Efemerideak

  • 1604-5-15. Martin Gerrenzurik bere testamendua egin zuen.
  • 1600-12-26. Enkantean hartu zuen Frantzisko Ugartek herriko alondegia, 258 dukat ordainduta, irabaziak eskuratzekotan dudarik gabe.
  • 1600-6-26. 1593ko eta 1594ko uholdeek Enparan eta Ondarra zubietan eginiko kalteak ezin zituen konpondu Udalak. Hori dela-eta, zentsu batzuk saltzea erabaki zuten.
  • 1600-4-7. Sevillan (Espainia) egon zen Juan Martinez Zandategik adierazi zuen Elolaren kapitalak 1597tik 1599ra bitartean sortu zituen interesak eskuratu zituela, 270.000 marai. Hari ordaindu behar ziotena honoko hau zela esaten zen: 30 egun joan-etorrian, mila marai egun bakoitzeko, eta, 276 egun hirian, egun bakoitzeko hiru dukat, baina bi dukatekin konformatzen zela adierazi zuen.
  • 1600-2-21. Domingotar eta agustindarren arteko auzia, aurrenekoen aldekoa izanik eta herriarentzat interesgarria zelako, Miguel Saez Goiaz Madrilera bidaltzea erabaki zuten. Egunean 600 maraiko soldata izan zuen.
  • 1600-2-5. Kandelaria egunean eta Santo Domingo monastegian ospatutako meza nagusian, Felipe Martinez Uranga alkateak eta beste zenbait pertsonek eginiko eskaintzen berri jakin zutenean, pare bat abokatuekin kontsultatzea erabaki zuten, guztia gertakizun berria izan zelako.
  • 1600-1-2. Miguel Saez Goiazek, Udalaren ordezkari bezala Gorteetan denboraldi bat egin ondoren, San Agustin monastegia sortzeko baimena herriratu zuen.
  • 1599-11-6. Eskuztako gurutzea Baltasar Garagarzaren kontura egin behar zela kontuan eduki behar zela esan zuten, Egimendiko San Pedro ermitako serorarengandik jaso behar zuena herriaren aldetik eskuratuz.
  • 1599-10-10. Izurritea zegoenez, bi gizonezko jarrita guardiak egitea erabaki zuten. Haietako bati herriak hiru erreal ordainduko zizkion egunean, eta besteari herritarrek ordainduko zioten.
  • 1599-8-8. Hilaren 28an ospatuko zen San Agustin egunerako herritarrek hamabi zezen eskaini zituztela adierazi zuten. Zezen horiekin jolastea erabaki zuten, eta korrejidorearentzat eta honen laguntzaileentzat oholtza jarriko zen.
  • 1599-8-8. Herriko haragi hornikuntza egiten zuenari hiltegirako behi eta idiak kaleetan ez ibiltzea agindu zioten, hamar mila maraiko isunaren azpian.
  • 1599-7-16. Herriz kanpo bizi zirenek nahiko lan zuten soroetako uzta jasotzen eta gaizki etortzen zitzaien izurriteagatik guardiak egitea. Beraz, herriak guardiak, oraingoz, barruan ziren biztanleek soilik egitea erabaki zuen. Izurriteak bereganatu zituela iruditzen zitzaien pertsonek Idiagirre baserria erabiltzea erabaki zuten.
  • 1599-6-18. Gasteiz, Logroño (Espainia) eta beste zenbait hiritan izurriteak zeudela jakin zutenez, herriko sarreretan guardiak jartzea erabaki zuten. Sarrera bakoitzean bi guardia egoten ziren egunez, gauez ateak ixtea erabaki zen-eta. Ateak ixtean, parrokiko kanpai txikietako bat jotzen zuten itxieraren berri emateko.
  • 1599-6-14. Zazpi agintari eta 27 herritar berezi bildu ziren, iskanbila izugarriak sortuz bi alkateen artean. Alkateak herritik kanpo zeuden eta herriak beste bat izendatu zuen haien postua betetzeko.
  • 1599-6-2. Herria atzeratzen joan zelako, Felipe III.aren aldeko pendoaik altxatzeko ekintza ekainaren 3an egitea erabaki zuten, Gorputz egunean.
  • 1599-5-24. Domingo Iriarte eta Juan Martinez Zandategi alkateak kanpoan ziren, bat Valladoliden (Espainia) eta bestea Sevillan (Espainia). Horregatik hirugarren alkate bat izendatu zuten maiatzaren 22an, haietako bat itzuli bitartean herriaren buru egiteko, lehen teniente Pedro Martinez Odriarekin batera. Bixente Egibar izendatu zuten, eta horrek zer esana sortu zuen. Pedro Martinez Odriak berak adierazi zuen ordenantzen aurkakoa izan zela izendatzea, alkate berriaren izena Herri Batzarrak erabakitzea proposatuz. Egibarrengan eginikoa ezerezean uztea erabaki zuten. Ondoren, San Miguel egunez egin ohi zen bezala, jokatuz egin zen aukeraketa. Domingo Lopez Arandia izendatu zuten.
  • 1599-5-22. Herriko bi alkateak kanpoan ziren eta, tenientea gutxi iruditzen zenez, beste alkate bat izendatu zuten: Bixente Egibar.
  • 1599-4-18. Alkateak aurreko igandeko meza nagusian gertatu zena jakin zuenean, haserrea agertu zuen, bere eskaintzaren zain egon gabe apaizak emakumeek eginikoak jasotzera alde egin zuelako eta betidanik ezagutu zen ohitura alde batera utzi zuelako. Iruñeko apezpikuari gertatutakoaren berri ematea erabaki zuten, behar ziren neurriak har zitzan.
  • 1599-3-23. Herrian zegoen Agustin Antolinezi, agustindarren probintzialari, herriko komentura fraideak bidaltzeko eskaera egin zioten.
  • 1599-2-10. Parrokiko etxezainari Elola kaperaren ondoko etxetik han ziren pertsona gaiztoak ateratzeko agindu zioten. Pedro Lopez Garin eta Milia Goiazek eskainitako etxea zen.
  • 1599-2-10. Espainiako erregeak bere idazkari izendatu zuela-eta Lorenzo Agirre herritarra, hau zoriontzea erabaki zuten.
  • 1599-2-10. Herrira borrero bat ekartzea onartu zuten.
  • 1598-11-13. Felipe II.aren hileta elizkizunak izan eta gero, zenbait gauza falta zela ikusi zuten: argizagia, armarriak, zapiak... Lapurtu zituztenentzat eskomikua lortzeko gestioak egitea erabaki zuten.
  • 1598-11-13. Domingotar fraideek ez zuten nahi izan Felipe II.aren hiletan parte hartzerik eta Kontseilu errealera gertatuaren berri ematea erabaki zuten.
  • 1598-10-17. Felipe II.a hil zela zioen erret zedula iritsi zen, hileta elizkizunak ospatzeko eta errege berriaren pendoi edo banderaren altxatzea agintzen zuena. Probintziak adierazi zuen, bestalde, horretarako eguna izendatua zuela: hilak 25 igandea, bezpera ospatzeko; eta 26an meza nagusia, derrigorrezkoa izanik herritar guztiak bertara joatea -hamar eguneko kartzela zigorra eta bi mila maraiko isunaren mehatxupean-, lutoz jantzirik guztiak, bai gizonezkoak eta bai emakumeak. Pendoia edo bandera altxatzeko egun moduan hilaren 27a izendatu zuten, asteartea, goizeko zortzietan, eta herritar guztiak agertu behar ziren, lehen aipaturiko zigorraren eta isunaren mehatxupean. Kontuan izan behar da herrian zeudela momentu hartan korrejidorea eta Diputazioa, eta bertan egin behar zirela ekintza guztiak.
  • 1598-10-10. Felipe II.a erregea hiltzean, korrejidoreak agindu zuen alkateek lutua jantzi zezatela, eta elizkizunak ospatzeko.
  • 1598-10-2. Izurritea zela kontuan izanik, erabaki zuten herritar guztiek txandatuz guardiak egitea. Horrela egin nahi ez zuenak hiru erreal ordaindu beharko zituen, eta diru horrekin ordainduko zuten hutsunea beteko zuena. Baserrietan bizi zirenei albistea pasatzea ere erabaki zuten, etxean inor ez hartzeko esanez.
  • 1598-7-12. Korrejidorea bere ohiko txanda betetzera garaiz herriratu ez zenez, herriak haserrea agertu zuen.
  • 1598-7-11. Erreal Zedula baten bidez adierazi zuten aita santua bitarteko izanik bakea lortu zela Frantzia eta Espainiaren artean, eta herriak erabaki zuela prozesioak eta festak antolatzea.
  • 1598-7-6. Amuko zubia urak eraman zuen, eta errematean jartzea erabaki zuten. Horrela, Juan Martin Arzalluz Errezilgo maisuak emandako itxura eman zioten.
  • 1598-4-13. Zuhaitz haztegia zeukan Juan Perez Eizagirrek eta harekin herriaren lurretan 8.000 haritz eta gaztainondo landatzeko tratua egin zuten.
  • 1597-12-11. Domingo Iriartek San Agustin monastegirako eskatzen zizkioten bederatzi mila dukatei buruz herriarekin eskritura egin nahi zuela adierazi zuen. Baina herriak erabaki zuen guztia bertako fraideen jakinean jartzea.
  • 1597-12-11. Izurritearen beldur, herriko sarrera guztietan guardiak jartzea erabaki zuten.
  • 1597-11-27. Parrokiko teilatua errematean hartu zuen Pedro Beriztain maisuak.
  • 1597-10-30. Parrokiaren izenean kapera egiteko tokia saldu zioten Frantzisko Igarzaren alargun Madalena Saez de Goiazi; hain zuzen, Ibarluze eta Marian Gerrenzurik zeuzkatenen artekoa. Horretarako 172 dukat ordaindu zituen eta sei urtean egitea adostu. Astean lau meza errezatuko zituzten bertan.
  • 1597-10-3. Prozesioak egitea erabaki zuten, Donostian eta beste zenbait tokitan izurritea zegoelako.
  • 1597-6-13. Klaustroa ixteko kontratua egin zuten Frantziskanek, Pedro eta Grazian Egaña maisu harginak eta Martin Garmendia maisu zurginarekin.
  • 1597-4-7. Parrokiko elizan egin behar zituzten obrak aurrera eramateko baimenaren berri eman zuten.
  • 1597-3-1. San Miguel eta Egimendiko San Pedro ermitetako seroren doteak kobratzea erabaki zuten.
  • 1597-2-15. Domingo Lopez Arandia jaunari, alkatetzan jarraitu nahi zuelako, herriko harresiaren barruan bizi beharko zuela jakinaraztea erabaki zuten.
  • 1597-2-15. Olazko ermitan berritze lanak egitea erabaki zuten.
  • 1597-2-15. Parrokian egin behar zituzten obrak gogoan izanik, haien enkantea Zestoa, Azkoitia, Errezil eta beste zenbait herritan adieraztea erabaki zuten.
  • 1597-2-15. San Juan egunera bitartean, San Asentsiotik astean sei zama ardo ekartzeko obligazioa hartu zuen Martin Mendigurenek. Pitxarra 39 maraiko prezioan ekarri zuen.
  • 1597-2-15. Amuarrain libera erreal batean saltzeko agindua eman zuten, eta gainontzeko arraina, berriz, erreal erdian.
  • 1596-12-30. Bezperako gauean beste alkatea herriko konpainiaren kapitain izendatu zutela jakinarazi zuen Domingo Lopez Arandia alkateak. Baina kapitain kargua berari zegokiola zioen, San Miguel egunean alkateen aukeraketa egindakoan zozketa bidez lehen ateratakoa bera izan zelako. Kapitain aukeraketa ordenantzek agindu bezala egin zela esan zuten gainontzeko agintariek eta, Arandiak gogor protestatu bazuen ere, ez zuen lortu nahi zuena. Domingo Larraar sarjentu izendatu zuten gero.
  • 1596-12-29. Frantziako tropak probintzian sartzeko asmoz mugan zeuden albistea jaso ostean, biztanleak prestatzea erabaki zuten. Kapitaina aukeratzeko zozketa egin zuten bi alkateen artean, eta Miguel Saez Goiaz atera zen.
  • 1596-12-24. Azkoititik albistea iritsi zen, Santander eta Laredon (Espainia) izurritea zela, itsasontzi baten pertsona kutsatuak iritsi zirela-eta. Herrian guardiak egitea erabaki zuten, eta txandak izendatu zituzten biztanleen zerrenda jarraituz.
  • 1596-12-11. Parrokiko planoak ikusi zituzten agintariek. Eta Pedro Martinez Urangari koruko itxura Joan Apoita maisuari eginarazteko agindu zioten.
  • 1596-10-5. Herriko zapatariek oinetako onak egin zitzaten -bi josturakin ongi josiak-, garbi jakin zen, haiei galdetzean, gehien egiten zituztenak beste era batekoak zirela, eta adierazi zieten agindutakoak bezalakoak prestatu beharko zituztela handik aurrera.
  • 1596-9-20. Herriaren aldetik 25 moskete eta 30 alkabuz erosi zituztela esan zuten -lehenak Soraluzen, 48 erreal ordainduz bakoitza-, herritar asko zelako armarik gabekoak. Horietako 28 behintzat, saldu egin zituzten ondoren.
  • 1596-9-10. Nafarroako erretoreordeak albistea bidali zuen, esanez frantziarren inbasioa espero zuela lau edo bost egunen buruan eta jendea prest edukitzeko eskatuz. Herriak gerraren beharrei erantzuteko 600 dukat aurkitzea erabaki zuen.
  • 1596-7-17. Santiago egunean alardea egitea erabaki zuten. Arratsaldeko ordubietan Madalenan bilduko ziren herritar eta biztanleak, armak zituztela, berrehun maraiko isuna eta hamabost eguneko kartzela zigorraren azpian.
  • 1596-5-19. Urrestillaren aldeko sententzia emana zuen Iruñeko bikario bagusiak, baina nuntzioari apelaturik zuen herriak, eta, hilarenb 20an letaniak hasiko zirenez, abokatu batekin herriak nola jokatu behar zuen kontsultatzea erabaki zuten.
  • 1596-4-19. Utzitako haur bat aurkitu zuten herriko plazan.
  • 1596-2-19. Urte honetan, behintzat, emakumeei alkatearen baimenik gabe ogia saldu eta tabernari bezala lanean aritzea debekatu zieten.
  • 1595-11-23. Herriak Agustin Amezketa zirujauarekin eskritura sinatu zuen, hamabi dukat ordainduz urtean. Izan ere, Bixente Egibarri ezinezkoa egiten zitzaion herriari behar bezalako zerbitzua ematea.
  • 1595-10-15. Kapitan jeneralak bi mila frantziar hurbiltzen ari zirela zioen albistea pasatu zuen, eta prest egoteko agindu zuen. Herriko kale eta errebaletan horrela adieraztea erabaki zuten, danborra jo eta pregoiak emanez, prest egon zitezen herritar guztiak armak eta munizioak eskuetan zituztela. Esan zieten etxeetara bisitak egingo zituztela, eta prestatua ez zegoena zigortu egingo zutela.
  • 1595-10-12. Parrokiko patronatuari buruz gortean egindako gestioen berri eman zuen Juan Lopez Ondarrak.
  • 1595-8-18. Parrokiko elizaren planoen kopia bat ateratzea erabaki zuten, Alzaga lizentziatuari bidaltzeko, Madrilen gestioak egiten ari zela-eta.
  • 1595-6-11. Probintziak agindutako urteko arma erakusketa Santiago egunez egitea erabaki zuten. Beharreko ospe eta handitasunez eguna egiteko herritarrei bertara kontu handiz gerturatzea eskatu zieten, arratsaldean zezenak jolasten ziren-eta.
  • 1595-6-7. Jesusen Lagundiko Aita Alonso Ramirez agertu zen. Hark Loiolako Inaziori buruz zerbait jakin nahi zuen, aita santuaren aldetik kanonizatua izan zedin. Horretarako, Udalari laguntza eskatu zion. Herriaren ongarria izanda, Juan Martinez Zandategi eta Azkune lizentziatua izendatu zituzten jesuitari laguntzeko. Herriak gai horretan nolako zerikusia zuen jakiteko, ordenako Probintzialari eta Oñatiko monastegiko erretoreari idatzi zioten.
  • 1595-5-8. Agustindarren batzar nagusia Dueñasen (Espainia) ospatuko zenez, Miguel Saez Goiaz bertara bidaltzea erabaki zuten, herriaren gutun bat eramanez. Eskutitzean zera esan zuen: herriak diru asko gastatu zuela beraien defentsan, gero monastegia sortu gabe gelditzeko, eta, beraz, herriak beraien aurkako kexa berezia zuela.
  • 1595-5-8. Urrestillako elizako etxezainak prozesioan Eizmendiko San Juan ermitara joateko apezpikuaren baimena lortu zuela kontuan izanik, gestioak egitea erabaki zuten, baimen hori ezerezean utzi ahal izateko.
  • 1595-4-20. Pasaiako portura bidean ziren tropak herritik igaroko zirenez, okinei nahiko ogi egiteko eskatzea erabaki zuten. Bide batez eta, ohitura jarraituz, soldaduentzat ostatua aurkitzea onartu zuten, herriko etxeetan banatuko zirelako.
  • 1595-2-23. Bixente Egibarren proposamena onartu zuten: astean behin azoka egitea, ostegunetan, eta albisteak pasatzea inguruko herrietara.
  • 1595-2-23. Herriko baso eta harrobiak erabili nahian, auziak jarraitu egiten zuen Santo Domingo komentuaren eta herriaren artean. Komentuak herritarren eskubide berberak eskatzen zituen.
  • 1595-2-10. Enparan zubia egurrezkoa egin zuelako, Martin Garmendia zurginari 34.957 marai ordaindu zizkioten.
  • 1594-10-7. Urte hartan, momenturako eta udaberrira bitartean, Enparanen egurrezko zubia egitea erabaki zuten.
  • 1594-7-22. Azken uholdeek kalte handiak egin zituztenez, erregeari baimena eskatzea erabaki zuten, herritarren artean konponketa lanak aurrera eramateko dirua biltzeko.
  • 1594-7-7. Marina Arregi hiltzean, Juan Arriagak Santo Domingo monastegiko patronatua bereganatu nahi zuen eta azpilanean herriko agintariak gonbidatu zituen. Baina jabetza ekimenari aurka egitea erabaki zuen herriak, herriaren aurkako asmoa baitzen.
  • 1594-6-29. Enparantza Nagusiaren parean konponketa egin beharreko egurrezko zubia zela adierazi zuten.
  • 1594-6-5. Agintariek eta apaizak urrestildarren jokaera aztertu zuten, ez zirelako agertzen eliza nagusiko prozesioetara eta letaniak egiten zituztelako ermiteetara. Soluzio bat aurkitzea erabaki zuten, baina erretoreak jakinarazi zuen Eizmendi ermitako giltza berak eman ziela.
  • 1594-5-29. Lorentzo Berrasoeta erretoreak meza nagusian alkatea, agintariek eta beraien aginduak jarraituz lehen letania egunean Eizmendiko San Juan ermitara joan ziren herritarren eskomikua irakurri zuela jakinarazi zuten. Horiek Urrestillako apaiz eta biztanleek zigortu nahirik bertaratu ziren. Herriak erabaki zuen bere agintarien defentsan ahalegin guztiak egitea. Auziak Iruñean jarraitzen zuen, eta derrigorrezkoa zen parroki nagusiko elizkizun berezietara gainontzeko elizetakoak agertzea.
  • 1594-5-9. Herriko agintarien aginduak aintzakotzat hartu gabe, Urrestillako biztanleak Eizmendiko San Juan ermitara igo ziren prozesioan eta, agintariak ez ezik, zenbait herritar bertan agertu ziren. Urrestildar apaizak atxilotu egin zituzten. Bien bitartean, parrokiko erretore Korentzo Berrasoetak meza nagusian Eizmendira joan ziren alkatea, agintariek eta herritarren aurkako eskomikua dekretatu zuen.
  • 1594-3-10. Iruñeko bikario nagusiaren aginduz, Urretxuko Juan Bikuña bikarioa herriratu egin zen aurreko egun batean, eta Juan Ramos fraidea herriak errebalean zituen etxe batzuetatik bidali nahi izan zuen. Baina Miguel Saez Goiazek horrelakorik egitea debekatu egin zion, monastegi bezala ez baitzuen erabiltzen fraideak. Gertatutakoaren berri jakiteko gestioak egitea erabaki zuten, Juan Bikuñak herritarren laguntza eskatu baitzuen etxeak botatzeko; ez ematean, eskomikua eman zioten.
  • 1594-2-9. Santo Domingo komentuko fraideek pulpitutik agintariez gaizki hitz egin zuten zurrumurruak entzutean, neurriak hartzeko gertatutakoaren berri jakitea erabaki zuten. Eta Iruñeko apezpikuari herria monastegia eraikitzearen aurka dagoela adieraztea erabaki zuten.
  • 1593-12-22. Enparan zubia berriro altxatzeko proiektuak aurkeztu zituen Joan Apoita maisuak, haietako bat lehengo erakoa eta bestea arku bat edo begi bat gutxiago zuena. Herriak lehen bezalakoa egitea erabaki zuen.
  • 1593-12-22. Zurginek zuhaitzak ebakitzen zituzten, inolako baimenik gabe, ondoren egurra saltzeko herritarrei; eta horrek kalte handiak eragiten zituen basoetan. Hala, zuhaitzak ebakitzea debekatzea erabaki zuten, baldin eta obra bat egiteko behar ez bazen.
  • 1593-10-13. Domingotar fraideak plaza ondoko Martin Parez Zabalaren baratza erosi nahian zeuden komentua egiteko, eta herriari iruditzen zitzaion horrek kaltea zekarrela. Abokatu batekin harremanetan jartzea erabaki zuten.
  • 1593-10-13. Enparantza ingurutik ibaiaren beste aldera behin-behineko zubia egitea erabaki zuten.
  • 1593-9-22. San Mateo gauez Enparan zubia uholdeek eraman zutela adierazi zuten, eta Harzubikoa arriskuan utzi zuela.
  • 1593-6-12. Bidanian ospatutako batzarraren berri eman zuten. Bertan 300 soldadu erregeari eskaintzea erabaki zuten, eta herriari tokatzen zaizkionak aurkitzea erabaki zen isilean, danborrik jo gabe eta bandera altxatu gabe.
  • 1593-5-28. Biztanle guztiei San Juan egunean beraien alkabuzekin agertzeko deialdia egitea erabaki zuten, tiro lehiaketa batean parte hartzeko. Onenarentzat saria jarri zuten.
  • 1593-3-24. Valladoliden (Espainia) herriak bi alkate izan behar zituela zioen sententzia baieztatu zuten.
  • 1593-3-24. Ur zikina eta beste edozer gauza leihoetatik kaleratzea debekatu zuten, 200 marairen isunpean.
  • 1593-3-17. Gaspar Hernandosoro maisuari Santo Domingo komenturako herriko harrobietan harria ateratzea debekatu zioten, partikularra zelako hura eta herritar bezala ez zelako domingotarren ordenakoa.
  • 1592-11-23. Ikusirik Bixente Egibar zirujaua elbarri zegoela, bere posturako beste norbait aurkitzea erabaki zuten.
  • 1592-10-18. Santo Domingo komentuko bi fraide herriaren inolako baimenik gabe limosna eskean ibili zirela jakitean, neurriak hartzea erabaki zuten, horrela ibiltzea ohitura ez zedin bihurtu.
  • 1592-10-6. Txileko Santiago hiriko batzarraren aurrean gobernadore karguari zin egin zion Martin Garcia Oñaz eta Loiolak.
  • 1592-9-28. San Agustin komentuko fraideak eta herria alde batetik, eta bestaldetik Pedro Centellas eta Borja parrokikoak eta Marina Arregi zirela sortutako auziak sor zitzakeen kalteei aurre egiteko, batzordea izendatu zuten.
  • 1592-9-23. Valparaiso hirira (Txile) iritsi zen, gobernadore moduan, Martin Garcia Oñaz eta Loiola.
  • 1592-8-27. Frantziskanen komentu zaharra erosi zuten Martin Perez Arandiak eta haren emazte Maria Akemendik, eta eskritura sinatu zuten.
  • 1592-8-4. Martin Perez Zabala Lasaoko jaunak ez zuen nahi herrian agindutako arma erakusketa egitea eta auzia jarri zioten. Arma erakusketa egitera kondenatua izan zen, eta 11 pika, hamabi alkabuz eta sei moskete azaldu zituen.
  • 1592-7-8. Valladolid hirian (Espainia) ziren Salbador Zuola eta Bartolome Arbidek idatzi zuten, esanez Castro Urdialesko (Espainia) Mateo Francos jauna Elolaren katedraren irakasle bezala herriratuko litzakeela.
  • 1592-6-20. Frantziskanen komentu zaharra eta bere baratza tasatu zituzten.
  • 1592-6-16. Elola katedrala irakaslerik gabe zen, probintzian eta probintzitik kanpo deialdiak zabaldu ondoren. Irtenbidea topatzeko, Salamancan (Espainia) bizi zen Juan Martinez Arzuagari idaztea erabaki zuten, irakasle bat aurkitu zezan.
  • 1592-5-23. San Frantzisko ordenako jeneral Frantzisko Tolosa fraideari egindako oparia ordaindu zuten, Frantziskanetako leikaimeak komentu zaharretik berrira pasatzeko unean herriratu egin zelako.
  • 1592-5-23. Herriko kartzelan egindako kaperaren gastuak ordaindu zituzten, korrejidorearen aginduz.
  • 1592-2-15. Enparan errotaren ondoan azken uholdeek eraman zuten horma altxatzea erabaki zuten.
  • 1592-2-10. Azpeitiko herria ez ezik, Azkoitikoa ere sendagilerik gabe zegoen, eta biak elkartu eta sendagile bat lortu nahian harremanak izatea erabaki zuten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan