1980-1-30. Kalean 30 bozgorailu jartzeko, Bengoa etxearen aurrekontuaren berri eman zuten udaletxean.
1980-1-19. Herriko kaleetan danborradarako bozgorailuak jarri zituzten.
1979-10-7. 1979ko Kilometroak ospatu ziren herrian. Gipuzkoako ikastolen elkarteko festaren hirugarren edizioa izan zen.
1979-7-29. Itsasi Dantza Taldeak ttuntturroak desfilatu zituen lehen aldiz herrian.
1979-7-4. Manuel Altuna zinegotziaren aurkako botoarekin Espainiako 1936ko Gerran hildako erreketeen oroimenez altxatutako monumentua lurreratzea erabaki zuten.
1979-6-1. Sute batek Elormendi baserria suntsitu egin zuen.
1979-5-30. Karmelo Etxegarai Ikastolak 667 ikasle zituela eta hurrengo ikastaroan 763 izango zituela esanez aurkeztu zuen idatziaren aurrean, Udalak ikerketa egitea erabaki zuen, 12.000 edo 15.000 metro koadrako lurraldea eskaintzeko ezeren truke.
1979-4-19. Luxiano Lazkano alkate zela frankismoaren ondorego lehen udal demokratikoa osatu zen.
1979-4-19. Aho batez onartu zuten: 1. EAEko l parlamentariek osatutako Autonomia Estatutuaren proiektua bultzatzea eta Espainiako Parlamentu eta Gobernuari eskatzea berehala tramitatzea eta indarrean jartzea. 2. Espainiako Estatuko instantzi guztiei akordio horren berri adieraztea.
1979-3-19. Frankismo osteko lehen Udala osatu zuten herrian, Luziano Lazkano alkate zela.
1979-2-10. Kutxaren kultur etxea bezala, Antxieta Etxeak bere ateak zabaldu zituen, berritze lanak egin ondoren.
1979-1-22. Parrokian korura igotzeko eskaileraren ganga erori zen.
1979-1-18. Zinegotzi gehienak agertu ez zirelako ezin izan zuten udalbatzarra egin.
1979-1-10. Udalbatzarra bertan behera utzi zuten, behar hainbat zinegotzi ez zirelako agertu.
1978-7-2. Periko Odriozola futbolaria hil zen, Zarautzen.
1978-6-29. Aho batez erabaki zuten aktan idaztea Udalaren nahigabea bi gazte indar publikoek jarritako kontrolean hiltzean. Ondoren, dimisioa adierazi zuten Manuel Mari Altuna, Lorentzo Soraluze, Rafael Larrañaga, Inazio Uranga, Imanol Elias, Javier Arakistain eta Estanislao Iriarte zinegotziek.
1978-5-22. Neska eta mutikoen haur eskola martxan jartzeko baimena eman zioten Jesusen Bihotzaren Ikastetxeko Gurasoen Elkarteari.
1977-11-13. Itsasi Dantza Taldea lehen aldiz aurkeztu zen, Loiolan egindako jaialdian.
1977-10-30. Herri Zale batzordearen proposamenez, 'Txokolo' txistulariak omendu zituzten.
1977-10-19. German Alberdi herriko sendagilea hil zen.
1977-7-30. Azpeitiko urrezko intsignia emateko arautegia irakurri eta onartu zuten. Hilabetean jendeak ikusteko jarri zuten, eta Espainiako Gobernu Ministeriora ere bidali zuten, honek ere onar zezan.
1977-6-30. Udalak aho batez erabaki zuen Circulo del Movimiento zuzentzen zutenei Plaza Txikiko 1. zenbakiko hirugarren solairua hamar egunen barruan hutsik uztea adieraztea. Horrela egin ezean herriak gestioak egingo zituen beste era bateko neurriak hartzeko, unean desagertuta baitzen aipaturiko elkartea.
1977-6-30. Silbestre Otamendik alkatetza utzi zuela adierazi zuten, eta haren teniente Agustin Pratek hartu zuen kargua bitartean.
1977-6-23. Donostiako Kutxa Munizipalak berrituta Enparan dorretxea inauguratu zuten. Enparan etxearen eta sendiaren historia ez ezik, berritze lanen memoria jasotzen zuen liburua aurkeztu zuten.
1977-3-3. Igerileku estalia egiteko proiektua eta aurrekontua onartu zituzten udaletxean.
1977-2-17. Espainiako Gobernuko Hezkuntza eta Zientzia Ministeritzak, Basazabal etxea berriztatzea onartu zuela jakinarazi zuten.
1977-1-15. Mariano Haro lasterkalariak 10.000 metro egin zituen zezen-plazan, 29'52'' denboran.
1976-11-26. Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak erabilgarri publikotzat deklaratu zuen Basazabal etxea.
1976-10-1. Azpeitiko Zine Klubak lehen zinema emanaldia eskaini zuen, 'Ya no basta con rezar' filma aurkeztuta.
1976-9-10. Batzar berezian mozioa aurkeztu zuen alkateak, azken egunetan probintzian ezagututako bortxakeri ofiziala salatuz. Bilera baketsuak eta manifestazio lasaiak mozteko indarkeria erabiltzea, armak erabiliz, ohitura bihurtu zen Ordena Publikoaren jokaeran: aurreko igandean, Donostian, balaz zauritu zituzten bi lagun, Konstituzioko plazan jaialdia ospatu zen unean indarkeria itxuragabea erabiliz egun horretan bertan; Gros auzoko danborrada moztu zuten asteartean; eta hilaren 8an eta 9an gertakizun odoltsuak izan ziren Hondarribia eta Pasaian, larri zaurituz bost lagun, eta Jesus Mari Zabala Erasun gaztea tiro batez hil egin zen, probokazioa izanik guztia herriarentzat. Gertakizunak gogoan izanik, alkateak honoko puntuak onartzea proposatu zion udalbatzarrari: 1. Bat egitea une haietan Hondarribiko Udala eta herria bizitzen ari ziren momentu larriarekin. 2. Indar publikoek eskubide txikienak ere hautsi egiten zituztela salatzea. 3. Gertatuaren berri ongi jakin ondoren, neurririk gogorrenak hartzeko erantzukizuna eskatzea. 4. Udalentzako oinarrizko garantia eskatzea botere publikoei, antzeko jokaerarik ez zela izango adieraziz. 5. Espainiako erregeari eta Gobernuko presidenteari desakordioa agertzea, Gipuzkoako gobernadore zibilak, Guardia Zibilaren zuzendari nagusiak eta gertaerekin zerikusia izan zuten gainontzekoek izan zuten jokaerarekin.
1976-7-16. Manuel Altuna zinegotziak aurkeztutako mozioa onartu zuten eta, beraz, Udalak aho batez erabaki zuen Espainiako erregeari udaletxe guztietako balkoietan ikurrina zintzilikatzea onartzeko eskatzea -Espainiako banderarekin eta herrikoarekin batera-. Hegoaldeko lau euskal probintzietako udaletxe guztietara eskaera horren kopia bidaltzea ere onartu zuten.
1976-7-16. Udalak Inazio Belokiren orubea erostea erabaki zuen.
1976-6-28. Joxe Luis Orbegozo hil zen Vignemale mendian (Frantzia), eskalatzen ari zela.
1976-5-28. Udalak ezerezean utzi zuen Basazabal etxeari buruz aurrez hartutako erabakia. Aurrez, etxea botatzeko agindua eman zioten jabeari.
1976-5-20. Enparan kaleko 12. zenbakia botatzea eskatu zioten jabeari: Antonio Mari Muruari.
1976-4-29. Zelai Luzen argia zuen iturri bat jartzeko proiektua onartu zuten.
1976-4-29. Enparan dorrearen ondoan Beloki anaiek duten etxea erosteko proposamena egitea erabaki zuen herriak. Prest zegoen 1.500.000 pezeta ordaintzeko, betiere maiatzaren 31ra bitartean hutsik uzten bazuten etxea.
1976-4-29. Udal ganadu hiltegia eta garbitokia egokitzeko proiektu teknikoak onartu zituzten.
1976-2-25. Aurreikuste Nazional Institutuari herriak eskubidea zuen Medizina Jeneraleko sendagileak eskatzea erabaki zuten.
1976-2-2. Jefatura Local del Movimiento deitutakoentzat, Enparan kaleko 1. zenbakia zuen etxeko bigarren solairua prestatzea erabaki zuten, etxeak berak oinaldean zuen gela utzi egin behar izan baitzuen sendagilearen kontsulta jartzeko.
1976-2-2. Juan Carlos I.a Espainiako erregeari amnistia eskatzea erabaki zuen Udalak.
1975-11-26. Enparan kaleko Basazabal etxea hondamenean zegoela deklaratzeko prestatutako espedientea aztertu zuten berriro. Bixente Gibert arkitektuak txostena egin zuen: unean etxeak zeukan egoera hondamen osoan zegoela esan zuen, eta horma nagusia edo aurreko aldea erortzeko zorian zela. Bixente Orbe arkitektuak ere gauza bera esan zuen; hau da, aurreko horma noiznahi eror zitekeela. Joakin Montero hirugarren arkitektuak, hainbestekorik agertu gabe, etxearen alderdi batzuk gaizki zeudela zioen. Gogoan izan behar da Udalak, etxeari zutik heldu nahirik, gestioak egin zituela jabearen, gobernadore zibilaren eta Diputazioaren aurrean, baina ez zuen behar bezalako erantzunik izan. Hori guztia zela-eta, Udalak Basazabal hondamen osoan zela deklaratzea erabaki zuen, nahiz eta ezezko botoa eman zuen Agustin Prat zinegotziak.
1975-11-17. Diputazioak Basazabal etxeari buruz emandako dekretuaren berri jakinarazi zuten: eraikina zaindu eta konponketa lanak egitera behartu zuten jabea, Ondare Zuzendaritza Nagusiak zioenez.
1975-11-6. Batzarrean jakinarazi zuten Kristina enparantzatxoan Inazio Perez Arregik zeukan etxea erosi zutela herriaren aldetik, eta erabaki hori 1973ko apirilaren 26an hartutakoa zela.
1975-9-27. Francoren erregimenak Angel Otaegi nuarbetarra fusilatu zuen. ETAko kidea zen Otaegi.
1975-7-16. Arte eta Kultur Ondareko zuzendari nagusiak Basazabal etxeari buruz bidalitako idatzia irakurri zuten. Udalari etxe hori erosteko prest izango ote zen galdetu zioten, eta Udalak herriari ordaintzea ezinezkoa zitzaiola erantzun zuen. Udalak egokiagotzat zuen berritze lanak egin ondoren eraikina herriari eskaintzea, kultur ekintzak aurrera eramateko.
1975-5-27. Herri Zale Batzordeko lehendakariak diru laguntza eskatu zuen ekainaren 15ean Marrazki eta Margo Lehiaketa antolatu nahirik. Udalak bost mila pezeta ematea erabaki zuen. Aurrekontua 63.400 pezetakoa zuten eta Gipuzkoako Kutxa Probintzialak 50.000 pezeta agindu zituen.
1975-5-25. Lagun Onak futbol taldeak lehen aldiz Espainiako Hirugarren Mailara igotzea lortu zuen.
1975-4-24. Joakin Montero arkitektuak Basazabal etxeari buruz prestatutako txostenaren berri eman zuten, eta Udalak erabaki zuen goi agintari guztiei eskaera zuzentzea, horiek ahalik eta azkarren neurriak har zitzaten etxeari heltzeko.
1975-3-6. Ikusita Enparan kaleko Basazabal etxearen hondamena, Euskal-Nafar Arkitektuen Ikastegira gutun bat bidaltzea erabaki zuten, ahal zen azkarren arkitektu bat izendatu zezan, haren egoerari buruz txostena burutu zezala eskatuz.
1974-12-3. Ildelfonso Gurrutxaga historiagilea hil zen.
1974-9-26. Azkoitiko Udalak ontzat hartutako estatutuak irakurri zituzten. Azpeitiko herriarekin batera mankomunitate bat osatu nahi zuten, kiroldegia egiteko, baina artikulu batzuen aldaketa eskatzea erabaki zuten.
1974-8-8. Alkateak Enparan kaleko Bazasabal etxea egoera larrian zela adierazi eta honen berri Monumentu Historiko eta Artistikoen Probintziako Batzordeari jakinarazi ziotela esan zuen, 1972ko irailaren 25ean idatzitako ofizio baten bidez. Inork ez zuen erantzunik eman, eta aho batez Bixente Gibert arkitektuari zer egin jakiteko txostena eginaraztea erabaki zuten.
1974-7-31. Herriak urrezko domina eman zion Inazio Perez Arregiri, baita Julian Elorza zenari ere.
1974-7-19. Jesusen Bihotzaren Ikastetxea handitzeko Roman Azkue arkitektuak egindako proiektua onartu zuten.
1974-5-21. Udalak Feliz Belokiren eta Inazio Perez Arregiren orubeak erosi zituela jakinarazi zuten, lehenena Mojen errebalean eta bigarrena Kristina enparantzatxoan. Publikoaren erabilerako geldituko ziren bi zatiak, beste zerbait egitea erabaki bitartean.
1974-5-16. Jesusen Bihotzaren Ikastetxean kirol tokia egiteko enkantea onartu zuten.
1974-4-3. Tiroz hil zuten Gregorio Posadas Zurron guardia zibila.
1974-3-7. Urola eta Errezilgo ibaiek bat egiten duten ingurua estaltzeko proiektua eta aurrekontua onartu zituzten.
1974-3-7. Betharram Ikastetxe inguruan kirol instalazio batzuk egitea erabaki zuten.
1974-1-30. Zelai Luze zati batean zabaldu eta luzatzeko planoa eta aurrekontua onartu zituzten.
1974-1-30. Soreasu kalearen jarraipenari Agustin Jauregi kalearen deitura ematea erabaki zuten.
1974-1-29. Ibaieder eta Urola ibaiek bat egiten zuten tokia estaltzeko proiektua ordaindu zuen herriak.
1973-12-26. Eguerdiko hamabietan eta batzar berezian bildurik, alkateak adierazi zuen gai bakarra Luis Carrero Blanco Espainiako Gobernuko presidenteak izandako atentatua gaitzestea zela. Aho batez Espainiako presidenteari dolumina agertzea erabaki zuten.
1973-11-29. San Miguel Patronatua sortzeko, herriak lurraldea Donostiako Kutxa Munizipalari eskaini zion, inolako ordainketarik gabe.
1973-11-29. 12 eta 23 poligonoetan sortu zituzten hiru kale berriei, 'Juan Joxe Ezeiza 'Mardura'', 'Joxe Alzuru' eta 'German Alberdi' deiturak jartzea erabaki zuten, haiek herriaren alde eginiko lana nolabait eskertuz.
1973-10-24. Luzio Martinez erretoreak eta Joxe Mari Altunak, parrokiko abesbatzaren eta Azpeitiko Musika Elkartearen izenean, herriko kale bati 'Julian Barrenetxea' deitura jartzea eskatu zuten. Kontuan izanik Barrenetxeak eginiko lana eta non bizi izan zen, Enparan zubitik parrokira bitarteko pasabideari 'Julian Barrenetxea' deitura ematea erabaki zuten.
1973-7-25. Fernando Olaizolak egindako irudiarekin Joxe Artetxeren monumentua inauguratu zuten Zelai Luzen.
1973-6-10. Joxe Solorzano 'Aretxa II.a' eta Mikel Gurrutxaga nuarbetarra neurtu ziren 11 arroako kubikoa erabilita, zazpi minutuko hiru ekitalditan. Aretxa II.ak 55 jasoaldi egin zituen eta Gurrutxagak 53.
1973-5-22. Herriko saihesbidea inauguratu zuten.
1973-4-26. Inazio Perez Arregiren finka erostea erabaki zuten, frontoiaren kontra zegoena.
1973-3-29. Lagun Onak Mendi Bazkunaren txokoa jartzeko, Eliz kaleko 31. zenbakia zuen etxearen behean obrak egiteko baimena eman zioten Kepa Ibarzabali.
1973-2-22. Kirol konplexu bat bi herrien lurraldeetan egiteko Azkoitiko eta Azpeitiko udalek sorturiko Mankomunitatearen estatutuak onartu zituela adierazi zuen Azkoitiko Udalak, baina ikusirik gastu handiak izango zirela, azpeitiar agintariek Etxahun baserriaren lurraldean egitea proposatzea erabaki zuten.
1973-1-25. Frantziskanen komentuaren aurrean, bi milioi pezeta ordainduz, Inazio Belokiren eta Felix Belokiren alargunak eta semeek zuten etxaldea erostea erabaki zuten.
1972-12-17. Endañetak sei minutuko hiru saiotan 213 kiloko harri zilindrikoa 27 aldiz altxatu zuen.
1972-12-12. Alkateak jakinarazi zuen, hainbat teknikorekin hitz egin ostean, Inazio Perez Arregik Kristina enparantzatxoan zeukan etxea eta lorategia erosi eta bertan gune lasaia sortzeko asmoa zuela. Etxea bota eta horren kontra zegoen frontoia egokitzeko asmoa zeukan. Horrez gain, etxearen jabeak adierazi zuen bost milioi pezetan saltzeko prest zegoela. Kontu horiek guztiek jakinda, Udalak Perez Arregiri hiru milioi eta erdi pezetan erosteko prest zela adieraztea erabaki zuen.
1972-11-12. Jexux Olaizola 'Agieta' eta Juan Alberdi 'Urreta' herritarrak bi enbor 72 ontzakoak eta hamar 54koak ebakitzeko neurtu ziren. Lehenenak irabazi zuen, 45.50eko denbora eginez. Bigarrenak 48.15ekoa egin zuen.
1972-10-30. Azkoitiko Udalak urte horretako ekainaren 28an hartutako erabakiaren berri eman zuten: kirol instalazio bat egiteko bi herrien artean mankomunitatea sortzea. Bien artean eginiko proiektua aurrera eramatean laguntza egokiak lor zitezkeela kontuan izanik, Felix Azkue zinegotzia izendatu zuten Azpeitiko udal ordezkari bezala eta beharrezko ziren estatutuak osatzeko.
1972-10-22. Agustin Ostolaza eta 'Mendizabal I.a' 112,5 kiloko harri zilindroarekin neurtu ziren. Aurrenak 244 aldiz altxatu zuen, eta bigarrenak 152 bider.
1972-8-20. Mendizabal II.a eta Iurrebaso neurtu ziren hamabiko kubikoarekin, sei minutuko hiru saiotan. Lehenenak 22 jasoaldi egin zituen eta bigarrenak hamabi.
1972-7-29. Zelaitxo antzokian aurkeztu zuten 'Mariñelak' zartzuela, Agustin Zubikarairen hitzekin eta Joxe Mari Altunaren musikarekin.
1972-7-25. Nikolas Zubeldiak egindako Izarraitz frontoia inauguratu zuten.
1972-6-11. Felipe Urkidi 'Beñe' eta Joxe Manuel Agirre 'Endañeta' neurtu ziren zezen-plazan. Beñek hamalau arroako zilindro zaharra 29 bider jaso zuen sei minutuko hiru ekitalditan. Endañetak 213 kiloko koadratua 27 bider altxatu zuen zortzi minutuko hiru ekitalditan.
1972-5-28. Hamar arroako zilindro berriarekin neurtu ziren Mendizabal I.a eta Usategieta I.a, hamar minutuko hiru ekitalditan. Lehenenak 182 jasoaldi egin zituen eta bigarrenak 168.
1972-5-18. Herriko mazero eta txistularientzat jantzi berriak erostea erabaki zuten.
1972-5-4. Plaza Txikian zuen etxearen lehen solairuko etxebizitzan Jubilatuen Txoko bat egokitzeko erabaki zuten erretoreari adieraztea Udala prest zegoela, aho batez. Horretarako, bertan bizi zenak eginiko kontratuari uko egin behar zion. Etxebizitza horretan zegoen Nikanor Bereziartua zenaren sendiarekin harremanetan jartzea erabaki zuten, akordiora iritsi nahirik.
1972-3-23. Udalak ontzat hartu zituen Agrupacion Musical Azpeitianak bere zerbitzua korporazioari eskaintzeko aurkeztutako baldintzak.
1972-2-10. Martzial Uzin enpresariari Apaizen pasealekua konpontzeko eskaera egitea erabaki zuten, enpresariak egin zituen obren ondorioz erabat apurtuta zegoelako.
1972-1-27. Herriak erositako Beloki ingurua urbanizatzea erabaki zuten, horretarako Amuko zubiaren inguruan hasi eta bertaratzen zen ubidea estaliz.
1972-1-13. Danborradetako gastuei aurre egiteko, 86.000 pezeta eman zituen Udalak.
1971-11-18. Herriko Oargi Elkartearen ekintzak joan zen irailetik mozturik gelditzen zirela jakin zuten gobernadore zibilak idatzitako gutun baten bidez, Udalak emandako lokal batean egiten zituztelako euren antolaketak. Handik aurrera ezinezkoa egiten zitzaion modu librean edariak saltzea, dantzak kaleratzea eta abar; horretarako derrigorrezkoa zen aurrez gobernadore zibilaren baimena lortzea.
1971-9-23. Jose Artetxe idazlea hil zen, Donostian.
1971-7-11. Antxieta Jakintza Taldeak, Andoni Albizuri 'Katxo' buru zuela, Erraila historiaurreko aztarnategia aurkitu zuen.
1971-6-3. Gure Ametsa Elkarteak San Juan bezperan San Juan sua egin eta txistularien emanaldi bat izateko baimena eskatu zuen. Udalak baietza eman zion, baina gobernadorearen baimena lortu beharko zuela adieraziz.
1971-5-9. Aretxa Ia. eta Endañeta neurtu ziren. Lehenak esku bakarrez 30 jasoaldi eman zizkion hamar arroako zilindroari hamar minutuko bi ekitalditan.
1971-4-11. Inazio Mari Arangurenek Ernio, Erlo, Xoxote, Arauntza eta Oñatz mendiak egiteko sei ordu, 42 minutu eta 11 segundo behar izan zituen. Marka hautsi zuen.
1971-1-17. Irazu eta Leon Albeniz 'Iruntxiberri' neurtu ziren beraien artean eginiko lau apustuetako bigarrenean: zortzi kilometro lasterka. Iruntxinberrik irabazi zuen 25' 50''eko denborarekin; 26 segundo gehiago egin zituen Irazuk.
1970-11-21. Joxe Odriozola 'Garatxabal' harri-jasotzailea hil zen.
1970-9-30. Joakin Iriarte filosofo eta jesuita hil zen.
1970-8-30. Ostolaza eta Mendizabal I.a neurtu ziren bederatziko harri zilindro zaharrarekin. Lehenenak 155 jasoaldi egin zituen, hiru saiotan, eta bigarrenak 72 jasoaldi, lehen saioan.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago