Hamarkada: 1910

  • 1912-7-15. Alkateak adierazi zuen San Inazio eguna jaiegun izendatu zutela, eta gertakizuna ospatzeko abuztuaren lehen eguneko prozesiora gonbidatu zituela probintziko alkate, erretore, senadore eta diputatu guztiak. Denekin bazkaria egitea erabakita bazuen ere, jakinarazi zuen ezinezkoa izango zela, oztopo handiak baitziren tartean. Azkenean domina bat ematea pentsatu zuen, baita gestioak egitea ere horretarako, baina denbora gutxi zegoen eta hori ere ezinezkoa zela ikusita, diploma bat ematea egokia izango zela pentsatu zuen. Karmelo Etxegarai euskal probintzietako kronistak diploma horietan inskripzioak idatziko zituela adierazi zuen. Udalak ontzat hartu zuen alkateak egindako guztia.
  • 1912-7-8. Diputazioak Gasteizko apezpikuaren idatzi bat bidali zuen, aita santu Pio X.ak San Inazio eguna, uztailaren 31, probintzian jaitzat izendatzeko eginiko eskaera onartu zuela adierazteko. Udalak erabaki zuen aita santuari telegrama bidaltzea eskerrak emanez.
  • 1912-6-19. Udal ordenantzak gobernadoreak onartu zituela adierazi zuten, eta herritarren artean zabaltzea erabaki.
  • 1912-6-19. Arozena Ugalde eta Konpainia elkarteko ordezkari Miguel Ugaldek baimena eskatu zuen Zumarragatik Zumaiako tranbia elektrikoaren linea jartzeko eta zenbait poste jartzeko. Udalak baimena eman zion.
  • 1912-6-3. Musika Bandak ez zuenez onartu arautegi berria, Azpeitiko Udalak taldea desegitea erabaki zuen.
  • 1912-5-28. Joxe Gurrutxaga 'Txokolo' jaio zen, danborraria.
  • 1912-5-15. Merkatari ibiltariek kalteak sortzen zizkietela esanez, herritar merkatariek eginiko kexak kontuan hartuta bigarrenei postua kobratzea onartu zuten.
  • 1912-5-6. Udal Ordenantza berriak onartu zituzten, eta indarrean jarri bitarteko gestioak egitea erabaki.
  • 1912-4-29. Hurrengo udan uraren urritasuna nolabait mozteko, uren batzordeak baldintza batzuen berri eman zuen, kontuan izanik urritasun hori herritarren gehiegikerian oinarritzen zela eta ez uraren faltan. Gaiari buruz, honoko erabakia hartu zuen Udalak: 1. Kontadore bat jartzea tabernari eta ostalariei hurrengo uztailaren lehen egunetik aurrera. 2. Etxebizitzetan kontadoreak jartzeko, Udalak erostea behar ziren hainbat, euren instalakuntzan egiten ziren gastuak bakoitzak ordainduz. 3. Udalak erosten zituen kontadore guztiak The-Best sistemakoak izan zitezela; Amadeo Delanuetek saltzen zituen, eta Donostian izanik konponketa tailerra, edozer ustekabe sortzean une batetik bestera konpontzeko erosotasuna zegoen. 4. Uren batzordeari, gaiari buruz behar ziren gestioak egiteko, askatasun osoa ematea.
  • 1912-4-29. Azoka egunetan herriratzen ari ziren merkatari ibiltariek herriko merkatariei kalteak sortzen zizkietela-eta, Udalak gertatzen zenaren berri jakiteko batzorde bat izendatzea erabaki zuen, eta beharrekoa iruditu zitzaion herritar merkatariei laguntza ematea. Haren iritzia jakitean, eta merkatarientzat askatasuna murriztu gabe, agintariak neurriak hartzekotan gelditu ziren.
  • 1912-4-24. Oñatiko Udalaren eskaera ontzat hartu eta Diputazioari Gipuzkoako patroitzat Arantzazuko Andre Maria izenda zezan eskatzea erabaki zuten.
  • 1912-4-1. Agustin-errekako urak Abeta urtegira ekartzeko enkantea ontzat hartu zuten.
  • 1912-3-27. Herri ordenantzak onartu zituzten, 26 lehen artikuluetan.
  • 1912-3-11. Keixeta aizkolaria lehen aldiz plazetan aurkeztu zen, 31 urte zituela, Joxe Mari Irizar izanik arerio. Egin beharreko lana: 20 enbor 54 ontzakoak eta 14 kilometro lasterka zezen-plazan. Keixetak 69 minutu eta 32 segundon ebaki zituen enborrak, eta 14 kilometro egiteko 70 minutu eta 30 segundo behar izan zituen. Arerioak, lana amaitu baino lehen pott egin zuen. Jokatu zituen 31 apustuetatik denak irabazi zituen Keixeta urrestildarrak.
  • 1912-2-26. Loiolako zelaiaren eta herriaren arteko bidean elektrika argia jartzeko baldintzak onartu zituzten.
  • 1912-2-12. Agustin errekako urak Abetako urtegira ekartzeko lanen baldintzak onartu zituzten.
  • 1912-2-12. Etxeetara zabaltzen zen uraren arautegiari buruzko azterketa egitea erabaki zuten, aldaketa batzuk egin beharra ikusi zelako.
  • 1912-1-29. Udalak, Musika Akademia eta Herri Musika Bandaren barne arautegia onartzea erabaki zuen.
  • 1912-1-15. Zumaiako Udalak bidaltzen zuen gutunaren berri eman zuten: Inazio donearen eguna jai hartzeko eskaria.
  • 1912-1-3. Azkoitiko alkatetzak hartutako erabakiaren berri eman zen; hau da, Azpeitiko herriak, hartutako erabakiarekin -Erromako aita santuari Loiolako Inazioren eguna jai egun izendatzearen eskaera-, bat egiten zuela jakinarazi zuen.
  • 1911-12-18. San Inaziori buruz eta herriak egindako eskaerari erantzunez Karmelo Etxegaraik prestatutako idatzia irakurri zuten, eta aho batez onartu zuten.
  • 1911-11-27. Alkateak esan zuen, zinegotzi guztiek zekiten bezala, San Inazioren eguna -uztailaren 31-, jaiegun bezala izatetik astegun bihurtu zela, azkenaldian emandako aginduen bidez. Haren iritziz, eta santuaren jaioterri bezala, Udalak zerbait egin beharko luke gauzak lehengo eran jartzeko. Hala, aita santuari eskaera zuzentzeko idatzia egitea proposatu zuen, aurrez Gipuzkoako herri guztiek sinatuz idatzia. Karmelo Etxegarai herritarrari eskatu zioten idatzia prestatzeko.
  • 1911-11-20. Joxe Antonio Odriozolak aurkeztu zuen txostenean zioen arku batzuen bidez Ibaiederren zati bat estaltzeko baimena eskatu zuela. Proiektua aztertu ondoren, Udalak egokitzat hartu zuen, Zelai Luze eta Zelai Txiki inguruari mesede handia egingo baitzion.
  • 1911-11-6. Zinegotzi batek ibaia estaltzea proposatu zuen Zelai Luze, Zelai Txikia eta Azoka plaza eta Ibaieder zubiaren artean, bi pasealekuak bat eginik hala. Udalak Felix Barrenari beharreko gestioak egitea eskatu zion, ideia aurrera eramateko.
  • 1911-6-7. Fruktuoso Elorza alkatearen mozioa ontzat hartu zuten. Bertan diputatuen Kongresura idatzia bidaltzea erabaki zuten. Idatzi horrek kalteak ekarriko zituela jakinarazi zuten, erlijio erakundeak ezerezean utziko zituelako legearen bidez.
  • 1911-5-8. Idi demak jokatzeko zezen-plazan egokitutako tokia harriztatzea ordaindu zuten.
  • 1911-3-20. Zezen-plazan zerrenda bat harriztatzea erabaki zuten idi demak jokatu ahal izateko, eta pare bat harri erostea, aurrez zirenen antzeko pisua zutenak.
  • 1911-3-1. Elektrika argiari buruzko kexak agertu zituzten herritarrek, eta Azpeitiko Udalak Eladio Manuel Odriozolari 50 pezetako isuna ezartzea erabaki zuen.
  • 1911-2-6. Enparan zubia egiten ari zen Joxe Mari Aldalur kontratistari bigarren zatia ordaintzea erabaki zuten.
  • 1911-1-2. Herriaren hirugarren urontzia egiteko lanak eman zituzten.
  • 1910-12-19. Gortean lurraldeko diputatu Manuel Senantek bidalitako gutunaren eta horrekin batera bidalitako Fermin Kalbeton Espainiako Gobernuko ministroaren beste gutun baten berri eman zuten. Gutunetan Zumarragatik Zumaiarako trenaren espedientea sinatu zela adierazi zuten.
  • 1910-12-12. Harzubiko errebalean, Roke Aztiriaren etxearen lorategiko hormaren kontra zegoen iturri publikoa kentzea erabaki zuten.
  • 1910-12-3. Frantzisko Gurrutxaga musikaria jaio zen, Nuarben.
  • 1910-11-28. Azterketa egin ondoren, Agustin-errekako urak jasoko zituen urtegia egiteko planoak eta aurrekontua onartu zituzten.
  • 1910-8-22. Enparan zubia zabaltzeko asmoz egindako proiektuak aztertu zituzten. Azkenik, aurrez Udalak bere eskuetan zuena egitea erabaki zuten, eta enkantean jartzeko baldintzak onartu zituzten.
  • 1910-7-31. Katekista Damek altxatu zuten Nobiziagoa inauguratu zuten Olatzen.
  • 1910-7-11. Alkateak jakinarazi zuen Dionisio Soroetak tranbia elektrikoa jartzeko aurreratutako dirua gutxi gorabehera kobratu zuela herriak, tranbia egiteko epea amaituta baitzen.
  • 1910-7-11. Dolores R. Sopeña Katekista Damen presidente nagusiak Olatzerako errepidea egiteko baimena eskatu zuen, eta baiezkoa eman zion Udalak.
  • 1910-7-4. Aho batez onartu zuten telegramak bidaltzea Diputazioko presidenteari, Espainiako Gobernuko Ministro Kontseiluko presidenteari eta Vatikano Estatuko idazkari kardinalari, Espainiako Gobernuak katolikoen aurkako erabakiak hartu zituela salatzeko.
  • 1910-6-20. La Vascongada Autoen elkarteko kudeatzaileak proposamena egin zuen aurrez Gipuzkoako Kutxa Probintzialak erabili zuen lokala alokatzeko. Proposamenaren arabera, urtean ehun pezeta ordainduko zituzten bost urtean zehar, unean bere ondoan alokatuta zuen lokalaren alokairua luzatuko zuten eta beharrezko obrak bere kontura egingo zituzten. Erabakia hartu aurretik ikerketa egintea erabaki zuten.
  • 1910-4-25. Alkatearen mozioa ontzat hartu eta Espainiako kolore nazionalak dituen bandera bat erostea erabaki zuten, udaletxeko balkoian zintzilikatzeko.
  • 1910-4-6. Herriko garbitegiko arautegia onartu zuten. Joxe Arruti -unean ganaduen hiltegiko guarda zen- izendatu zuten garbitegiko zaintzaile. Egunean pezeta erdi bat gehiago ordaindu zioten.
  • 1910-2-28. Pozik hartu zuten Fermin Calbeton Espainiako Fomentoko ministroak bidalitako albistea: elektrika tranbia baten proiektua egiteko herriak aurreratutako dirua eskuratzeko ahalmena.
  • 1910-2-21. Burutik egin zen Joxepa Larrar eta ibaira bota zituen bi haur. Horiek atera nahian zauritu egin zen Feliziano Etxeberria, eta honek eginiko botika gastuak ordaintzea erabaki zuen Azpeitiko Udalak.
  • 1910-2-1. Iñaki Azpiazu jaio zen.
  • 1910-1-24. Joxe Inazio Zudupek San Agustingo arkupean jarri nahi zuen kioskoaren planoa onartu zuten.
  • 1910-1-17. Joxe Inazio Zuduperi, urtean 60 pezeta ordainduz, San Agustingo azken arkuan egunkariak saltzeko kiosko bat jartzeko baimena eman zioten.
  • 1910-1-3. Udal Garbitokiaren berriztatze lanak eta Arkupe deituriko iturburutik garbitokiaren urontzira bitarteko hodieriaren aldaketa adjudikatu zituzten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan