Efemerideak

  • 1493-8-30. Erreal zedula baten bidez bost mila marai gehitu zizkioten Juan Antxieta musikariari, aurrez kobratzen zituen hogei mila maraiko soldatari.
  • 1491-12-25. Loiolako Inazio jaio zen.
  • 1484-11-24. Errege Katolikoek, agintari aukeraketa herri barrukoen artean soilik egin zitekeen zedula sinatu zuten.
  • 1480-2-6. Joanes Antxieta musikaria, Errege Katolikoen Abeslari eta Kaperau postuez jabetu zen.
  • 1476-5-23. Errege Katolikoek herriaren pribilegioak konfirmatu zituzten.
  • 1475-11-20. Herrian ziren hiru labarik egurra euren labeentzako izatea eskatu zuten, eta Udalak erabaki zuen bakoitzari hamabi gurdi egur ematea, baina aurrez baso zaindariak seinalaturik.
  • 1470-11-20. Enrique IV.ak baimena eman zuen Bidaniko Usarragan egiten ziren Gipuzkoako Batzar bereziak bertako San Bartolome elizan egiteko, eta Basarten ospatzen zirenak Azkoitiko Santa Krutz monastegian edo Azpeitiko Olazko Andre Mariaren ermitan egiteko.
  • 1458-9-29. Azkoitia-Azpeitia arteko muga onartu zuten.
  • 1458-9-28. Azpeitiko herriaren lurraldeak mugatzen zituen karta-partida eman zuten.
  • 1457-3-30. Oñaz eta Ganboatarren arteko borrokan ziren sendien dorretxe guztiak lehen solairura bitartean botatzea agindu zuen Enrike IV.a Espainiako erregeak.
  • 1456-3-17. Enrique IV.a Espainiako erregeak herriaren pribilegioak baieztatu zituen.
  • 1448-6-23. Arrasateri su eman zioten oñaztarrek, eta azpeitiar askok parte hartu zuten.
  • 1431-1-15. Lope Garcia Lazkanok bere testamentua egin zuen Azpeitian.
  • 1414-2-6. Parrokiko apaizen berri eta haien soldatak adierazten zituen eskritura sinatu zuten Iruñean, erretorearen eta Lope Garzia Lazkanoren artean.
  • 1413-8-2. Pribilegio bat eman zuen erregeak Burgosen (Espainia), herri barruan eta kanpoan bizi zirenen arteko iskanbilak mozteko asmoz. Lehenengoen aldeko erabakia hartu zuen.
  • 1407-10-22. Enrique erregeak pribilegio bat eman zuen Braganzan (Portugal), herriak zituen pribilegioak ontzat harturik.
  • 1407-7-19. Herriak zituen pribilegioak onartu zituen Juan II.a erregeak, Burgosen (Espainia).
  • 1407-7-8. Herriaren eskaerari erantzunez lurraldekoei herriz kanpo ogia eta ardoa saltzeko debekua onartu zuen erregeak.
  • 1406-4-23. Valladoliden (Espainia) konfirmatu zituen Espainiako errege Enriquek herriari emandako pribilegioak.
  • 1399-1-24. Santa Maria de Pelayosen erregeak emandako zedula baten bidez, ordainketa batzuk egitera herria salbuestu zuten.
  • 1391-4-20. Gaztelako errege Enrique III.ak aurrez herriari emandako pribilejioak baieztatu zituen.
  • 1390-6-25. Erregeak, Leon hirian (Espainia) herriaren pribilegio bat sinatu zuen, aurrekoek konfirmatuz.
  • 1388-5-21. Aita santu Klemente VII.ak Azpeitiko erretoretzako Pelegrino Gomez izendatu zuen, baina herriak ez zuen ontzat hartzen.
  • 1379-8-6. Juan I.a erregeak herriaren pribilegioak konfirmatu zituen, Burgosen (Espainia).
  • 1357-5-6. Soreasu errota egitea erabaki zuten.
  • 1353-5-8. Pedro erregeak Azpeitiko lurraldeko biztanleen aurkako eginbidea eman zuen, Valladoliden (Espainia). Herritik kanpo bizi zirenen aurka herriak jarritako auzia zen; horiek ez zuten onartzen aurrez sinaturiko herritar izateko eskubidea eta herriaren lurraldea pribilegioak errespetatu ere ez. Santxo Ruiz izendatu zuten euren prokuradore bezala. Herriaren lurraldea ontzat hartzea agindu zien erregeak.
  • 1352-6-25. Pedro I.a erregeak 1348ko urtarrilaren 18an herritar egin zirenek sinatutako idatzia onartu zuen.
  • 1352-6-21. Pedro erregeak ontzat hartu zuen 1348. urteko urtarrilaren 18an herriko lurraldean bizi zirenen artean sinatutako auzotasuna.
  • 1351-10-2. Pedro I.a erregeak Azpeitiaren pribilegioak konfirmatu zituen.
  • 1348-1-18. Herriaren harresiaren kanpotik eta sarreraren ondoan, Otalora alkatea, herritar gehiengoa eta Azpeitiko lurraldean bizi ziren beste 85 lagun bildu ziren eskribauarekin bat eginik, eta azken horiek adierazi zuten zeukaten guztiarekin Salvatierra herriko biztanle eta herritar izan nahi zutela eta bere arauak ontzat hartzen zituztela. Eta haiek bezala, beraien seme, biloba eta ilobak denbora guztirako, eskatuz guztia jasotzen zuen idatzia Alfontso erregeari bidaltzea, ontzat har zezan.
  • 1348-1-8. Iraurgi bailarako biztanle batzuek eskritura bat sinatu zuten, Azpeitiko herriarekin bat egiten zutela esanez.
  • 1334-6-20. Alfontso XI.ak baieztatu zuen Fernando IV.ak emandako pribilegioa. Pribilegio horren arabera, Soreasuko monasterioa Iraurgiko Salbatierrako biztanleei eman zieten.
  • 1331-9-3. Alfonso XI.a erregeak herriaren pribilegioak konfirmatu zituen Segovian (Espainia).
  • 1319-5-6. Enparan errotan aleak ehotzeko agindua eman zuten.
  • 1315-6-30. Alfonso erregeak herriari emandako pribilegioak konfirmatu zituen Burgosen (Espainia).
  • 1311-6-1. Fernando IV.a erregeak bigarren karta-puebla eman zion herriari. Egun horretatik 'Salvatierra de Iraurgi' deitu zen, eta Soreasuko San Sebastianen monastegia donatu zion.
  • 1310-2-20. Garmendia de Iraurgui izenpean, Garmendi gainean herria sortzeko baimena eman zuen Fernando IV. erregeak.
  • 1305-6-22. Soreasuko Monastegia eman zion Fernando IV.ak Oñatiko jauna zen Beltran Ibañez Gebarari, Araban Ibañezek berak zituen lurralde batzuen truke.
  • 1287-5-10. Juan I.a erregeak Soreasuko Sebastian donearen monastegiko patronatua eman zion Beltran Yañez Oñazi.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan