Hamarkada: 2000

  • 2003-11-21. Otzaka baserriak su hartu zuen, eta teilatua eta aurrealdea hondatuta gelditu ziren.
  • 2003-11-19. Maider Egiguren atxilotu zuten, Baltasar Garzon Espainiako epailearen aginduz, ETAko kaptazio aparatuko kidea izatea leporatuta.
  • 2003-11-18. Fernando Morillo idazleak haur eta gazte literaturari dagokion Euskadi Literatura Saria jaso zuen, 'Izar malkoak' lanarekin.
  • 2003-11-7. Baite Azpeitiko Euskara Elkarteak etorkinei zuzenduriko hiztegia kaleratu zuen, liburuxka moduan, berrehun hitzez osatua. Euskara batutik zazpi hizkuntzara itzuli zituen berrehun hitzok: gaztelera, ingelera, arabiera, frantsesa, kalatana, gailegoa eta portugesa hizkuntzetara. Azpeitiko euskarara ere moldatu zituen.
  • 2003-10-21. Mikel Azkune -hamabi mila euroko bermearekin- eta Eneko Etxeberria libre irten ziren, baina inputatuta. Egunkaria SAko operazioan atxilotu zituzten egun batzuk lehenago. Gero kendu egin zizkieten inputazioak.
  • 2003-10-20. Eneko Etxeberria Egunkaria SAko lege ordezkaria Espainiako Auzitegi Nazionaleko gelan bertan atxilotu zuten, Juan del Olmo epailearen aginduz, 'Egunkaria'-ren aurkako sarekadan. Libre utzi zuen.
  • 2003-10-16. Mikel Azkune Egunkaria SAren Ardatz enpresako administratzailea atxilotu zuen Guardia Zibilak 'Egunkaria'-ren eta beste enpresa batzuen aurkako sarekadan.
  • 2003-9-4. Habea plataformako lau ordezkariak udalbatzarretik kanporatu egin zituzten. Boto baliogabeak kontuan hartuta Habeari legozkiokeen lau udal ordezkariak udalbatza aretoko mahaiko zinegotzien eserlekuetan eseri ziren eta ez eurentzako espreski jarritako beste mahai batean. Ondorioz, Julian Eizmendi alkatearen eta Habeakoen artean eztabaida sortu zen.
  • 2003-7-30. Saninazioetako txupinazoa Ainara Epelde, Aitor Zubillaga eta Kepa Peñagarikanok bota zuten, Julian Eizmendi alkate berriarekin batera. Ordu arte, beti alkateak bakarrik botatzen zuen txupinazoa.
  • 2003-7-18. 'Literatuzta' literatur aldizkariko 'Orri zuriekin elkarrizketan' izeneko' 1. zenbakia aurkeztu zuten, Enparan Dorretxeko zelaian egindako ekitaldian. Ikusentzunezko aurkezpena izan zen, idazleek euren idatziak irakurri zituzten irudiz eta musikaz lagunduta. Uztarria Kultur Koordinakundeak argitaratu zuen 'Literatuzta'.
  • 2003-7-7. Aitor Zubillaga Munduko Plater Tiroko irabazlea hartu zuen Udalak, zoriontzeko, udaletxeko areto nagusian.
  • 2003-6-24. Izarraizko estazio megalitikoa kultur ondare izendatu zuen Diputazioko Gobernu Batzordeak.
  • 2003-6-19. Udal sustapeneko 57 etxebizitza zozkatu zituzten. 525 lagunek eman zuten izena.
  • 2003-6-14. Maiatzeko hauteskundeen ondorengo kargu hartzea egin zuten. Tentsioa eta istilua nagusitu zen plazan eta udaletxean. Hamabost bozka jaso zituen Julian Eizmendik (EAJ-EA) eta bera izendatu zuten alkate. Boto bat hutsa atera zen. PPko ordezkari Francisco Piñeiro ez zen etorri Azpeitira kargu hartzera. Habeakoek -legez kanpo jo zuen Espainiako Justiziak-, "jasotako botoen arabera'' zegozkien lau zinegotzi aulkiak hartu eta kalera atera zituzten.
  • 2003-6-13. Goizean Goiko kaleko etxebizitza batean sua izan zen, eta arratsaldean Arcelor (Marcial Uzin) lantegiko tranformadore batek su hartu zuen.
  • 2003-6-8. Zezenketen eta herri kirolen historiaren ehungarren urteko liburua aurkeztu zuten. Zezen-plazaren ehun urteak ospatzeko argitaratu zuten liburua. Imanol Elias, Luis Mari Loinaz, Jose Mari Iriondo, Jose Luis Iriarte eta Markel Mendizabal izan ziren lanaren egileak. Liburuak bi zati ditu: zezenketaren atala eta herri kirolena. Zezen-plaza atarian Antonio Oteizak egindako eskultura erakutsi zuten. Mendeurrena gogoratzeko irudia Zezenzale Elkarteak Azpeitiko herriari egindako oparia zen.
  • 2003-5-25. Udal hauteskundeetan lortutako emaitzak: EAJ-EA koalizioak 15 zinegotzi, PSE-EEk bat eta PPk beste bat. Habea ezker abertzaleko plataformak, berak emandako datuen arabera, 2.027 boto lortu zituen eta lau zinegotzi, baina Habea baliogabe jota zeukan Espainiako Justiziak, ezker abertzaleko alderdi legez kanporatuekin harremana zuelakoan.
  • 2003-5-25. Kepa Peñagarikano pilotariak erraz irabazi zuen Lehen Mailarako pasea. 22-9 nagusitu zitzaion Haritz Berraondori Bigarren Mailako finalean. Sakez 11 tanto egin zituen.
  • 2003-5-9. 'Urrestillako Musika Altxorra' diskoa aurkeztu zuten Urrestillan. Diskoan Urrestillan elizkizunetan eta bestelako ospakizunetan kantatu ohi diren abestiak bildu zituen bertako abesbatzak.
  • 2003-5-6. Iñaki Iribar Salegi Glual Hidraulica S.A. enpresako kudeatzaile ohiak Joxe Mari Korta 2002 saria jaso zuen.
  • 2003-5-4. Habea Azpeitiko ezkertiarren eta abertzaleen plataformaren udal hauteskundeetarako hautes zerrenda baliogabetu egin zuen Espainiako Auzitegi Gorenak. Batasuna ilegalizatuarekin lotura izatea egotzi zion.
  • 2003-4-6. Korrika 13 igaro zen herritik.
  • 2003-4-3. Habea ezkerreko eta abertzale herri plataforma udal hauteskundeetara aurkezteko sinadura bilketa hasi zuten. 500 sinadura lortu behar zituen (lortu zituen). Espainiako Justiziak gero baliogabetu egin zuen Habea.
  • 2003-4-2. Azpeitiko Udal Euskara Patronatuak www.erabili.com webgunea sarean jarri zuen.
  • 2003-4-1. Baite Euskara Elkarteak Kontseiluaren Bai Euskarari Ziurtagiria abian jarri zuen.
  • 2003-3-30. Giza buruhezurra azaldu zen igandean ibaian. Urola ibaian arrantzan zebilen lagun batek topatu zuen, Zelai Luze parean. Ertzaintzak lekua itxi zuen eta hezur gehiago azaldu ziren sakabanatuta.
  • 2003-3-29. Arkaitz Nogalesek Lausanako Munduko Kros Txapelketan hartu zuen parte, junior mailan.
  • 2003-3-29. Udaletxeko areto nagusian Ildefonso Gurrutxagari buruzko bi liburu aurkeztu zituzten: 'Reflexiones sobre mi pais' eta 'Aprendamos nuestra historia'. Gurrutxaga azpeitiarra abokatua, historiografoa eta politikaria izan zen.
  • 2003-3-25. Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak hegoaldeko bidea hobetsi zuen Azpeitiko saihesbiderako.
  • 2003-3-23. I. Slalom Opena ospatu zuten kiroldegian. Euskal Herritik etorritako hamabost kirolarik hartu zuten parte. Modalitate hori garun paralisia duten kirolarientzako dago diseinatua, eta oztopo ezberdinez osatutako ibilbide bat ahalik eta azkarren betetzean datza, gurpil aulki baten laguntzarekin.
  • 2003-3-16. Goenatxo II.a eta Izeta II.a neurtu ziren 152 kilotako harri kubikoarekin, hamar minutuko hiru saiotan. Izetak irabazi zuen 89 altxaldirekin. Goenatxo erretiratu egin zen, bi lehen saiotan 62 altxaldi eman ondoren Izetak bezala.
  • 2003-3-6. Izeta II.ak irabazi zuen Goenatxoren kontra jokatutako apustua, eta jokoan ziren 12.000 euro eskuratu zituen. Goenatxo ondoezik jarri zen eta ezin izan zuen hirugarren txandan parte hartu. Ordu arte apustua parekatuta zihoan.
  • 2003-3-1. Habea ezkertiar eta abertzaleen plataforma osatu zuten, hainbat azpeitiarrek osatutako herri plataforma.
  • 2003-2-19. Martxelo Otamendi 'Euskaldunon Egunkaria'-ko zuzendaria, Baite Azpeitiko Euskara Elkarteak antolatutako hitzaldia ematen izan zen herrian, Aitonenan. Euskarazko prentsaren inguruan aritu zen. Hurrengo egunean Espainiako Justiziak 'Euskaldunon Egunkaria' itxi egin zuen eta Guardia Zibilak Martxelo Otamendi atxilotu egin zuen, Tolosan, bere herrian; beste bederatzi euskaltzale ere atxilotu zituzten.
  • 2003-2-11. EAJren Azpeitiko Uri Buru Batzarrak maiatzeko udal hauteskundeetarako Julian Eizmendi aukeratu zuen alkategai.
  • 2003-2-9. Euskadiko XXXIX. Kros Txapelketa korritu zuten Goenako zelaian.
  • 2003-2-8. Uztarria Kultur Koordinakundeak Patxi Altuna jesulagun eta euskaltzainari buruzko biografia aurkeztu zuen, Josune Etxeberriak idatzia.
  • 2003-2-7. Baite Euskara Elkarteak Enrike Zurutuza albaitaria eta idazlea eta Pilar Aizpitarte aktorea elkarteko Ohorezko Bazkide izendatu zituen ekitaldi batean, biek ere euskararen alde egindako lanagatik eta azaldutako konpromisoagatik. Baiteren oroigarria jaso zuten.
  • 2003-2-6. Jose Mari Bastidak uko egin zion EAJko alkategai izateari eta, beraz, ez zen EAJko zerrendaburu izan maiatzeko udal hauteskundeetan. Bastidak 18 urte zeramatzan alkate, eta EAJren afiliatuei karta bidali zien erabaki horren berri emanez.
  • 2003-1-31. Segabathor musika taldeak Gazte Leiho III. Lehiaketako lehen saria irabazi zuen, heavy atalean. Lehen edizioan, 2000. urtean, hirugarren saria eskuratu zuen.
  • 2003-1-19. San Sebastian bezperako danborradan Julian Barrenetxe Abesbatzak lehenegoz hartu zuen parte. Aurreko urtean iskanbila izan zen herrian beste ohiko taldeez gain, leku faltagatik, beste inork ezin zuela-eta hartu parte.
  • 2003-1-17. Gorka Azkunek CAF-Elhuyar Zientzia Dibulgaziorako gazteen sari berezia jaso zuen 'Naturaren seme ezkutuak' lanagatik.
  • 2003-1-16. Frantzian, Bourges herrian, Xabier Etxeberria Jauregi 'Txapi' eta Jabier Agirre Odriozola ETAko ustezko kideak atxilotu zituzten.
  • 2003-1-14. Azkoitiko eta Bergarako herriek antolatu ohi zuten Organo Erromantikoen Nazioarteko Ziklora batu zen Azpeitia, eta horrela zikloaren IV. edizioan bi kontzertu eskaini zituzten Basilikan. Kontzertuak Willibald Guggenmosek, Municheko Katedraleko organista nagusiak eta Esteban Elizondo Donostiako Kontsebatorioko Organo Katedradunak eskaini zituzten.
  • 2002-12-31. Azken urteetan bezala, euskal presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideen aldeko manifestazio isil eta jendetsua egin zuten.
  • 2002-12-27. Joseba Albizu txirrindulariak jaso zuen Azpeitiko 2002ko kirolari onenaren saria.
  • 2002-12-20. Joseba Albizuk Scanavino-La Verve talde profesionalarekin sinatu zuen bi denboraldirako. Pozik zen Albizu, urriaren hasieran talderik aurkitzen ez zuela-eta txirrindularitza uztekotan baitzegoen.
  • 2002-12-15. 104 kiloko burdinarekin Urko mendira (793 metro) igotzeko saiakera egin zuen Inaxio Arregik, Eibarren. Burdina bizkarrean hartu eta tren geltokitik atera zen 09:00etan, baina ezin izan zituen gailurreraino dauden lau kilometro eta erdiak igo.
  • 2002-12-14. 'Urolako trena: 1926-1986' liburua aurkeztu zuten Inazio Artetxek, Lourdes Odriozolak eta Juanjo Olaizolak. Aurkezpen ekitaldian izan ziren Jose Mari Bastida Azpeitiko alkatea, Alvaro Amman Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herrilan sailburua, eta liburuaren hiru egileak. "Etorkizuneko proiektuen barruan Urolako trenaren ibilbidea berreskuratzea nahi da merkantzien trenentzat"', esan zuen Ammanek.
  • 2002-12-4. Joxe Mari Altuna hil zen. Ezaguna zen herrian musikarako zuen zaletasunagatik. Urteetan Udal Musika Bandako zuzendaria izan zen, eta konposatzaile bezala hainbat lan egin zituen.
  • 2002-11-30. Antonio Oteizaren 'Burdina lantzen' eskultura inauguratu zuten Landetako biribilgunean.
  • 2002-11-24. Udal Musika Bandak, bertako kide Joxe Arruti eta Jabier Bergara omendu zituen.
  • 2002-11-24. Lehen ikastarorako 50 ikasle matrikulatu ziren, eta bakar batek ez beste guztiek ikastaro osoan ikasketak egin zituzten. Azkenean, 32 ikasle pasatu ziren bigarren kurtsora. Ondorengo urtean, berriz, 65 ikasle matrikulatu ziren.
  • 2002-11-24. Lehen urtean irakasle taldean osatuz zeuden Pablo Valero Buenetxea Institutuko zuzendaria eta Geografia eta Historiako irakaslea, Maria Teresa España Landaburu Matematikako irakaslea, Josefina Mendieta Peñalosa Natur Zientziako irakaslea eta Joxe Mari Ribas Bonet Hizkuntza irakaslea. Lehen batean bete gabe gelditu ziren Marrazki eta Esku Lanen irakasle postuak, eta lehen horretarako Joxe Aizpuru Eizmendi izendatu zuten, 1955eko azaroaren 11n, baina postua utzi egin zuen 1956ko otsailaren 10ean, eta haren ordez Ana Maria Jurado Bembibre izendatu zuten. 1955eko azaroaren 11n Esku Lanen irakasle izendatu zuten Imanol Elias Odriozola; ondorengo urteko urriaren 25ean Ministerioko ordena batez titular izendatu zuten.
  • 2002-11-24. Irakasle berezien artean agertu zen Jaime Gomez Aguado, Izpiritu Nazionalaren Formazioa eta Hezkuntza Fisikoaren irakasle bezala. Juan Joxe Etxaide Etxebeste apaiza, berriz, Erlijio aldeko formaziorako irakasle gisa.
  • 2002-11-9. Kontxu Odriozola aktoreari omenaldia egin zioten XX. Euskal Antzerki Topaketetan. Ekitaldiaan Pako Aristik Kontxu Odriozolari buruz idatzitako liburu biografikoa aurkeztu zuten, besteak beste.
  • 2002-10-15. Urola ibaian eta Ibaiederren hainbat arrain hilik azaldu ziren.
  • 2002-10-3. Auzarazako errotonda egokitzeko lanak hasi zituzten. Errotonda itxi eta zubitik zetorren bidearen mailara altxatu zuten.
  • 2002-9-28. Uztarria Kultur Koordinakundeak 'Imanol Elias' biografia liburua aurkeztu zuen, Mailo Oiarzabalek idatzitakoa. Azpeitiko alkate ohia da Elias, eta antzerkigilea, idazlea eta historiagilea.
  • 2002-9-25. Zinea Kalean-en I. edizioa hasi zen, Azpeitiko Zine Klub taldeak eta Udaleko Kultura Batzordeak antolatuta. Zine Klubak zortzi mm-tan eta hamasei mm-tan egindako zenbait lan ikusteko aukera izan zen Betharrameko frontoi estalian.
  • 2002-9-19. Urrestillako eta Zubi Zarreko musika taldeek I. Triku Festa izeneko musika jaialdia antolatu zuten, 'Urrestilla eta Zubi Zar Conection' izenpean. Musika jaialdia irailaren 19tik 22ra bitartean egin zuten. Herriko eta kanpoko taldeak aritu ziren.
  • 2002-9-19. Armonia, instrumentazioa eta zuzendaritza neurtu ziren epaimahaikoen aldetik, eta irailaren 23an adierazi zuten iritzia, esanez lehen arloan Eskoriatza agertzen zela guztien gainetik, beste bi arloetan bezala, nahiz eta maila on-onik ez azaldu instrumentazioari zegokionez. Hura aukeratu zuten, bigarren postuan Manuel Sariñena, hirugarren Joakin Garcia eta laugarren Avelino Castro.
  • 2002-9-14. Itsasi Dantza Taldeak bere 25. urteko jarduna eta ibilbidea jasotzen duen liburua eta bideoa aurkeztu zituen, Aitonenako aretoan.
  • 2002-7-25. 'Iraurgi Saskibaloi Elkartea. Mende laurden bat herriari kirol zerbitzu bat ematen' liburua aurkeztu zuten Aitonenan, Jon Olaizolak eginda. Jende askorekin ospatu zuen Iraurgik 25. urteurreneko egun nagusia. Goizean liburua aurkeztu zuen, eta gero 111 lagun bildu ziren bazkarian.
  • 2002-7-19. Loiolako Basilika ireki zuten, barruko zaharberritzea amaitu ondoren. Loiolako Basilika bi urtez izan zen itxita lanak egiteko: 2001 eta 2002an. Zaharberritze lanak kupulan, danborrean eta lurzoruan egin zituzten. 992.000 euroko aurrekontua izan zuten horretarako eta 19 hilabete behar izan zituzten lanak bukatzeko. Aldundiak Eskualdeen garapeneko Fondo Europarretik diru laguntzak eskuratu ahal izan zituen. Basilika berrituta, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta zaharberritze lanak egin zituen C.P.A enpresako (Conservacion de Patrimonio Artistico) arduradunek aurkeztu zuten. Aurkezpenean Luis Mari Bandres Foru Aldundiko Kultura diputatua, Graviela Vives Aldundiko Jabego historiko-artistiko, artxibo eta museo ondareen zerbitzuko burua, Luis Astrain Aldundiko arkitektura zerbitzuko burua, Enrique Aizpurua obraren zuzendaria eta Jose Maria Cabrera enpresa ahaolkularia izan ziren. Ekitaldian Jesusen Lagundiari XIX. mendeko grabatu bat oparitu zion Gipuzkoako Foru Aldundiak, Basilika itxita izan zen denboran jasandako trabengatik.
  • 2002-7-6. Zine Klub Elkartearen liburua aurkeztu zuten. 'Azpeitiko Zine Klubak 25 urte fotograma artean' liburua argitaratu zuen 25. urteurrena zela-eta. Liburuan elkarteak egindako ibilbidea biltzen da: proiektatutako filmak, taldeak berak egindakoak, antolatutako zinema ikastaroak.
  • 2002-6-11. 'Nobiliario de Azpeitia. Probanzas de Nobleza e Hidalguia' liburua aurkeztu zuen Udalak.
  • 2002-6-5. Tokiko Agenda 21eko graduondoko ikastaroa egin zuten Azpeitian. Ingurumen Etxeko Ingurumen Hezkuntza proiektuaren baitan, Tokiko Agenda 21aren 'Udal kudeatzailea' izeneko graduondoko titulazioa jarri zuten martxan. Titulazioa Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailak eta Azpeitiko Udalak sustatu zuten, Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia Aplikatua I-eko Departamentuarekin batera.
  • 2002-6-5. Litaphar farmazi etxeak Azpeitian laborategi berria ireki zuen; Landetako industrigunean, hain zuzen.
  • 2002-6-1. Azpeitiko nobleziaren inguruko bi liburu aurkeztu zituen Udalak, Betharrametako elizan. 'Nobiliario de Azpeitia: Probanzas de Nobleza e Hidalguia' liburuak, hain zuzen. Ondoren, leku berean jatorrizko kaparetasunak eta informazio panelak osatutako erakusketa ireki zuten.
  • 2002-6-1. EHNA (Euskal Herriko Naziotasun Aitormen Agiria) ateratzeko Azpeitiko bulegoa inauguratu zuten. Ekitaldian bertan 25 lagunek eskatu zuten EHNA.
  • 2002-5-26. Lagun Onak futbol taldeak Hirugarren Mailarako igoera lortu zuen Asti zelaian, Zarautzi 1-2 irabazita. Tentsioa azken uneraino luzatu zen, garaipena partida amaitzeko bost minutu falta zirela Poncek sartutako golak eman baitzien Lagun Onakekoei. Dena den, igoera ez zegoen beraien esku soilik. Izan ere, Tolosa puntu beraiekin baina aurretik zuten sailkapenean, eta horiek lortutako emaitzak bazuen eragina. Gainera, Zarautz-Lagun Onak amaitu ondoren Tolosak partida berdinduta zuten eta oraindik norgehiagoka bukatzeko zegoen. Honek azkenean 1-1 egin zuten Hondarribiko taldearen aurka jokatutako partidan eta, beraz, Lagun Onak zen igoera lortu zuena.
  • 2002-5-17. ELA sindikatuak egoitza berria inauguratu zuen Azpeitian, Arana auzoan.
  • 2002-5-11. Gipuzkoako Txolarte Eguna ospatu zuten Azpeitian.
  • 2002-5-2. Batasunaren kontrako operazio polizial eta juridikoaren barruan, Orkatz Kultur Elkarteko diru kontuak blokatu egin zituzten, Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz.
  • 2002-5-2. Udalbatzarrean EHNA (Euskal Herriko Naziotasun Aitormen Agiria) Udalak tramitatzea eta horretarako berak baliabideak jartzea onartu zuten. Bai Euskal Herriaren mozioa Batasunaren bidez aurkeztu zuten, eta Batasuneko zinegotzien aldeko botoak eta EAJ eta EAko zinegotzien abstentzioa jaso zuen. Ondoren, EAJ eta EAko zinegotziek beste mozio bat aurkeztu zuten, eta bertan Udalbiltzari (EAJ eta EAko zinegotziek osatzen dutenari) ENAren gaiari buruzko azterketa sakona egitea eskatuko ziola esan zuten. Mozio horrek bi alderdion aldeko botoa eta Batasunaren abstentzioa jaso zuen. Beraz, bi mozioak onartu egin ziren.
  • 2002-4-28. Nuarbe Sokatira Taldearen 25. urteurrena ospatzeko Nuarbetarren Eguna antolatu zuten, hantxe. Ekitaldi guztien artean bi izan ziren bereziki aipagarrienak; taldearen museo berriaren inaugurazioa eta eguerdian egin zuten herri bazkari jendetsua.
  • 2002-4-21. Euskal Eskola Nazionalaren Eguna ospatu zuten Azpeitian, Ikasberri Azpeitiko Ikastolak antolatuta. Euskal Herriko ikastolen elkartean biltzen diren bost lurraldeetako ikastola bana etorri zen. Arabatik: La Puebla de Labarkako Assa ikastola. Bizkaitik: Leioa-Getxoko Betiko ikastola. Iparraldetik: Hazparne ikastola. Nafarroatik: Tuterako Argia ikastola. Gipuzkoatik: Ikasberri bera izan zen.
  • 2002-4-14. Azpeitiko Udaleko Festa Batzordeak San Sebastian bezperan danborra jotzen atera nahi zuten talde edota elkarte berriei zuzendutako deialdia zabaldu zuen.
  • 2002-4-12. Azpeitiko Udaleko Festa Batzordeak San Sebastian bezperan danborra jotzen atera nahi duten talde edota elkarte berriei zuzendutako deialdia zabaldu zuen.
  • 2002-3-30. Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdia Diego Garcia zenaren oroimenez egin zuten lehenengoz. Probak haren oroimenez leloa izango zuen urte honetatik aurrera. Eguerdian Azkoitia eta Azpeitia bitartean, Loiolan, atleta haren irudia inauguratu zuten.
  • 2002-3-21. Anardi industrialdea inauguratu zuten, Danona Kooperatibaren inguruan.
  • 2002-3-7. Izazpi-Samiño-Oleta eta Hirukurutzeta-Karakate zentral eolikoak atzera bota zituen Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak. Arrazoi nagusitzat bertan dauden metal garaiko aztarna arkeologikoak hartu zituen.
  • 2002-3-3. Bertsolari Gazteen I. Erniarraitz Sariketako lehen kanporaketa saioa izan zen. Sariketaren asmoa bertsolari gazteak bultzatu eta ezagutzera ematea da. Zarautz, Zumaia, Itziar, Aizarnazabal, Zestoa, Azkoitia eta Azpeitiko hamasei bertsolari gaztek hartu zuten parte sariketan. Finala Azpeitian jokatu zuten, martxoaren 23an.
  • 2002-3-1. Bertsolari Gazteen I. Erniarraitz Sariketa hasi zen; Azpeitia, Zarautz, Zumaia, Itziar, Aizarnazabal, Zestoa eta Azkoitiko hamasei bertsolarik parte hartu zuten.
  • 2002-2-23. Uztarria Kultur Koordinakundeak antolatutako I. Kulturaldia hasi zen.
  • 2002-2-23. Kaldereroen Kofradiak Iñaki Bergara 'Pio' eta Inazito Odria 'Txermena' ohorezko kofrade izendatu zituen.
  • 2002-2-12. Jabier Iraetak sokamuturrari buruz egindako eskultura inauguratu zuten, Gernikako arbolaren inguruan kokatua.
  • 2002-2-6. Udalaren ekimenez, Gizartekintza eta Gazteria Sailak bultzatuta, droga menpekotasunei aurre egiteko Aurre Hartze egitasmoa martxan jarri zuten. Horretarako Drogomenpekotasunen Aurre Hartze Mahaia osatu zen. Mahaia gurasoen ordezkariek, irakasleen ordezkariek, herriko taldeen ordezkariek, psikologo eta egitasmoaren bultzatzaileek osatu zuten.
  • 2002-2-3. Azpeititik Urrakirako errepidearen inguruan sute txiki bat izan zen arratsaldeko lehen orduetan, eta denbora batez errepidea itxita izan zuten.
  • 2002-2-2. Sutea Izarraitzen; 19:00ak aldera Eskuzta inguruan hasi eta zabaltzen joan zen, GI-631 errepidearen bestaldetik ia Lasaoko industrigunearen parera heldu zen arte. Sugarrek larrea, zuhaitzak eta basoko 200 hektarea inguru erre zituzten. Baserriren bat arriskuan egon bazen ere -Gaztañazabal baserria, adibidez-, suhiltzaileek lan egin zuten arriskutik kanpo izan zedin. Dena den, ez zen baserririk hustu suaren arriskuagatik. Goizaldera itzali zen sua.
  • 2002-1-25. Manolo San Juan tailagileari Gipuzkoako Artisau Tradizionalaren diploma eman zioten.
  • 2002-1-15. Eusko Jaurlaritzak Patxi Goenaga azpeitiarra Jaurlaritzako Euskara sailburuorde izendatu zuen.
  • 2002-1-11. Gorka Azkunek CAF-Elhuyar zientzia dibulgazio lehiaketan bigarren saria irabazi zuen, '...eta honetan sokak agertu ziren' lanarekin.
  • 2002-1-3. Zelaitxo zine aretoa bota zuten, etxebizitzak egiteko.
  • 2002-1-1. Uztarria Kultur Koordinakundeak www.uztarria.com Azpeitiko webgunea martxan jarri zuen.
  • 2001-12-31. San Silbestre herri lasterketaren lehen edizioa antolatu zuen Iraurgi Atletismo Taldeak. Lehenengo aldi hartan 269 lagunek hartu zuten parte.
  • 2001-12-23. Udalak Imanol Eliasen 'Azpeitia. Gaztaroko kronikak' liburua aurkeztu zuen.
  • 2001-12-13. Antonio Aranaga 'Auntxa' soinujolea hil zen, Urrestillan.
  • 2001-12-12. Josu Bereziartua mendizaleak 'Izarraiztik Everestera' liburua aurkeztu zuen udaletxean.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan