Efemerideak

  • 1837-10-7. Inazio Alzola diputatuarekin eta Tertzioen ofizialekin bilduta, lurraldeko komandante Hermenegildo Alberdik eginiko eskaera aztertu zuten, hil haren 11rako 50 gizonezko prestatzeko. Zozketa egitea erabaki zuten, kapitainen artean lehenengoz zein konpainiak irtengo zuen erabakitzeko.
  • 1837-9-8. Diputazioak alkatetza eskura zezaketen herritarren zerrenda bueltatu zuen, agindurik zeukan bezala, eta alkatea aukeratzeko esanez. Aukeraketa eginik, eta urtea amaitu bitartean, Joxe Inazio Agirrezabalaga izendatu zuten, eta hark ondoren kargu horretatik kentzeko eskatu zuen.
  • 1837-9-8. Herritar batzuek idatzitako txosten baten berri eman zuten: Loiolan eskola publiko bat jartzea eskatu zuten. Ikusirik egokia izan zitekeela eta mesedegarria herriarentzat, batzordea izendatu zuten gestioak egiteko, eta albistea pasatu zieten parrokiko apaizei, euren aldetik ere izenda zezaten norbait batzorde horretan partaide izateko.
  • 1837-9-6. Espainiako Gorteek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak ezerezean uztea agindu zuten, dekretu baten bidez.
  • 1837-9-3. Diputazioak agindu zuen, gutun baten bidez, alkate berria izendatzeko. Kontuan izanik udalean beharrezkoa egiten zela alkatea izatea herriari zerbitzu egokia eskaintzeko eta, azkenaldian aukeratu zirenekin gertatu bezala, Diputazioak alkatea ontzat ez hartzean denboraldi luze bat galdu zitekeela, agintaritza eskura zezakeen herritarren zerrenda bat Diputazioari bidaltzea erabaki zuten, kasu hartan Diputazioak berak aukera zezan iruditzen zitzaiona. Bide batez, Diputazioari hauxe adieraztea erabaki zuten: ordena errealak ez zuela derrigortzen taberna edo ostatua zuen herritar bat alde batera uztea alkatea aukeratzeko unean. Aipaturiko zerrenda egin zuten, 26 pertsonak osatutakoa.
  • 1837-9-1. Diputazioak hilaren 23an sinatutako ofizioaren berri eman zuten, alkate berria izendatzeko aginduz; azkeneko Herri Batzarrean aukeratutako Bixente Gastañaga ez zuten ontzat hartzen. Diputazioari bidalitako idatzia irakurtzeko eskatu zuten eta, bertan agertzen zenez, Diputazioarekin leial jokatu zuten beti, ontzat harturik gainontzeko agintarien aldetik. Aipaturiko txostena irakurri zuten guztiek entzuteko eran, eta azkenik aukeraketa egin behar zuten hirurek Antonio Arregi izendatu zuten alkatetzarako.
  • 1837-8-28. Ehun dukateko isunaren mehatxua jaso ondoren, Gastañaga aukeratu zuten alkatetzarako. Baina errege komisarioak, Diputazioak jasota zituen informeak kontuan izanda -isilean gorde nahi ziren informeok-, aukeraketa ez zuela ontzat hartzen eta lau egunen barruan beste bat izendatzeko agindua eman zuen. Azkenean, Antonio Arregi izendatu zuten alkate.
  • 1837-8-22. Joan Bixente Gastañaga Ordiziako eskribauak agintaritzara iristeko ahalmeneko herritar bezala hartzeko txostena aurkeztu zuen, ondasunak baitzituen. Baiezkoa ematea erabaki zuten.
  • 1837-8-13. Erregidore zaharrenak zuzendu zuen Herri Batzarra, eta bertan jakinarazi zuten lau egunetan alkatea aukeratuta ez bazen ehun dukateko isuna ezarriko ziola Diputazioak herriari. Kontuan izanik urtearen hasieran aukeratutako bi erregidore preso zirela eta beste hiru ez zirela batzarrean, batzarrean ziren hiru erregidoreen artean aukeraketa egitea erabaki zuten, Diputazioak ikus zezan bere aginduak bete nahi zirela. Horrela, Juan Bixente Gastañaga aukeratu zuten alkate, Frantzisko Arregi teniente eta Manuel Etxeberria erregidore.
  • 1837-7-22. Diputazioak gutun baten bidez adierazi zuen Ramon Ibero alkatea atxiloturik zela, erregearen aurkako lanean ibili zelako. Haren ordez beste alkate bat izendatzea agindu zuen.
  • 1837-5-21. Herriak tropari aurreratzen zizkion zatikoez hainbeste kexa jasotzea penagarria zela esan zuen Diputazioak, probintziko beste herriek bezalako laguntza jasotzen baitzuen. Kexa berri baten aurrean herriak bi soldaduri zatikorik ez ematea erabakiko zuen, eta beste sarjentu bat ere inolako laguntza eskaini gabe utzi omen zuen herriak bere zaldia gaixotu zenean.
  • 1837-5-18. Andoainen zegoen tropak eginiko haragi eskaerari erantzunez, 1.700 zatikoren banaketa egitea erabaki zuten. Aratz, Izarraitz eta Oñatz auzoetan egingo zuten banaketa; lehen auzo horretan bizi zirenen artean 500 zatikoa osatu zuten, bigarrenean 600ekoa eta hirugarrenean beste 600ekoa.
  • 1837-4-14. Frantzisko Urtasunek egunean 375 zatiko ogia, 875 haragia eta 125 zatiko pentsua eskatu zituen, Hernanin jarriz gero Diputazioak ere bere kontribuzioa eskatzen zuelako. Diputazioari herriak zuen egoera larriaren berri ematea erabaki zuten. Herritar askok marai bat bera ere emateko zailtasunak zituztela adierazi zioten, aurrez herrian izan ziren tropei laguntza eskaini zietelako denboraldi luzez.
  • 1837-2-25. Tolosako alkateak bertako ospitale militarrean zaurituak hartzeko egindako eskaerari erantzuteko ahalegin guztiak egitea erabaki zuten: 252 maindire, 63 koltxoi, 63 manta, 63 burko, 120 funda eta 63 lastaira.
  • 1835-12-1. Egun horretan eginiko txostenean jakinarazi zuten herriko zazpi garraiatzailek urte bereko azaroaren 15ean, Azpeititik Espainiako erregeak alde egin zuen egunean, herritik Bergarara arte erregearen garraiatze lanak eurek egin behar izan zituztela, Elgoibarrera iritsi eta txanda egiteko inor ez zelako agertu. Hori zela-eta, Elgoibarko alkateari idaztea erabaki zuten, hortik Bergarara egindako garraiatze lana ordain zezan eskatuz edota, hori ezean, halako egoeretan handik aurrera nola jokatu behar zen erabakitzeko.
  • 1835-10-23. Diputazioari urte hartako urriaren 30ean 18 urtetik 40ra bitarteko adina zeukaten gizasemeekin osatutako zerrenda bidaltzea erabaki zuten, Gipuzkoako tertzioetako araudiarekin zerikusia zutenak alde batera utzirik.
  • 1835-10-10. Agintari nagusien aginduak beterik, herritik alde egin zutenen zerrendak osatzea erabaki zuten, eta haien ondasunak herriaren menpe hartzea berririk jaso bitartean.
  • 1835-10-3. Herria diru gehiegirik gabe zegoen. Hala ere, herritarrek, larri egon arren, janari eta edari asko aurreratzen zizkieten bertara joandako tropei. Horrela jarraitzea ezinezkoa zela ikusirik, herriaren hondamen osoa Diputazioari ezagutzera ematea erabaki zuten, eta adierazi agintariei ezinezkoa egiten zitzaiela euren postuetan jarraitzea. Hala, ahalmena eman zioten alkateari, pertsonalki egin zezan gestioa. Diputazioari zera jakinarazi beharko zion: diru laguntza ematen ez zuen bitartean ezingo zuela herriak jarraitu tropari eguneroko zatikoak ematen, eta derrigorrezkoa egiten zitzaiola aurreratutakoa berehala kobratzea.
  • 1835-7-26. Eskuztako zelaia eta San Agustin komentuaren ondoko zuhaiztia erostea nahi zuen norbait bazen jakitea erabaki zuten, unean herriak zituan zorrei aurre egiteko.
  • 1835-7-17. Baionatik Joxe Manuel Enparanek idatzi zuen gutunaren berri eman zuten; herriak aurreratutakoak kobratzeko Frantziako Gobernuari eskaera egin behar zitzaiola zioen. Udalak eskaera zuzentzeko Enparani ahalmena ematea erabaki zuten.
  • 1835-7-4. Madrilen sinatu zuten jesuiten egozketa.
  • 1835-5-29. Herritar berezienak bildu ziren, herria agintari gabe zegoela-eta egiten ziren astakeriak moztu nahirik. Manuel Etxeberria eta Joxe Inazio Zuazola izendatu zituzten alkatetzarako, unean zen borroka baretu bitartean ahalmen osoa emanez.
  • 1835-5-28. Zabala Antxieta, Zabala Elizalde, Agirrezabalaga, Arrieta eta Lapeira atxilotu zituen Fernan komandanteak, berak eskatutakoa nahiko atzerapenez eman ziotelako.
  • 1835-5-27. Batzarrerako deialdia egin ondoren alkateordeko egiten zuen Joxe Inazio Zuazola eta Gerrako Diputazioaren mandatari Arrizabalaga, Zabala Elizalde eta Zabala Antxieta atxilotu zituztela kontuan izanik eta, agintaritzara iristeko gaia zuten herritarrak zirela jakinik, aho batez izendatu zuten Inazio Amilibia alkatetzarako. Joxe Antonio Zabalia, Pedro Ezeiza, Joxe Oiarzabal eta Juan Antonio Orendain aukeratu zituzte erregidore. Postuak hartzera berehala deitzea erabaki zuten.
  • 1835-5-26. Herriaren egoera larria ikusirik, egoera zuzenduko zuen batzorde edo Udala osatu gabe, agintaritza eskura zezaketen herritar guztiei deitu eta batzar nagusi bat egitea erabaki zuten. Hurrengo egunean bertan izango zen batzarra, goizeko hamarretan, herria ordezkatzeko udal berria edo batzordea izendatzeko.
  • 1835-5-25. Juan Eizagirre apaizak arerioarekin bat egin zuela esan zuten, eta haren ondasunak bahitzea erabaki.
  • 1835-5-18. Ordiziako herriak eta Domingo Irazustak bidalitako gutunak irakurri ondoren, herriaren egoera larria ikusita, alferrik egiten ziren alkatea eta ingurukoen lanak. Alde guztietatik eskaerak jaso eta erantzun ezinean gelditu ziren. Gertatzen zenaren berri adieraztea erabaki zuten, eta gutunak bidali zizkieten Irazusta komisarioari eta Usain diru biltzaileari.
  • 1835-5-10. Herrian agintaritza eskura zezaketen biztanle gutxi zirela-eta, guztiei eskubide hori ematea erabaki zuten, apiriletik egun hartara bitartean agintaritzan izan zirenei izan ezik, eta batzarrera agertu ez ziren guztiei albistea pasatzea erabaki zuten. Nahi zuenari bilerara deitzeko ahalmena eman zioten. Deiari uko egiten zionari 40 errealeko isuna ipini zioten.
  • 1835-5-1. Tasatu ondoren, Eskuztako zuhaiztia saltzea erabaki zuten.
  • 1835-4-14. Nafarroako armadako komisario Luis Mari Mongelosek herriari bidalitako gutuna goizean bertan irakurri zela adierazi zuten, unean alkatea falta zen arren. Bertan, lau mila zatiko ogia, hiru mila ardo, lau mila haragi eta 300 zatiko lastoa eskatzen zituen. Herriak unean inolako ondasunik ez zuenez, dirua eskuratzeko uztaileko ardoaren zerga enkantean jartzea erabaki zuten, baita ondorengo sei hilabetetako pattarraren zerga ere.
  • 1835-2-11. Pedro Etxeberria Alkorniak egindako eskaerari erantzunez, bere denda Mantekape pasabideko arkupera zabaltzeko baimena eman zioten lau urterako, errenta ordainduz, erabat zikindurik eta usain txarra egoten zelako han. Baina epea amaitu ondoren, eta herriak horrela nahi zuelako, berriro aurrez bezala utzi beharko zuen pasabidea. Eskritura bat egin beharko zuen, gainera, ondorengoek jakin zezaten zer eratan utzi zioten Mantekape arkupea.
  • 1835-2-3. Rodil jeneralak herriari ezarritako isunari erantzuteko, aurreko urteko irailaren 10an dirua aurreratu zuten biztanleek, ordaintzat alkatearen ordezkariak emandako errezibuak ikusi ondoren, giroa zerbait lasaitu bitartean ezin zitekeela herriari dirua itzuli erabaki zuten agintariek.
  • 1835-1-4. Gerra pil-pilean zen. Ezinezkoa zen Udala osatzea aukeratutako agintariekin, herritar asko eta asko kanpoan baitziren. Baina ezinezkoa zen herria agintaririk gabe uztea, eta urtarrilerako bakar batzuk izendatu zituzten. Beste batzuk ondoren, otsailerako.
  • 1834-10-3. Izurriteak herritar asko kutsatu zituen, eta neurriak hartu nahirik bildu ziren agintariak. Higinio Frantzisko Elorza, Joxe Mari Lasarte, Juan Bixente Oñate eta Gabriel Kabredok osatzen zuten Herriko Osasun Juntari nola jokatu aztertzeko ahalmen osoa ematea erabaki zuten.
  • 1834-9-27. Inazio Mari Zabala Elizalde alkateak txosten bat aurkeztu zuen, bere dimisioa ontzat hartzeko eskatuz, eta zioen ordezko moduan hartu zuela kargua aldi hartan Lapeira eta beste erregidoreak herrian zirenean, eta horrela egin behar zuela iruditzen zitzaiolako. Ez zitzaion, gainera, ongi iruditzen hamalau erreal kobratuz alkatetzan izatea, ondorengoentzat ere bide bat izan zitekeelako zerbait eskatzeko. Alkatetzan zen bitartean kobratzen zuena bere baserriak izan zitzakeen galerak ordaintzeko jasotako dirua zela erantzun zioten.
  • 1834-9-23. Parrokiko apaizei Jauregi komandante jeneralak idatzitako gutunari erantzunez bildu zituzten garai hartako herriko agintariak eta beste zenbait herritar berezi udal berria edo batzordea izendatzeko, herria ordezkatuko zuena eta eskaerak erantzungo zituena. Aho batez aukeratu zuten Inazio Mari Zabala Elizalde alkatetzarako, egunean hamalau erreal ordainduta. Laguntzaile zituen Joxe Etxeberria, Frantzisko Arregi, Joakin Etxeberria, Pedro Etxeberria eta Joxe Oiarzabal. Kontuak eman eta zaintzeko, berriz, hauek izendatu zituzten: Joxe Antonio Orendain, Higinio Elorza, Inazio Bixente Arregi eta Joxe Mari Lasarte -azken bi horiek apaizak ziren-.
  • 1834-9-13. Herritarrek egoera larria zuten, gerraren hasieratik laguntza bereziak eskaini behar izan baitzituzten eta, azkenik, guztien gain Rodil jeneralak ezarritako milioi bateko isuna baitzuten. Isuna ordaintzeko 200.000 erreal biltzea lortu zuten, baina oraindik beste 300.000 erreal ordaintzeko zituzten, eta Rodilek bere menpean zituen Joxe Inazio Lapeira erregidorea, Joxe Inazio Agirrezabalaga, Ramon Ibero eta Santiago Uralde. Horiek askatu asmoz, herriak probintziari protesta gogorra egitea erabaki zuen, herri behartsu honentzat laguntza eskatuz.
  • 1834-9-13. Beste Herri Batzar bat egin zuten egun berean, herria agintaririk gabe zela ikustean, eta bertan izanik herrian gelditu zen erregidoreetako bat (Fermin Agirrezabalaga), fidelaren teniente bat (Blas Antonio Arrieta) eta lurraldeko diputatuak (Gabriel Cabredo eta Frantzisko Andres Landa), Agirrezabalagari alkatetzarako gonbitea luzatu zioten. Joxe Antonio Zabala beste erregidoreari eta Roke Artetxe sindikoari ere deitu zieten eta, horrela, herrian sei agintariko taldea osatu zuten.
  • 1834-9-7. Joxe Inazio Arrizabalagak zalantza adierazi zuen alkatetza txandari buruz, Joan Fermin Agirrezabalagak ez zekielako irakurtzen eta idazten. Era guztietako iritziak agertu zirenez, bozketa egin zuten azkenik, baina bozketa egitean batzarra utzi zuen Joxe Antonio Zabaliak, hari jarraitu Joan Fermin Agirrezabalagak, eta bertan behera utzi zen batzarra. Deiari ez zioten agintari guztiek erantzun, eta agertu ez zirenen berri Ordiziako Arma komandanteari ematea erabaki zuten; bide batez, herria orduan bizitzen ari zen une larria agertu zioten.
  • 1834-9-6. Batzarrean bildu ziren zenbait herritar, agintariekin batera, honoko albiste honetan oinarriturik: "Erzilla udaltzainak adierazten du herria benetako agintaritzarik gabe dagoela, eta hori da arrazoia zuri gonbitea pasatzeko, gaur arratsaldean bertan eta lauretan udaletxean gurekin bildu zaitezen. Azpeitia, 1834ko irailaren 6an. Frantzisko Andres Landa, Joan Fermin Agirrezabalaga, Artiz". Deiari erantzunez, Azpeitiko udaletxera agertu ziren Ramon Ibero, Atanasio Mari Larraar, Joxe Antonio Orendain, Joxe Inazio Agirrezabalaga, Inozentxio Elorza, Higinio Frantzisko Elorza, Blas Antonio Arrieta eta Joxe Etxeberria. Baina gutxi zirela irudituta, deialdi zabalagoa egitea erabaki zuten hurrengo eguneko goizeko bederatzietarako, albistea hartzean jaso zutela sinatzen zutela.
  • 1834-9-3. Herritar bereziekin bildu ziren agintariak, baina kontuan izanik Ordiziara joateko deitu ziola Arma komandanteak alkateari egun hartan bertan. Bitartean, janari eta edari eskaerak jaso zituen herriak troparen aldetik alkatetza lanak egin zituen Joxe Inazio Lapeira. Fidelak esan zuen egokia izan zitekeela orduan herri barruan bizi ziren herritar guztiak biltzea, bestela erabakia hartzea ezinezkoa egingo zelakoan.
  • 1834-8-19. Apezpikuaren baimenarekin profanatuta, San Miguel ermita saldu zuten.
  • 1834-3-30. Fernando Butronek Gipuzkoako Komandantzia Nagusiaren izenean herriko apaizei idatzitako gutuna irakurri zuten. Bertan adierazten zen herri hau izan zela, zoritxarrez, lehen unetik Gipuzkoako karlista altxamendu fokua eta sortzaileak apaizak izan zirela, beste partikular batzuekin bat eginik. Apaizak gogor saiatzen ziren euren lanean, kontuan hartu gabe Espainiako erreginak emandako aginduak, batez ere pulpitua eta aitorlekuak erabiliz horretarako. Azken batean, Udalari eskatu zioten langintza horretan ibili ziren apaiz eta erlijiosoen zerrenda egiteko berehala atxilotzeko. Kontuan izanik herrietako apaiz gehiengo batek diru laguntzak eman zituela altxamenduaren alde, jakinarazi zuten bikoizturik ordaindu beharko zituztela laguntza horiek, eta berdin agintariek, troparentzat ematen zen errazio bakoitzeko bi erreak emango zituztenez.
  • 1833-10-31. Gipuzkoako Diputazioko jeneral gisa Zumarragatik idatzi zuen Lardizabalek, herriari tokatzen zitzaizkion giza-semeak bidaltzeko eskatuz. Horretarako, aurrez, 18 urtetik 40 urte arteko gizonezko guztien zerrenda egin zuen, eta ezkonduak ere sartu zituen hor. Horrela egitea erabaki zuten.
  • 1833-10-26. Herrian zen Lardizabalek ardoz, haragiz eta ogiz osatutako 1.250 zatiko eskatu zituen. Baita 125 zatiko lasto edo ale, hurrengo egunerako Miguel Antonio Esnaolak agintzen zuen tokira eramateko ere. Agintariek ezina agertu zuten.
  • 1833-10-18. Probintziko karlista altxamenduaren buru Inazio Lardizabalek beste bando bat eman zuen, hark zuzentzen zuen dibisioarekin bat egiteko aginduz herritar ezkongabe guztiei, tertzioetan zirenei.
  • 1833-10-16. Ez zen ospatu karlistek egin nahi zuten Diputazio Batzarra, oraindik ere indar gehiegi gabe zirelako, baina saiatu ziren Tolosan ospatu beharrekoa oztopatzen.
  • 1833-10-13. Iturbek azpeitiar gazteei armak hartzeko agindu zien, "ideia justuak" defenditzeko.
  • 1833-10-12. Iturriagaren ordezkari Iturbek gipuzkoar guztiei zuzenduriko bandoa eman zuen, karlisten izenean garbi utzi nahirik askatasunaren kontrakoa zela hil hartako 17an Tolosan ospatu nahi zuten batzarra.
  • 1833-10-11. Karlista taldearen buru Bernardo Iturriagak jakinarazi zuen arratsaldeko hiruretan bilduko zela berak proposatutako Diputazioa.
  • 1833-10-10. Goizeko bederatzietan ailegatu zen herrira lehen karlista taldea, Bernardo Iturriaga komandantearen esanetara, eta lehen aginduak eman zituen. Bi mila erreal eskatu zizkion alkateari, eta Diputazio berria izendatzea proposatu zuen, ohikoak Tolosara ihes egin zuelako. Horretarako, diputatu nagusi moduan Esteban Hurtado de Mendoza izendatu zuen -haren ordezkotzat Joxe Santos Arratabe-, lurraldeko diputatu Juan Bautista Altube eta haren teniente Baltasar Oiarzabal.
  • 1832-8-23. Herri Batzar nagusian bildu ziren, alkatea aukeratzeko asmoz. Herrian ziren hiru agintarien artean egin zuten aukeraketa, eta Juan Bixente Gastañaga izendatu zuten. Herriko bost agintari preso ziren Urretxun, soldaduei agindutako laguntza ez emateagatik.
  • 1831-10-12. Aratz-erreka auzoko eliza bedeinkatu zuten.
  • 1831-9-24. Herriko etxeen arteko karkabak garbitzea derrigorrezkoa ikusi zuten, kutsadura eta gaixotasunak sor ez zitezen, batez ere orduan lehor zelako. Europan izurrite gogorra zen, eta alderdi honetarako bidea harturik, gainera. Herriak ordainduta, garbiketa egitea erabaki zuten, denborarik galdu gabe, ondoren herritarren artean banatuz gastuak.
  • 1831-9-5. Gogoan hartu zuten aurreko urteko abenduaren 9an Diputazioak idatzitako gutuna, neurriak hartuz nafarreriak sor zitzakeen hilketak baztertzeko. Kontuan izanik kutsatutako hiru lagunetatik gazte bat hil zela Urbieta baserrian, Osasun Junta osatzeko aukeraketa egitea erabaki zuten, partaide izanik alkatea, parrokiko erretorea eta hiru sendagileak.
  • 1831-8-6. Probintziako kapitain nagusiaren gutunarekin batera Diputazioak adierazi zuen Azpeitiko eta Azkotiko herrietara Guardia Errealeko Cazadores probintziako erregimendua bidaltzea erabakita zuela. Ostatua emateko lokalak aurkitzen ahalegintzea erabaki zuten.
  • 1831-2-22. Valladolideko (Espainia) Erregimendu Probintziala kuarteltzat erabil zitekeen eta herrian etxerik ba al zen galdetuz Gerra Komisarioak eskaera egin zuen. Erabaki zuten bertan lau komentu zirela jakinaraztea eta antzeko beste eraikinik ez zegoela, baina herriak inolako baimenik ere ez zuela haiek erabiltzeko.
  • 1831-1-28. Uholdeak kalte handiak eragin zituen bideetan.
  • 1830-11-21. Ardoari, oraingoz, beste zergarik ez ezartzea erabaki zuten Herri Batzar nagusian, aurrez zituenak nahiko garestia egiten zutela-eta.
  • 1830-11-14. Kontuan izanik, albistea pasatu arren, herritar asko gelditu zirela Herri Batzar nagusira agertu gabe, bakoitzari hogei errealeko isuna ezartzea erabaki zuten.
  • 1830-11-1. Diputazioak bidalitako gutun bat gogoan izanik eta, herriaren aldetik agindua betetzea derrigorrezkoa egiten zela ikusirik bizi zuen une larria zela medio, kontribuzioa osatzeko biderik egokienak aurkitzen ahalegindu zen herria. Hauxe erabaki zuen, azken batean: bere lurraldean zen ardi bakoitzeko erreal bateko zerga ezartzea urtean; sei hilabetez gorako mando eta zaldi bakoitzeko zortzi erreal; eta olio eta xaboi libra bakoitzari erreal erdia. Sendi bakoitzeko, berriz, zortzi erreal ordaindu beharko ziren urtearen buruan -nahi izanik, erdizka-. Ardoaren kasuan, pitxar bakoitzari erreal laurden bateko zerga ezarri zioten, baina ondorengo urteko martxora bitartean baino ez.
  • 1830-10-24. Herri Batzar nagusian Udalari behar ziren gestioak egiteko ahalmena eman zioten, Enparan eta Soreasu erroten salmenta ezerezean geldi zedin.
  • 1830-10-16. Diputazioak idatzitako ofizio bat irakurri zuten, zera zioena: errefuxiatuak berriro itzuli zirela Nafarroa aldetik Frantziara, eta neurriak hartzera derrigorturik zirela herriak, erregearen onerako eta probintziaren defentsarako: 1. Albistea berehala zabaltzea, eta herri guztiek euren ofizialekin tertzioak biltzea, gertatzen zenaren berri agertzeko. 2. Tertzio horiek armak hartu beharko zituzten momentuan, eta buruek agintzen zieten tokira irteteko prest egongo ziren, etsaiari bide mozteko. 3. Komandante nagusiak jarriko zituzten indar guztien buru, eta haiek emango zituzten aginduak arerioari aurre egiteko edo toki bereziak defenditzeko. 4. Herrietako udalak ahalegindu egin behar ziren herritar guztiak prestatzen edo, gutxienez, armak zituztenak, egoki ikusirik arma gehiago zabaltzea herritarren artean. Puntu guztiei ahalik eta egokien erantzutea erabaki zuten.
  • 1830-9-19. Herriak Enparan eta Soreasu errotak saltzea norbaitek baliorik gabe utz zezakeen edo ez eztabaidatu zuten. Pare bat abokatu egokirekin harremanetan jartzea erabaki zuten, euren iritzia jaso nahirik, eta horretarako lehendabiziko salmentaren eskriturak bidali zizkieten. Antonio Urdapilleta eta Ramon Gereka herriko abokatuak aukeratu zituzten.
  • 1830-8-29. Errukietxeko juntak lanak egiteko eskaera egin zuen, bertan ziren behartsu guztientzat derrigorrezkoa zela ikusita. Udalak Mariano Joxe Laskurain arkitektua lanak aurrera eramateko izendatzea erabaki zuen.
  • 1830-8-25. Errukietxeko juntak eraikinaren egoerari buruz txostena aurkeztu zuen, eta zenbait obra egitea beharrezkoa zela adierazi zuen. Idatzia prestatzea erabaki zuten proiektua aurrera eramateko.
  • 1830-7-13. Gipuzkoako Batzar Nagusiak adierazi zuen Frantzisko de Paula, honen emaztea eta infanteak Zestoan zirela Gesalagako bainuak hartzen, eta Loiolako Ikastetxera joateko asmoa zutela. Zestoatik Loiolara bitarteko bidea ez zela oso egokia eta Inazio Mari Balzola eta Agustin Etxeberria konponketa lanak egiteko izendatu zituztela ere jakinarazi zuten. Herriari gauza bera esan zioten, ahal bazen auzolanean egitea komenigarria zela. Udalak erabaki zuen auzolanean egitea ezinezkoa zela erantzutea, herriak ez baitzuen ezer ohiko freskagarri bezala eskaintzeko etxetik urrun lanean aritu beharko zuten langilei. Azkenik, Probintziari laguntza eskatzea onartu zen.
  • 1830-7-4. Gutun baten bidez probintziak eskatu zuen Gesalagako bainuetatik Zestoara bitarteko bidera langileak bidaltzeko, bertatik Espainiako infanteak pasatuko baitziren. Eskaerari ongi erantzun nahi zioten, eta batzordea izendatu zuten langile taldea osatzeko.
  • 1830-5-19. Zakur amorratu antzeko bat herriko kaleetan ibili zela jakinda, sendagilearekin harremanetan jarri eta neurriak hartzea erabaki zuten.
  • 1830-5-9. Zergak ordaindu gabe egiten ziren ardo salketak moztu nahirik, arautegi berria onartu zuten.
  • 1830-4-12. Alkateari parrokian apurturik zegoen kanpaia funditzeko baimena eman zioten, horrelako lanak egiten zituen batekin harremanetan jarririk.
  • 1830-4-12. Postulazioari buruz emandako aginduak bete nahirik, herriko udaltzainei bera zaintzeko baimena eman zieten, lehen aldiz harrapatzen zituzten kanpotarrei dirua eta janariak kenduz eta bigarren aldian, berriz, hori bera egin ondoren, alkatearen eskuetan jarriz.
  • 1830-3-7. Peritu bat izendatzeko eskaera egin zuten, Aratz-Errekako eliza ikus zezan, Joxe Inazio Artizek eta Esteban Goenagak amaiturik zituztelako obrak, eta Udalak Elorza errejidorea izendatu zuen.
  • 1830-2-28. Bilera batzuetan izan ondoren, fidelak Tolosa inguruko Otzaran deituriko puntutik Elgoibar bitartean egin nahi zen errepidearen proiektua aurkeztu zuen. Gainera, esan zuen maiatzaren lehen egunetik zatiak egiten hasteko hainbat diru eskuratuta zeudela. Herritarrek benetan pozik entzun zuten albistea.
  • 1830-1-31. Askatasun osoan eta nahi zuen guztiak ardoa erosi eta saltzeko baimena eman zuten, inolako dastaketa, salneurri eta antzeko oztoporik gabe.
  • 1830-1-16. Elurte handia zen, eta agintariek herritar guztiak bakoitzak bere etxeko teilatuetan zen elurra kentzera gonbidatzea erabaki zuten, horrela era guztietako arriskuak baztertu nahian.
  • 1830-1-16. Azokak nolabait egokitu nahian, enparantzan eserlekuak jartzea erabaki zuten, tartean gerturatzen zen jendea ibiltzeko bideak utziz. Udaltzainak zaindu beharko zituen eserlekuak, haietan esertzen zenari txanpon bat edo gehiago kobratuz, baldin eta toki handiagoa betetzen bazuen saltzera emandako generoekin. Bide batez, etxetik emandako aulkiekin, otarrekin eta generoekin bide horiek oztopatzea ere debekatu egin zuten.
  • 1830-1-8. Herriko behartsuak sukaldeetarako egur gabe zeudela ikusirik, agintariek elizgizonei, komentuei eta herritar bereziei laguntza eskatzea erabaki zuten.
  • 1830-1-7. Urrestillako Joxe Aztiazaran 'Txaketoa' deiturikoari isuna jarri zion Udalak, ardoa agindutako prezioan baino handiagoan saldu zuelako.
  • 1830-1-6. Aurrez pilotalekua izandako tokian pasealeku txiki bat egitea erabaki zuten, gaur egun Iturritxiki bezala ezagutzen den inguruan seguruenik.
  • 1829-11-18. Diputazioak idatzitako ofizioaren berri eman zuten, eta jakinarazi zein zen elizkizunen eta jolasen ordutegia Fernando VII.a eta Maria Cristina Borbonen arteko ezkontza ospatzeko. Udalak hilaren 22an meza nagusia ospatzea eta 'Te Deum' kantatzea erabaki zuen, agintariak parrokian korporazioan partaide zirela; aurrez apaizei albistea pasatu zieten. Enparantzan zezenketa antolatzeko Tomas Iturbe izendatu zuten, eta bezperan iluntzean eta egunekoan argiak piztu zituzten herrian.
  • 1829-8-17. Errepide errealak herriari eskain ziezaiokeen mesedeaz hitz egin zuten, batez ere proiektaturik zen Elgoibar eta Tolosa bitartekoaz. Azpeitia ez ezik, Azkoitia, Albiztur, Goiatz eta Bidania errepidea egiteko prest ziren. Alkateari herrietako ordezkariekin harremanetan jartzeko ahalmena eman zioten.
  • 1829-5-31. Frontoiaren inguruan Juan de Dios Alzagak egin nahi zuen etxearen diseinua onartu zuten.
  • 1829-5-10. Elgoibartik Tolosara egin nahi zen errepideari buruz gestioak egiten ari zen batzordeko kide Aszensio Inazio Altunak zera idatzi zuen, erreal baimena lortu ondoren: herrien gain zegoela orain errepidea ordaintzeko zergak enkantean jartzea. Hilaren 17an errematea egitea erabaki zuten, unean bertan jakinaraziko ziren baldintzak oinarritzat harturik.
  • 1829-3-11. Jabeturik nolako mesedea sor zezakeen frontoi berria egiteko parrokiak zituen lurraldeak trukatzea, ahalik eta azkarren gestioak egitea eta apezpikuari, denbora galdu gabe, baimena eskatzea erabaki zuten.
  • 1829-2-26. Atzeratutako kontribuzioei aurre egiteko -1826 eta 1827. urtekoak-, guztira 14.700 errealeko zorra zegoen eta herriak sukalde bakoitzeko hamasei erreal kobratzea erabaki zuen.
  • 1829-2-22. Frontoia eta iturria egiten zituen kontratistak bere lana uztailaren 31rako amaituko zuela adierazi zuen, eta orduan 1.000 erreal eskura eman eta lau hilabetera beste 1.500 erreal emateko eskatu zuen. Alkateari gestioak egitea eskatu zioten.
  • 1829-2-8. Frontoi berria eta iturria egiteko zenbat toki behar zen jakiteko eskaera Mariano Laskurain arkitektuari zuzendu zioten, gero herriak Juan Mari Arteagari trukaketa egiteko asmoz, herriko teileriaren inguruan neurri bereko lurraldea eskainiz.
  • 1829-2-1. Frontoi berri bat eta iturria egiten ari zen herria, baina Simon Bidaurrek inguruan zuen baratza horretarako beharrezkoa zuenez, Bidaurrerekin konponketa batera iritsi bitartean lanak aurrera eramateko ez zen erabakirik hartuko.
  • 1828-12-14. Herri Batzar Nagusian, gazteentzat frontoi berria egitea erabaki zuten. Asmo hori aurrera eramateko batzordea izendatu zuten.
  • 1828-10-12. Herri Batzar nagusian jakinarazi zuten Elgoibartik Tolosara bitartean egin nahi zuten errepideari buruz eginiko gestioak onartu egin zituztela, eta gestio haien berri eman zuten.
  • 1828-9-21. Aratz-Erreka auzoan eliza egiteko sortu zuten batzordeko kide Santiago Segurolak idatzi zuen, esanez behar zen materiala bertara eramateko prest zirela auzotarrak, eraikina egingo zuen maisuari 170 peoi eskainiz. Eskerrak ematea erabaki zuten.
  • 1828-8-31. Aratz-erreka auzoko eliza eta apaiz etxeaz hitz egin eta erabaki zuten errematerako jarririk ziren baldintzei beste batzuk eranstea. Errematean hartzen zuenak urtea amaitzerako hasi beharko zuen lana eta, gutxienez, elizako atearen altuera emanda izan beharko zuen. Baita hurrengo urteko San Miguel egunerako guztia amaituta izan ere, betiere emandako itxura gordeta eta agindutako materialak erabilita. Ondoren, herriak izendatuko zuen perituak ikusiko zuen egindako lana.
  • 1828-7-13. Saldu edo hartzekodunei emandako herriko lurraldeen berri adierazi zuten, oraindik bakarren batzuek ordainketarik ez baitzuten egin. Udalak zorretan zirenei diruarekin agertzeko aginduz albistea ahalik eta azkarren pasatzea erabaki zuen.
  • 1828-5-4. Herrian zegoen larru fabrika bati buruz Gipuzkoako Diputazioak idatzitako gutunari erantzun zion Udalak, honela: "Urteak lantzen dituen larruak 3.000ra iristen dira, hiru erakoak, zekor, ahuntz eta ardia, guztiak herrirako gelditzen direla...".
  • 1828-3-19. Eliza eta apaizaren etxea egiteko, beraien lana eta izerdia eskaini zioten herriari Aratz-Erreka auzoko biztanleek.
  • 1826-11-26. Herri barruko etxeetan zen lastoa eta belarrari buruz azterketa egitea agindu zioten batzordeak adierazi zuen oso gutxi zegoela eta toki egokietan banaturik, gainera -tximinietatik urruti-. Horretaz gain, zioen sendi bakoitzak farola zeukala, gauez euren artean arriskurik gabe ibiltzeko.
  • 1826-11-15. Joxe Manuel Enparan eta Inazio Zabala Antxietak, gutun baten bidez, eskerrak eman zizkioten herriari, agintera iristeko zeuden herritarren zerrendan sarturik zeudelako berriro.
  • 1826-6-30. Herriak osatu beharreko Gipuzkoako tertziorako 52 baioneta eta ofizialak eraman behar zituzten sableak falta ziren. Alkateari Baionan edo beste nonbait horiek inguratzeko baimena eman zioten.
  • 1826-5-15. Bakoitzaren zuzentasuna kontuan hartuta, Gipuzkoako tertzioa osa zezaketenen aukeraketa egin zuten. Herriko agintariekin zerbitzua egin gabe gelditzen ziren herritarrak bildu ziren horretarako, denen artean zenbaiten jokaera politikoa neurtzeko. Horrela aukeratutakoen artean agertzen ziren: Manuel Etxeberria, Joxe Joakin Etxeberria, Joxe Oiarzabal, Joxe Bixente Bergaretxe, Juan Angel Otaño, Joxe Iparragirre, Joxe Olaizola, Joakin Amenabar, Joxe Inazio Iriarte, Agustin Iturriaga, Tomas Iturbe, Bernardo Iturriaga, Diego Abarrategi eta abar, 44 bat bitartean; Blas Antonio Arrieta kanpoan gelditu zen.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan