Efemerideak

  • 1592-2-6. Donostiara gariarekin itsasontzi batzuk iritsi zirela jakin ondoren, mila bat anega erostea erabaki zuten.
  • 1592-1-29. Kalagorriko apezpikuaren eskuetan zela gaia, San Agustin komentuaren fundazioa bizkortzeko ahaleginak egitea erabaki zuten.
  • 1592-1-18. Frantziskotarren Ordenako jeneralari denboraldi baterako Frantziskanetako lekaimeekin gordetzea eskatzea erabaki zuten.
  • 1592-1-14. Prozesio nagusietan herriko Soresuko Sebastian donearen parrokira etortzeko zuten betebeharra gogoraztea erabaki zieten urrestildarrei.
  • 1592-1-8. Nikolas Saez Elolak sortutako Gramatika katedrarako ez zen inor aurkeztu eta herriak, Oñati, Tolosa, Elgoibar eta Donostian deialdiak jartzea erabaki zuen.
  • 1592-1-8. Sebastian donearen egunez kaleratu ziren musikari eta dantzariei bazkaria ematea erabaki zuen herriak.
  • 1591-11-2. Sagardo pitxarrari hamabi maraiko prezioa jartzea erabaki zuten herriaren aldetik. Saltzeko sagardoa zutenen zerrenda osatu zuten, eta 40 upel agertu ziren.
  • 1591-6-9. Marina Agirreri eman zioten baimena parrokian kapera bat egiteko. 150 dukat elizari ordaindu zizkion eta astean behin bi meza errezatzeko kapilautza sortu zuten.
  • 1591-2-5. San Agustin monastegia sortzean agertutako eztabaidak baztertuz eta bakeak egin nahian parrokiko elizgizonekin, udalbatzarrera deitu zioten erretoreari, beste apaiz batekin. Bi alderdien artean elkartasuna lor zedin, mezak errezatzea erabaki zuten.
  • 1591-1-17. Sebastian donearen eguna ospatzeko erabakiak, meza, prozesioa, dantzariak eta abar hartu zituzten.
  • 1590-11-6. Herriaren ordezkari bezala Iruñean izan zen Domingo Larraare eta esan zuen ontzat hartu zela apezpikuaren aldetik Juan Arriaga eta honen emazteak eginiko eskaera: San Nikolas monastegira beste ordena bateko fraideak ekartzea agustindarren ordez eta, gainera, ez zuela nahi izan erabakia ezerezean uztea herriaren iritzia jakin ondoren, eta derrigorrezkoa zela erregearen Kontseilu Nagusiaren aurrean gestioak egitea. Horrela egitea erabaki zuten herriaren aldetik.
  • 1590-11-2. Korrejidoreak kartzelaratua zeukan Joanes Lapaza, taberna zabalik eta idazten jakin gabe ezinezkoa egiten zitzaiolako erregidorea izatea. Udalak Lapaza askatzea eskatu arren, ezezkoa zioen korrejidoreak. Agintari batzuen aldetik egokia ikusi zen herriak auzia jartzea, baina beste batzuek ez zioten horrela. Azken batean, berriro hura askatzeko eskatzea erabaki zuten, baina auzia ez jartzea herriaren kontura behintzat.
  • 1590-9-30. Korrejidorea aurrean zela aukeratu zuten alkatea, bozketa bidez.
  • 1590-9-28. Miguel Saez Goiazek adierazi zuen bi urte bazirela herriko agintariak gutxitu zirenetik -alkate bat, fidel bat eta bost erregidore aukeratuz, azken horiek zozketa bidez-. Aurretik bi alkate, bi fidel eta sei erregidore ziren, eta denborak erakutsi zuen lehen erabiltitako sistema hobea zela -alkate bakarra izatean eta bera gaixorik izan zenean, eta bere tenienteak alkatetza ez betetzean, gaizkile batzuek ihes egin zutelako-. Ondorengo San Miguel egunean, bi alkate izendatzea erabaki zuten.
  • 1590-8-14. Iraileko Andre Mariaren eguna alardea eta arma erakusketa egiteko izendatu zuten. Bertara armekin azaldu behar zen, eta hala egin ezean 600 maraiko isuna eta lau eguneko kartzela ezarri zuten. Harria eta txinpartarekin erabiltzen ziren alkabuzak ez aurkezteko agindu zuten.
  • 1590-5-16. Azkoitiaren eta Azpeitiaren arteko mugan dagoen errekan Lorentzo Berrasoeta erretorea egiten ari zen errota ikustea erabaki zuten.
  • 1590-5-2. Udaletxeko areto nagusian liburuak eta herriaren pribilegioak jasotzeko erabiltzen zen kaxari lehenaz gain beste bi zerraila jartzea erabaki zuten. Aurretik zerraila bat zuen.
  • 1590-4-27. Parrokiko aldare nagusia egiteko gastuak onartu zituzten, baita beste erretaulak tokiz aldatzeko gastuak ere.
  • 1590-3-21. Parrokian kapera bat egiteko baimena eman zioten Maria Gerrenzuriri, lau urteren barruan eta Gerrenzuri hilobiaren aurrean, 300 dukateko limosna emanez.
  • 1590-3-21. Parrokiko hilobi guztiak behearen parean beharko zutela agindu zuten, inolako altuerarik gabe eta denak neurri berekoak.
  • 1590-3-6. Parrokiko elizako obrak zirela-eta, herriak bertako patroiarekin nahiko tirabira zituela esan zuten.
  • 1590-1-28. Parrokian hilobi berriak egin zirela adierazi zuten, horiek saldu eta jaso zitekeen dirua egindako obrak ordaintzeko izanik. Lau berehala saldu zituzten, 30, 12, 14 eta 20 dukat ordainduz.
  • 1590-1-13. Nikolas Saez Elolak sortutako kaperako patroi bezala, Udalak erabaki zuen Iruñeko bikarioak izendatutako Juan Usabaraza kaperauari bere postua hartzea debekatzea, era guztietako oztopoak jarriz.
  • 1590-1-9. Parrokiko koruan konponketa lanak egitea erabaki zuten.
  • 1590-1-9. Miguel Saez Goiazi -Sevillan (Espainia) zegoen- Elolaren kaperarako zilarrezko bi argimutil eginaraztea agindu zioten.
  • 1589-11-9. Parroki sarreran eskale asko izaten zela kontuan hartuta, erabaki zuten eskean, behartsuentzat, elizarentzat eta Vera Cruz eta Sakramentu Santuaren kofradientzat baino ez egotea eskean.
  • 1589-10-19. Kontuan izanik agustindar fraideek monastegia egiteko asmoa zutela, erabaki zuten haiei esatea ez zezatela ezer egin Udalarekin harremanetan jarri gabe.
  • 1589-10-15. Hamabi maraiko prezioa jarri zion herriak sagardoari, sagar gutxi zelako. Salmenta, berriz, zozketa baten bidez txandak izendatuta egitea erabaki zuten.
  • 1589-9-17. Igandea zen eta, ohiko arma ariketa egitean, Joan Argarain hil egin zen, ongien tiroa botatzen zutenen artean lehiaketa ospatzean. Dena bertan behera utzi zuten.
  • 1589-9-13. Joan Oiarzabal kapitaina hil zen. Maria Martinez 'Otola'-ren semea zen.
  • 1589-9-11. Dionisio Melgarrek Tolentinoko San Nikolas monastegia lurrera bota zuen, eta orduan korrejidoreak eskaintzen zion laguntzarekin berea zen lurra saldu nahi zuen, gastuak ordaintzeko. Haren aurka egitea erabaki zuen herriak.
  • 1589-9-9. Alkateak jakinarazi zuen Iruñeko bikario nagusiak San Agustin monastegia lurreratzeko laguntza eskatu ziola, eta Goiaz lizentziatua laguntza emateko iritzikoa zela, bestela herriaren kontura egingo zutelako. Agintariek adierazi zuten fraideei monastegia egiteko hitza emanik zutela, eta berriro horretarako baimena lortzea erabakita ere bai, baina oraindik lortu ez zelako gertatzen zela guztia. Azkenean, gaia alkatearen gain uztea erabaki zuten.
  • 1589-7-12. Mutiko eta neska gazteek gauez dantzatzea debekatu zuten.
  • 1589-6-10. Elola kaperaren ataldea margotzeagatik ordaindu egin zioten Arrasateko Juan Elizalde margolariari.
  • 1589-5-11. Parrokiko agintariek zituzten aulkiak kentzeko agindu zuen Quintana inkisidoreak. Beraz, abokatuen iritzia jaso ondoren hari idaztea erabaki zuten.
  • 1589-5-2. Antzinatik Santa Kruz ermitara, bere egunean, maiatzean eta irailean egiten ziren prozesioa eta letaniak aipatu zituzten, azken urteetan Vera Cruz Kofradiak parte harturik egin zirenak. Betidanik ezagututako ohitura zen hori, zerbait aldatuz. Antzinako erara prozesioa egun horretan egiteko Iruñeko apezpikuaren baimena zuen herriak; beraz, beraiek antolatzen zutena egiteko beste egun bat aukeratzeko esatea erabaki zuten kofradiako buruari.
  • 1589-4-17. Erregeak berehala herriratuko zen Quintanilla inkisidoreari ostatua eskaintzeko agindua zuen, eta Bikuña etxea eskaintzea erabaki zuten. Horretarako, aurrez, Martin Perez Alzagari, Bikuña etxearen jabeari, inkisidoreak egingo zituen gastuak herriak ordainduko zizkiola adierazi zioten.
  • 1589-3-13. Juan Otxoa Urangak eginiko deklarazioak gogorarazi zituzten, esanez apaiz asko zirela herrian, gehiago ere bai apaiz egin nahirik, eta herria hondamenean zegoela, tartean izanik batzuk oso gutxi zekitenak, eta apezpikuen aldetik erraztasunez ordenatzen zela jendea. Batzarkideen iritziak entzun ondoren, orduan behintzat, eginiko deklarazioei buruz herriaren aldetik gestiorik ez egitea erabaki zuten.
  • 1589-1-10. Miguel Bikuña, San Agustingo priore berria, herriari eskaini zen, udalbatzarrean lehen aldiz agertuz.
  • 1588-11-30. Juan Antxieta irudigilea hil zen, Iruñean.
  • 1588-10-5. Juan Otxoa Urangak alkateari herrian ziren emakume publikoen aurka neurriak hartzeko eskatu zion, eta honek erantzun zuen prest zela horrela egiteko, baina lekukoak izatean.
  • 1588-9-18. San Nikolas monasterioa sortzeari buruz herriak parrokiko apaizekin zeukan auziaren berri eman zuten, herriaren aurka egiten zuten lekukoak aukeratu zituztelako. Tartean zen Urrestillan bizi zen Sagastiberria batxilerra, eta haren aurka auzia jartzea erabaki zuten.
  • 1588-7-4. Juan Ondarra alkateak adierazi zuen Landeta idazkariak testamendu bidez eskaintzen zituen bederatzi mila dukatekin eta Marina Arregik eskainitako beste hainbesterekin eta herriaren mila dukatekin, monastegi libre bat egiteko asmoan zirela agustindarrak. Ondarrak zioen agustindarrek horretarako erosia zutela errebaleko etxea, eta baimena Iruñeko apezpikuari eskatuta zutela. Baina parrokiko apaizak eta beste zenbait herritar kontra zituzten.
  • 1588-7-4. Herrian ziren emakume publikoak zigortzea erabaki zuten, asko zirelakoan.
  • 1588-3-1. Herriaren ordezkari bat Madrilera bidaltzea erabaki zuten, San Nikolas komentuari zegozkion oinarriak sinatzeko unean Pedro del Villar fraideari ezezkoa eman ziolako bere ordenak. Prioreari bere aginpidea kendu zioten horrela, eta herriak gestioak egin nahi zituen esekidura altxatzeko.
  • 1587-12-17. 29 herritarren artean zozketa eginda sagardoa saltzeko txandak izendatu zituzten.
  • 1587-12-3. Probintziak aginduta, San Juan egunez lurraldeko kaperatasuna zeukaten biztanleen zerrenda egitea erabaki zuten, baita ohiko tiro txapelketa egitea ere.
  • 1587-10-12. Herriko agintarien aukeraketa egiteko, ordenantza berriak itxura egokian idaztea erabaki zuten, ondoren erregeari bidali eta hark onar zitzan.
  • 1587-5-10. Parrokiko obrak ikusteko korrejidoreak izendatutako maisuek osatutako txostenaren berri eman zuten.
  • 1587-2-26. Nahiz eta aurreko egunean albistea pasatu, Frantzisko Iñigez Alzaga ez zen agertu udalbatzarrean, Tolentinoko San Nikolas monastegiaren sorrerari buruz hitz egiteko. Juan Zuazola apaizari deitu eta eskatu zioten Alzagari ematea komentuaren eta herriaren artean eginiko kapituluak, ikus zitzan. Apaiza itzuli eta adierazi zuen Alzagak ez zuela joan nahi, eta honen ordez Akemendi lizentziatua eta Martin Agirre izendatu zituen herriak kapituluak aztertzeko.
  • 1586-9-19. Orduan bi urte Eizmendiko ermitan aurkitutako haurra bertako serorari ematea erabaki zuten, hazi zezan. Herriaren aldetik urtean hamalau dukat ordaindu zizkioten.
  • 1586-5-13. Gramatika katedrako maisu Pedro Castro agustindar fraideareri kexu zitzaion jendea, Elolaren etxean erakutsi beharrean komentuan erakusten zuelako. Baldintza horietan ikasleek ezin zuten ikasgaia errepikatu, eta ikasi ezinik zenbaitek kanpora alde egiten zutela jakinarazi zuten. Horrela, beste maisu bat izendatzea onartu zuten, eta nahi zuena agertzeko iragarkiak jarri zituzten.
  • 1585-10-7. Beharrizanei erantzun ezinean zegoen herria, zorretan murgildurik, eta derrigorrezkoa egiten zen herritarren artean dirua biltzea. Hala ere, ikusirik irain bat zela guztientzat eta kontuan izanik erabiltzen ez ziren lurrak zituela herriak, haiek errentan ematea erabaki zuten.
  • 1585-10-7. Jabeturik baso zati handiak zituela herriak Izarraitz, Odria, Elosiaga, Allorbe eta Egiandia inguruetan, leku horietan zuhaitzak landatzea erabaki zuten.
  • 1585-10-4. Gipuzkoako korrejidore Frantzisko Iñiguez Alzaga herritarrak deiturik, bilera egin zuten herritar bereziekin, eta hark adierazi zuen San Miguel eguneko agintarien aukeraketan ikusi zuela nola sortu ziren eztabaidak, eta derrigorrezkoa zela herriak zituen ordenantzak zerbait aldatzea. Akemendi lizentziatua, Joan Otxoa Uranga eta Martin Agirre aukeratu zituzten hori egiteko.
  • 1585-1-23. Frantziskotarren probintziala herriratu zen, aita santuak aginduta bezala adierazi zuela, lekaimeak klausuratzea derrigorrezkoa zela.
  • 1585-1-21. Bezperan, San Sebastian egunez, beraien eta apaizen artean, bai meza garaian eta bai prozesioan iskanbila batzuk gertatu zirela adierazi zuten agintariek. Ez ziren ausartzen, ordea, gertatutakoari buruz neurriak hartzen.
  • 1584-12-29. Alkateek, auzi bat hasteko ez ezik, berari buruz erabakia hartzeko zuten baimena Gaztelako Kontseilu Errealak probintziari emandako pribilegiorik garrantzitsuenetakoa zela adierazi zuen Martin Agirre fidelak. Korrejidoreek baimen horren kontra egin zuten behin eta berriz, baina alferrik izan zen. Herrian honakoa gertatu zela jakinarazi zuten ondoren: Juan Otxoa Uranga alkateak eta Bixente Egibarrek Domingo Agirreren aurka eginiko akusazioa medio, hau hamabost egunean bere kartzelan eduki ondoren, korrejidorearen esku utzi zuen auzia alkateak, berak jarraitu beharrean. Korrejidoreari agiriak bueltatzeko eskaera egiteko eskatu zioten alkateari. Honek ezezkoa adierazi zuen, eta korrejidorearen tenienteari herriaren izenean eskaera zuzentzeko erabaki zuten.
  • 1584-12-15. Frantziskotarren monasterioko lekaimeen artean aspaldian iskanbilatan zebiltzala jakinik, haien probintzialari Azpeitira etortzeko eskatu zioten, lekaimeen artean bakea lor zezan.
  • 1584-12-2. Azpeitiko kaleak eta enparantzak harriztatzea erabaki zuten, Udalak eta herritarrek erdibana ordainduz.
  • 1584-11-8. Kontuan izanik enparantzak herriari nortasuna ematen ziola eta probintziko berezienetako bat zuela Azpeitikoak herriaren harresiaren kanpoa, lohitsua eta zikina, egokitzea eta garbitzea erabaki zuten.
  • 1584-11-3. Errebalean Pedro Otxa Eizagirrek, testamenduaren bidez, herriko behartsuentzat sortua zuen ospitalea zegoen. Ondoren, Santxa Eizagirre alabak eta Pedro Fernandez Olaberria semeak hartu zuten. Baina Esteban Arriaranek eginiko eskritura baten bidez, bertan sartu ziren agustindar fraideak, behartsuak bidali ondoren. Herriak gestioak egitea erabaki zuen, berriro etxea eskuratzeko.
  • 1584-10-17. Kontzilio Santuaren bidez, eta Espainiako erregearen aldetik onarturik, aita santuak agindua zuen lekaimeek euren komentuetan itxirik izan behar zutela, eta asmo horrekin herriratuak izan ziren probintzialak, beste tokietan bezala. Gasteizko zaintzailea zegoen Azpeitian, bere ordenuko beste bi lagunekin batera, eta haiekin harremanetan jartzea erabaki zuten, nola jokatu jakiteko.
  • 1584-5-27. Herri barruan eta kanpoan bizi ziren asko udaletxeko atean bildu ziren, euren artean bakea lortu nahirik. Kanpoan zirenek esaten zutenez, bi mila dukat eta gehiago zor zituen herriak, kontuak gaizki egin zituelako. Guztien artean kontuak ikusteko batzordea izendatzea erabaki zuten.
  • 1584-5-12. Motxaile asko zen nonbait inguruan eta haiek herritik kanporatzea erabaki zuten.
  • 1584-2-24. Herriko agintaritzan zen Akemendi lizentziatua Malkorra etxera joan zen bizitzera eta Domingo Iriarte, berriz, Azkoitira, eta herriak beraien erregidore karguak uzteko eskatuko zien.
  • 1584-2-17. Apezpikuari idaztea erabaki zuten, herritar askoren nahiari erantzunez Vera Cruz kofradia sortzeko baimena eskatuz.
  • 1583-12-9. Herriko seme-alabak eskolan maisurik gabe zeudenez eta Iruñean bizi zen Andres Yañez Arrieta berriro Azpeitira eskolak ematera bueltatzeko prest zegoenez, harekin eskritura sinatzea erabaki zuten.
  • 1583-11-2. Kontuan izanik aurrez erabakita zegoela maisuen iritziak jakitea parrokiko aldare nagusia behar bezalako itxuran egiteko, Joan Antxieta maisu eta irudigile herritarrarekin harremanetan jartzea erabaki zuten, eta itxura bidali zioten. Miguel Azkuneri agindu zioten hari idaztea Iruñera, eta Gipuzkoan zenean herrira etortzea eskatzea.
  • 1583-10-20. San Nikolas monastegiari saldutako ospitaleko eraikina kobratzea erabaki zuten.
  • 1583-10-20. Domingo Lopez Arandia herritik kanpoko Errazti etxera joan zenez bizitzera, bere fidel ofizioa uzteko eskatu zioten, eta horrela egin zuen.
  • 1583-10-17. Ameriketan zen Martin Rezustak idatzi zuen, esanez kobratu zituela bertan hildako Joanes Agirreren ondorengoengandik, baita Frantzisko Ibañez Garagarza zenak utzitakoak ere, 11 zilarrezko barra guztira, 97.720 marai osatzen zituztenak; eta bidali zituela itsasontzian hildakoen ondasun kaxan sartuta, erregearen zilarrarekin batera, Sevillako (Espainia) Kontratazio Etxean kobratzeko.
  • 1583-10-12. Aurreko batzarrean erabaki bezala, Pedro Arriaran zenaren ama Marina Arregirekin harremanetan jartzea onartu zuten, baita Sebastian Landetarekin ere, patroi moduan Azpeitia izango zuen Tolentinoko (Italia) San Nikolas monastegiaren arautegia prestatzeko.
  • 1583-9-29. Hogei herritarren izenak sartu zituzten txarroan, hautagai agertzen zirelako.
  • 1583-9-15. Hirugarren Ordenako Kantauriko Probintzial Frantzisko Arzubiaga frantziskotar fraidearen nahia zen herrian ziren frantziskanetako lekaimeek euren komentuan klausuran egotea baina, herriari kalteak eragiten zituela ikusirik, gertatzen zenaren berri jaso eta erregeari eta Gaztelako Kontseilu Nagusiari adieraztea erabaki zuten.
  • 1583-7-14. Akemendi lizentziatuak eta Amador Atxaranek Landeta idazkariaren ondoretasunaren berri eman zuten, haren arreba Sebastianarekin hitz egin ondoren, honek ondasunak bederatzi mila dukat ingurukoak zirela jakinarazi baitzien. Arrebak beretzako hartuko zuen, zerbait kenduta; gelditzen ziren ondasunak herriaren onerako eta agustindar fraideen monastegirako utziko zituela agindu zuen. Baina parrokian hilobiraturik ziren bere anaia idazkariaren hezurrak monastegian hilobiratzea eskatu zuen, baita Madrilen hil zen osaba Juan Martinez Lasaorenak ere. Bestalde, bere gorpua eta Valentziatik (Herrialde Katalanak) itzultzekoa zen osaba Pedro de Herediarenak ere hiltzean hor hilobiratzea eskatu zuen. Udala jabetu zen herri monastegia egitea ekintza paregabea izan zitekeela, eta eskerrak ematea erabaki zuen Sebastiana Landetari. Monastegiko fraideei hamar urtean zehar mila dukat ematea ontzat hartu zuten, baita Elolak sortutako Gramatika katedra eskaintzea ere. Azken horregatik urtean beste 50.000 marai ordainduko zizkieten fraideei. Gainera, inolako ordainketarik egin gabe Udalak harria ateratzeko lurraldean zituen harrobiak eta behar zen egurra ebakitzeko basoak eskaini zituen.
  • 1583-6-20. Parrokiko elizari falta zitzaizkion sei pilare egiten hasi aurretik, zimenduak egokiak ziren ikustea erabaki zuten.
  • 1583-6-11. Martin Agirre herriko fidelak adierazi zuen enparantzan Juan Perez Eizagirre apaizak nola iraindu zuen bera, builaka eta hitz iraingarri asko esanez. Gertatutakoaren aurrean neurriak hartzea erabaki zuten. Zabaliak sortutako kapilautza hutsean deklaratuta, apaiz bezala tokatutako etxetik ateratzeko agindua eman zioten.
  • 1583-6-8. Herriak salatu zuen zenbait apaizek nahiko erreta amaitzen zituztela ikasketak. Salaketa horren aurren, Iruñeko apezpikuak bidalitako komisarioa etorri zen, gertatzen zenaren berri jakin nahian. Harentzat ostatua prestatzea erabaki zuten.
  • 1583-5-10. Eskolako maisu baten beharra ikusita, herrian zegoen Alonso de Rivero umeei erakusteko eskaini zen eta, hain zuzen, harekin egin zuten eskritura.
  • 1583-4-13. Gauerdian parrokiko aldare nagusiko teilatuaren zati bat lurrera erori zen.
  • 1583-3-15. Batzordea izendatu zuten parrokian lanean zirenekin harremanetan jarri eta herriko artxiboan ziren pribilegio eta gainontzeko dokumentu baliagarriak non gorde zitezkeen jakiteko, sute batek erretzeko arriskurik gabe.
  • 1582-4-23. Zumarragako Udalari Agurain eta Araba alderako bideak konpontzeko eskatuz idaztea erabaki zuten. Eskaera bera egin zioten Aguraingo Udalari.
  • 1582-3-24. Herrian bizi izandako Juan Borja berehala itzultzekoa zen Madrildik, eta herriari edozertan laguntzeko prest izango zela irudituta, ongietorria emanez hari idaztea erabaki zuten, Hungariako enperatrizaren etxezain bezala baitzetorren.
  • 1582-3-5. Apezpikuari baimena eskatu eta ospitalearena zen Kirudi etxea saltzea erabaki zuten, zati bat eroria zuelako eta inor ez zelako bizi bertan.
  • 1582-1-19. Frantziskanen arduradunari komentua egiteko herriko basoetan zuhaitz gehiago ez zezan ebaki albistea ematea erabaki zuten. 5.000 haritz baino gehiago ebaki zituen ordurako eta ziren haritz guztiak ere gutxi izango zirelako komentuan egitea nahi zen guztirako.
  • 1582-1-19. Zumarragako eta Urretxurako bidea egokitzea erabaki zuten, gari gehien bertatik herriratzen zutelako.
  • 1582-1-19. Herritarrek arma erakusketa egin zuten.
  • 1582-1-2. Parrokiko aldare nagusiaren inguruan Joan Apoitak eginiko lanak aztertzea erabaki zuten. Zurgin langintzak ikusteko, Martin Madariaga aukeratu zuten.
  • 1581-11-14. Denboraldi batean herriak hazi zuen utzitako haur bat Madalena ermitako serorari ematea erabaki zuten, honek zaindu zezan.
  • 1581-10-21. San Agustin komentuari buruz batzordeko kideek Marina Arregi eta Esteban Arriarenekin hitz egin ondoren, alderdi bakoitzetik abokatu bat izendatzea erabaki zuten eta, konpondu ezinean zirenez, korrejidoreak beste bat izendatu zuen. Hilabete batean elkarren arteko harreman guztiak moztea erabaki zuten, eta bitartean kontsulta egitea bi abokatu ospetsuri.
  • 1581-10-11. Udalbatzarrean Pedro Ruiz agustindarrak jakinarazi zuen Pedro Arriaran zenak herrian egin beharreko monastegiko kapera nagusian bere hezurrak hilobiratzeko agindu zuela, baita haren anaia Joanenak ere. Ondoren, Esteban Arriarenek esan zuen berak ere eginik zuela eskritura monastegiko priorearekin eskubide batzuk zituela esanez, baita bere anaiak ere. Batzordea izendatu zuen herriak, haien ama Marina Arregirekin harremanetan jartzeko.
  • 1581-9-27. Pedro Arriarenek sortutako San Agustin monastegian ohoreak izan nahi zituen haren ondorengo Esteban Arriaranek, armarria bertan jarri eta patroi izateko. Ondorengoa argi idatzita uztea erabaki zuten: herria ahalegindu zela monastegi librea izan zedin, horretarako bertako priore eta sortzailearen ama Marina Arregirekin harremanetan jarririk. Gestioak egiten jarraituta, korrejidoreari laguntza eskatzea erabaki zuten.
  • 1581-8-7. Agustindarren Probintzialarekin komentuaren kapitulazioei buruz hitz egitea erabaki zuten. Baita Esteban Arriaranek bertan izan nahi zituen ohoreei buruz ere, herriratzekoa baitzen.
  • 1581-8-7. Behartsuei tokia eskaintzeko beste etxe bat topatzea erabaki zuten, San Agustin komentua egiteko ospitale zaharra hartu baitzen.
  • 1581-7-5. Elolaren Gramatika katedra eskuetan zuten San Agustingo fraideek baina, ezer gutxi erakusten zutela ikusita, aurrez langintza berean izandako Ansola batxilerrari postua berriro eskaintzea erabaki zuten, fraideek irakasle egoki bat herriratu bitartean ikasleak denbora galdu eta nahasturik ibiliko zirela esanez. Ansola batxilerra lehengo lanbidera itzuli zen.
  • 1580-10-11. Juan Ibañez Garagarza herritarrak, bera Ameriketan hiltzean herriko behartsuentzat utzitako hiru mila peso eskuratu nahirik, Maria Nikolas Oiangureni Ameriketan zen bere seme Martin Garcia Loiolari idaztea eskatzea erabaki zuten, Sevillara (Espainia) bidean jar zezan dirua ahalik eta azkarren.
  • 1580-10-3. Pedro Oiarzabalek auzi bat jarri zuen Joanes Ibarraren aurka, honek esklabu bat hil omen zuelako.
  • 1580-9-27. Sebastian Legarda maisuarekin tratua egin zuen herriak. Urtean sei dukat emango zizkion, lurralde galtzada guztiak egoki edukiko zituelako hamar urtean, egin beharreko konponketak eginda.
  • 1580-4-21. Monastegiko atezaindegia egiteko Frantziskanetako lekaimeek Pedro Egaña maisu harginarekin kontratua sinatu zuten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan