Hamarkada: 1930

  • 1931-4-17. Urrestillatik jaisten zen Poto errekan, Aizuriaga eta Igaraberri errotek, bakoitzak 100 anega gari ehotzi zituzten. Artoari dagokionez, lehenak 600 arto anega ehotzi zituen, bigarrenak 200. Bien artean urtean zehar 2.700 anega ale ehotzeko gai ziren.
  • 1931-4-17. Tokirik egokienean kokaturik eta ongien prestaturik ziren errotak Enparan eta Soreasu ziren une horretan, nahiko alde handiarekin, gainera. Herria, irabazi batzuk jasotzeko asmoz, ongi egokiturik edukitzen ahalegintzen zen.
  • 1931-4-17. Burdinola bakarren bat erreka berean izateak asko murrizten zuen errotaren lana, ur gutxirekin gelditzen zirelako. Udara partean ere geldialdi luzeak egin behar izaten zituzten askotan, erreka edo ibaiak indar gutxirekin izatean.
  • 1931-4-16. Aho batez, honoko erabakia hartu zuen Udalak: "Estatu Espainolaren egituraketa berriaren aurrean, Azpeitiko Udalak bere postuak utzi aurretik irten behar zuen. Euskal Herriak nazio bezala zituen eskubideak (jatorrizkoak zein historikoak) baieztatu ondoren, honen autodeterminazioa eskatu zuen lehendabizi, eta Euskal Errepublika, Iberiako Errepublika guztiekin konfederaturik, euskal lurraldeari bultzada ematen ari ziren guztiei laguntza eskaini zien, Donostiako paktu solemnean eginiko ordena betez".
  • 1931-3-16. Kristina plazatxoan zen iturria ixtea erabaki zuen Udalak, eta Iturritxikiko 1. zenbakiko etxearen azpian sortzen zen iturburuan herriak zituen eskubideak alde batera uztea, azken udan tifoidea sukarrak izurritea sortu zuen oinarria izan zelako.
  • 1931-3-15. Ezagutzera eman zuten 1929an eginiko zentsuak herriak 8.263 biztanle zituela zioela.
  • 1931-3-13. German Alberdi izendatu zuen Udalak herriko sendagile.
  • 1931-3-9. Euskaltzaleak Elkarteko lehendakari Galo Barrenaren eskaerari erantzunez, herriko ikastetxeei zera eskatzea erabaki zuten: ikastetxeetako ikasleei euskara irakurri eta idazteko ikasgaiak emateko.
  • 1931-2-2. Herrian sortu zen Euskaltzaleak Elkartearen arautegia onartu zuen Udalak.
  • 1931-1-12. Bere luzera guztian Enparan kalea alkitraneztatzea erabaki zuten, horrela espaloiak desagertuz.
  • 1930-10-13. Aktan idatzi eta Espainiako Gobernuari protesta egitea erabaki zuen Udalak, artean indarrean zelako 1839ko urriaren 25ean ezarritako legea.
  • 1930-10-9. Patxi Beldarrain eta 'Irutxinberri' neurtu ziren zezen-plazan, 8.000 metrotan lasterka. Beldarrainek irabazi zuen, 30 minutu eta hamabost segundotan.
  • 1930-8-11. Domingo eta Joxe LarraƱaga anaiek egin nahi zuten altzari pabilioiaz Tadeo Aztiria inspektoreak iritzia eman zuen, eta pabilioia onartu zuten.
  • 1930-7-7. Santos Anadon, Geografiko eta Katastral Institutuko lan berezietako buruak idatzi zuen hil honen 23an, goizeko zortzietan, Azkoitiaren eta Azpeitiaren arteko lurren mugarriak ikusiko zirela. Auzitegi Nagusiak emandako agindua betetzeko asmoz bi herrietako ordezkariei deitu zieten. Horretarako, Kruz Mari Etxeberria alkatea, Andres Lapazaran, Galo Barrena eta Roke Astigarraga zinegotziak, Fruntuoso Elorza idazkaria eta Nikolas Bizkarrondo peritua izendatu zituen herriak.
  • 1930-6-14. Alkateak hilaren 11n Txalintxo mendian izan zuen bileraren berri eman zuen. Bilera horretan, Galo Barrena peritua eta Bizkarrondo ingeniaria zeuden, eta Azpeitia eta Azkoitiaren arteko mugarriak non jarri behar ziren ikusten aritu ziren, sententziak bere garaian aginduko zuena betetzeko asmoz.
  • 1930-6-14. Iturritxikiko iturria berriro martxan jartzeko lanak egitea erabaki zuten. Osasun Juntaren aginduaren ondorioz itxi zuten bere garaian.
  • 1930-6-6. Azoka plazako arautegian eginiko aldaketak onartu zituzten. Saltzekotan, plazaratzen ziren txerrientzako itxitura batzuk erostea onartu zuten.
  • 1930-5-1. Herriko argikuntza Bixente Belokik hartu zuen, eta urtean 9.500 pezeta ordaintzen zizkioten.
  • 1930-4-26. Herriak Azkoitiko herriarekin zituen mugei buruz emandako sententzia irakurri zuten, eta Azpeitiaren aldekoa izan zen.
  • 1930-4-22. Prudenzio Olaizolari baimena eman zioten egiten ari zen Landa eta Oiarzabal tailerrerako Perez Arregi enparantzatxotik ura sartzeko.
  • 1930-4-14. Joxe Arratibelek Harzubian zuen orubearen ondoan Frantzizko Perezek altzari fabrika bat eta biltegi bat egiteko baimena eskatu zuen, eta ematea erabaki zuten.
  • 1930-4-14. Harzubia hiribidea bikeztatzea erabaki zuten.
  • 1930-1-7. Matxinbenta auzoan jaio zen Joakin Otaegi Otaegi 'Yokin, Ziri'. Filosofia eta Letrak ikasketak egin zituen Madrilen. 'Nora' eta 'Zeruko Argia' aldizkarietako laguntzailea izan zen.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan