Hamarkada: 1890

  • 1895-1-14. Idi dema apustuetarako orduan zegoen harria baino txikiagoa inguratzeko agindu zioten alkateari.
  • 1894-12-25. Jaiotza edo Naximentua lehen aldiz ikusgai jarri zuten herrian.
  • 1894-12-17. Frantzisko Etxanizek eta beste zenbaitek sinatutako gutuna, Azoka plaza estaliaren gaia zeukan batzordeari pasatzea erabaki zen, azoka plaza Txikian kokatzea eskatzen baitzuten. Horretarako, herriaren kartzela zaharra eta Azpirozen alargunaren etxeetako bat hartzea proposatzen zuten, baita Arregi eta Eleizgarairen baratzak ere, behar izanez gero.
  • 1894-12-17. Loiolako Inazio deuna Elizaren Doktore izendatzeko eskaera apezpikuari zuzentzea erabaki zuen Azpeitiko Udalak, Ondarroak eta Gipuzkoako ia herri guztiek -Irunek ezezkoa eman zuen eta Hernialdek ez zuen erantzunik eman- oniritzia emanez sinatutako agiriarekin batera.
  • 1894-12-3. Zinegotzi batek eginiko proposamenari jarraiki, Azoka plaza estaliaren egitasmoa aurrera eramango zuen batzordea izendatu zuten.
  • 1894-11-19. Idazkariak Loiolako San Inazio Elizaren Doktore izendatzea eskatu zuen, apezpikuari ez ezik probintziko herriei bidaltzeko prestatu zuen idatzia irakurtzean. Onartu egin zuten proposamena, eta berehala zabaltzea erabaki zuten.
  • 1894-11-12. Udalean Loiolako Inazio deuna Elizaren Doktore izendatzeko zegoen asmoen berri eman zuten, eta Udalak asmo horrekin bat egiteko gotzainei eta Gipuzkoako herriei txosten bana bidaltzeko erabakia hartu zuen.
  • 1894-11-3. Joakin Iriarte Agirrezabal jesuita jaio zen. Irakaslea eta idazlea izan zen, eta haren lanak batez ere 'Razón y Fé', 'Pensamiento', 'Hispania' eta 'Gregorienum' aldizkarietan argitaratu zituzten.
  • 1894-10-8. Joxe Inazio Etxeberria bertsolaria jaio zen, Urrestillan.
  • 1894-9-17. Horretarako izendatutako batzordeak jakinarazi zuen Ortiz de Ainza maisuarekin harremanetan jarri ondoren bigarren maila heziketa ikastetxea Harzubia errebaleko 3. zenbakidun Arregiren alargun eta semeen etxeko lehen solairuan egokitzea erabakirik zuela, urteko 175 pezetako errenta izanik, eta herriak eta maisuak erdira ordainduz. Horretarako beste zenbait gauza jarri beharko zituzten bertan: elektrika instalazioa, mahaiak, aulkiak, arbela eta abar. Batzordeak eginiko lan guztia ontzat harturik Udalaren aldetik, erretoreari eskerrak ematea erabaki zuten, baita igande eskola zuzentzen zuten emakumeei ere, mahaiak, aulkiak eta arbel bat eskaini zutelako ikastetxe berrirako.
  • 1894-9-3. Bigarren mailako heziketa eskolako irakasle Luis Ortiz Ainzak adierazi zuen hilaren 15ean hasteko asmoan zela ikastaroa. Horretarako osaturik zen batzordeari behar ziren gestio guztiak egiteko eskatzea erabaki zuten, lokalerako materiala eta abar prestatzeko.
  • 1894-8-27. Erreinuko senadore Joxe Mari Perez Caballerok hilaren 8an Manuel Eleizgarai lehen tenienteari idatzitako gutunaren berri eman zuten. Bertan, Perezek ezerezean utzitako lurraldeko epaitegiaz egindako gestioen berri eman zuen eta aurrera ere langintza horretan jarraitzeko eskaini zen. Hari eskerrak ematea erabaki zuten.
  • 1894-8-15. Felix Barrenari eskatu zioten Amue ingurutik Errekaldera bitarteko bidea egokitzea. Errezilerako errepidearekin bat egin bitartean osatu behar zuten.
  • 1894-8-6. Juan Pablo Lojendio mikeleteen buruak idatzi zuen San Inazio bigarren egunez prozesioan parte hartu zuten mikelete bakarren batzuk urrutitik etorri zirela-eta, bi pezeta ordaintzea egokia izan zitekeela esanez. Azpeitiko Udalak mikeleteek San Inaziori eskaintzen zioten ohorea probintziak eginikoa zela esan eta herriari bere eskaera betetzea ezinezkoa zitzaiola esanez erantzutea erabaki zuen.
  • 1894-7-2. Ortiz etxearen inguruan edo espaloian dagoen iturria Santa Ana enparantzatxo erdian jartzea erabaki zuten.
  • 1894-6-13. Alkatea eta bere bigarren tenientea gelditu ziren parrokirako agintarien aulkien proiektua aurkezteko kargudun.
  • 1894-5-28. Herritik trena ahalik eta azkarren pasa zedin, gestioak egiteko batzordea izendatu zuten. Alkateak, Juan Klemente, Juan Joxe Elorza eta Joxe Mari Muguzuzak osatu zuten batzordea.
  • 1894-2-19. Sebastian donearen egunean eta inauterietako igande, astelehen eta asteartean aterako zituzten zezenak ordaindu zizkioten Bartolome Uzini.
  • 1893-12-18. Joxe Alberdi Pildainek eta Joxe Ramon Juaristik Santo Tomas egunean Kristina enparantzatxoan 2. zenbakia zuen etxearen aurrean dantza taldea bil zedin debekatzeko eskatu zuten idatzi baten bidez. Izan ere, ikuskizun lizuntzat eta bat-batean mozteko modukotzat -txistulariei enparantza Nagusian jotzeko aginduta- jotzen zuten. Alkateari eman zioten iruditzen zitzaion eran jokatzeko ahalmena.
  • 1893-12-18. Agustin Jauregi erretorearen gutunaren berri eman zuten. Eskutitzarekin batera parrokiko organoa konpontzeko apezpikuari eginiko baimen eskaera eta Akilino Amezuak eginiko konponketari buruzko Bilboko Santiago basilikako organista Aurelio Vallek eginiko txostena zetozen. Gutunean, konponketa 24.000 pezeta kostatu zela adierazi zuen erretoreak eta Udalak agindutako 10.000 pezetei beste mila pezeta gehitzeko eskatu zion. Agintariek mila pezeta horiek ez ematea erabaki zuten; izan ere, 1892ko abuztuaren 22an 10.000 pezeta eman zituzten.
  • 1893-12-18. Eusebio Gurrutxagak herriari bere fabrika eskaini zion, 28.500 pezetatan. Udalak ikusirik fabrika erostea egokia izan zitekeela herritarrei lana emateko, ahal izanez gero erostea erabaki zuen.
  • 1893-10-9. Plaza Txikiko 1. zenbakia zuen etxearen eroslerik ez agertzean enkantean jarri ondoren, Udalak erabaki zuen berriro jartzea enkantean, bigarren aldi hartan bederatzi mila pezetan. Azaroaren 14an jarriko zuten salgai.
  • 1893-9-18. Amue eta Errekaldera bitartean eginiko bideari buruz obren maisuak eman zuen iritzia ikusita, azken zatia Miguel Agirreri eta Joxe Frantzisko Etxanizi ordaintzea erabaki zuten.
  • 1893-9-3. Euskal Jaiak hasi ziren, Abbadiek antolaturik.
  • 1893-8-28. Joxe Leon Urkiolak epaitegiaren alde egindako gestioak ez zituela kobratuko esanez idatzitako gutuna irakurri zuten, eta hari eskerrik sutsuenak ematea erabaki zuten.
  • 1893-8-21. Batzordea izendatu zuten irailaren 10, 11 eta 12an Abbadie jaunak babestuta herrian ospatuko zituzten Euskal Jolasak ekintzaz erantzuteko. Batzordea parrokiko erretoreak, Joxe Mari Muguruzak, Angel Arresek eta Juan Clementek osatu zuten.
  • 1893-8-21. Probintziako Batzordeak lurraldeko epaitegia berriro martxan jartzeko gestioak egiteko prest zela adierazi zuen gutun baten bidez.
  • 1893-8-21. Eliz kalean bizi ziren Eugenio Amenabar eta beste batzuek, gauzainek beste kaleetan egin ohi zuten bezala Eliz kalean ere orduak kantatzeko agintzea eskatu zuten. Udalak horixe egitea erabaki zuen.
  • 1893-8-7. Juan Bautista Azilona alkateordeak adierazi zuen Isabel infanteak 250 pezeta utzi zituela behartsuentzat herrian izan zenean, eta batzorde bat izendatu zuten diru hori banatzeko. Horrela Agustin Jauregi erretorea, Azilona bera, eta Benantxio Akutain eta Joan Joxe Beobide zinegotziak izendatu zituzten batzorderako.
  • 1893-8-7. Alkateak adierazi zuen une egokia zela herriko epaitegirako gestioak egiteko, Gobernuak Aurrekontuetako Legean aldaketak egin baitzituen. Idazkaria Ramon Nocedal lurraldeko diputatuarekin harremanetan jartzea proposatu zuen, batzordeaa osatu eta hura epaitegia zabaltzeko eskatzera Madrilera joateko. Alkatea eta idazkaria aukeratu zituzten batzorde hori osatzeko.
  • 1893-7-17. Urrestilla eta Nuarbe auzoetako kontrabandoa zaintzeko, Manuel Odriozola izendatu zuten.
  • 1893-7-17. Herriak ardoa, likoreak eta antzeko edariak saltzen zituzten tabernariei agindu zien genero sarrerekin eta irteerekin liburu aparteko bat izatea, egun bakoitzekoa garbi agertzeko.
  • 1893-6-26. Probintziako senadore eta diputatuei idaztea erabaki zuten, ahalegin guztiak egin zitzatela eskatuz herriko epaitegia berriro zabaltzeko.
  • 1893-6-19. Udalak debekatu egin zuen gomazko pilotak xixtera jokoan erabiltzea udal frontoian, herritar batzuek hala eskatu zutelako.
  • 1893-6-12. Plaza Txikiko 1. zenbakiko etxea saltzeko, Udalak enkantea egin zuen hilaren 18an 10:00etan.
  • 1893-5-1. Dekretutzat hartu zuten horretarako izendatutako batzordeak prestatutako txostena. Eskaera egin zuten 60 biztanle herritar izendatu zituzten, indarrean zen Udal Legearekin bat. Gainera, zera adierazi zuen Udalak: urtearen edozein garaitan deklara zezakeela herritar eskaera egiten zuen edonork. Deklarazioa bakoitzak bakarka eskatu behar zuen.
  • 1893-4-26. Inazio Orbegozok eta Tadeo Zabala Antxietak aurkeztu zuten gutuna batzorde baten eskuetan jarri zuten. Kartari atxikita 60 laguneko zerrenda bidali zuten, eta zerrenda horretan zirenak herritar deklaratzea eskatzen zuten, agirien bidez gutxienez bi urtean herrian bizi zirela adierazten baitzen.
  • 1893-4-5. Musika Banda desegitea erabaki zuten, zuzendariaren aginduak alde batera utzi eta kideek tabernetan eta kafetegietan musika jotzeko instrumentuak erabiltzen zituztelako.
  • 1893-3-27. Unanueren alargunari Erdi kaleko 24. zenbakiko bere etxean Posta eta Telegrafo bulegoa egotean egindako galerak ordaindu zizkioten.
  • 1893-3-8. Errukietxearen ondoan zen pasabidean gurdi edo karroak erabiltzea oztopatu nahian, mugarri handiak jartzea erabaki zuten.
  • 1893-1-9. Frontoia erabat aldatu eta Santiago kalea lorategi bihurtzean, ezinezkoa ikusi zuten, aurrez bezala, zezenak bertan jolastea karnabaletan, Sebastian donearen egunez eta karnabal igandean. Eta sokamuturra goizez eta arratsaldez kaleratzea erabaki zuten. Baita karnabal asteartean goizaldean eta arratsaldean ere.
  • 1893-1-2. Sebastian donean eta inauterietan kaleratuko ziren sokamuturreko zezenak inguratzea eskatu zioten Tomas Larrañagari.
  • 1892-12-19. Gobernadoreak garai batean udaletxe zaharra eta ondoren lurraldeko kartzela izandako eraikina saltzeko baimena eman zion herriari. Baimena lortuta, salmenta indarrean zeuden legeak jarraituz egitea erabaki zuten.
  • 1892-12-5. Narrosko (Espainia) markesak gutun baten bidez Azpeitiko herriari lur zat bat eskaini zion, Iturriagatxo harkaitzetik Errekalde arteko bidea egiteko. Eskaintza horri eskerrak ematea erabaki zuten.
  • 1892-11-23. Iturriagatxo harkaitzetik Errekaldera bitarteko bidea egiteko enkantea abenduaren 6an egitea erabaki zuten; goizeko hamaiketan egingo zuten.
  • 1892-11-22. Joxe Inazio Aldalur parrokiko organo-jolea hil zen.
  • 1892-11-14. Amutik Iturriagatxo harkaitza bitarteko bidea enkantean jarri ondoren, alkateak esan zuen Miguel Agirre kontratistak hartu zuela bere gain.
  • 1892-11-10. Martin Oiarzabal Oiarzabal idazlea jaio zen.
  • 1892-10-10. Alkateak udaletxe zaharra edo kartzelak izandako etxea saltzea proposatu zuen, eta gobernadore zibilari horretarako baimena eskatzea erabaki zuten.
  • 1892-10-10. Astearteko eta eguneroko azokak benetan baldintza txarretan egiten zirela ikusita, egoki ikusi zuten Azoka plaza estalia egitea Santo Domingo komentua izandako tokian, eguraldiak zerikusi handia izaten zuelako dirua biltzeko orduan. Hala, hari buruzko aurrekontu berezia egitea erabaki zuten. Sebastian Kamio arkitektuari Azoka plaza estaliaren planoa eskatzea onartu zuten.
  • 1892-10-10. Posta eta Telegrafo bulegoa egokitzeko Santo Domingo komentuak egin beharko zituen obrak enkantean jartzea erabaki zuten.
  • 1892-10-1. Alkateak jakinarazi zuen ondorengo egunetako batean aukeratuko zutela Loiolan Jesusen Lagundiko jeneral berria, eta egokia zela Azpeitiko herriak esker ona agertzea jesuitei. Bestalde, esan zuen herriko apaizek iganderako prozesioa antolatu zutela Loiolara, eta aho batez erabaki zuten bertan parte hartzea.
  • 1892-9-26. Amutik Iturriagatxo baserrira bitarteko bidea egitea enkantean jartzea erabaki zuten.
  • 1892-9-12. Gau eskolako batzordeak proposatuta, dibujo lineala eta apaindurakoa erakutsi nahi zuten, eta zuzendaria aurkitu nahirik deialdia egitea erabaki zuten. Zuzendariari urtean 250 pezeta ordainduko zizkiotela jakinarazi zuten, eta ikasleen aldetik hilean pezeta bana kostatuko zen.
  • 1892-8-22. Alkateak organoan konponketa lanak egiteko parrokiko erretorearekin izandako harremanen berri adierazi zuen. Udalak herriak hamar mila pezeta horretarako eskaintzea erabaki zuen, eta gainontzekoa elizak osatu beharko zuen.
  • 1892-7-22. Herriko epaitegia ezerezean gelditu zen, eta aho batez Madrilera idaztea erabaki zuten, herriak bertako langileen soldatak ordainduko zituela esanez, beste irteerarik aurkitu ezean.
  • 1892-7-16. Herriko lehen instantziako Epaitegia ezerezean utzi zuen erreal dekretua eman zuten.
  • 1892-6-27. Donostiako Telegrafo zuzendariari idaztea erabaki zuten, Santo Domingoko lokalera telegrafo zentroa aldatzea egokia zela esateko, posta bulegoa herriaren erdian baitzegoen.
  • 1892-6-20. Datorren neguan martxan jarri nahi zuten Arte eta Ofizio gau eskola herrian. Eskolaren arautegia prestatzeko eskatu zieten alkateari eta haren bi tenienteei, sindikoarekin batera.
  • 1892-6-20. Parrokiko organoa konpontzeko, parrokiko batzordeak eta Udalak tratua egin zuten Akilino Amezuarekin.
  • 1892-5-23. Zezilio Ezeizak hartu zuen Harzubi ingurua harriztatzeko lana.
  • 1892-5-11. Joxe Manuel Larrañaga alkatea, Inazio Zabala Antxieta, Andres Kabredo, Meliton Izeta, Juan Mari Etxaniz, Pedro Zabala Antxieta, Frantzisko Egiguren, Joxe Mari Uranga eta Hilarion Orbea bildu ziren, Diputazioaren deialdia irakurtzeko, hurrengo egunean Tolosan ospatu zen batzar berezirako prestatzeko. Gaia: probintziaren garaiko erakundeei heldu eta armak hartu zituen karlista taldeak foruen aukera zalantzan jarri zuela.
  • 1892-4-11. Alkatea arduratu zen obretarako maisua zen Felix Barrena jaunari Amu, Iturriagatxo eta Errekalde baserrietan Errezilgo errepidearekin bat egin nahi zen neguko pasealekuaren planoa eta aurrekontua eskatzeko.
  • 1892-4-4. Frontoiaren inguruko lorategian lanean aritu ziren 24 peoi, bost mandazain eta lau harginen soldatzak ordaindu zituzten.
  • 1892-3-14. Herriko behartsuenek lana izan zezaten, pilotalekuko jardineko eta Amuko zubitik Iturriagatxo baserrira arteko obrak hastea erabaki zuen Udalak.
  • 1892-3-14. Lurralde kartzelak ordaintzeko, herriari tokatzen zitzaion azken zatia onartu zuten.
  • 1892-3-7. Udaletxeko eskailera gainean kupulatxo bat egitea erabaki zuten, eta ondoren inguruko paretak txukundu zituzten.
  • 1892-1-25. Herriko langabeziak sortzen zuen migrazioa ikusita -egunetik egunera gehitzen ari zen-, beharreko lanak hastea erabaki zuen herriak, batik bat behartsuen sendiei laguntza eskaini nahian.
  • 1892-1-10. Martin Oiarzabal jaio zen. Urduñako Jesuiten Ikastetxean batxilergoa ikasi eta Comillasen (Espainia) egin zituen ondoren apaiz ikasketak. 'Zerurako bidea', 'Jesukristo gure Jaun eta Jainkoaren Bizitza eta Berri Ona', 'Santuen bizitza laburrak', 'El lenguaje vasco y Lati izkuntzaren joskera' dira haren lan batzuk. Orixerekin batera laguntzailea izan zen 'E. Gogoa' aldizkarian.
  • 1891-10-5. Irakurri eta ondo aztertu ondoren onartu zituen Udalak ordenantza berriak, agintarien aginduz idazkariak prestatu zituenak.
  • 1891-9-14. Izarraitz auzoko arduradunak ogi eta ardo 80 zatiko eta 24 kartutxo dinamita eskatu zituen, Bustinzuriko errebaletik Urreta baserrira bitarteko bidean konponketak egiteko, eta horrela erabaki zuen Udalak.
  • 1891-9-14. Alkateak adierazi zuen une hartan herriak zituen ordenantzak ikusi ondoren akats handiak aurkitu zituela, derrigorrezkoa izanik berri batzuk ahalik eta azkarren egitea. Idazkariari guztia prestatzeko agindu zioten, ondoren ontzat hartzeko aurkez zitzan.
  • 1891-8-31. Vista Alegre frontoiko enpresak egindako eskariari erantzunez, baimena ematea erabaki zuten ahari apustuak bertan jokatzeko.
  • 1891-8-12. Herriko artxiborako apalategi berria egitea erabaki zuten, idazkariaren zuzendaritzapean.
  • 1891-8-5. Inazio Mari Artetxek, berea zen Urola Kafetegia gaueko hamaikak bitartean eta egun berezietan hamabiak bitartean zabalik izateko eskatuz idatzitako instantzia gobernadoreak Azpeitiko Udalari bidali zion, erabakia hartzeko eskatuz. Ordenantzek kafetegi eta taberna guztiak gaueko hamarretan itxi behar zirela agintzen zutela, eta Udalari aldaketa egitea ezinezkoa zitzaiola erantzutea erabaki zen, nahiz eta gogoa izan beste ordenantza bat prestatzeko, batak eta besteak nolabait desberdinduz.
  • 1891-7-20. Gregorio Lizurume eta beste batzuek egindako eskaerari erantzunez, errukietxeko juntak adierazi zuen herritarren batzar nagusira deitzea ez zela bere eginkizuna eta, beraz, herriko Udalari eskaera zuzentzeko. Udalak, estatutuek horretarako eskubiderik ematen ote zion jakin gabe, Herri Batzar nagusia ospatzeko deialdia egitea erabaki zuen, baina garbi utzi zuen juntaren erantzuna jakin ondoren jokatu zuela horrela.
  • 1891-7-20. Pozik jaso zuten jesuiten probintzialaren idatzia, eta egokia iruditu zen elizkizunak ospatzea Loiolan hil honen 29 eta 30ean, goiz eta arratsaldez, 31n Azpeitian eta ondorengo egunean berriro Loiolan.
  • 1891-7-13. Herriari San Inazio jaio zeneko IV. mendeurrena uztailaren 31n eta abuztuaren lehen eta bigarren egunean ospatzeak kalteak sortzen zizkion, eta jesuiten Probintzialari idaztea onartu zuten egun horietan antolatu nahi ziren elizkizunak uztailaren 28, 29 eta 30era aldatzea ontzat hartzeko adieraziz.
  • 1891-7-13. Gregorio Lizurumek eta beste batzuek aurkeztutako eta aurrez alde batera utzi zen idatzia irakurri zuten berriro. Idatzian errukietxeko junta eraberritzeko Udalari herritarren batzarrerako deia egiteko eskatzen zuten. Baina estatutuek ez zioten Udalari horretarako ahalmena ematen eta Juntari berari eskaera zuzentzea erabaki zuten.
  • 1891-6-22. Kontuan izanik garbitokiko hiru inskripzio harriak apurtuta zeudela, marmolezko hiru berri jartzea erabaki zuten, aurrekoek zituzten inskripzio beraiekin.
  • 1891-6-15. Herriko urtegiak eta ur banaketa-sarea zaindu beharko zituen lanpostuaren baldintzak eta arautegia onartu zituzten.
  • 1891-5-28. Krixpin Beobide frantziskotar fraidea eta euskal idazlea hil zen, Tolosan.
  • 1891-4-15. Zumarragatik posta zerbitzua egiten zuen Juan Inazio Arregik eta honi 125 pezeta ordaindu zizkioten, lehen hiru hilabetetako soldata.
  • 1891-4-3. Rikardo Beobide Zendoia jaio zen, salesiar erlijiosoa, musikaria eta idazlea. Eleberri laburrak idatzi zituen: 'Bautizado en su sangre', 'El cuadro misterioso', 'Redimidos'... Askotan pertsonaje euskaldunak erabili zituen.
  • 1891-3-23. Kontuan hartu zen Udal Legea, herriaren lurraldea hiru zatitan banatzen zuena, probintziako diputatu eta herriko zinegotzien aukeraketarako. Lehen zatia, udaletxean botoak: enparantza nagusia, Santo Domingo kalea, Bustinzuri enparantzatxoa eta Arana, eta Izarraitz, Loiola eta Oñatz auzoak. Bigarren zatia, udaletxe zaharrean botoak: Enparan eta San Inazio kaleak, Iturrikale, Plaza Txikia, San Sebastian eta Santa Ana enparantzatxoak, Monjen errabala, Madalena eta Txaribar, eta Elosiaga auzoa. Hirugarren zatia, eskolako botoak: Santiago kalea, Kristina enparantzatxoa, Harzubi errebala, Urrestilla, Nuarbe, eta Odria, Aratz-Erreka eta Eizagirre auzoak.
  • 1891-3-9. Batzorde bat izendatu zuten San Inazio jaio zeneko laugarren mendeurrena ospatzeko egitaraua prestatzeko.
  • 1891-3-2. Ura etxeetara banatzeko lanak egiten ari zen Amadeo Delanuet eta hari epea luzatzea erabaki zuten, lana bukatzeko.
  • 1890-10-29. Alkatearen mozioa onartuz, Udalak kaleko farol guztiak kentzea erabaki zuen, alferrikakoak baitziren elektrika argia sartu zutenetik.
  • 1890-9-3. Alkateak adierazi zuen herrian ura zabaltzeko hodieria berriztatze lanen errematea egin zutela, eta lanak Amadeo Delanuetek hartu zituen beregain.
  • 1890-7-7. Herriko garbitokiko sarreretan burdin ateak jartzeko baldintzak onartu zituzten. Burdin ateak egin eta bere tokian jartzea errematera atera zuten.
  • 1890-4-28. Udal frontoian burdin eta frontis gainean burdinsarea jarri zuen Juan Joxe Iriarteri lana ordaindu zioten.
  • 1890-4-28. Elosiaga auzoko Joxe Mari Iturbe maisu berriak, beste maisuei bezala urtean 60 pezetako laguntza emateko eskatu zuen, eta horrela erabaki zuen Udalak.
  • 1890-4-21. Udal frontoiko frontis gainean alanbre galbanizatuko sarea jartzea erabaki zuten.
  • 1890-3-3. Pedro Alejandro Rekondo arkitektuak ura herriratzeko eginiko proiektua aurrera eramatea erabaki zuten.
  • 1890-2-19. Maltzagatik Zarautzera edo Donostiara egin nahi zuten bide estuko trenbidea egiteko Frantzisko Igartuak aurkeztu zituen oinarriak onartu zituzten. Batzorde bat ere izendatu zuten beste herrietakoekin batera gestioak egiteko.
  • 1890-2-19. Musika Bandako kideen eskaerari erantzunez, haiei ematen zizkieten bazkari eta askariak alde batera utziz, bakoitzari bazkariaren ordez bi pezeta eta askariaren ordez 50 xentimo ematea erabaki zuen herriak.
  • 1890-1-15. Auzolanean Enparan eta Estradako-erreka bitartean zen bidea egokitzen ari ziren langileei 200 zatiko ematea erabaki zuten, ogia eta ardoa.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan