-2-2. Sendagile baten beharrean aurkituz eta herrian orduan Maia lizentziatua zela, agintariei eskubide osoa eman zieten harekin harremanetan jarri eta ahal izanez gero eskritura egiteko; mila erreal urtean eta bederatzi urterako, hark onartuko balu behintzat.
1539-2-2. Erromatik bere anaia Martin Garziari idatzi zion Loiolako Inaziok. Artean jakin gabe zen aurreko urteko azaroan hil zela Martin.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago