1591-6-9. Marina Agirreri eman zioten baimena parrokian kapera bat egiteko. 150 dukat elizari ordaindu zizkion eta astean behin bi meza errezatzeko kapilautza sortu zuten.
1591-2-5. San Agustin monastegia sortzean agertutako eztabaidak baztertuz eta bakeak egin nahian parrokiko elizgizonekin, udalbatzarrera deitu zioten erretoreari, beste apaiz batekin. Bi alderdien artean elkartasuna lor zedin, mezak errezatzea erabaki zuten.
1591-1-17. Sebastian donearen eguna ospatzeko erabakiak, meza, prozesioa, dantzariak eta abar hartu zituzten.
1590-11-6. Herriaren ordezkari bezala Iruñean izan zen Domingo Larraare eta esan zuen ontzat hartu zela apezpikuaren aldetik Juan Arriaga eta honen emazteak eginiko eskaera: San Nikolas monastegira beste ordena bateko fraideak ekartzea agustindarren ordez eta, gainera, ez zuela nahi izan erabakia ezerezean uztea herriaren iritzia jakin ondoren, eta derrigorrezkoa zela erregearen Kontseilu Nagusiaren aurrean gestioak egitea. Horrela egitea erabaki zuten herriaren aldetik.
1590-11-2. Korrejidoreak kartzelaratua zeukan Joanes Lapaza, taberna zabalik eta idazten jakin gabe ezinezkoa egiten zitzaiolako erregidorea izatea. Udalak Lapaza askatzea eskatu arren, ezezkoa zioen korrejidoreak. Agintari batzuen aldetik egokia ikusi zen herriak auzia jartzea, baina beste batzuek ez zioten horrela. Azken batean, berriro hura askatzeko eskatzea erabaki zuten, baina auzia ez jartzea herriaren kontura behintzat.
1590-9-30. Korrejidorea aurrean zela aukeratu zuten alkatea, bozketa bidez.
1590-9-28. Miguel Saez Goiazek adierazi zuen bi urte bazirela herriko agintariak gutxitu zirenetik -alkate bat, fidel bat eta bost erregidore aukeratuz, azken horiek zozketa bidez-. Aurretik bi alkate, bi fidel eta sei erregidore ziren, eta denborak erakutsi zuen lehen erabiltitako sistema hobea zela -alkate bakarra izatean eta bera gaixorik izan zenean, eta bere tenienteak alkatetza ez betetzean, gaizkile batzuek ihes egin zutelako-. Ondorengo San Miguel egunean, bi alkate izendatzea erabaki zuten.
1590-8-14. Iraileko Andre Mariaren eguna alardea eta arma erakusketa egiteko izendatu zuten. Bertara armekin azaldu behar zen, eta hala egin ezean 600 maraiko isuna eta lau eguneko kartzela ezarri zuten. Harria eta txinpartarekin erabiltzen ziren alkabuzak ez aurkezteko agindu zuten.
1590-5-16. Azkoitiaren eta Azpeitiaren arteko mugan dagoen errekan Lorentzo Berrasoeta erretorea egiten ari zen errota ikustea erabaki zuten.
1590-5-2. Udaletxeko areto nagusian liburuak eta herriaren pribilegioak jasotzeko erabiltzen zen kaxari lehenaz gain beste bi zerraila jartzea erabaki zuten. Aurretik zerraila bat zuen.
1590-4-27. Parrokiko aldare nagusia egiteko gastuak onartu zituzten, baita beste erretaulak tokiz aldatzeko gastuak ere.
1590-3-21. Parrokian kapera bat egiteko baimena eman zioten Maria Gerrenzuriri, lau urteren barruan eta Gerrenzuri hilobiaren aurrean, 300 dukateko limosna emanez.
1590-3-21. Parrokiko hilobi guztiak behearen parean beharko zutela agindu zuten, inolako altuerarik gabe eta denak neurri berekoak.
1590-3-6. Parrokiko elizako obrak zirela-eta, herriak bertako patroiarekin nahiko tirabira zituela esan zuten.
1590-1-28. Parrokian hilobi berriak egin zirela adierazi zuten, horiek saldu eta jaso zitekeen dirua egindako obrak ordaintzeko izanik. Lau berehala saldu zituzten, 30, 12, 14 eta 20 dukat ordainduz.
1590-1-13. Nikolas Saez Elolak sortutako kaperako patroi bezala, Udalak erabaki zuen Iruñeko bikarioak izendatutako Juan Usabaraza kaperauari bere postua hartzea debekatzea, era guztietako oztopoak jarriz.
1590-1-9. Parrokiko koruan konponketa lanak egitea erabaki zuten.
1590-1-9. Miguel Saez Goiazi -Sevillan (Espainia) zegoen- Elolaren kaperarako zilarrezko bi argimutil eginaraztea agindu zioten.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago