Hamarkada: 1810

  • 1812-3-19. Cadizko (Espainia) Konstituzioa aldarrikatu zuten herrian.
  • 1812-2-21. Herrian egiten ari ziren gotorlekuen berri Probintziako Kontseiluari ematea erabaki zuten, batez ere garbi utziz orduan amaitzear zegoen gotorlekua 5.000 erreal kostatuko zela gutxienez, eta herriratu berria zen komandanteak hura botatzeko eta beste toki batean berri bat egiten hasteko agindua eman zuela. Azkenean, Kontseiluari neurriak hartzea eskatu zioten.
  • 1812-2-13. Donostiako Gerra Batzordeari, berak agindu bezala, herriko ospitalean ziren zenbait zauritu, gaixo eta frantziar zirujaua Tolosara eraman zirela jakinaraztea erabaki zuten, baina bertan gelditu zirela bost lagun, horiek ezin zutelako inora joan, ez oinez eta ez zaldian. Aurreko zirujauaren lekuan beste zirujau frantziar bat zutela, ospitaleak oraindik lanean jarraitzen zuela-eta, gainera, gastuak sortzen zituela ere jakinarazi zuten.
  • 1812-2-13. Urrestillako mandatariek Udala osatzeko nahia aurkeztu zuten Diputazioan eta, gainera, aurrez eginiko erroldaren zerrenda: Aratz-Errekak 288 biztanle; Mendizabal auzoak 262 biztanle; Eizagirre auzoak 300 biztanle; eta hiriguneak 384 biztanle. Guztira, 1.234 biztanle.
  • 1812-2-8. Probintziako Kontseiluari aldatzen ziren komandanteek nolako gastuak sortzen zituztenaren berri ematea erabaki zuten. Izan ere, bakoitzak bere erara egiten zituen gotorlekuak eta ahalik eta azkarren neurri bereziak hartzeko eskatu zuen. Eta orduan aurrez eginiko gotorlekuak komandante berriak bota egin zituela eta horiek kontuan hartzen zituela herriak, alferrikako gastu izugarriak behin eta berriz egiten zirelako.
  • 1811-12-18. Probintziko Kontseiluari 24.000 edo 30.000 erreal balio zuten lurrak saltzeko baimena eskatzea erabaki zuten, udal langileei soldatak ordaintzeko. Izan ere, 24.000 erreal hartzeko zituzten langileok. Salgai jarri nahi ziren lurrak erosteko inor agertuko ez balitz, lur horiek langileen artean banatzeko baimena ere eskatzea erabaki zuten.
  • 1811-11-25. Herria larrialdi handian zegoen, hurrengo egunean herrian zen tropari hornikuntza egiteko inolako alerik gabe. Horrela, Udalak apaizei erregu egitea erabaki zuen eta herritar bereziei gutuna idatzi zien, larrialdiari aurre egiteko anega batzuk bada ere eman zitzatela eskatuz.
  • 1811-11-23. Herrian zen komandanteak bere ospitalerako berehala hamasei ohe eramateko eskatu zuen, eta erretoreari, Urrestillako bikarioari eta Elosiaga eta Oñazko apaizei idaztea erabaki zuten, hauxe eskatuz: meza garaian bertara joandakoei eskatzeko oheak edo eurek behar zituzten jantziak.
  • 1811-11-20. Kontuan izanik herrian zegoen troparen hornikuntza eta herrian gotorlekuak egiten ibili ziren langileei herriak emandakoa, unean Donostian zeuden Joxe Manuel Enparan eta Felipe Neri Etxaleku herritarrei idaztea erabaki zuten, gaiari buruz gestioak egiteko eskatuz.
  • 1811-11-20. Azkoitiko, Zestoako eta Errezilgo alkateei hurrengo eguneko goizeko zortzietarako deitzea erabaki zuten, denen artean ikusteko herrietan alerik zen edo ez, militarrak hasi ez zitezen etxeak miatzen.
  • 1811-11-16. Alkateak Tolosako lurraldeko komandante Lefebrek idatzitako gutuna aurkeztu zuen, eta jakinarazi herrian zen indarra gehitzeko beste 150 soldaduz osatutako konpainia herriratuko zela egun hartan bertan; 300 laguneko taldea osatuko zuten horrela. Probintziko Kontseiluari guztiaren berri jakinaraztea erabaki zuten, herriari hornikuntza egitea ezinezkoa egiten zitzaiola agertuz, orduan alerik ez zuelako, ez haragirik eta ez gainontzeko janaririk; neurriak har zitzan eskatu zion. Alkateak, herriak hurrengo eguneko iluntzerako laguntzarik ez bazuen jasotzen, troparekin batera alde egingo zuela jakinaraztea erabaki zuten, ezinezkoa egiten zitzaiolako ikustea herrian zer gerta zitekeen. Lefebrek exekuzio militar bat egiteko agindua zuela esatea ere agertu zioten.
  • 1811-11-13. Herriak egunero egin behar zuen hornikuntzari buruz hitz egin zuten Herri Batzar nagusian, ez bakarrik herrian bertan zegoen tropari egin beharrekoaz, baizik eta baita tropa mugikorrei egin beharrekoaz ere bertatik igarotzen zirenean. Batzarrean, beharko zen garia banatzea erabaki zuten, eta agertu ez zirenek ere kontuan hartu beharko zuten hori, derrigorrezkoa baitzen hurrengo goizerako behar zena ahalik eta azkarren biltzea. Lehen unean garia emango zutenen zerrenda egin zuten ondoren.
  • 1811-11-12. Hurrengo eguneko goizeko hamarretarako Herri Batzar nagusirako deialdia egitea erabaki zuten, egin beharreko hornikuntzari buruz neurriak hartzeko. Bertara joaten ez zen herritar bakoitzari bi dukateko isuna ezartzea onartu zuten.
  • 1811-11-9. Alkateak esan zuen aurreko egunean herriaren aldetik freskagarria eskaini behar izan ziotela Errezilen ibili zen tropa mugikorrari, honek eguraldi txarragatik bertan hartzeko une egokirik ez zuela-eta. Errezilgo herriari eginiko gastua ordaintzea eskatzea erabaki zuten, nahiz dirutan, nahiz garitan.
  • 1811-11-8. Une hartan herrian 500 soldaduz osatutako talde mugikorra zegoen eta gauean beste 1.500 soldadu bertara etortzekoak ziren. Haien hornikuntza egiteko beharrekoa zen gariari buruz hitz egin zuten, eta gutun baten bidez apaizei eta herritar bereziei hauxe eskatzea erabaki zuten: anega bakoitza 80 erreal ordainduko zietela herriaren aldetik.
  • 1811-11-3. Herrian zegoen Frantziako tropa eta honekin eginiko gastuen berri kontsulatuari aurkeztea erabaki zuten, aurreko hilean eginikoak 52.182 erreal eta 23 marai zirela esanez, eta berak aurreratutako laguntza 31.000 errealekoa zela.
  • 1811-11-2. Probintziko Kontseiluak herriari adierazi zion bertan zen tropari ardo zatikorik ez emateko, eta komandanteari horrela jakinaraztean garbi gelditu zen ez zuela berak horrelako albisterik jaso; hala, herriaren aldetik ematen jarraitzea eskatu zuen, lehen bezala. Udalak guztiaren berri Kontseiluari adieraztea erabaki zuen.
  • 1811-11-2. Kontseiluari jakinaraztea erabaki zuten herria exekuzio militar batez mehatxatuta zela Joakin Inazio Amiamaren aldetik, zor zituen lau mila zatiko kontuan izanik 1809ko azaroa eta abenduan atzera utziak.
  • 1811-11-2. Probintziko Kontseiluak aurreko hilaren 22an idatzitako gutunaren berri eman zuten, eta herritik aldegindako eta Espainiako taldeekin ziren gurasoen, anaien eta sendien zerrenda eskatu zuen, horiek zirelako oinordekoak. Zerrenda prestatu eta bidaltzea erabaki zuten.
  • 1811-10-26. Herria larrialdi izugarrian zen, udaletxeko aretotik irten aurrez bi mila erreal ematen ez bazituen militar orden batez mehatxurik baitzen. Frantzisko Etxeberria parrokiko apaizari erregua luzatzea erabaki zuten, dirua aurreratzeko eskatuz eta San Martin eguna baino lehen herriak itzuliko ziola aginduz.
  • 1811-10-23. Probintziako Kontseiluari, hilaren 9an Eizmendi baserriaren inguruan utzitako haur bat aurkitu zutela esatea erabaki zuten, eta bataiatzean 'Inazio Mari Azpeitia' izena jarri ziotela. Beste ume bat, berriz, hilaren 20ko gauean aurkitu zuten, Barrenola baserriaren inguruan; 'Joxepa Inazia Azpeitia' izena jarri zioten.
  • 1811-10-20. Alkateak jakinarazi zuen azken urtebete pasatxoan Joan Inazio Iparragirre udaltzainak desobedentzia jarrera zeramala eta, emandako arrazoiak gaizki harturik, herriaren alde ez zuela ezer egiten. Beste udaltzain bat izendatzea erabaki zuten, eta eskaerak egin zituzten Joxe Gonzalok eta Joxe Agirrek; Gonzalo aukeratu zuten.
  • 1811-10-20. Barrenola baserriaren inguruan utzitako neskato bat aurkitu zuten, gauean.
  • 1811-10-9. Utzitako haur bat aurkitu zuten Eizmendi baserriaren inguruan.
  • 1811-10-8. Garai hartan behar eta larritasun handiak izanik herrian, bertan zen tropari hurrengo egunean aleak emateko bilketa bat egitea erabaki zuten, hasieran agintariekin hasita, eta ondoren herritar denekin -batez ere, berezienak eta apaizak horrela jokatzera bultzatu zituzten, gutun adierazgarria igorriz, eta lehen unean dirua izatean herriak ordainduko ziela jakinaraziz-. Denaren berri probintziko kontseiluari ematea erabaki zuten, agertuz, aurretik egin bezala, zer egoera larrian zen herria.
  • 1811-9-5. Udalbatzarrean orduan herrian zen komandantea agertu zen eta, Inperioko mariskalaren agindua betez, hiru herritar hiltzeko prest zela adierazi zuen. Tolosan zegoen Lefevreri albistea pasatzea erabaki zuten, gauzak argitzeko eskatuz, legeak ez baitzuen adierazten fusilatuak herriko biztanleak izan behar zirenik, baizik eta departamendukoak.
  • 1811-8-17. Herrian zen komandanteak idatziz eskatu zuen boluntario joan ziren soldaduekin bat egin eta haiekin irten zuten sendikoen zerrenda. Baita Frantziako indarrik ez zen herrietan bizi zirenena ere. Herriak Probintziako Kontseiluak bidalitako agindu bat jaso zuela eta haren kopia bat bidaliko zitzaiola erantzun zioten. Eta nahi zuen zerrenda ere prestatuko zitzaiola adierazi zuten.
  • 1811-8-13. Unean herriak zituen beharrak kontuan izanda, Frantzisko Jauregi diruzainari ahalik eta azkarren Joxe Inazio Altunaren gari guztiaren jabe egiteko ahalmena ematea erabaki zuten. Altuna herritik kanpo zen eta kontribuzioa oraindik ordaindu gabe zuen. Luis Bombaliarrekin gauza bera egitea erabaki zuten, eta herriak kontuak ondoren konponduko zituela erabaki zuten.
  • 1811-8-11. Joxe Arregi 'Etxatxo' hornitzaileak egindako proposamena ezagutu ondoren, herrian zen Frantziako tropak behar zuen ardoaz hitz egin zuten. Gaia aztertzeko batzordea izendatu zuten. Batzordea Inazio Bixente Mayora, Enparan zaharra eta Errazti zinegotziek osatu zuten.
  • 1811-7-29. Parrokiko erretoreari abuztuaren lehen eguneko Loiolako elizkizunak bertan behera uztea erabaki zutela esanez albistea pasatzea erabaki zuten.
  • 1811-7-16. Hil honen 6an erabakitako kontribuzioa kobratzea erabaki zuten, eta atzeratutakoei adierazi zieten hiru egun igaro ondoren diruzaina etxeetara joango zela, diruaren ordaintzat garia bahitzera.
  • 1811-7-6. Lurraldeko kontribuzio zergaren %8 kobratzea erabaki zuten eta diruzainari interesatuei ordainagiriak bidaltzea agindu zioten, ahalik eta azkarren ordain zezaten. Herriak ahalmena zuenean dirua itzuliko zietela ere adierazi zieten.
  • 1811-5-17. Tolosako komandanteari idaztea erabaki zuten. Apirilaren 24ko eta maiatzaren 8ko ofizioak bidali zizkioten, Azpeitiko herriari gotorlekuak prestatzen egin zituen gastuak ahalik eta azkarren ordaintzeko, gobernuaren aurrean erregutu zezan.
  • 1811-4-20. Gotorlekurako erabilitako materialaren berri jakitea erabaki zuen Udalak, ondoren herriari zenbateko gastuak egin ziren agertzeko.
  • 1811-4-9. Probintziako Kontseiluari Frantziako tropa herrian izateak nolako kalteak sortzen zizkion adieraztea erabaki zuten herriari, haien artean Kontseiluak izendatutako inor ez baitzegoen kontuak emateko.
  • 1811-4-6. Herriko agintariei herriarenak ziren lurrak saltzeko baimena eman zieten, zor ziren kontribuzioei aurre egiteko.
  • 1810-12-12. Probintziko Kontseiluaren baimena lortu ondoren, ardiei, ahuntzei eta mandoei zerga ezartzea erabaki zuten.
  • 1810-11-12. Herriko eta Tolosa lurraldeko komandanteak aurreko egunean idatzitako gutunaren berri eman zuten, hauxe esanez: baldin eta 48 orduren barruan kontuak ez bazituen zuzentzen, herriari agindu ziotela exekuzio militarra egitea, iraileko eta urriko kontribuzioak ordaindu gabe zegoelako. Probintziko Kontseiluari herrian zen tropari eginiko hornikuntza txartelak bidali zizkioten, herriak aurreraturik zenbat zeukan ikus zezan.
  • 1810-9-9. Gobernadorearen gutuna jaso ondoren, hilaren 6an gertatutakoaren berri adierazi zuen orduan alkatetzan zen Martin Larrunbek; hau da, 80 pertsonaz osatutako taldea herriaz jabetu zenekoaz. Udalak erabaki zuen eskribauari agintzea dendetako nagusiengandik lapurtu zuten guztiaren berri biltzeko, herriaren aldetik ordainketa egiteko. Janaria eta edaria eman beharra izan zutenei ere herriak ordaintzea erabaki zuten.
  • 1810-9-6. 80 lagunez osatutako armatutako talde bat herrian sartu eta sekulako harrapaketak egin zituen.
  • 1810-8-29. Espainiako Gobernuko Justizia Ministerioak hilaren 24an idatzitako ofizio baten berri eman zuten. Bertan, erregearen agindua jaso ondoren, Udalak Aita Jesuitek aurrez zituzten ikastetxeetara itzultzeko errege nahiaz zeukaten iritzia azaltzeko eskatzen zuten. Herritar guztientzat egokia zela erantzutea erabaki zuten, baita diru bilketa egingo zela ere. Diru bilketa guztien artean egingo zuten, herrian ez ezik baita auzo guztietan ere, eta horretarako arduradunak izendatu zituzten. Gainera, Udalak lau mila erreal eskaini zituen.
  • 1810-6-28. Probintziako Kontseiluak emandako aginduari erantzunez, herriko parrokian eta Urrestillakoan astegunetan eta igande eta festetan emango ziren meza guztien ordutegiak egokitu zituzten.
  • 1810-6-22. Talde gaizkileak herri inguruan zeuden albistea iristean, herriko sarrerak ixteko neurriak hartzeari buruz hitz egin zuten. Langintza horri buruzko deialdia zabaltzea erabaki zuten: 800 errealen truke norbaitek langintza hori beregan hartzeko. Herriaren aldetik beharreko materiala emango zioten lan hori hartzen zuenari.
  • 1810-6-4. Miguel Pizarrok hamar mila erreal eskaini zituen. Antonio Mari Sorondori agindu zioten Pizarroren etxetik pasatzeko eta erreal horiek eskuratutakoan Azpeitiko Udalari emateko berehala. Horrela egin zuen bilera amaitu baino lehen. Pizarrok berak lehendik ere hamabi mila erreal aurreratuta zituen.
  • 1810-6-3. Miguel Pizarrori eskerrak emanez idaztea erabaki zuten, herriak zituen larrialdietan laguntzeko sei mila erreal aurreratu zituelako. Beste gutun bat idatzi zioten Tolosako komandanteari, honek berriz ere militar betepena ezerezean utz zezan eskatuz.
  • 1810-4-10. Enparan errota erosi zuen Inazio Ogarriorengandik 27.000 erreal jaso ondoren, haren jabetsa ematea erabaki zuten.
  • 1810-4-8. Zor zituen kontribuzioei (61.753 erreal) aurre egiteko, udaletxea, beste etxe bat eta torilak izandakoa bere lurrekin salgai jartzea erabaki zuen herriak. Horiek ziren bereak zituen ondasun bakarrak. Tasatutako prezioaren hiruko bat merketu zuen, aurrez agindu bezala.
  • 1810-3-29. Agintariek Antonio Erzilla udaltzaina deitu zuten, Inozenzio Ogarrori herriaren gutuna eramatera joan baitzen, eta haren erantzuna jakin nahi zuten. Ogarrok herriko agintariek kaskamotz batzuk zirela eta haien beldurrez ote zen pentsatzen ote zuten eta bazkaltzea amaitu berri zuenez, hurrengo egunean idatziz erantzungo zuela' erantzun zuela azaldu zuen udaltzainak. Agintariek, Ogarrok beregan egindako Enparan errotaren errematea aintzat hartzen ez zuela ikusita, nahiz eta herria arrisku izugarrian aurkitu unean bere beharrei erantzuteko, probintziako Kontseiluari Enparango errota saltzeko beharra agertu zioten, eta herriaren aurka indarkeririk ez erabiltzeko eskatu zioten.
  • 1810-3-29. Ogarrori agindutako epean 27.000 erreal ordaintzen ez bazituen gerta zitezkeen kalteak bere gain hartu beharko zituela idaztea ontzat hartu zuten; hilaren 30ean indar armatuaren zigorra jasoko zueneko mehatxua zuen herriak.
  • 1810-3-4. Enparan errotan herriak zuen partea erosi nahian, Inozenzio Ogarriok eginiko 25.000 errealeko eskaintza aztertu zuten, eta berriro almodenan jartzea erabaki. Norbaitek diru gehiago ez eskaintzean, Ogarriorekin berekin harremanetan jartzea onartu zuten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan