1854-5-1. Herritar Joxe Antonio Olazabalen ordezkoen lurraldean eta Azkoitiko San Juan bainu-etxe inguruan zegoen iturriko ur sulforosoa moztu egin zuten. Orduzkero, San Juango ura ordaindu egin behar izaten zuten etxera eramateko, nahiz eta lehen inolako ordainketa gabe izan. Herritar guztiek egoki iritzi zioten itxitako iturria berriro martxan jartzeari, eta gastuak herriak ordainduko zituen, euren jabeek zituzten eskubideak zapaldu gabe. Iturria zegoen lurjabeekin harremanetan jarri ondoren (Larraar eta Etxenagusia jaunak), martxan jarri zuten.
1854-4-10. Tomas Iturbek ezohiko udalbatzarrean Rodilek ezarritako isunari buruzko kontuak aurkeztu zituen, herria urtero ordaintzen ari zelako dirua aurreratu zutenen artean.
1854-3-13. Alkateak proposatu zuen langileei eta artisauei lana eskaintzea, generoak garesti zirelako, eta hari eman zioten ahalmena enparantza aldera Santo Domingo komentuak zuen horma lurreratzeko.
1854-3-9. Sugasti etxeak eginiko ordulari bat estreinatu zuten Loiolan.
1853-12-12. Agintariek azken irailean emandako erreal ordena aztertu zuten. Ordenak zioen posta zerbitzu berria Bergara, Elgoibar, Urola bailara eta Donostia arterainokoa lotuko zuena izango zela eta estafeta Azkoitian jartzea proposatzen zuen. Agintariek estafeta Azkoitian jartzearen aukera akats bat zelakoan zeuden, ezinezkoa iruditzen baitzitzaien Azkoitiari lehentasuna ematea Azpeitia izanik lurraldeko hiriburua, herri handiagoa eta biztanle gehiagokoa. Eta, gainera, Tolosatik Bilbora, Donostiatik Bilbora eta Zarauztik Nafarroarako errepideek bat egiten zuten tokia izanik Azpeitia eta astean behin azoka berezia egiten zen herria. Hori guztia azalduz eta estafeta Azpeitian kokatzeko eskatuz erreginari txostena zuzentzea erabaki zuten agintariek.
1853-12-12. Kale berria sortu nahi zuten frontoi inguruan, eta horretarako Txarratalgo etxea bota beharra zegoen. Beraz, Udalak parrokiko apaizekin berriro harremanetan jartzea erabaki zuen.
1853-11-7. Alkateak esan zuen Santo Domingo komentua herriari eman ziotenean agindua ziotela bere aurreko horma ez lurrera botatzeko, baina garbi ikusten zelako egokia litzatekeela Enparantza Nagusiari behar bezalako zabalera emateko bera desagertzea, batez ere gogoan izanda elizaren sarrerako ganga hondamenean zegoela eta bere ertzetako bat nahiko okerturik. Baina kontuan izanik guztia aurrera eramateko bide zuzenean jokatu behar zutela, eta agintariak jakinean zirela gainera -batez ere, bertan hilobiratuak izan ziren aurrekoak errespetatuz-, alkateak esan zuen apezpikuari baimena eskatu ziola hildakoen hezurrak herriko hilerrira eramateko, egun batetik bestera iritsi zitekeen erantzuna baiezkoa izango zen itxaropena zuela esanez. Alkateak eman zituen pauso guztiak ontzat hartu zituen Udalak, eta hari eman zioten ahalmena gobernuaren baimena lortzeko gesioak egiteko, aurreko horma ahal zen azkarren botatzeko asmoz.
1853-5-23. Eliz kaleko 5., 7. eta 9. zenbakiko etxeen atzeko alderdia egitea enkantean jartzea erabaki zuten.
1853-5-22. Parlamentari Batzordeak 1850eko irailaren 30ean eginiko hamasei artikulutako galderak erantzun zituen herriak.
1853-5-22. Eliz kaleko 11., 13. eta 15. zenbakiko etxeen atzeko alderdia egiteko Joxe Mari Azpiroz perituak osatutako baldintzak onartu zituzten.
1853-5-18. Loiolako zelaian ganadu feria ospatu zuten.
1853-3-28. Posta zerbitzua Pagotxetan eta Urretxutik egiteko Azpeitiko herriak baldintzak prestatu zituen. Azkoitiak ontzat hartu zituela adierazi zuten.
1853-2-7. Elizgizonek Sebastian donearen enparantzatxoan zuten Txarratalgoa izeneko etxea botatzeko asmoa adierazi zuten.
1853-1-31. Elormendiko San Pedro ermitaren inguruko zelaiari buruz txosten bat prestatzea erabaki zuten. Zelai hori erabili zuten herritarrek beraien lisibak zabaltzeko.
1853-1-24. Matxinbentarako zirujaua izendatzeko onartuz, gobernadorearen gutunaren berri eman zuten.
1852-12-26. San Inazioren zilarrezko irudia eraman zuten Loiolako eliza nagusira. Prozesioan partaide, agintariak, parrokiko apaizak eta herritarrak izan ziren. Beharreko akta jaso ondoren, Antonio Morey Loiolako erretorearen eskuetara pasatu zuten hura gordetzeko ahalmena. Inolako aldaketarik egin gabe, jabetasuna herriarena izaten jarraituko zuen.
1852-12-20. Loiolara bueltatu berri ziren jesulagunek San Inazioren zilarrezko irudia santutegira itzultzeko erregutu zioten herriari. Udalak hala egitea erabaki zuen, baina irudiaren jabe herria izaten jarraituz. Irudiaren itzultzea hilaren 26an egitea erabaki zuten.
1852-12-13. Azken ekainaren 7an hartutako erabakia jakinarazi arren, Iturriagatxoko baserritarrak eta Genaro Enparan jabeak berean jarraitzen zutela jakinarazi zuten. Hau da, erorita zen Elormendiko ermitaren inguruko zelaian arropak eguzkitara jartzen ez zieten uzten herriko garbitzaileei. Gobernadorea jakinaren gainean jartzea erabaki zuten.
1852-11-22. Gobernadoreari idatzi batean eskatu zioten buletinean argitara zezala herriko nesken eskola maistrarik gabe zegoela, postua lortzeko oposaketa abenduaren 23an agintarien aurrean egingo zutela adieraziz. Erabateko behartsuek ez ezik, gainontzeko ikasleek ere diru laguntzak eskuratzeko aukera zuten. Galtzerdi puntua, irakurtzeko lehen pausoak eta kristau dotrina ikasten zeudenek lau marai emango zituzten astean, larunbatean ordainduz. Horrez gain, Aritmetika eta Gaztelania Gramatika ikasten zeudenek hamabi marai astean. Josten ikasten zirenek hamasei marai astean. Eta azkenik, bordadura ikasten zeudenek hogei marai astean.
1852-11-18. Hilaren 17an eguerdiko hamabiak aldera herria egoera larrian izan zela aipatu zuten, Bustinzuri errebaleko 15. zenbakiko etxeak su hartu zuelako, eta haize bihurri eta handia medio arriskuan jarri zituelako bere kontrako etxeak ez ezik urrutian zeuden beste zenbait ere. Azkenean, aipaturiko etxe hura baino ez zen gelditu hauts bihurturik, sua menperatzen egindako lanari esker. Parrokiko apaizei hilaren 21ean, igandez, meza nagusia eta 'Te Deum' abesteko gonbitea egin zieten idatziz, eskerrak emanez, agintariak bertara joanez korporazioan. Batzordea izendatu zuten herritarren artean laguntza aurkitzeko.
1852-11-17. Eguerdi aldera sute handi bat izan zen Bustinzuri errebaleko 15. zenbakiko etxean, eta arriskuan jarri zituen gainontzeko etxeak.
1852-10-19. Loiolako Ikastetxe Erreala itsasoz bestaldeko misioen ikastetxe bezala izendatzeko erret agindua eman zuten.
1852-9-27. Diputazioak jakinarazi zuen hil hartako 23an sinatutako gutun baten bidez Erraztitik Salbatorera bitarteko errepidea zabalik zela. Udalak albistea ohiko tokian zintzilikatzea erabaki zuen, guztiek jakiteko.
1852-7-19. Zabalia-barrena baserria saltzeko gobernadoreak emandako baimenaren berri adierazi zuten. 50.200 errealean tasatu zuten baserria, Santiago kaleko zati bat egokitzeko lurreratu behar ziren etxeen jabeei ordaintzeko. Baserria abuztuaren 8an, meza ondoren, enkantean jartzea erabaki zuten, Elolaren kaperautzakoa zelako eta herria bere patroia.
1852-6-21. Gobernadoreak adierazi zuen Genaro Enparanek eskatu zuela Elormendiko San Pedro inguruko zelaian arropak lehortzen jartzea debekatzeko, bere interesak defenditu ahal izateko.
1852-6-14. Gobernadoreak idatzi zuen, herriari baimena emanez 50.000 erreal eta %5 prestamenean hartzeko. Kale berri bat egin behar zuten eta etxe jabeei ordainketak egin zizkieten, euren etxeen zatiak bota eta berriro eraiki beharko zituztelako.
1852-6-7. Artetxe erregidoreak jakinarazi zuen herriko neskameei ez zietela uzten euren arropa garbiak zabaltzen Elormendiko San Pedro zelaian. Iturriagatxoko maizterrari agindu zioten bere baserrian zegoenari hori jakinaraztea, zelai hura herriarena zelako eta bera ez zelako inor debekatzeko.
1852-5-17. Eliz kaleko 17., 19. eta 21. zenbakiak zituzten etxeak botatzea erabakita zegoen, atzeko edo frontoi aldetik, eta plano geometrikoak agintzen zuen bezala altxatuko zituzten. Genaro Enparanek eta irailaren 22an izendatutako batzordeko kideek guztiaren berri zutenez, haiei kopia bat eskatzea onartu zuten, etxeen jabeekin harremanetan jartzerakoan Udalak kontuan izan zezan.
1852-5-14. Frontoiaren aldeko etxe batzuk botatzea erabakita zegoela gogorarazi zuen alkateak, onartutako plano geometrikoa kontuan izanik bertan kale berria egiteko. Etxe horien jabeei ordainketak egiteko herriaren aurrekontua 12.000 pezetara igotzea erabaki zuten. Jabeen eskaerari erantzuteko gehiago beharko zela ikusirik, aurrekontua 50.000 pezeta igotzea erabaki zuen Udalak.
1852-4-5. Santiago kalea zabaltzeko egindako gastuen zati bat ordaindu zuten.
1852-3-21. Kazuelak eta ontziak saltzen zituzten merkatarien eskaerari erantzunez, enparantza nagusian haien gauzak saltzen utzi zieten ordura arte bezala, kontuan izanik Iturritxiki etxartea zabaldu egin zela azoka egunetan, salgai ziren txerriak edukitzeko.
1852-3-21. Igandeetan egiten zituen Azpeitiko Udalak bere batzarrak, baina ikusita askotan meza nagusiaren aurretik ezin zutela amaitu, gai asko aztertu behar zutelako, bilerak astelehenetan egitea erabaki zuten.
1852-3-14. Zabalia-azpikoa baserria saltzeko apezpikuari baimena eskatzea onartu zuten, eskura zitekeen dirua Frontoia zen inguruan kale berria egokitzeko. Sochantreek erabiltzen zuten etxea zen hura, eta patroia, berriz, herria.
1852-2-29. Etxeberria eta Artetxe erregidoreek urte honetako inauterietan ospatutako zekorketetan eginiko gastuen berri eman zuten. 624 erreal ordaintzea erabaki zuen Udalak.
1852-2-22. Kristina edo Iturritxiki aldea nolatan egokitu zitekeen aztertzeko batzorde bat izendatu zuten, han zegoen zuhaiztiak ezer gutxi aurreratzen zuelako eta kalea, berriz, estua zelako.
1852-1-25. Etxeei zenbaki berriak jartzea eta aurrera eramatea onartu zuten.
1852-1-18. Etxeetako nagusiei urte honetako San Juan eguna bitartean uraren hodiak jartzeko epea zabalik zela adieraztea erabaki zuten.
1852-1-11. Azkenaldian etxe berriak egin zituztela-eta, kaleetako etxeen zenbakiak aldatzeko azterketa egiteko batzorde bat izendatu zuten.
1852-1-1. Azpeitiko Musika Bandaren sorrera urte modura jo daiteke, 1852koa baita haren lehenengo aztarna. Izan ere, bandaren zuzendaria udal langileen artean ageri zen orduko kontuetan. Zuzendari hura, Sekundino Etxeberria zen.
1851-12-21. 'Artxola' eta Zuaneta palankariak neurtzekoak ziren zortzi librako palankarekin aritzeko, baina Zuaneta ez zen agertu.
1851-10-13. Santiago kaleari buruzko arauak onartu zituzten, eta bertako etxeen jabeekin harremanetan jartzea erabaki zuten.
1851-10-12. Gutun baten bidez gobernadoreak jakinarazi zuen ontzat hartzen zuela herriaren plano geometrikoa. Momentuan frontoiaren inguruko kalea egiten hastea erabaki zuten.
1851-9-21. Azpiroz perituak eginiko txostena Angel Segurari -Indokoa etxearen jabeari- pasatzea erabaki zuten, denbora galdu gabe hondamenean zituen hormak lurrera zitzan, eta zerbait atzeratu bere atzealdea, plano geometrikoak agertu bezala. Garai hartan sortzear zen kale berri bat -Santiago kalea-, eta bertako etxeak ez ziren batere parekatuak -batzuk luzeagoak besteak baino-, nahiz eta guztiek Eliz kalean izan aurrealdea.
1851-9-7. Probintzian Espainiako Estatuaren Orubeak administratzen zituen Gregorio Manterolak eta hari idaztea erabaki zuten, esanez azken urtarrilaren 21etik herriaren eskuetan zela Santo Domingo komentua izandako eraikina, eta bertan maiztertzan zirenei bakean uzteko aipaturiko egun horretatik aurrera, errentarik eskatu gabe.
1851-5-15. Erraztibasotik Salbatorera egindako bidea zuzentzen zuen Manuel Peironcelyk zioen derrigorrezkoa zela Urrestillako zubian aldaketak egitea. Herriak adierazi zuen behar zena egiteko prest zegoela.
1851-5-8. Gabriel Zelaiak zera adierazi zuen idatzi baten bidez: Ana Maria Inazia Manzisidorrek eginiko testamenduari esker, bi margo zituela berak, eta batek nolabaiteko meritua zuela. Parrokian zintzilikatzeko gogoa zuenez, herriaren ordezkari bat beregana bidaltzeko eskatu zuen, margoak jaso eta euren ordez errezibua emateko ahalmena zuena. Margoak parrokiko etxezainari ematea jakinarazteko erabaki zuen herriak, behar zen tokian zintzilikatzeko.
1851-5-1. Herriko sendagile postua lortu nahirik 23 lagunek eginiko eskaerak irakurri zituzten, eta haiei buruz zerbait gehiago jakiteko batzordea izendatu zuten. Batez ere, haien maisutasuna eta sendaketak egiteko ahalmena aztertu zituzten.
1851-4-10. Frontoiaren inguruan pasabidea uzteko, Joakin Insausti -Eliz kalean 19. zenbakia zuen etxearen jabea-, atzeko aldea mozteko prest agertzen zela adierazi zuten, baldin eta herriak eginiko kalteak ordaintzen bazituen. Kalte horiek tasatzeko perituak izendatzea erabaki zuten. Horren berri Agustin Iturriagari jakinaraztea erabaki zuten, baita bere lur zati bat eskatzea ere, ordainduko ziotela esanez. Santiago kalea sortzear zen.
1851-1-19. Euskal Probintzietarako Espainiako etxalde administrariak, egindako eskaerari erantzunez, herriari gogorarazi zion Santo Domingo komentua eman ziotela Guardia Zibilaren kuartela egiteko eta ibiltari tropak bertan gelditzeko.
1851-1-9. Goiko kalea harriztatu zuten.
1850-12-21. Euskal probintzietan Espainiako Estatuko ondareen administrari Joakin Lopez Quintanak abenduaren 18an sinatutako gutunean, urriaren 8an bidalitako eskutitzean esanikoak gogorarazi zituen. Hau da, Santo Domingo komentua zen horretan denda publikoa jartzeko aukera. 1849ko urriaren 30ean emandako erret ordenak esaten zuen moduan, zortzi eguneko epean erantzuteko eskatu zioten Azpeitiko herriari, erantzunik ezean ezezkotzat hartuko baitzen. Administrariari erantzutea erabaki zuten, urriaren 8an idatzitako gutuna herriak ez zuela jaso, baizik eta abuztuaren 14koa eta irailekoa. Gutun haietan, bertan behera utzitako komentuen eraikinen egoeraz galdetu zuten, baita Santo Domingoko komentuan karabineruentzat kuartelik egin al zitekeen ere, eta zer kostu izango lukeen. Herriak Santo Domingoko komentua zerbitzu publikorako ematea ontzat zuen eta, hala izango zen jakin nahi zuenez, Jose Manuel Aranburu Gasteizko biztanlearen bidez administrariari gutuna bidaltzea erabaki zuten.
1850-5-2. Fernando Etxeberria arkitektuak San Agustin komentuan egin nahi zituen obrei buruzko txostenaren eta aurrekontuaren berri eman zuten.
1850-2-14. Buletin ofizialean hil honen 13an argitaratutako auziaren berri akta liburuan idaztea erabaki zuten. Herriak Juan Bautista Altuberekin zuen auziaren berri, hain zuzen ere. 1821etik 1823ra bitartean lurren erosleak txartel arriskutsu eta faltsuak aurkeztu zituen, onak eta baliagarriak izango balira bezala, eta oraindik aurkezteko zituenak lehenbailehen ager zitzan eskatu zioten, edo, bestela, haiek ordaintzeko eskatu zuten.
1850-2-7. Karnabal iganderako, astelehenerako eta astearterako, Enparantza Nagusian, tabernariei laguntza eskatuz, hesiak jartzea erabaki zuten. Igandean eta asteartean pare bat zezenko ibiliko ziren eta astelehenean, berriz, bat edo bi bigantxa.
1850-1-9. Rodil jeneralak 1834ko irailean ezarritako isuna ordaintzeko herritarrak emandako laguntzaren berri adierazi zuten, herria 111.094'5 erreal zorretan zela jakinaraziz.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago