1905-1-9. Gernikako arbolaren landarea ekarri zuen Aurelio Ortizek erabilitako 'land' deituriko gurdiaren akura ordaindu zuten.
1904-12-5. Alkateak proposatu zuen, txistulariak lagun zituztela, zinegotziek ongi-etorria egitea Aurelio Ortizi. Hura zen Gernikako zuhaitzaren jatorrizko landareak ekarriko zituena.
1904-11-28. Gortean lurraldeko diputatu Teodoro Aranak Gernika-Lumoko jatorrizko zuhaitzaren landare bat eskaini zuen, gutun bitartez. Udalak eskaintza ontzat hartu zuen, eta eskerrak eman zizkion.
1904-11-28. Zinegotzi batek Andre Maria Sortzez Garbiaren eguna urte hartan ospatzea proposatu zuen, herriaren askatasunaren sinboloa zen zuhaitza aldatuz meza nagusia amaitzean; agintariek ez ezik, apaizak ere lekuko zirela eta, nahi izanik, azken foru diputatu Juan Bautista Azilona gonbidatuz. Horrela egitea erabaki zuten, eta gainontzeko ekintzen antolaketa alkatearen eskuetan utzi zuten.
1904-11-21. Ramon Mari Lilik idatzi zuen gutuna aipatu zuten, eta hark eskerrak eman zituen herriak zoriondu egin zuelako Gipuzkoari alkoholen legea ezartzean gobernadore zibilaren postua utzi zuela-eta.
1904-11-21. Alkateak proposaturik, foruen sinbolo Gernikako zuhaitzaren jatorrizko landare bat Kristina enparantzatxoan jartzea onartu zuten. Tokia egokitu zuten horretarako.
1904-11-15. Inazio Fort alkatearen proposamena onartuz, Ramon Mari Lili zoriontzea erabaki zuten. Izan ere, Alkoholen Legea euskal probintziei ezartzean, probintziako gobernadore zibilaren postua utzi egin zuen eta, horrela, betidanik zeukan abertzaletasuna agertu zuen.
1904-11-15. Zinegotzi baten proposamena onartuz, herriko enparantza nagusiari 'Plaza Mayor' deituraren tokian 'Plaza de los Fueros' jartzea erabaki zuten.
1904-10-31. Herriari tokatzen zitzaion zutoihal egoki bat egitea erabaki zuten.
1904-10-31. Inazio Font alkateak kargua utzi egiten zuela adierazi zuen, gauza guztien gain euskaldun sentitzen zela, eta gobernadore zibilaren eta beste herri batzuetako alkateen jokaera jatorra imitatzen zuela. Korporazioak aho batez txalotu zuen abertzaletasun jokaera hori, aktan idatzirik uztea erabakiz. Udalen korporazioari eragiten zion mozioa aurkezteko asmoa zuenez, Clementek batzar sekretu batetan udal berria osatzea eskatu zuen, eta horrela erabaki zuen Udalak.
1904-10-24. Diputazioko Batzordeak eginiko idatzia gustura jaso zuten, eskerrak emanez Udalari Espainiako Gobernuaren aurrean protestatu zuelako azkenaldian alkoholen zerga igo zutelako, Gipuzkoak zituen eskubideen kontra.
1904-9-19. Alkateak esan zuen ganaduen hiltegi berria egiteko lurraldea erosteko osatutako batzordeak San Millango markesarekin harremanetan jarri ondoren prezioa eta baldintzak ontzat hartu zituela -parrokiko sakristiaren inguruan kokatuko zuten-. 1.775 pezeta ordaindu eta eskritura sinatzea erabaki zuen Udalak.
1904-8-17. Santiago Agirre Segurola 'Txikuri' pilotaria jaio zen.
1904-7-4. Santo Domingo eta Santiago kaleak ez ezik, Kristina plaza txikia ere asfaltatzea erabaki zuten.
1904-6-13. Batzordea izendatu zuten ganaduen hiltegia egiteko lurraldea erosteko parrokiaren atzean.
1904-5-16. Diputazioaren gutunari erantzunez zera adierazi zuen herriko Ogasun Batzordeak: herrian ez zegoela langileen etxebizitzen beharrik. Udalak haren iritzia onartu zuen.
1904-5-16. Gauzainek orduetan eta erdietan kantatzen zutenean esaten zuten 'Alabado sea Dios' hitzei, 'y la Purisima Virgen' gehitzea eskatuz zinegotzi batek aurkezturiko mozioa onartu zuten.
1904-4-30. Parrokiko dorrean eta aurreko enparantzatxoan berrikuntza lanak hasi zituzten.
1904-4-11. Leon Lopetegi, S.J. historialaria jaio zen.
1904-3-14. Dionisio Soroetak bidalitako gutun pozgarriaren berri eman zuten. Zumaiatik Zumarragarako tranbia elektrikoaren eskubideak bereganatu zituela zioen Soroetak gutunean, eta ahal zuen guztia egiteko prest zegoela ahalik eta azkarren lanak hasteko.
1904-3-5. Errukietxeko juntak eginiko eskaera kontuan izanik, bertan kirofanoa edo ebakuntzarako gela bat egokitu nahirik, Udalak 300 pezetako diru laguntza ematea erabaki zuen.
1904-2-22. Plaza Txikiko 1. zenbakia zuen lehen eta bigarren solairuko errenta izendatu zieten (500 pezeta urtean) Marista Anaiei.
1904-1-11. Xebastian Camio arkitektuak azaldu zituen Azoka plazako obren diru alderdia onartu zuten.
1904-1-4. Sebastian donearen eguneko eta inauterietarako zezenak ez ezik, tarteko igandeetarako ere zezenak aukeratu eta tratua egiteko batzorde bat izendatu zuten.
1903-12-26. Joxe Martin Goenaga 'Atxumarriaga' eta Pedro Mari Otaño 'Santa Ageda' aizkolariak neurtu ziren herriko plazan. Atxumarriagak irabazi zuen.
1903-10-26. Ramon Nazabal, Xalbador Bengoetxea eta Galo Barrenak karlista mitin bat egiteko Azoka plaza edo zezen-plaza eskatuz eginiko eskaeraren berri eman zen. Agintarien artean eztabaidak sortu ziren eta bozketa egin zuten. Clemente, Arozena, Orbegozo, J.I. Azpiazu, Aztiria, Uranga, Belaustegi eta Iriartek baiezkoa eman zuten. Ezezkoa, berriz, Iarza, Alberdi eta alkateak.
1903-10-19. Berrasoeta-barrena baserrian izandako sutea itzaltzen lagundu zutenei afaria ematean eginiko gastuak ordaintzea erabaki zuten.
1903-9-21. Pozik jaso zuten Hego Euskal Herrian Obra Publikoen zuzendaria ingeniariak bidali zuen albistea: Azkoitia eta Zumaiaren arteko Urola tranbiaren kontzesioa.
1903-7-31. Zezen-plaza berria inauguratu zuten.
1903-7-27. Alkatearen mozioari esker, Elgoibartik Donostiarako trenak herriko festetarako zerbitzu berezia jarri zutenez, herrian kotxeak zituztenei tren horiekin bat eginda zerbitzu bereziak eskaintzeko eskatzea erabaki zuten.
1903-7-20. Alkateak aurkeztutako mozioa onartuta, Bilbotik Donostiarako trenaren konpainiari San Inazio festetan prezio merkeagoak jartzea eskatu zuten.
1903-7-13. Apezpikuak Anaia Maristak herrian gelditzeko eman zuen baimenaren berri adierazi zuen. Herriak pozik hartu zuen erabakia.
1903-7-6. Herriko Osasun Juntaren eskaera ontzat hartu zuten, eta Kristina enparantza txikiko pixatokiak botatzea erabaki zuten.
1903-7-1. Herriak Anaia Maristekin egindako kontratua onartu zuten.
1903-6-8. Herria eta Anai Maristen arteko konbenioaren oinarriak onartu zituzten ikastetxe bat herrian jartzeko.
1903-5-25. Bustinzuri errebaleko biztanleen eskaerari erantzunez, iturria jartzea erabaki zuten Sagastizabal baserrirako bidea hasten den tokian.
1903-4-27. Zezen-plaza berria inauguratu behar zutela-eta, saninazioetarako zezenketak antolatzeko batzordea sortzea erabaki zuten.
1903-4-22. Usabiaga jaunaren alargunari zezen-plazarako lur zati bat erostea erabaki zuten.
1903-4-22. Herrian ikastetxe bat ireki nahi zuten Anai Maristekin harremanetan jartzeko, batzordea izendatu zuten.
1903-3-23. Arana errebalean behar zen lurraldea libre uztea erabaki zuten, beharrezko zuzentasuna eta zabalera emateko Azkoitira abiatzen zen errepideari.
1903-3-23. Ontzat hartu zuten zezen-plaza berria egiteko Nikolas Azpiazu Olaizolarekin eginiko enkantea. Hamar egunen barruan beharreko bermea osatuko zuen agiria aurkezteko gelditu zen.
1903-3-16. Elosiaga auzoko alkateari 225 zatiko ematea erabaki zuten, Nuarbe auzora bitartean bidea zabaltzeko.
1903-3-16. Joxe Luis Beristaini bi lur zati erostea erabaki zuten, bi horiek zezen-plaza egiteko behar zen zatiarekin trukatzeko.
1903-3-9. Egin zuen eskaerari erantzunez, Felix Ortiz y San Pelayo herritar izendatzea erabaki zuten, Udal Legearen 16. artikulua gogoan izanik.
1903-3-9. Alkatearen mozioa ontzat hartuta, udaletxeko elektrika argia gehitzea erabaki zuten.
1903-3-4. Zezen-plaza berria egitea enkantean jartzeko baldintzak irakurri eta onartu zituen herriak.
1903-3-4. San Sebastian egunean eta astearte karnabalera bitarteko igandeetan kaleratu ziren zezenak ordaindu zituzten.
1903-3-4. Alkatearen mozioa onartuz, udaletxeko balkoietarako esekiak eginaraztea erabaki zuten.
1903-2-18. Zezen-plazaren proiektua onartu zuen gobernadorearen gutuna jaso zuten.
1903-1-27. Zezen-plazako obrak zatika ordaintzeko egindako aurrekontu berezia onartu zuten.
1903-1-12. Udalak, Inazio donearen jaietarako zezen- plaza amaiturik egon zedin, tramite guztiak ahalik eta azkarren aurrera eramatea erabaki zuen.
1903-1-5. Azoka plaza iparraldetik ixten ari zen Joxe Antonio Juaristi, eta hari agintariek bermea erabat osatzea ezinbestekoa zela gogoraraztea erabaki zuten.
1902-12-23. Sebastian Camio arkitektuak zezen-plaza berriko obren likidazioa aurkeztu zuen, eta Udalak hori aztertzeko batzordea izendatzea erabaki zuen.
1902-12-23. Uranga zinegotziaren proposamena onartuz, hilaren 22an ospatu zen ganadu feriaren sortzaile Iarzari eskerrak ematea erabaki zuten.
1902-12-15. Domingo Ezeizak prestatutako zezen-plazaren aurrekontua aurkeztu zuten. 59.295,50 pezetakoa zen, eta jaitsiera batzuekin 47.848,50 pezetatan gelditu zitekeen. Eztabaidatu ondoren eta iritzi desberdinak agertzean, bozketa bidez ontzat hartu zuten: zazpi baiezko eta lau ezezko.
1902-11-17. Azoka plazaren iparraldea ixteko obrak enkantean jartzeko baldintzak onartu zituzten.
1902-10-6. Domingo Ezeizak prestatutako zezen-plazaren hiru proiektu aztertu zituzten, eta nahiko eztabaida sortu zen gastatu beharreko diru kopuruari zegokionez. Azkenean, 50.000 pezeta eta lurra inbertitzea erabaki zuten.
1902-9-15. Eztabaida baten ondoren Azpeitiko Udalak Domingo Ezeiza maisuari zezen-plazaren planoa eta aurrekontua prestatzeko agintzea erabaki zuen, beharko zen lurraldea kontuan izan gabe baina 35.000 pezetatik gora pasatu gabe.
1902-9-10. Arte eta Ofizio Eskola herrian jartzeko proiektua aurkeztu zuen Joxe Iarza zinegotziak, eta hiru arlotan banatu zuen egitasmoa: 1. Artistikoa. 2. Komertziala. 3. Nekazaritza eta Abeltzantza.
1902-8-23. Ildefontso Gurrutxaga historialaria jaio zen. Euskadiko fiskal nagusia ere izan zen 1937an.
1902-8-4. Azkoititik Zumaiara bitarteko tranbiari buruz Gipuzkoako Obra Publikoen ingeniariburuak egindako idatzia irakurri ondoren, Udalak proiektua onartzea erabaki zuen, baina ezarritako baldintza batzuk bete beharko zituen. Horrela, tranbiak kalearen ezker aldetik joan beharko zuen, bera eta etxebizitzen artean 0'75 metroko tartea utzita. Tranbiaren martxa abiadak herria igarotzean, berriz, pertsonaren pausokoa izan beharko zuen. Azkenik, etenik gabe kanpaitxoa joko zuen bide guztian, eta alanbrea eta errailak jartzeko lanak eta kalean egin zitezkeen kalteak kontzesionariak ordaindu beharko zituen.
1902-8-4. Alkateak, Alberdik eta Urangak osatutako batzordea izendatu zuten, herriz kanpo zezen-plaza egiteko lurraldea erosi eta aurre gestio guztiak egiteko.
1902-8-1. Plazan altxatzen zen egurrezko zezen-plazan azken zekorketa ospatu zuten. Beriain semeen zezenekin Tomas Alarcón 'Mazzantinito' toreatzailea neurtu zen.
1902-7-23. Etxebizitzatarako ura banatzeko herriak prestatu zuen arautegia eta tarifa zerrenda Probintziako Batzordeak ontzat hartu zituela adierazi zuten.
1902-7-23. Herriko Osasun Juntak egindako proposamena egokitzat hartu eta komunak estolderiara bat eginda zituzten herritar guztiak etxeetara ura sartzera derrigortzea erabaki zuten.
1902-7-14. Azoka plaza estalia inauguratu zuten.
1902-7-9. Azoka plaza estaliaren arkitektu zuzendariak adierazi zuen lana amaitu zuela. Udalak igande arratsaldean bedeinkatzea eta ondorengo igandean inauguratzea erabaki zuen.
1902-6-30. Zinegotzi batek adierazi zuen Azoka plaza estalia amaitzear zirela eta herriaren eskuetara pasatuko zela uztailaren lehen egunean. Inaugurazioa ospe handiz egitea proposatu zuten eta, beraz, aurrez kontratistari agindu zioten ibaiko oztopo guztiak kentzea eta Harzubitik Ibaiederren gainean zen zubirako bidea egokitzea, baita zelai txikia ere. Ahalmena eman zioten alkateari kontratista eta erretorearekin harremanetan jartzeko eta zerbait antolatzeko inaugurazio egunerako.
1902-6-25. Azoka plaza estalirako arautegia onartu zuten.
1902-6-16. Bizkortze Batzordeari Azoka plazako arautegia prestatzea eskatu zioten.
1902-6-16. Jorratu ondoren, erabaki zuten hamabost mila pezeta ematea Zumarragatik Zumaiara bitarteko tranbia elektrikaren proiekturako.
1902-6-9. Etxebizitzetara ura zabaltzeko arautegia onartu zuten; hau da, argitaratu eta zabaltzea erabaki zela.
1902-6-2. Azoka plazan iturri bat jartzea erabaki zuten eta bertako komunetara ura sartzea.
1902-5-7. Azoka plaza estaliaren kontratista Martin Altunak egindako eskaerari erantzunez eta obra zuzendari maisuarekin harremanetan jarri ondoren, ekainaren 30era arteko azken luzapena eman zioten guztia amaitzeko.
1902-5-7. Zumaiatik Zumarragara jarri nahi zuten tranbian interesaturik zeuden herrietako ordezkariekin eginiko azken bileraren berri eman zuen alkateak. Sansineneak eginiko proiektu berria aztertu zuen, eta herri bakoitzaren gai nagusia herritarrek ordain zezaketena zela adierazi. Udalak herritar berezien iritziak jasotzea erabaki zuen, eta hilaren 14rako bilera deitu zuen, goizeko hamarretarako.
1902-4-7. Joxe Mari Gurrutxaga 'Txokolo Zaharra'-k eginiko proposamena Udalak ontzat hartu zuen: Musika Bandari ordainketa egitea, bera osatzen ahalegintzen zelako.
1902-3-24. Azoka plaza estaliaren obren zuzendariaren agiriari erantzunez, Martin Altunari hogei mila pezeta ordaintzea erabaki zuten.
1902-2-10. Azoka plaza egiten ari zen zuzendariaren txostena jaso zuten. Han adierazten zuenez, elurteak lanean atzerapen handia sortu zuen. Udalak hari erantzutea erabaki zuen, atzerapenean zerikusia langintza alde batera uzteak izan zuela esanez. Hala ere, luzapena eman zion lana bukatzeko, baina herritarren kexak gogoan hartu gabe. Bestetik, Azoka plazak maiatzaren lehen egunerako amaituta egon behar zuela agindu zioten.
1902-2-10. Plaza Txikiko 1. zenbakia zuen etxea saldu nahian, bera enkantean jartzeko baldintzak onartu zituzten, eta beheko solairu gabe egin zuten enkantea.
1902-2-3. Joxe Frantzisko Etxanizek eginiko eskaera onartuz, Urrestillan elektrika indarra sartzeko egiten ari ziren lanak amaitzeko 20 eguneko luzapena eman zioten.
1902-1-27. Ramon Nazabali Urrestillako biztanleen etxeetara elektrika argia eramateko baimena eman zioten.
1902-1-27. Julian Ortizek eginiko proposamena onartu zuten. Proposamenak zioen otsailaren 2rako Musika Banda osatuko zela, eta egun berean eta karnabaletan kaleratuko zela.
1902-1-25. Urrestillan jaio zen Donato Aristi, urteetan Urrestillako parrokiko organojolea izan zena.
1902-1-22. Azoka plaza estali berrian kalte batzuk gertatu zirela jakin zenean, hura guztia aztertu ahal izateko udalbatzarrean batzorde bat izendatu zuten.
1901-12-30. Azoka plaza estaliaren obren bigarren zatia ordaintzea erabaki zuten, lanen zuzendariak aurkeztutako likidazioa onartu ondoren.
1901-12-9. Alkateak jakinarazi zuen Joxe Frantzisko Etxanizi Urrestillako argikuntza egiteko urtarrila arteko zeukan epea motz gelditu zitzaiola. Hori zela-eta, Udalak epea luzatzea erabaki zuten otsailaren 1era arte.
1901-11-25. Udalak, Azoka plaza berriaren obren zuzendariak egindako proposamena irakurri ondoren, maiatzaren 1a jarri zuen obra amaitzeko epe bezala.
1901-10-1. Euskal Festak amaitu ziren herrian.
1901-9-28. Euskal Festak hasi zituzten herrian, urriaren 1era arte.
1901-9-16. Aztiriak proposatu zuen bigarren mailako heziketa ikastetxea ezerezean uztea, eta bozketa baten ondoren erabaki zuten proposamena ontzat hartzea.
1901-6-3. Frantzisko Altuna izendatu zuen Udalak Azoka plazako obrak zaintzeko ikuskari.
1901-6-3. Azoka plazako kontratista Martin Altunari baimena eman zioten zelai txikiko sei zuhaitz ebakitzeko. Baina lanak amaitzean berriak sartu beharko zituen.
1901-6-3. Alkateak adierazi zuen udaletxea txukuntzeko garaia iritsi zela. Lehenik arkupea egokitzea erabaki zuten.
1901-4-1. Martin Altuna kontratistak Azoka plaza estalia egitearen eskaeraren berri eman zuten. Amu baserritik obrak egingo zituzten tokira trenbide estu bat jartzeko baimena eskatu zuen, eta aipaturiko baserritik Amuko zubira bitartean, obrak amaitzean, bidea lehen bezala utziko zuela agindu zuen. Herriak baiezkoa eman zion.
1901-3-11. Martin Altunarengan Azoka plaza estalia egiteko errematea onartu zuten.
1901-2-25. Gauzainei longainak eta farol berriak ematea erabaki zuten.
1901-2-11. Urrestilla eta Aratz-Erreka bitarteko bidea konpontzeko herriak 240 errazio edo zatiko, bolbora, metxa eta abar, eta hargin ofizial bat eman zituen.
1901-2-4. Arkuak egokitu eta udaletxearen aurrealdea txukuntzeko proiektuak aurkezteko gonbitea egin zuten.
1901-1-23. Iristaioko urak aztertu ondoren, Emilio Azarolari eskaini zioten berak herriratzeko ikerketa egiteko.
1901-1-6. Inazio Orbegozo 'Arriya' aizkolaria jaio zen. Deitura bereko aizkolari handien hasiera izan zen.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago