1557-3-31. Hiru egunen barruan Enparan kalean bota zen dorrearen hondakinak kentzea eskatu zioten Aszensio Eizagirre jabeari.
1556-11-2. Frantzisko Borja eta Aragonek herriko agintari eta berezien aurrean esan zuen ez zela egia herrian zabaldurik zegoena -Elolako hiru kaperau izendatu zituela parrokiko patroi bezala jokatuz-, baizik eta herritarrek asmatutako gezurra zela hori, herriaren eta bere artean eztabaida sortu asmoz.
1556-11-2. Herritarren aldetik Borjari eskatu zioten herriaren eta bere artean ez ezik, erretorea eta apaizen artean ziren iskanbilak mozteko bidea aurkitzeko, eta bi alderdiek Amador lizentziatua eta Martin Perez Zurbano izendatu zituzten gestioak egiteko.
1556-10-29. Atxaran batxilerrari eta Lopez Zubizarreta eta Akemendi lizentziatuei elkarlanean Elolaren Fundazioko ordenantzak idazteko eskatzea erabaki zuten. Kaperau, gramatika, katedra eta ezkongaien doteei buruz guztia jasotzea eskatu zieten.
1556-10-19. Juan Borja erretoreak jakinarazi zuen Elolaren kapera egiten ari zen Domingo Rezabal maisuaren ustez elizaren pilare bat nahiko hondaturik zela, eta herriak erabaki zuen Hernanin zen Domingo Olozaga maisuari albistea pasatzea eta herrira etortzeko eskatzea.
1556-8-4. Herri barruko eta kanpoko biztanleek aginduta, lau gizonezko basoan ibili ziren zenbat ezkur zegoen jakiteko. Udalbatzarrean 310 txerrirentzat adina ezkur bazela adierazi zuten.
1556-7-31. Loiolako Inazio hil zen, Erroman.
1556-5-5. Haragi hornikuntza egiteko baldintzak izendatu zituzten, batez ere ahariari dagokionez.
1555-10-2. Alkateek, erregidoreek eta eskribauak erabaki zuten batzarretan erabilitako gaiak isilean gordetzea, eta zin egin zuten, gainera.
1555-9-29. Alkateek, karguei zin egitean, Elolaren testamendua gordetzea sinatu zuten.
1555-4-5. Felipe II.a Espainiako erregeak Gipuzkoako korrejidoreari armaturik zen jendea sakabanatzeko agindu zion. Ondoren, Urrestillako aldarea eta eliza lurreratzeko agindu zuen.
1554-11-18. Pedro Ugartek herriarekin eskritura sinatu zuen, Pagaola eta Korostorzu inguruko basoetan 600 oinkada gaztainondo landatzeko 11 urtean, bi hosto aldi egitean herriaren eskuetara pasatuz.
1554-3-27. Urrestilla, Nuarbe, Aratz, Oñazmendi eta Elosiagako biztanleen eskaerari erantzunez, Julio III.a aita santuak Urrestillako eliza egiteko bulda eman zuen.
1553-12-14. Nikolas Saez Elolak testamendua egin zuen, bere ondasunen patroi Udala izendatuz.
1553-11-6. Ternuako bakailoaren hornikuntza errematera atera zuten herriaren aldetik.
1552-4-22. Herriaren ordenantza berriak onartu zituzten, aurrez zituenak zerbait aldatuz.
1551-12-13. Frantzisko Ibañez Garagarzak Enparan eta Soreasu errotak hartu zituen errentan.
1551-11-30. Txakolinaren hornikuntza enkantean jarri zuten, Getariakoa edo bere lurraldekoa izan beharko zuena. Bi etxetan pitxar bakoitza hamalau maraitan salduko zuten abuztuko Andre Mariaren egunera bitartean.
1551-8-1. Frantzisko Borjak bere lehendabiziko meza eman zuen Loiolako San Inazioren otoiztegian.
1551-1-18. Errekalde errementeriko Sebastian Makibar nagusiak erosi zuen Gorostegi edo Putzuezkutueta deitutako mendia.
1551-1-13. La Plata (Bolivia) herrian Juan Ibañez Garagarza hil zen.
1551-1-12. Gaur egun Sucre bezala ezagutzen den La Plata herrian testamentua egin zuen Juan Ibañez Garagarzak. Haren ondasun batzuk Potosiko Meategietan jarri zituzten eta beste zati bat, berriz, Azpeitiko bere etxearen ondoan ospitale bat sortzeko utzi zuen. Negozio gizona zen eta, dirudienez, harremanak izan zituen Pizarro konkistatzailearen Hernando anaiarekin.
1550-12-28. Olioaren hornikuntza hartu zuen urtebeterako Juan Perez Altunak. Alkateak eta fidelak onartu zuten bi dendetan saltzen zuela. Huts egingo balu, ehun maraiko isuna ordaindu beharko zuen.
1548-7-31. Aita santuak Loiolako Inaziok sortutako Jardunaldi Izpiritualak onartu zituen.
1547-3-30. Kristobal Minguez Odriari, borrero bat aurkitu nahian Bilbora, Markina-Xemeinera, Agurainera eta Gasteizera egindako bidaiak eta herriko kartzelan zen lapurrari janaria ematen egindako gastuak ordaindu zizkion herriak.
1547-3-30. Pedro Zornoza lapurrari emandako zigorra -jo eta belarriak moztu- ordaindu zioten borreroari.
1547-3-30. Udaletxe berria korrejidoreak aginduta bezala -Juan Martinez Enparanek zuen etxearen itxuran- egiteko beharko zen egurraren enkantea egin zuten.
1547-3-29. Andres Etxanizi herriko sarreratik Harzubiko zubira bitartean eginiko galtzadagatik ordaindu zioten.
1543-9-15. Soreasu errotako presa egitean eginiko gastuen berri eman zuten. Haragia, ardoa, sagardoa, tipulak, gazta, urdaia, sardinak, olioa, garia, fruta, hegaztia eta abar agertu ziren gastuetan.
1541-4-19. Aho batez, Jesusen Lagundiko lehen jeneral izendatu zuten Loiolako Inazio.
1541-4-6. Parrokiko patroi bezala Loiola jaunak bertarako organo jolea izendatzeko eskubidea zuela adierazi zuen, eta Hondarribiatik ekarri zuten Alontso Salinas. Honi ordainketa egin zioten, herriarekin bat eginik.
1541-3-17. Baserri jabeen artean suteetan elkarri laguntzeko arautegiaren eskritura sinatu zuten agintariek.
1540-9-27. Jesusen Lagundia sortzea onartu zuen Bulda eman zuten.
1540-7-12. Soreasu errotaren presa egiten hasi ziren.
1539-2-2. Erromatik bere anaia Martin Garziari idatzi zion Loiolako Inaziok. Artean jakin gabe zen aurreko urteko azaroan hil zela Martin.
1538-6-26. Parrokiko elizan ziren agintarientzako aulkiei buruz Loiolako Juan Borjak emandako baimenak auziaren bidea jarraitzen bazuen ere, aulki horiek Epistola aldean eta Loiolako jaunaren parean jartzea erabaki zuten. Udalak hari erantzutea erabaki zuen, gutxienez 30.000 dukat ordaindu beharko zituelako eta agintariek toki bereziagoa merezi zutelako.
1537-12-21. Pedro Irigoienek eskritura bidez Ibar-luze kapera sortu zuen parrokian.
1537-6-25. Loiolako Inazio apaiz egin zen.
1537-5-21. Juan Martinez Alzagak bere alaba Frantziskari utzitako ondasunen artean, Obiaga baserria izendatu zuten.
1535-9-27. Tunisian eta Goletan Espainiako erregeak izandako garaipena ospatzeko kalean zezenak atera zituzten, eta ordaindu egin zioten Pedro Ruiz Agirre eta Leizeaga baserriko jabeari. Bi aldiz atera zituzten eta, hil egingo zirela irudituta, erosi eta Joan Egibarri saltzea erabaki zuten.
1535-5-3. Loiolako Inaziok sermoia eskaini zuen Elosiagako elizan.
1535-3-31. Harzubiko zubiaren konponketa ordaindu zuten.
1534-9-24. Enparango zubiaren konponketak ordaindu zituen herriak. Izan ere, zimenduak jaten zituen urak bere pilareetan.
1534-8-15. Loiolako Inaziok lagunak bildu zituen bere inguruan eta urratsak egin zituen Montmartren egindako botoarekin bere konpainia sortzeko.
1534-4-17. Herriaren mugaren inguruan gurutzeak jartzeko agindua zuten apaizei ordaindu zieten, ekaitz egunetan otoitzak ere eskaintzen zituztelako.
1534-3-19. Tenerifeko (Espainia) San Cristobal de la Lagunan Joxe Antxieta jaio zen, urrestildar Juan Lopez Antxieta eta Mencia Diaz Clavijoren semea.
1533-9-12. Bere erreinuetara enperadoreak eginiko bisitaldia ospatzeko, Juan Odriak jolasteko utzitako zezena ordaindu zuten. Errezildik ekarritako beste zezen bat ere ordaindu zuten, baita plazan barrerak jartzen egindako gastuak ere.
1533-5-18. Konkordia eskritura sinatu zuten Frantziskanetako lekaimeek, Martin Garzia Oñaz Loiolako jaunak, Andres Loiola parrokiko erretoreak eta beste hamabi apaizek, herritar biztanle berezienak lekuko zirela.
1533-4-9. Parrokiko ordularia zerbait gorago aldatzea erabaki zuten.
1532-3-19. Izurrite gogorra ezagutu zuen herriak azkenaldian, eta aurreko urteko irailaren 7tik 29ra bitartean gorpuak hilobiratzen ibilitakoei ordainketak egin zizkieten. Hamar gorpu hilobiratu zituen Martin Goidik, San Miguel egunera bitartean bost Joanes nafarrak, bost gorpu Juan Zabalak, hil zen arte. Beste hamairu bat hil ziren San Miguel egunetik abenduaren 11 bitartean.
1532-3-19. Hiltzera kondenaturik zegoen Juan Zuhule, eta epaia betetzera herriratu zen borreroari ordainketa egin zioten.
1531-11-11. Joan Alzaga hil zen. Parrokiko kaperaren sortzailea izan zen eta bere abizena du kaperak.
1531-9-18. Aurreko hilean eta garai hartan herrian izurritea zela jakinarazi zuten, baita herriak ordainketak egiten zituela ere, txaboletan itxirik zirenei janariak emateko. Gorpuak hilobiratzen zituztenei ere lana ordaindu zieten.
1531-9-18. Herrian ziren berrehun bat emakume libre edo ezkongabek herriari ez ziotela ezer ordaintzen esan zuten, eta gauza publikoez aprobetxatu egiten zirela. Bakoitzari erreal erdiko zerga bat ezartzea erabaki zuten.
1531-6-24. Juan Alzagak egin zuen testamenduaren bidez, 'Alzaga' kapera sortu zuten parrokian.
1531-3-20. Madalenan preso ziren sorginak Donostiara eramatea ordaindu zuten, beraiekin bidean eginiko janariak ere kontutan izanik. Madalenan bertan eta gauez beraiek zaintzen egon zirenei ere soldata bat ordaindu zieten.
1531-1-24. Juan Alzagak testamentua egin zuen, parrokian bere abizeneko kapera sortuz.
1530-12-24. Juan Akemendi eskribauaren aurrean, Eskribauen Kofradia sortu zuten herrian.
1530-4-15. Garcia Lopez Antxieta erailaren laugarren mailako sendikoekin Loiolako jaunak eta herritar berezienek eskritura sinatu zuten, Pedro Oñaz eta Juan Martinez Lasao hiltzaileen alde, garbi utziz Ostiral Santua zelako eman zietela barkamena.
1530-4-7. Alkateak adierazi zuen utzitako hiru haur herriaren kontura hazten ari zirela, eta haietako baten aita Zarate deituriko bat zela, erabat behartsua.
1530-4-7. Soreasu eta Enparan errotek sortzen zituzten irabazi eta gastuen kontuak emateko, hiru hilabetetik behin lan hori errejidoreek hartzea erabaki zuten, txandatuz urte osoan zehar.
1529-9-26. Bustinzuriko gurutzearen ondoan hamahiru lagun bildu ziren, eta 108 baserritarren eta herriaren lurraldean bizi ziren beste zenbaiten izenean herriarekin zituzten auzietan parte hartzeko boterea hartu zuten.
1529-5-10. Pedro Irigoieni lurralde bat eta baratza erosi zizkioten Frantziskanetako lekaimeek, monastegia egiteko asmoz.
1528-9-16. Udalbatzarrean adierazi zuten probintziak ordaintzen zuela borreroa herrira ekarri eta bi emakume lapur jotzea.
1528-4-6. Pedro Larrarte apaizari Gipuzkoako Batzar Berezia Olazko ermitan bildurik zela meza eman zuelako ordaindu zioten.
1527-6-8. Parrokiko patroi Loiolako jauna Frantziskanetako lekaimeek komentua egitearen kontrakoa zen. Hark Carlos V.a erregearengandik agindu bat lortu zuen. Agindu horrekin debekatu zuen apaiz, fraide eta mojek euren ondasunak saltzea edo beraiek erostea Azpeitian.
1525-9-11. Pedro Elorriaga fraidearen gorpua Sasiolara eraman zuten hamalau gizonezkori lana ordaindu zien herriak.
1525-9-11. Donibane Lohitzunen izandako altxamendura 38 herritar joan zirela adierazi zuten. Haietako bat Lope Garcia Loiola zen; alferiz bezala joan zen.
1525-3-23. Borreroarentzat ohea eta urkamendi bat egiteko egurra ordaindu zuen herriak.
1525-3-23. San Sebastian egunez prozesioan tronpeta jo zutenei ordaindu zieten.
1524-6-5. Juan de Paris eta Katalina Zurbanoren arteko auziaren erabakia eman zuten Valladoliden (Espainia). Parisek adierazi zuen Zurbano kaperako egin zuen erretaulak 160 dukat baino gehiago balio zuela, eta Zurbanok prezio horretan egin zutela tratua. Urrezko 40 dukat gehiago ordaintzea agindu zuten.
1523-7-30. Gaixotasun luze baten ondoren Juan Antxieta musikaria hil zen, Azpeitian.
1523-7-26. Oheraturik zen Juan Antxieta musikaria, eta testamenduaren eransgarri batean Frantziskanen elizan hilobiratzeko agindua eman zuen.
1523-3-10. Adierazi zuten azken deialdira 87 soldadu joan zirela, Lope Garzia Loiola kapitainaren esanetara, eta beste 32 soldadurekin, kapitain moduan, Juan Perez Egurza joan zela, 20 egunean zehar zerbitzua eskainiz 1522ko azaroaren 27tik aurrera. Aipaturiko Egurza bera joan zen berriro beste 32 soldadurekin, 1523ko urtarrilaren 24an. Loiola jauna, berriz, gaixorik itzuli zen herrira.
1523-3-10. Bergarako Martin Olazabal jotzeagatik ordaindu zuen herriak.
1522-2-13. Joanes Antxieta musikariak testamentua egin zuen, oinordeko bere iloba Ana Antxieta izendatuz.
1521-5-20. Loiolako Inazio zauritu egin zen Iruñean.
1520-9-5. Parrokiko atearen ondoan, utzitako haur bat aurkitu zuten.
1520-1-27. Kristobal Marigorta maisuari parrokiko Zurbano kaperarako egin zuen burdinsare handia ordaindu zioten.
1519-8-15. Carlos I.ak emandako erreal zedula baten bidez Juan Antxieta musikaria berrabildu zuten, Errege Katolikoa hiltzean ondorioak jaso baitzituen.
1518-8-15. Parrokiko Ibarluze kaperan meza santuak ematen hasi ziren.
1518-3-5. Martin Garcia Oñazek maiorazkoa sortu zuen, bere oinordeko Beltran Oñaz izendatuz.
1517-8-31. Langile batekin eta herriaren aginduz Domingo Eizagirreri Burgosera (Espainia) egindako bidaiaren gastuak ordaintzea erabaki zuten. Parrokiak izan beharreko itxuraz harginen artean iritziak jasotzera joan ziren.
1517-5-13. Zurbanoren kapera parrokian egiteko baimena eskatu zuen Pedro Eizagirrek. Baietza eman zioten.
1517-3-16. Behobiako gotorlekurako 12.604 marai eman zituen herriak.
1516-9-26. Tuyko apezpiku Martin Zurbanok testamendua egin zuen.
1516-8-26. Nafarroako matxinadara joan ziren 79 herritarrei ordainketa egitea erabaki zuten.
1516-3-4. Ordainketa batzuk egin zituen Azpeitiak, izurritea zen herrietatik hurbiltzen zirenak zaintzen guardia egin baitzuten herriaren sarreretan.
1516-3-4. Burutik erabat nahasturik herrian agertu zen fraide bat Iruñera eraman zutelako, 2.000 marai ordaindu zizkioten Juan Martinez Larraar-i.
1516-3-4. Herrian ziren txerrien zerrenda osatu zuten, 865 txerrirentzat jasotako ezkurra banatu ahal izateko.
1516-3-4. Leizeaga eta Ixtioren artean bidea egitea erabaki zuten, baita herria eta Badiola tartean ere.
1515-7-16. Herriaren aginduz haur utzi bat hazten ari zen emakumeari agindutakoa ordaindu zioten.
1511-10-5. Juana erreginak pribilejio bat sinatu zuen, herrian Frantziskanetako lekaimeekin zer gertatzen zen galdetuz.
1510-8-25. Maria Lasao, Domingo Usarragaren alargunak, Frantziskanetako lekaimeek erosi zioten lurraldearen eskritura sinatu zuen.
1509-9-20. Enriquek Toro erregeak herriaren pribilegioa Ruy Dias de Rojasi eman zion, Azpeitiko herritarren eta kanpoan bizi zirenen arteko sententzia gogoratuz -herritik kanpo salmentak egiteko debekua-.
1507-10-23. San Inazioren aita hil zen.
1504-4-16. Ollolarre baserriaren jabe Loiola jaunak eraikina zazpi urterako alokatu zuen.
1499-6-12. Salamancako (Espainia) apezpikuan Juan Antxieta musikariari eman zioten Villarinoko (Espainia) prestatzaile titulua.
1497-11-27. Martin Martinez Atxaran eta haren emazteak testamendua egin zuten, eta herriko parrokian Atxaran-Arteaga kapera sortu.
1497-11-26. Herri barruan eta kanpoan bizi zirenen artean akordioa sinatu zuten. Alde batetik, Navas Porras lizentziatu izendatu zuten eta, bestetik, Pedro Perez Zabala batxilerra ordezkaritzarako.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago