1711-12-10. Olazko eta Elormendiko San Pedro ermitetako lekaimeek ekaitzek eta haizeak batez ere teilatuan eragindako kalteen berri eman zuten. Udalak erabaki zuen auziaren inguruko neurriak abenduaren 27ko Herri Batzarrean erabakitzea.
1711-11-13. Herriko tabernarien aldetik ardoa garbitasun txikiarekin ateratzen zela zen albistea, eta fidelari agindu zioten auzia jartzeko haien aurka eta gestio guztiak aurrera eramateko.
1711-10-18. Herrian ondasunak zituztenei albistea pasatzea erabaki zuten, San Agustin komentuko obretan nolabaiteko laguntza emateko eskatuz. Aurrez, agintariek eurek eskainitakoa ahalik eta azkarren ordain zezatela eskatu zuten.
1711-9-5. Eguraldi ona eskatuz errogatiba bat egin zuten, herritik Loiolako Santutegira prozesioan joanez.
1711-8-23. Parrokien bitartez jakinaraztea erabaki zuten iraila bitartean mahatsa saltzea debekatuta zela, mila maraiko isunaren azpian. San Miguel egunera artean sagar gordinak saltzea ere debekatu zuten.
1711-8-14. Sei edo zazpi hilabeteko haur utzi bat azaldu zen Enparan inguruko bide berrian. Ibarzabal baserriko Antonia Zendaoiari eman zioten hazteko, ezinezkoa baitzen norena izan zitekeen jakitea.
1711-5-31. Zumaiako alkateari 50 dukateko isuna ezarri ziotela jakinarazi zuten, herrirako generoak ekartzen zituen hornitzailea Beduan geldiarazi zuelako.
1711-4-30. Joakin Ituarteri Zestoako Justiziaren aurrean informazioa lor zezan ahalmena eman zioten. Izan ere, aurreko larunbatean Zumaiako alkateak Joxe Olarra atxilotu zuen Beduara iristean, Donostiatik herrirako asmoan garia zekarrela.
1711-3-18. Derrama osokoa zen LarraƱaga baserria erre zitzaiola esanez, egur eskaera egin zuen baserriaren jabe Martin Abariak. Nolako kalteak izan zituen ikustea erabaki zuten, ondoren eskaerari erantzunez, urte eta erdian baserria berritzeko baldintzarekin.
1711-3-3. Gregorio Aranburu eta Asenzio Larraar harginek egurra eskatu zuten. Karobi bat erre nahi zuten Leizeaga baserriaren inguruan, San Agustin komentuko elizako obrak hasteko.
1711-3-3. Gregorio Sarasua eta Juan Zelaiaranek parrokirako egin zituzten konfesionarioak edo aitorlekuak ordaintzea erabaki zuten, Martin Zaldua eta Sebastian Artola maisuen iritziak jaso ondoren.
1711-1-25. Herriak San Agustin komentuari, sei urtean banatuta, 50 dobloi ematea erabaki zuen, aurrez emandako ehun dobloiez gain. Diru hori kapera nagusia bere ganga eta guzti egoki itxita gelditzeko eman zuen. Idi parea ere eskaini zioten komentuari garraioak egiteko; alkateak eta fidelak sei idi pare eskaini zituzten, bakoitzak egun bakarrean lana egiteko; Antonio Etxaniz eta Joxe Basazabal erregidoreek launa idi pare egun bakarrerako; Inazio Arzalluzek eta Inazio Zabalak bina idi pare; bilerara agertu gabe gelditu zen Nikolas Bakibar erregidoreari ere beste bi idi pare eskatzekotan gelditu ziren. Baina herritarrek ere egin zituzten eskaintzak eta haien artean Manuel Altunak hamar idi pare eskaini zituen; Inazio Zabala, Martin Saloguen, Frantzisko Inazio Erkizia, Pedro Baltran Oiarzabal, Frantzisko Inazio Enparan, Manuel Alzaga, Frantzisko Inazio Alzibar, Joxe Iturriaga, Juan Bautista Garmendia, Gabriel Aizpuru eta Juan Apaeztegiak hiruna idi pare; Juan Urdapilletak lau; Lorenzo Eleizando, Frantzisko Alzaga, Inazio Segurola, Felipe Uzkudun eta Andres Leturiondok bina; Antonio Sarria, Karlos Larralde, Aszensio Larraar, Inazio Larralde, Pedro Beriztain, Frantzisko Larralde eta Tomas Leiariztik idi pare bana. Baina ikusita herritar guztiak batzarrera ez zirela agertu, hartutako erabakiaren berri zabaltzea onartu zuten, baita herriz kanpo bizi zirenei ere, haiek ere laguntza eskaintzea nahiko zutelako.
1711-1-25. Garia eta artoa herritik kanpo saltzen zuena salatuz gero, generotik hirutik batekoa salatzen zuenarentzat izatea erabaki zuten.
1711-1-10. San Agustin komentuko obrak jarraitzeko, herriaren aldetik laguntza bereziagoa eskatu zuen Pedro Frantzisko Garaitondo fraideak.
1711-1-10. Martin Zaldua maisuak, parrokian egin zuen bataio kaperako lana kobratu nahian, bigarren eskaera egin zuen, baina aurrez Udalak maisuen aldetik bera aztertzeko gogoa agertu zuen.
1711-1-4. Zumaian ospatutako Probintziko Batzar Nagusiak hartutako erabakiarekin bat egin eta herritarrak batzar nagusian bildurik, haien eta biztanle guztien izenean zin egin zuten Loiolako Inazio deunaren egun bezperan barau egitea, eta betirako onartzea erabaki zuten.
1711-1-4. Martin Zaldua maisuak eginiko eskaerari erantzunez, berak parrokian egin zuen bataioko kapera ikusi eta ordainketa egitea erabaki zuten.
1711-1-2. Parrokirako egin ziren konfesionario edo aitorleku berriak ikusteko, Martin Zaldua maisua izendatu zuten.
1710-11-7. Gregorio Sarasua eta Inazio Larralde maisu zurginek esaten zuten parrokian zenbait aitorleku egin eta jarri zituztela, eta, bide batez, horiek ikusteko herriaren aldetik maisuak izendatzea eskatu zuten. Herriak Inazio Basazabal eta Joan Apaeztegi izendatu zituen horretarako.
1710-10-17. Martin Zaldua maisuari bataioko kaperan eta parrokiko koru atzean egindako lanak ordaintzea erabaki zuten.
1710-9-8. Valladolideko (Espainia) Real Chancillerian herriak lorturik zuen eskubidea gogoan izanik, herritar eta biztanle guztiei agintzea erabaki zen derrigorrezkoa egiten zela Soreasu eta Enparan errotetara eramatea euren aleak ehotzera, errotariei lau libra olo ordainduz gari anega bakoitzeko, eta berdin artoa edo beste aleak ehotzean. Horrela egiten ez zuenaren aurka neurri gogorrak hartuko zituen herriak.
1710-8-11. Parrokiko etxezainak adierazi zuen erretoreak Inkisizioak emandako agindu bat zuela jakinarazi zioala. Agindu horren arabera, elizako inork ezin zuen aitortzarik egin, beharrezko aitorlekurik gabe. Lekua ikusi ondoren, ziren hirurak beste hiru kantzelekin nahikoa izango zirela adierazi zuela gaineratu zuen etxezainak eta haiek egiteko baimena eskatu zuen. Udalak horrela egitea erabaki zuen.
1710-6-1. Zumaian egindako Gipuzkoako Batzar Nagusietan maiatzaren 16an egindako dekretua irakurri zuten, San Inazio egun bezperan barau egitekoa. Gehiengoak zin egin zuen.
1710-3-5. Izarraizko izoztegia egin zuten Joxe Joaristi eta bere lagunek eginiko eskaerari erantzunez, eginiko lanak aztertuko zituen maisu bat izendatzekotan gelditu zen herria.
1710-3-5. Soreasu errota eta haren inguruko San Jose presa ikustea erabaki zuten, errotariak konponketak beharrezkoak zirela adieraztean.
1710-1-26. Izarraizko izoztegia alokatu zieten Bartolome Larraar eta Jeronimo Sarasuari, urtean 50 dukat ordainduz eta sei urterako, erdia San Juan egunean ordainduz eta beste erdia Santu Guztien egunean.
1710-1-26. Parrokiko etxezain Frantzisko Azkuek 22 haritz eskatu zituen, parrokiko koru azpian eta sakristian obrak egiteko.
1710-1-2. Sagardoa saltzen jarri aurretik eta txandak izendatzeko egin ohi zen zozketarako, 48 upelen berri eman zuten. Guztiak sagardo garbia zutenak ziren, eta beste zortzi upel urarekin nahastuta zeudenak.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago