Efemerideak

  • 1857-10-5. Espainiako erregearen aurrean gestioak egitea erabaki zuten, herriaren eskuetara pasatu zuten Santo Domingo komentuak enparantza nagusi aldera zeukan aurreko aldea lurrera botatzeko.
  • 1857-8-24. Polizia zaindari Ramon Adriank itxura hobea izan zezan, jantziak egitea erabaki zuten: lebita eta oihal galtzak, kapela berritua eta txapa.
  • 1857-7-20. Bustinzuriko errebaleko biztanle batzuek kaletik kendutako harri zaharrekin Urola ibairako bidea egokitzea eskatu zuten. Udalak horrela egitea erabaki zuen.
  • 1857-4-6. Herriak Plaza Txikian zuen kartzelari buruz Fernando Etxeberria arkitektuak eginiko txostena ikusirik eta, berri bat egitea derrigorrezkoa zela jabetuz, Santo Domingo komentua izandakoa horretarako baliagarria izan zitekeen jakitea erabaki zuten.
  • 1857-3-16. Txagurekoa deituriko orubean etxea eraikitzeko Joxe Alberdik aurkeztu zituen planoak onartu zituzten.
  • 1857-2-24. Bustinzuri errebala harriztatzeko tratua egin zuten Pantaleon Elorzarekin.
  • 1857-2-3. Errekarte baserrian Frantzisko Garate Aranguren jaio zen. Jesusen Lagundiko Anaia eta apaltasunaren ispilua izan zen, batez ere Deustuko Ikastetxe nagusian atezain bezala egin zituen urteetan. Aita santuak 1985eko urriaren 6an beatifikatu egin zuen.
  • 1857-1-26. Aurreko urtean eta herrian bertan, 17.614 arroa pasatxo ardo ez ezik, 1.213 arroa pattar saldu zirela adierazi zuten. Inguruko herrietara, berriz, beste 617 arroatik gora saldu zituzten.
  • 1857-1-5. Buztinzuri errebala harriztatzea enkantean jarri zuten.
  • 1856-12-15. Hilaren 9ko aldizkari ofizial berezia irakurri zuten. Bertan, hilaren 3an emandako dekretu erreala jaso zuten, udal guztietan agintariak otsailaren 5ean aukeratu beharko zirela zioena. Alkatearekin batera, herritarren zerrenda prestatzeko bi zinegotzi eta gehien ordaintzen zuten bi herritarren aukeraketa egingo zuten.
  • 1856-11-24. Aurreko egunean San Inazioren zilarrezko irudia jesuiten eskuetan uztean jasotako akta idaztea erabaki zuten akta liburuan.
  • 1856-11-23. Prozesioan Loiolara joanez utzi zuten San Inazioren zilarrezko irudia jesuiten eskuetan, gorde zezaten.
  • 1856-11-20. Felix Ortiz eta San Pelayo jaio zen herrian, Dionisio Ortiz Nafarroako Zuñigakoa eta Antonia San Pelayo Burgosko Orrantiakoaren semea.
  • 1856-11-17. Erregearen Gobernuaren aginduz Loiolako Ikastetxean zeuden misiolari jesuitak. Herriak San Inazioren zilarrezko irudia Loiolara eraman ohi zuen antzeko kasuetan, bertako eliza nagusian jarririk zaindu zezaten eta, hori kontuan hartuta, horrela egitea erabaki zuten orduan ere, aurrez parrokiko apaizak gonbidatuz. Hilaren 23a, igandea, aukeratu zuten horretarako. Herriarena zen irudia prozesioan eraman zuten, Udala korporazioan zela, bertan gelditzeko jesuitak Loiolan ziren bitartean. Akta jaso zuten orduan. Oraindik ospe handiagoa eman nahirik, Diputazioari hogei bat mikeletek osatutako taldeak prozesioan parte har zezan eskatzea erabaki zuten, eta Loiolara iristean tiroak bota zitzan.
  • 1856-9-22. Hilaren 14an sinatutako gobernadorearen gutuna jaso zuten. Zioen hilaren 12an Arabako gobernadoreak Ondare Nazionalak saltzeko zuzendari nagusiaren ofizioa bidali ziola, esanez Espainiako erreginari pasatu ziola herriak eginiko eskaria -Santo Domingo komentuaren aurreko aldea botatzeko eskatzen zuena, plaza handitu nahian-. 1851eko urtarrilaren 9an herriari eman zioten komentua, Guardia Zibilaren kuartela bertan jartzeko, baina maisuen iritziak jaso ondoren baimena ukatu zuten. Herriak erabaki zuen agiria gordetzea, baina gestioak egiten jarraitzea bere nahia lortzeko.
  • 1856-7-28. Urtearen bigarren hiruhilekoan alondegian pisatutako ardoaren berri eman zuten: 4.118 arroa eta 22 libra. Pattarra , berriz, 271 arroa eta hamabi libra eta erdi.
  • 1856-7-21. Gobernadoreak gutun baten bidez adierazi zuen denbora galdu gabe egin behar zirela herriko sendagileak eskatutako obrak, herriko hilerriko kaperan ez ezik, baita Urrestillakoan ere, eta horrela egitea erabaki zuten.
  • 1856-7-14. Joxe Mari Azpirozek prestatutako baldintzetan eta aurrez deialdia zabalduta, enkantean jartzea erabaki zuten parrokiko hilerria zabaltzeko obrak.
  • 1856-3-26. Parrokiko elizaren teilatuan konponketak egitea eta Aratz-Erreka eta Oñazko elizetako hilerrietan ere egokitze lan batzuk egitea erabaki zuten.
  • 1856-3-17. Probintziako Monumentu Artistikoen Batzordeak, herriak enparantza zabaltzeko lurreratu nahi zuen San Domingo komentuko aurreko horma botatzeko baimena eman aurrez, galdera batzuk egiten zituen eta erantzutea erabaki zuten.
  • 1856-2-22. Juan Amezua organo egileari lanean hastean 1.000 erreal ematea erabaki zuten eta hiru hilabetetik behin kopuru bera ematea.
  • 1856-2-4. Urrestillako mutikoen maisuari kontuak hartzea erabaki zuten, maisua lau edo bost ikaslerekin bakarrik gelditu baitzen bere utzikeriagatik, eta gainontzeko mutikoak nesken eskolara joan ziren.
  • 1856-1-28. Juan Zudupek Harzubian zuen errementari inguruan, Miguel Tabernak eskatutako idiak perratzeko tramankulu bat egokitu zuten, herriak horretarako tokia emanez eta urtean lau erreal ordainduz.
  • 1855-11-19. Alkateak, Bernardo Iturriaga Azpeitiko kuartelean zen brigadier herritarrak eginiko eskaintza bereziaren berri eman zuen: herriko diruzainaren eskuetan jarri zituela sei mila erreal, inolako interesik eskatu gabe, herriak bere aldetik itzultzekotan -horretarako erosotasuna aurkitzen zuenean-. Hari eskerrak ematea erabaki zuten.
  • 1855-11-19. Herriak behar guztiei erantzuteko zituen oztopoak ikusirik, Rodilek herriari ezarritako isunaren zatiaren ordainketa atzeratzea erabaki zuten. Orduko azken seihilabetekoa hurrengo urtean ordaintzea erabaki zuten eta horrela egiten jarraitzea guztia ordaindu bitartean 1859ra arte.
  • 1855-11-19. Joan Amezuak parrokiko organoa konpondu eta egokitze lanak egitea proposatu zuen, eta Udalak baimena eman zion Inazio Muguruzari harekin harremanetan jartzeko eta behar ziren tratuak egiteko.
  • 1855-11-19. Herritar bereziekin eginiko bileran, herriak ezarritako zergak kobratzeko neurriak hartu zituzten. Alde batetik, alondegian jarriko zuten administrazioa, sartu eta irteten zuten generoen berri egoki emateko. Harategia ere herriaren eskuetan izango zen. Beste harategi bat zabaldu nahi zuenak herriaren baimena beharko zuen, eta berak zainduko zuen nolako haragia saldu. Ganaduen hiltegira eraman beharko zituen ganaduak, bi erreal ordainduz hogei erraldera bitarteko ganadu bakoitzeko eta sei erreal hogei errealdetik 30era bitarteko bakoitzeko; zortzi erreal hortik gorako ganadu bakoitzeko. Haragia bere kontura saldu nahi zuenak, bere harategiko ate bakarreko bi giltza eduki beharko zituen; bat beretzat eta bestea herriko administrariarentzat.
  • 1855-11-1. Aszensio Inazio Altuna alkateak gobernadoreari esan zion azken izurriteak nolako kalteak egin zituen herriko biztanleen artean: abuztuaren 3tik urriaren 28ra 272 herritar hil zirela kolerak jota. Izan ziren egunak hamasei hildako ezagututakoak herrian: irailaren 16a eta 19a. Irailaren 28an 11 lagun zendu ziren.
  • 1855-10-29. Kolera morboak sortutako gastu handien eta herriko zirujauei eginiko aparteko ordainketen berri eman zuten. Azken horiek lan handia izan zuten gaixotasunak menperatutakoei laguntzen; zirujau guztiak beharrezkoak izan ziren herritarrek bizi izan zuten egoera larrian. Nahiz eta herriak unean ez izan eskertzeko behar bezainbeste diru, herriko zirujau bakoitzari ehun dukat ematea erabaki zuten. Erzilla udaltzainari 400 erreal, Artiz idazkariari 200 erreal, Adrian udaltzain zaindariari 320, garbitzaileari 160, sakristauari 200, Urrestillako udaltzainari 160 eta barberuari 40. Alkateari eskatu zioten gastu guztien zerrenda osatzeko eta Diputazioari baimena eskatzeko hogei mila erreal maileguan hartzeko.
  • 1855-10-22. Herriko sendagileei eta Osasun Juntari entzun ondoren, azken hiru hilabetean pairatutako izurritea menperaturik zela jakin zuten agintariek, eta hilaren 28an meza nagusiaren ondoren 'Te Deum' abestea erabaki zuten, Jainkoari eskerrak emateko.
  • 1855-10-22. Diputazioak eginiko galderari erantzunez, herriak erantzun zuen urte hartan laurehun anega gari jasoko zituztela, eta oso gutxi zela hori herriaren behar guztiei erantzuteko.
  • 1855-9-24. Herriko enparantza zabaldu nahi zuten -batez ere, azokak egiteko-, Santo Domingo komentuko eraikinaren aurreko aldea atzeratuz horretarako. Hala, Altuna alkateari ahalmen osoa ematea erabaki zuten, herriaren izenean gobernuaren aurrean behar ziren gestioak egiteko.
  • 1855-9-18. Probintziako gobernadore Eustakio Amilibiak zuzendutako batzarra egin zuten agintariekin, Osasun Juntarekin eta sendagileekin. Izurriteak jota hil zen Domingo Mari Etxabe alkatea gogoratu ondoren, Udala osatzeko batzordea izendatu zuten, eta Aszensio Inazio Altuna alkate.
  • 1855-9-16. Garai hartan herrian zen gaixotasunak jota hil zen Domingo Mari Etxabe alkatea.
  • 1855-8-27. Kolera gaixotasunari aurre egin ahal izateko prestatu nahi izan zen ospitaleaz hitz egin zuten, eta herriari hura egokitzea ezinezkoa zitzaiola adierazi. Baina koleraz kutsatuei euren etxeetan laguntza ematea derrigorrezkoa zela-eta, egindako gastuak herriko diruarekin ordaintzea erabaki zuten. Hala ere, herriko dirua agortzeko arriskua ikusita, herritarren artean diru bilketa egitea onartu zuten. Agintariek egin zituzten lehendabiziko eskaintzak: alkateak berrehun erreal eman zituen; Landa, Artetxe eta Besga erregidoreek 40 erreal bakoitzak; Azpiroz erregidoreak 50 erreal; eta Goenaga erregidoreak beste 60. Diru bilketarako herriko kaleak banatu zituzten.
  • 1855-8-20. Joxe Manuel Abalia parrokiko erretoreak Udalari esan zion agintariek berak pulpitutik esandako hitzak gaizki ulertu zituztela. Ez zen bere gogoa izan herriko agintariez ezer gaizki esatea eta bere eliztarren artean eztabaida sortzea.
  • 1855-8-20. Gobernadoreak herriari bertako sendagileetariko bat Debara bidaltzeko eskatu zion, izurrite gogorra baitzuten han eta behar handian baitziren. Herriak bertan ere behar handia zela eta agindua betetzea ezinezkoa zela esanez erantzun zuen.
  • 1855-8-20. Domingo Barrena Urrestillako erregidoreak adierazi zuen Maria Rita Izagirre eta Ana Mari Etxeberria erizain lanean aritzeko konforme azaldu zirela. Bakoitzari gaixorik gabeko egunetan bi erreal ordaintzea eta lana egin beharreko egunetan, berriz, zortzi erreal ordaintzea erabaki zuten.
  • 1855-8-15. Meza nagusian erretoreak San Rokeren omenezko prozesiorako eliztarrak suspertzeko esandakoa kontuan hartzea erabaki zuten, elizan gauza berriak sartu behar zirela adierazi baitzuen. Udalak erretoreari xehetasunak agertzeko eskatuz idaztea erabaki zuen, moda berri horiek nolakoak ziren jakin nahi baitzuten.
  • 1855-8-13. Koleraren menpean ziren herritarrei laguntza emateko herrian hiru emakume erizain zirela adierazi zuten. Lanean ari ez ziren bitartean bakoitzari bi erreal ematea erabaki zuten eta lanean ari zirenean sei erreal.
  • 1855-8-6. Aurreko egunean herriko Osasun Juntak hartutako neurrien berri eman zuten, erikor kolera bi kasu agertu baitziren herrian: lehenena hilaren 3an eta bigarrena hilaren 4an -Faustino Zuduperen kasua, hain zuzen ere; ordu gutxira hil zen-. Ontzat jo zituzten juntak hartutako erabakiak.
  • 1855-8-6. Alkateak, izurriteak jarraituko balu ere, gastu handiak sor zitekeela ikusita, Rodilek ezarritako isunaren lehen seihileko isuna ez ordaintzea erabaki zuela adierazi zuen, eta erabakia ontzat hartu zuten.
  • 1855-7-23. Elgoibarko herrian kolera zela-eta, derrigorrezkoa ikusi zuten ospitale bat eratzea. Eztabaidaren ondoren, Ramon Beristainen Gurutzea etxea egokitzea erabaki zuten, herritik urruti baitzen. Jabearekin harremanetan jarri ziren horretarako.
  • 1855-7-20. Joxe Inazio Aldalur azkoitiarra izendatu zuten parrokiko organo-jole posturako.
  • 1855-6-4. Roke Artetxek honako hau salatu zuen: Norte de España dilijentziako administrari bezala plaza Txikian zegoen pasabide estu eta altuera gutxikoak sortzen zuen arriskua. Diputazioari eginiko salaketa zen baina berak herrira bidali zuena. Neurriak hartu nahi baziren ere, arkuaren gainean zegoen dorreari buruz ere neurriak hartu nahi zituzten. Momentu hartan Udalak ez zuen erabakirik hartu.
  • 1855-3-26. Sortzez Garbiaren dogma ospatzea erabaki zuten, meza nagusia sermoiarekin, 'Te Deum', 'Bezperak' eta 'Konpletak' abestuz, prozesioa eta gainontzeko elizkizunak antolatuz elizgizonekin harremanetan jarrita.
  • 1855-3-5. Belaustegi etxetik parrokiaren Garai-Etxea bitarteko pasabidea harriztatzea erabaki zuten. Zumaiako harrobian aukeratu zituzten harririk egokienak.
  • 1855-2-19. Eliz kaleko 3. eta 7. zenbakia zuten etxeetan tabernak zabaltzeko baimena eman zieten Joxe Mari Arregi eta Tomasa Goenagari.
  • 1855-1-14. Ohiko jaialdiak enparantzan egiteko -karnabaletan, zezenketak eta abar-, batzorde bat izendatu zuten.
  • 1854-12-4. Gobernadoreak Pablo Martinezi Erdi kalean inprimategia zabaltzeko baimena eman zion.
  • 1854-11-22. Herritarren artean sortutako kezka eta haserreari buruz hitz egin zuten, Espainiako Gobernuak Loiolan ziren jesuitak bertatik kanporatzea agindu zuelako. Herriaren aldetik gobernuari txostena zuzentzea erabaki zuten, jesuitak berriro Loiolara itzultzeko eskatuz, aurrez egiten ari ziren lan bera egiten jarrai zezaten; hau da, misiolarien prestaketa.
  • 1854-6-12. Bergaratik Donostiarako posta zerbitzua zaldiz egiten hastean, Juan Iturriagak langabezian gelditu zela esan zuen, berak ibilbide hori oinez egiten zuelako. Lanpostu hori bere sendiaren esku egon zen 80 urtez. Erabakia beste baterako utzi zuten.
  • 1854-5-8. Joxe Mari Sugastirekin herriarentzat ordulari bat egiteko erabakia hartu zuten.
  • 1854-5-1. Rodil jeneralak 1834ko irailaren 10ean herriari ezarritako isunari buruz Ramon Iberok aurkeztutako txostenaren berri eman zuten.
  • 1854-5-1. Herritar Joxe Antonio Olazabalen ordezkoen lurraldean eta Azkoitiko San Juan bainu-etxe inguruan zegoen iturriko ur sulforosoa moztu egin zuten. Orduzkero, San Juango ura ordaindu egin behar izaten zuten etxera eramateko, nahiz eta lehen inolako ordainketa gabe izan. Herritar guztiek egoki iritzi zioten itxitako iturria berriro martxan jartzeari, eta gastuak herriak ordainduko zituen, euren jabeek zituzten eskubideak zapaldu gabe. Iturria zegoen lurjabeekin harremanetan jarri ondoren (Larraar eta Etxenagusia jaunak), martxan jarri zuten.
  • 1854-4-10. Tomas Iturbek ezohiko udalbatzarrean Rodilek ezarritako isunari buruzko kontuak aurkeztu zituen, herria urtero ordaintzen ari zelako dirua aurreratu zutenen artean.
  • 1854-3-13. Alkateak proposatu zuen langileei eta artisauei lana eskaintzea, generoak garesti zirelako, eta hari eman zioten ahalmena enparantza aldera Santo Domingo komentuak zuen horma lurreratzeko.
  • 1854-3-9. Sugasti etxeak eginiko ordulari bat estreinatu zuten Loiolan.
  • 1853-12-12. Agintariek azken irailean emandako erreal ordena aztertu zuten. Ordenak zioen posta zerbitzu berria Bergara, Elgoibar, Urola bailara eta Donostia arterainokoa lotuko zuena izango zela eta estafeta Azkoitian jartzea proposatzen zuen. Agintariek estafeta Azkoitian jartzearen aukera akats bat zelakoan zeuden, ezinezkoa iruditzen baitzitzaien Azkoitiari lehentasuna ematea Azpeitia izanik lurraldeko hiriburua, herri handiagoa eta biztanle gehiagokoa. Eta, gainera, Tolosatik Bilbora, Donostiatik Bilbora eta Zarauztik Nafarroarako errepideek bat egiten zuten tokia izanik Azpeitia eta astean behin azoka berezia egiten zen herria. Hori guztia azalduz eta estafeta Azpeitian kokatzeko eskatuz erreginari txostena zuzentzea erabaki zuten agintariek.
  • 1853-12-12. Kale berria sortu nahi zuten frontoi inguruan, eta horretarako Txarratalgo etxea bota beharra zegoen. Beraz, Udalak parrokiko apaizekin berriro harremanetan jartzea erabaki zuen.
  • 1853-11-7. Alkateak esan zuen Santo Domingo komentua herriari eman ziotenean agindua ziotela bere aurreko horma ez lurrera botatzeko, baina garbi ikusten zelako egokia litzatekeela Enparantza Nagusiari behar bezalako zabalera emateko bera desagertzea, batez ere gogoan izanda elizaren sarrerako ganga hondamenean zegoela eta bere ertzetako bat nahiko okerturik. Baina kontuan izanik guztia aurrera eramateko bide zuzenean jokatu behar zutela, eta agintariak jakinean zirela gainera -batez ere, bertan hilobiratuak izan ziren aurrekoak errespetatuz-, alkateak esan zuen apezpikuari baimena eskatu ziola hildakoen hezurrak herriko hilerrira eramateko, egun batetik bestera iritsi zitekeen erantzuna baiezkoa izango zen itxaropena zuela esanez. Alkateak eman zituen pauso guztiak ontzat hartu zituen Udalak, eta hari eman zioten ahalmena gobernuaren baimena lortzeko gesioak egiteko, aurreko horma ahal zen azkarren botatzeko asmoz.
  • 1853-5-23. Eliz kaleko 5., 7. eta 9. zenbakiko etxeen atzeko alderdia egitea enkantean jartzea erabaki zuten.
  • 1853-5-22. Parlamentari Batzordeak 1850eko irailaren 30ean eginiko hamasei artikulutako galderak erantzun zituen herriak.
  • 1853-5-22. Eliz kaleko 11., 13. eta 15. zenbakiko etxeen atzeko alderdia egiteko Joxe Mari Azpiroz perituak osatutako baldintzak onartu zituzten.
  • 1853-5-18. Loiolako zelaian ganadu feria ospatu zuten.
  • 1853-3-28. Posta zerbitzua Pagotxetan eta Urretxutik egiteko Azpeitiko herriak baldintzak prestatu zituen. Azkoitiak ontzat hartu zituela adierazi zuten.
  • 1853-2-7. Elizgizonek Sebastian donearen enparantzatxoan zuten Txarratalgoa izeneko etxea botatzeko asmoa adierazi zuten.
  • 1853-1-31. Elormendiko San Pedro ermitaren inguruko zelaiari buruz txosten bat prestatzea erabaki zuten. Zelai hori erabili zuten herritarrek beraien lisibak zabaltzeko.
  • 1853-1-24. Matxinbentarako zirujaua izendatzeko onartuz, gobernadorearen gutunaren berri eman zuten.
  • 1852-12-26. San Inazioren zilarrezko irudia eraman zuten Loiolako eliza nagusira. Prozesioan partaide, agintariak, parrokiko apaizak eta herritarrak izan ziren. Beharreko akta jaso ondoren, Antonio Morey Loiolako erretorearen eskuetara pasatu zuten hura gordetzeko ahalmena. Inolako aldaketarik egin gabe, jabetasuna herriarena izaten jarraituko zuen.
  • 1852-12-20. Loiolara bueltatu berri ziren jesulagunek San Inazioren zilarrezko irudia santutegira itzultzeko erregutu zioten herriari. Udalak hala egitea erabaki zuen, baina irudiaren jabe herria izaten jarraituz. Irudiaren itzultzea hilaren 26an egitea erabaki zuten.
  • 1852-12-13. Azken ekainaren 7an hartutako erabakia jakinarazi arren, Iturriagatxoko baserritarrak eta Genaro Enparan jabeak berean jarraitzen zutela jakinarazi zuten. Hau da, erorita zen Elormendiko ermitaren inguruko zelaian arropak eguzkitara jartzen ez zieten uzten herriko garbitzaileei. Gobernadorea jakinaren gainean jartzea erabaki zuten.
  • 1852-11-22. Gobernadoreari idatzi batean eskatu zioten buletinean argitara zezala herriko nesken eskola maistrarik gabe zegoela, postua lortzeko oposaketa abenduaren 23an agintarien aurrean egingo zutela adieraziz. Erabateko behartsuek ez ezik, gainontzeko ikasleek ere diru laguntzak eskuratzeko aukera zuten. Galtzerdi puntua, irakurtzeko lehen pausoak eta kristau dotrina ikasten zeudenek lau marai emango zituzten astean, larunbatean ordainduz. Horrez gain, Aritmetika eta Gaztelania Gramatika ikasten zeudenek hamabi marai astean. Josten ikasten zirenek hamasei marai astean. Eta azkenik, bordadura ikasten zeudenek hogei marai astean.
  • 1852-11-18. Hilaren 17an eguerdiko hamabiak aldera herria egoera larrian izan zela aipatu zuten, Bustinzuri errebaleko 15. zenbakiko etxeak su hartu zuelako, eta haize bihurri eta handia medio arriskuan jarri zituelako bere kontrako etxeak ez ezik urrutian zeuden beste zenbait ere. Azkenean, aipaturiko etxe hura baino ez zen gelditu hauts bihurturik, sua menperatzen egindako lanari esker. Parrokiko apaizei hilaren 21ean, igandez, meza nagusia eta 'Te Deum' abesteko gonbitea egin zieten idatziz, eskerrak emanez, agintariak bertara joanez korporazioan. Batzordea izendatu zuten herritarren artean laguntza aurkitzeko.
  • 1852-11-17. Eguerdi aldera sute handi bat izan zen Bustinzuri errebaleko 15. zenbakiko etxean, eta arriskuan jarri zituen gainontzeko etxeak.
  • 1852-10-19. Loiolako Ikastetxe Erreala itsasoz bestaldeko misioen ikastetxe bezala izendatzeko erret agindua eman zuten.
  • 1852-9-27. Diputazioak jakinarazi zuen hil hartako 23an sinatutako gutun baten bidez Erraztitik Salbatorera bitarteko errepidea zabalik zela. Udalak albistea ohiko tokian zintzilikatzea erabaki zuen, guztiek jakiteko.
  • 1852-7-19. Zabalia-barrena baserria saltzeko gobernadoreak emandako baimenaren berri adierazi zuten. 50.200 errealean tasatu zuten baserria, Santiago kaleko zati bat egokitzeko lurreratu behar ziren etxeen jabeei ordaintzeko. Baserria abuztuaren 8an, meza ondoren, enkantean jartzea erabaki zuten, Elolaren kaperautzakoa zelako eta herria bere patroia.
  • 1852-6-21. Gobernadoreak adierazi zuen Genaro Enparanek eskatu zuela Elormendiko San Pedro inguruko zelaian arropak lehortzen jartzea debekatzeko, bere interesak defenditu ahal izateko.
  • 1852-6-14. Gobernadoreak idatzi zuen, herriari baimena emanez 50.000 erreal eta %5 prestamenean hartzeko. Kale berri bat egin behar zuten eta etxe jabeei ordainketak egin zizkieten, euren etxeen zatiak bota eta berriro eraiki beharko zituztelako.
  • 1852-6-7. Artetxe erregidoreak jakinarazi zuen herriko neskameei ez zietela uzten euren arropa garbiak zabaltzen Elormendiko San Pedro zelaian. Iturriagatxoko maizterrari agindu zioten bere baserrian zegoenari hori jakinaraztea, zelai hura herriarena zelako eta bera ez zelako inor debekatzeko.
  • 1852-5-17. Eliz kaleko 17., 19. eta 21. zenbakiak zituzten etxeak botatzea erabakita zegoen, atzeko edo frontoi aldetik, eta plano geometrikoak agintzen zuen bezala altxatuko zituzten. Genaro Enparanek eta irailaren 22an izendatutako batzordeko kideek guztiaren berri zutenez, haiei kopia bat eskatzea onartu zuten, etxeen jabeekin harremanetan jartzerakoan Udalak kontuan izan zezan.
  • 1852-5-14. Frontoiaren aldeko etxe batzuk botatzea erabakita zegoela gogorarazi zuen alkateak, onartutako plano geometrikoa kontuan izanik bertan kale berria egiteko. Etxe horien jabeei ordainketak egiteko herriaren aurrekontua 12.000 pezetara igotzea erabaki zuten. Jabeen eskaerari erantzuteko gehiago beharko zela ikusirik, aurrekontua 50.000 pezeta igotzea erabaki zuen Udalak.
  • 1852-4-5. Santiago kalea zabaltzeko egindako gastuen zati bat ordaindu zuten.
  • 1852-3-21. Kazuelak eta ontziak saltzen zituzten merkatarien eskaerari erantzunez, enparantza nagusian haien gauzak saltzen utzi zieten ordura arte bezala, kontuan izanik Iturritxiki etxartea zabaldu egin zela azoka egunetan, salgai ziren txerriak edukitzeko.
  • 1852-3-21. Igandeetan egiten zituen Azpeitiko Udalak bere batzarrak, baina ikusita askotan meza nagusiaren aurretik ezin zutela amaitu, gai asko aztertu behar zutelako, bilerak astelehenetan egitea erabaki zuten.
  • 1852-3-14. Zabalia-azpikoa baserria saltzeko apezpikuari baimena eskatzea onartu zuten, eskura zitekeen dirua Frontoia zen inguruan kale berria egokitzeko. Sochantreek erabiltzen zuten etxea zen hura, eta patroia, berriz, herria.
  • 1852-2-29. Etxeberria eta Artetxe erregidoreek urte honetako inauterietan ospatutako zekorketetan eginiko gastuen berri eman zuten. 624 erreal ordaintzea erabaki zuen Udalak.
  • 1852-2-22. Kristina edo Iturritxiki aldea nolatan egokitu zitekeen aztertzeko batzorde bat izendatu zuten, han zegoen zuhaiztiak ezer gutxi aurreratzen zuelako eta kalea, berriz, estua zelako.
  • 1852-1-25. Etxeei zenbaki berriak jartzea eta aurrera eramatea onartu zuten.
  • 1852-1-18. Etxeetako nagusiei urte honetako San Juan eguna bitartean uraren hodiak jartzeko epea zabalik zela adieraztea erabaki zuten.
  • 1852-1-11. Azkenaldian etxe berriak egin zituztela-eta, kaleetako etxeen zenbakiak aldatzeko azterketa egiteko batzorde bat izendatu zuten.
  • 1852-1-1. Azpeitiko Musika Bandaren sorrera urte modura jo daiteke, 1852koa baita haren lehenengo aztarna. Izan ere, bandaren zuzendaria udal langileen artean ageri zen orduko kontuetan. Zuzendari hura, Sekundino Etxeberria zen.
  • 1851-12-21. 'Artxola' eta Zuaneta palankariak neurtzekoak ziren zortzi librako palankarekin aritzeko, baina Zuaneta ez zen agertu.
  • 1851-10-13. Santiago kaleari buruzko arauak onartu zituzten, eta bertako etxeen jabeekin harremanetan jartzea erabaki zuten.
  • 1851-10-12. Gutun baten bidez gobernadoreak jakinarazi zuen ontzat hartzen zuela herriaren plano geometrikoa. Momentuan frontoiaren inguruko kalea egiten hastea erabaki zuten.
  • 1851-9-21. Azpiroz perituak eginiko txostena Angel Segurari -Indokoa etxearen jabeari- pasatzea erabaki zuten, denbora galdu gabe hondamenean zituen hormak lurrera zitzan, eta zerbait atzeratu bere atzealdea, plano geometrikoak agertu bezala. Garai hartan sortzear zen kale berri bat -Santiago kalea-, eta bertako etxeak ez ziren batere parekatuak -batzuk luzeagoak besteak baino-, nahiz eta guztiek Eliz kalean izan aurrealdea.
  • 1851-9-7. Probintzian Espainiako Estatuaren Orubeak administratzen zituen Gregorio Manterolak eta hari idaztea erabaki zuten, esanez azken urtarrilaren 21etik herriaren eskuetan zela Santo Domingo komentua izandako eraikina, eta bertan maiztertzan zirenei bakean uzteko aipaturiko egun horretatik aurrera, errentarik eskatu gabe.
  • 1851-5-15. Erraztibasotik Salbatorera egindako bidea zuzentzen zuen Manuel Peironcelyk zioen derrigorrezkoa zela Urrestillako zubian aldaketak egitea. Herriak adierazi zuen behar zena egiteko prest zegoela.
  • 1851-5-8. Gabriel Zelaiak zera adierazi zuen idatzi baten bidez: Ana Maria Inazia Manzisidorrek eginiko testamenduari esker, bi margo zituela berak, eta batek nolabaiteko meritua zuela. Parrokian zintzilikatzeko gogoa zuenez, herriaren ordezkari bat beregana bidaltzeko eskatu zuen, margoak jaso eta euren ordez errezibua emateko ahalmena zuena. Margoak parrokiko etxezainari ematea jakinarazteko erabaki zuen herriak, behar zen tokian zintzilikatzeko.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan