1864-6-6. Gobernadoreak hilaren lehen egunean idatzitako ofizioaren berri eman zuten. Ofizioak zioenez, herriak egun batzuetara izango zituen Dezimal Metriko Sistemako pisu eta neurrien bilduma osoa.
1864-5-2. Santo Domingo komentuaren eraikinean egin behar ziren obren enkantea onartu zuten, ibai ondotik hasi eta enparantzan baratzara bitartean etxebizitzen aurreko aldeak berdinduz.
1864-4-18. San Domingo komentuaren desegitea enkantean jartzea erabaki zuten.
1864-2-29. Herriak eginiko eskariari Diputazioak emandako erantzunaren berri eman zuen alkateak: 4.824'75 erreal emango zituen Errepideetako Zuzendariak eginiko txostenaren ondoren, Loiolako zubia zabaltzeko, haien artean eginiko konbenioa gogoan izanik. Udalak erabaki zuen zubia zabaltzeko lanak egin zituen Inazio Joxe Beristain maisuari guztira 17.000 erreal ordaintzea.
1864-2-29. Pedro Guibertek Plaza Txikian Udalak zuen etxea denboraldi batean uzteko eskaera egin zuen. Izan ere, Erdi kaleko 7. zenbakia zuen etxea bota behar zuen derrigorrez, toki berean beste bat egiteko. Udalari eskatutako etxean, dendan zituen trasteak jaso nahi zituen. Baiezkoa eman zion Udalak, baina hilero bi duro ordaindu beharko zituen utzitako etxeagatik.
1864-2-15. Juan Bautista Oiarzabalek Santo Domingo komentuan Guardia Zibilarentzat kuartela eratzeko egin zituen lanak aztertzea erabaki zuten.
1864-1-11. Teodoro Erentxun jaio zen. Hark margotu zituen, besteak beste, parrokiko eskailera gaineko gangaren ertzetan izan ziren Anbroxio, Jeronimo, Agustin eta Gregorio santuen irudiak.
1864-1-9. Tomas Leiariztik bederatzi urtean elurraren hornikuntza egiteko proposamena egin zuen. Izoztegi bat egitea ere eskaini zuen, herriak egurra emanik. Juan Odriozolak, ordea, eginda zeukan izoztegiren bat; aurrez haren anaiak egina zituen hornikuntza eta langintza, eta hori berari ematea eskatu zuen. Bataren eta bestearen eskaintzak alde batera uztea erabaki zuen herriak batzar nagusian.
1864-1-9. Herriak, berak ordainduz, Izarraitzen izoztegi bat edo gehiago egitea erabaki zuen.
1864-1-9. Azkenean, herriko txistularia zen Juan Ariznabarretarekin tratua egin zuen Udalak. Bederatzi urtean beharko zen elurra hornitu beharko zuen, hiru errealean salduz libera bakoitza, eta herrkoi festetan bigarren txistularia herriratuko zuela agindu zuen, bere kontura.
1864-1-9. Ahalik eta azkarren herriaren dorrea konpontzea erabaki zuten.
1863-4-27. Maiatzaren 23a, osteguna, aukeratu zuten Aszensio Inazio Altuna alkate zenaren hileta elizkizuna ospatzeko.
1863-4-20. Aszensio Inazio Altunaren gorpua Gasteizen gelditu zen hilobiraturik eta, hura gogoratuz eta esker ona agertu nahirik, parrokian herriak ordainduz hileta elizkizuna antolatzea erabaki zuten.
1863-4-9. Kristobal Aipuru alkateordeak zuzentzen zuen udalbatzar apartekoan adierazi zuten albiste tristea: "Aszensio Inazio Altuna alkatea hil zen atzo bertan, Gasteizen, bihotzekoak jota, Madrilen ospatzekoa zen Diputatuen Kongresurako bidean. Bertako kidea zen Tolosaldeko probintziako diputatu bezala". Haren hileta elizkizunera korporazioan joatea aho batez erabaki zuten.
1863-2-6. Enparangain eta Errezil bidea konpontzen ari ziren langileei ohiko errazioak edo zatikoak ematea erabaki zuten: ohiko ardoa eta ogia.
1863-1-12. Urrestillako kaleak harriztatzeko Udalak harriak prestatzeko tratua Joxe Mari Etxeberriarekin egin zuen.
1862-12-1. Santo Domingo komentua zeneko lur eraikigarriak tasatu ostean, errematean saltzeko baldintzak aurkeztu zituzten. Erremate hori hil bereko 14an -igandean- hamaika eta erdietan egitea erabaki zuten, bertan adierazitako salneurriak oinarri hartuta.
1862-12-1. Azpeitiko agintariek Donostiako Udalari idaztea erabaki zuten, Baionatik edo Donibane Lohizunetik garia nola ekarri jakiteko. Baina Donostiako agintariek ere zalantza bera zuten. Hala ere, iritsi zen halako batean garia Donostiara eta handik Azpeitira ekarri zuten anega bakoitzeko 30 erreal ordainduta. Baina urriaren 1ean anega bakoitzeko, pare bat erreal gehiago ordainduta bazen ere, lurraldeko garia erostea erabaki zuen Udalak, bertako garia Donostiatik ekarritakoa baino hobea zelako.
1862-10-27. Alkateak Santo Domingo komentua izandako eraikinean kuartel berria egiteko baldintzak eta aurrekontua jakitera eman zituen. Eraikinaren luzera guztian, ibaira bitartean arkuak egin zituzten. Udalak erabaki zuen guztia ontzat hartzea eta errematean jartzea azaroaren 4an.
1862-10-13. Alkateak Santo Domingo komentua izandako lurretan etxebizitzak egiteko sortutako hiru zatiren neurri eta balorazioak aurkeztu zituen, erremate publikoan salketa egiteko baldintzen berri emanez. Udalak erabaki zuen ontzat hartzea eta errematea egiteko eguna hil haren 21a izendatzea, goizeko hamaiketan.
1862-10-6. Mariano Jose Laskurain arkitektuak eginiko bi plano aurkeztu zituen alkateak. Haietako bat Santo Domingo komentua izandakoan kuartel berria egiteko erabiliko zuten. Besteak, berriz, arkuen gainean egin beharko ziren langintzak erakusten zituen. Joxe Mari Azpiroz azpeitiar perituari aurrekontuak prestatzeko eskatu zioten.
1862-9-22. Lau hilabete igaro ziren Santo Domingo komentua eta eliza inguruan, kaletik ibaira bitartean, arkuak egin zituztela plazara begira. Gainean eraikin egokirik gabe, arkuak alferrik galtzeko arriskua ikusten zuten, zutik gelditzen zen komentuaren zatiak ere itxura txarra ematen zuelako. Kontuan izanik herriaren eskuetara pasaturik zela tokia Guardia Zibilarentzat kuartela egiteko eta Mariano Joxe Laskurain arkitektuak prestaturik zuela herriak eskatutako planoa -kuartela ez ezik, eraikin berriak ere agertzen ziren-, herriak ahalik eta azkarren gestioak egitea erabaki zuten, Espainiako Gobernuarekin zuen konpromisoa betetzeko.
1862-7-21. Gipuzkoako azken Batzar Nagusiak hartutako erabakiaren berri emanez idatzi zuen Diputazioak. Herriak egindako eskaerari erantzunez, Loiolako zubia zabaltzea ontzat hartu zuten. Lanak Mariano Joxe Laskurain arkitektuaren zuzendaritzapean egingo zituzten.
1862-7-13. Urrestillako kalean lauzadura berria jartzeko harria garraiatzea errematatu zuten.
1862-5-14. Martxoaren 21ean hartutako erabakiaren ondoren familietan ziren eskopetak ikusiak zituzten eta hurrengo goizean meza nagusiaren ondoren pregonariaren bidez zera adieraztea erabaki zuten: herri barruan bizi ziren guztiak udaletxean agertzeko euren eskopetekin, horiei marka bat egiteko. Herriz kanpo ziren eskopetei gauza bera egiteko, berriz, bi pertsona izendatu zituzten.
1862-3-17. Probintziako Batzar Nagusiak ospatuko ziren berehala herrian, eta enparantza nagusia txukuntzea erabaki zuten, batez ere Santo Domingo komentuan eta udaletxean obrak eginez, bertan ziren egur eta harriak kenduz.
1862-2-3. Madrildik idatzi zuen alkateak, esanez ate guztiak jo bazituen ere ezin zuela norbait aurkitu Santo Domingo komentuan egin nahi ziren aldaketak onartuko zituena. Komentuaren zati bat hartu eta enparantzara zabaltzea zen aldaketa. Azkenean, probintziko Foru Diputazioak zerikusia izan zezakeela zirudien, eta hara idaztea erabaki zuen herriak, Espainiako erreginari bere garaian eginiko eskariaren kopia bidaliz.
1861-11-15. Alkateak jakinarazi zuen bilerako deialdia egin zuela Manuel Inazio Altunaren etxeko hormaren harri bat erori zelako hilaren 13an, azken urtean lurreratutako herriaren sarrerako arkua egon zen tokitik. Larri zauritu zen ume bat, gainera. Alkatea neurriak hartu beharrean izan zen, eta hondamenean zegoen hormaren zatia botatzea erabaki zuten. Altunaren erantzuna jasorik zuela ere jakinarazi zuen.
1861-11-13. Goizean Altuna etxearen hormako harri bat erori egin zen -aurrez herriko sarrerako arkua egon zen tokikoa-, eta ume bat zauritu egin zuen.
1861-10-21. Alkateak jakinarazi zuen Santo Domingo komentua lurrera botatzeko baimena Espainiako erregeari eskatzeko txostena prest zuela eta, unea aprobetxatuz, eska zitekeela bertan jaso zitekeen materiala eskuratzeko baimena, eraisten egin beharreko lanaren ordain moduan -bide batez, enparantza zabaltzeko baimena eskatuz-. Udalak erabaki zuen alkatearen proposamena ontzat hartzea eta Espainiako erregeari eskaera zuzentzea probintziko gobernadorearen bidez.
1861-10-7. Bilboko Telegrafo elektrikako zuzendariak idatzitako gutunaren berri eman zuen alkateak, eta galdetu zuen Espainiako Estatuaren eraikinik ba ote zen herrian, estazio bat jartzeko. Lokal bat egokitu zitekeela erantzun zioten, seguruenik Santo Domingo komentua izandako lekuan.
1861-9-23. Aszensio Inazio Altuna alkateak jakinarazi zuen Santo Domingo komentuko eliza botatzea agindu zuela, ganga zati bat eroria zelako eta arriskuan zegoela ikusi zuelako. Hark zioenez, garbi ikusten zen zubi baten beharra, enparantza eta ibaiaren bestaldeko zelai txikia batzeko. Ontzat hartu zuten alkatearen jokaera, baita zubia egitea ere.
1861-9-16. Parrokiko apaizek albistea pasatu zuten, Santo Domingo komentuko elizan aurkitutako hezurrak hilerrira eraman zituztela eta, agindua beterik, hileta elizkizunak egin zituztela esanez.
1861-9-2. Herriak idatzitakoari erantzunez, 1853ko azaroaren 21ean datatuta Iruñeko apezpikuaren gutuna irakurri zuten, une hartan Santo Domingo komentuak zeukan egoera larriari buruzkoa. Hondamena gertatuz gero, bertan hilobiratutako gorpuak profanatzeko arriskua izanik, egoki ikusten zuen halakorik gertatu aurretik hezurrak herriko hilerrira eramatea, hileta elizkizuna ospatu ostean. Apezpikuaren erantzuna kontuan izanik, eta ikusirik arriskua gero eta handiagoa zela komentuko elizan -ahalik eta azkarren beste zerbitzu bat herriari eskaintzeko prestatu beharko zena, gainera-, lurra altxatu eta hezurrak jasotzea erabaki zuten, ondoren hilerrira eramateko elizkizun berezia ospatu ondoren, parrokiko apaizekin harremanetan jarririk eguna eta ordua izendatzeko.
1861-8-12. Joxe Mari Azpiroz perituak Sotero Tapiak egindako herriko harategi eta arrandegiaren likidazioak aurkeztu zituen, eta Udalak ontzat hartu zituen.
1861-7-29. Alkateak adierazi zuen errukietxeko juntak erabakia zuela Elormendi baserriaren inguruan zen Bilitain iturburutik ura ekartzea, eta kontuan izanda gastu handiak sortuko zituela erabaki bat hartu beharko zutela jakinarazi zuen, Udala baitzen bertako patroia. Proiektua egiteko modukoa zen, eta baimena ematea erabaki zuten.
1861-6-17. Bota berri zuten herriko dorrearen aldamenean zegoen etxearen egoera ikusita -Kontseju plazako 5. zenbakia zuena-, Manuel Inazio Portu jabeari konponketak ahalik eta azkarren egiteko idaztea erabaki zuten. Aurrez ere eskaera bera egin zioten.
1861-6-17. Santo Domingo kaleko 2. zenbakian ari zen obrak egiten Joxe Mari Uranga. Etxea San Agustin komentuaren kontra zegoen eta baimena eskatu zuen denda zabaltzeko etxepeko arkupera. Horrela, azoka egunetan generoak estalpera ateratzeko modua izango zuen. Trukean urtean errenta bat ordainduko zuen. Udalak baiezkoa eman zion.
1861-4-24. Gregorio Lizurume zesta puntako pilotaria jaio zen. Izen handia hartu zuen bere ibilbidean.
1861-4-8. Egiten ari ziren herriko harategi eta arrandegi berrien obrak zaintzeko, batzorde bat izendatzea erabaki zuten.
1861-2-11. Kristina edo Iturritxiki enparantzatxoan harategia eta arrandegia egiteko planoak eta aurrekontuak onartu zituzten, obrak egitea enkantean jarriz.
1861-2-1. Erdi kaleko harriztatze berriaren likidazioa onartu zuten.
1860-9-3. Gobernadoreak idatzitako ofizio baten berri eman zuen alkateak, eta Espainiako erregeek probintzian egingo zuten bidea adierazten zen bertan. Era berean, guztia prestatzeko herriko arduradunak izendatu zituen: besteak beste, Aszensio Inazio Altuna alkatea, Agustin Iturriaga eta Frantzisko Palacios. Herriak, bestalde, ostatua eta jaialdiak antolatzeko batzordea izendatu zuen, eta Meltxor Oiartzun alkatearen bigarren tenienteak eta Joxe Mari Azpiroz eta Andres Kabredo erregidoreek osatu zuten.
1860-8-20. Joxe Joan Santesteban eta Kandido Aguayo maisuek -biak herriak eta Juan Amezuak izendatutakoak ziren- parrokiko organoaz emandako zentsura irakurri zuten. Udalak erabaki zuen organoa bere eskuetara pasatzea eta Amezuari adieraztea eskrituran esan bezala ondorengo lau urteetan organoaren erantzukizuna bere gain zela. Aurrez Amezuak jasota zituen diru-ordainez gain, beste lau mila erreal ematea erabaki zuten.
1860-6-4. Juan Amezuak idatzi zuen, parrokiko organoa amaitu zuela esanez. Organoa ikusteko Joxe Juan Santesteban izendatu zuen Udalak, aurrez ere izendatua.
1860-5-21. Juan Amezua organoegileak idatzi zuen, hilaren 26rako parrokiko organo berria prest egongo zela esanez. Udalak erantzutea erabaki zuen, amaitutakoan jakinarazteko esanez.
1860-4-23. Batzordeak emandako arrazoiak entzun ondoren, parrokiko organoa egiten ari zen Juan Amezuari tekla bakar bat ere ez kentzeko organoari adieraztea erabaki zuten.
1860-4-16. Erdi kale osoan erdi-erdian hodia jartzeko, Mariano Joxe Laskurainek prestatu zituen baldintzak irakurri zituzten, eta enkantera ateratzea erabaki zuten.
1860-4-16. Juan Amezua organo egileak parrokiarako egiten ari zen organoari tekla batzuk gutxitzea egokia zela adierazi zuen, alferrikakoak iruditzen zitzaizkiolako, eta Udalak erabaki zuen haren lana zaintzen zuen komisarioari pasatzea eginiko eskaera.
1860-3-26. Erdi kalean jarri nahi zen harria aurkitzeko Diputazioak egin zituen lanen kontua aurkeztu zuten, eta herriak guztiaren erdia ordaintzea erabaki zuen.
1860-3-26. Parrokiko erretaula nagusia eta bere bi aldeetan ziren erretaulak garbitzeko aurkeztutako proposamenen berri eman zuten. Esteban Anson eta Joxe Mari Gonzalezek eginikoa aukeratu zuten, baldin eta adierazten zuten bezala 8.500 errealean garbiketa eta San Pedro eta San Joxeren aldareak eta pulpituen gaineko txapelaren txukunketa -aldamioak jartzea haien kontura izanik- egingo bazuten.
1860-2-6. Apezpikuak elizaren dirutik Juan Amezuari eskainitako 2.000 erreal ordaintzea erabaki zuten, hari gogoraraziz organoa amaitu bitartean etengabean aritu beharko zuela lanean, aurkitutako akatsak konponduz.
1860-1-23. Erdi kalea harriztatzeko harria atera, landu eta garraiatzea jarri zuten enkantean.
1860-1-9. Herriak ordainduta, Afrikako gerrarako soldaduen zerrenda osatu zutenen izenak jakinarazi zituen alkateak.
1859-12-25. Idazkariak Diputazioak hilaren 23an emandako gutuna irakurri zuen. Idatzian hilaren 27an, euskal Tertzioak osatzeko herriari tokatzen zitzaizkion 44 gizasemeek Tolosan izan beharko zutela gogoratzen zuen. Orduan Marokon zen gerrarako behar ziren. Hurrengo egunean bertan taldea, alkatea buru zela, Tolosara bidean jartzea erabaki zuten.
1859-11-21. Marokoko gerra zela-eta, Diputazioak neurriak hartzeko proposamenaren berri eman zuen. Herriak, egun batzuen barruan, gazte ezkongabe eta semerik gabeko alargunen zerrendak prest eduki behar zituela agintzen zen -20 urtetik 30 urte bitartekoak-, eta herriak 45 gizasemeko soldadu taldea osatu behar zuela ere bai, agindutako unean bidean jartzeko. Eskatutako zerrenda prestatzea erabaki zuten.
1859-11-21. Afrikako gerrak sor zitzakeen gastuei aurre egiteko, Diputazioak neurriak hartzeko izendaturik zeukan batzordeak bere proposamenaren berri eman zuen, zenbait pertsona berezirekin harremanetan jarri eta bilerak izan ondoren. Lehenik, herritarren artean 1.900.000 erreal biltzea proposatu zuen. Bigarrenik, merkatarien artean 300.000 erreal biltzea eta industriarien artean 100.000 erreal, eta horrela egitea Diputazioaren kontu uztea. Hirugarrenik, urtean 700.000 erreal bil zitezkeen zergak ezartzea. Era berean, herriak 1.900.000 erreal horietako 90.853 erreal eta sei marai ordaindu beharko zituela esan zuten, erdia ondasunak hartuko zuen eta beste erdia kontribuzio pertsonal bezala. Horrela egitea erabaki zuten.
1859-9-19. Alkateak jakinarazi zuen herriko errukietxeko juntak erabaki zuela Azkoititik Urretxura eta Zumarragara egin nahi zuten errepidearen proiektuan une hartan kaxan zituen hogei mila erreal aurreratzea. Udalak erabakia ontzat hartzea erabaki zuen.
1859-9-5. Alkateak jakinarazi zuen Juan Giberti erantzun ziotela nolako baldintzetan erosiko lukeen herriak Gibertek berak prestatutako suhiltzaileentzako bonba: sei mila errealetan, hain justu. Konforme zen Gibert, baldin eta herriak bere aldetik lokal bat ematen bazuen bonba egoki gorderik izateko. Gainera, inolako diru ordainketarik gabe emango lukeela ere esan zuen, bere mangera egoki edukitzeko nahiko koipe ematen bazitzaion eta beharrezko konponketa lanak herriaren aldetik ordaintzen baziren. Giberti urtean 120 erreal ematea erabaki zuten, uneoro bonba ongi prestaturik eduki zezan.
1859-8-8. Diputazioak Getarian egindako Batzar Nagusiak hartutako erabakia adierazi zuen. Hain zuzen ere, Azkoititik Urretxu eta Zumarraga bitartean, Urola ibaiaren inguruan, errepidea egitea. Diputazioak errepidea egiteko prest zela ere adierazi zuen, herrien aldetik behar zen diru laguntza lortuz gero. Gai horri buruz Azkoitiko alkateak idatzitako gutuna ere irakurri zuten. Bertan, bailarako herriak Azpeitiko udaletxean hilaren 9an bilera egiteko prest zirela esaten zen. Alkatea aukeratu zuten bilera horretara joateko.
1859-5-23. Jabeturik parroki aurreko harrizko harresia egoera larrian eta itsusian zegoela, eta elizaren atariarekin inola ere bat egiten ez zuela, harresia bota eta sarrerako hiru arkupetan burdinsarea jartzeko asmoa agertu zuten. Joxe Mari Azpirozi planoak eta itxurak eskatzea erabaki zuten.
1859-3-21. Juan Amezua organo egileak Eguberrietara bitartean parrokiko organoan ziren akats guztiak zuzenduko zituela adierazi zuen, eta 20.000 erreal ordaintzea erabaki zuten.
1859-3-21. Iturritxiki iturrian ur zikina agertzen zela adierazi zuten, eta askotan usain txarra zuela. Zer gertatzen zen jakiteko ikustea erabaki zuten.
1859-3-4. Juan Amezua organu-egileak agertu zituen kexa eta diru beharrari erantzunez, 20.000 erreal aurreratzea erabaki zuten, baina Santesteban maisuak aurkitutako akatsak kentzeko eta eguberrietarako organoa bukatzeko eskatuz.
1859-2-28. Juan Amezua organuegileak aurkeztu zuen gutunaren aurrean, herriak Joxe Inazio Aldalur organujoleari bere iritzia eskatzea erabaki zuen.
1859-2-21. Auzoko biztanleen eskaerari erantzunez, Elosiagako eliza eta apaizaren etxean konponketa lanak egitea erabaki zuten.
1859-2-14. Juan Amezua organo egilearen idatzi baten berri eman zuten, eta Joxe Juan Santestebanek parrokiko organoaren azterketan aurkitutako akatsei buruz zenbait xehetasun ematen zituen. Herriak erabaki zuen, berak zioen bezala, hilabeteren barruan Santestebanek aurkitutako akatsak behar bezala konpondu beharko zirela eta, batez ere, teklatuaren gogortasuna.
1859-1-31. Parrokiko organo berria ikusi ondoren, Joxe Juan Santestebanek eginiko txostenaren kopia bat Juan Amezua organoaren egileari pasatzea erabaki zuten, aurkitutako akatsak ahalik eta azkarren konpon zitzan.
1859-1-24. Enparantza nagusitik parrokira bitarteko espaloia jende gehien ibili ohi zen tokietako bat zela jakinik -frontoiaren aurrean igarotzen baitzen-, egokitzea erabaki zuten.
1859-1-17. Juan Amezuak parrokirako eginiko organoa ikusteko, Juan Santesteban maisu donostiarra aukeratu zuen herriak.
1858-12-27. Errukietxea zabaltzeko obrak egitean sortutako batzordeak adierazi zuen lanak amaituta zeudela eta eginiko gastuen berri aurkeztuko zuela. Udalak onartu egin zituen.
1858-12-27. Juan Amezua organo-egileak gutun baten bidez adierazi zuen parrokiko organoa amaituta zuela eta prest zela herriaren eskuetan uzteko. Konforme zela esan zuen herriak izendatutako maisuarekin ikusteko. Aurrez izendatuta zituen herriak Joxe Inazio Aldalur eta Bixente Arregi apaizak, eta horien iritzia eskatzea erabaki zuten, ondoren organoa aztertuko zuen norbait izendatzeko asmoz.
1858-10-11. Irailaren 27an arratsaldez eta gauez herriak enperadoreari eta haren emazteari Loiolako santutegitik bueltatzean eginiko ongi etorria zela-eta Diputazioak idatzitako gutuna irakurri zuten. Eskerrak ematen zizkion herriari, eta Telesforo Monzon diputatu nagusiak sinatu zuen.
1858-10-11. Apezpikutzak idatzitako gutun baten berri eman zuten, eta herriaren eskaera ontzat harturik -beste iritzi batekoak baziren ere parrokiko apaizak-, parrokian ematen zuten jaiegunetako zortzietako meza San Agustin elizan ematea baimendu zuen. Han obra batzuk egitea erabaki zuten, Joxe Mari Azpirozen esanetara.
1858-9-27. Ilunabarrean Frantziako enperadoreak eta haren emazteak Loiolara bisita egin zuten.
1858-9-13. Parrokiko apaizen izenean, Joxe Manuel Abaliak adierazi zuen ezinezkoa zela eurentzat igande eta jaiegunetan zortzietako meza San Agustin elizan ematea -bikario nagusiak horretarako baimena eman bazuen ere-, apaiz gutxi zirelako. Udalak baimena eman zuenean, berriro harremanetan jartzea erabaki zuen.
1858-9-6. Diputazioak galdetu zuen ea noizko izango zen errukietxea egokituta, unean Donostian zeuden lurraldeko behartsu guztiak bertaratzeko. Erantzutea erabaki zuten eta, inolako atzerapenik gertatzen ez bazen behintzat, azaroaren amaierarako prest izango zela esan zuten.
1858-8-30. Apezpikutzako bikario nagusiak eman zuen dekretuaren berri adierazi zuten. Aurrez herriak San Agustin komentuko elizan goizeko zortzietan igande eta jaiegunetan meza izateko gogoa azaldu zuen, ordu berean parrokian izaten zena aldatuz. Bikario nagusiak baiezkoa eman zuen, parrokiko erretorearen aldetik eragozpenik ez bazen behintzat, eta azken horri dekretuaren berri jakinaraztea erabaki zuten.
1858-8-30. Herriak ordaintzen zituen irakasleek nolako maila zuten jakiteko azterketa batzuk egitea erabaki zuten; irailaren 2an eta 3an egingo zituzten azterketak. Albistea irakasleei eta parrokiko erretoreari jakinarazi zieten, eta toki egokia aukeratu zuten gurasoak ere azterketako lekuko izan zitezen.
1858-8-9. Gipuzkoako Diputazioak herriko errukietxean -Donostiakoan- zeuden 28 behartsu jasoko al zituzten azkar erantzuteko eskatu zuten. Lanak amaitu gabe zirela eta une hartan bertan inor hartzea ezinezkoa zela esanez erantzutea erabaki zuten.
1858-6-21. Eskuztako iturrian egindako lanen berri adierazi zuten, ur nahikorik ez zelako iturria berriro martxan jartzeko; urak beste bide bat hartu zuelako, hain zuzen.
1858-6-7. Herritar behartsuentzat eta lurraldeko herrikoentzat Miserikordian obrak egitea erabaki zuten. Bertako kapera argi gutxirekin geldituko zela eta, gainera, nahiko txikia zelako, kapera berria egiteko proiektua onartu zuten. Horretarako apezpikuaren baimena lortzea erabaki zuten.
1858-6-7. Lorentzo Egigurenek eta beste hamabost familiak eskaria egin zuten Eskuzta zelaiko iturria berriro martxan jartzeko. Urik ez izateko zer gertatzen zen jakitea erabaki zuten.
1858-5-31. Iruñeko apezpikuari igande eta jaiegunetan San Agustingo elizan meza izatea eskatzeko prestatu zen txostenaren berri eman zuten, eta onartu egin zuten.
1858-4-26. San Agustin komentua baztertua zegoen eta, haren egoera ikusita, behar zen tokian gestioak egitea erabaki zuten, elizan gutxienez igandeetan eta jaiegunetan meza bat izateko.
1858-4-19. Herriak, otsailaren 22an eta martxoaren 13an Juan Amezuari idatzitako gutunei erantzunez, parrokiko organoa amaitzeko San Inazio eguna bitarteko luzapena ematea eskatu zuen, eta baiezkoa eman zioten, baina ez gogo handiz.
1858-3-22. Juan Amezua organo egileak Nafarroako Erratzu herritik idatzitako gutuna irakurri zuten, adieraziz agindutako egunerako ezin zuela parrokiko organoa amaitu, uste baino lan handiagoa zuelako. Barkamena eskatu zuen, eta diru laguntza erregutu. Herriak haserrea agertzea erabaki zuen, ez zuelako organoa bukatzeko egun berri bat izendatu.
1858-3-8. Auzo batzuetako baserritarrek aurreko urteetan egon zen debeku bat ezerezean uzteko eskaria egin zuten; hau da, herriko kaleetan igarotzean, gurdiak erabat isilean erabili beharko zirela, ardatzaren zaratarik gabe, eta ezinezkoa egiten zen une askotan hori lortzea. Gurdiak garoa, otea eta belar ondoarekin izatean bakarrik altxatzen zuten debekua, eta bazirudien gainontzeko zamak eramatean erraza zela gurdiak zaratarik gabe erabiltzea.
1858-3-5. Errukietxeko obren errematea hilaren 14an egitea erabaki zuten, goizeko elizkizunak bukatu ondoren.
1858-2-22. Juan Amezuak bere konpromiso handia agertu zuen parrokiko organoa amaitzeko, aurrez Erratzuko Udalarekin bertakoa egiteko eskritura sinatuta zuelako eta horretarako lau aste besterik ez zituela adieraziz. Herriak erabaki zuen Amezuari gogoraztea joan zen urteko Inazio donearen egunerako amaitzekotan sinaturik zuela eskritura Udalarekin, eta ondoren gabonetarako amaituko zuela agindu bazuen ere, oraindik ezinean zela. Ustekabe handi bat sortu zuela adieraztea erabaki zuen herriak, eta luzapen bezala urte horretako Gorputz eguna izendatu zitzaion.
1858-2-22. Errukietxeko juntak eta Udalaren batzordeak etxea handitzeko planoak, aurrekontuak eta baldintzak jakinarazi ondoren, guztia onartzea erabaki zuten.
1858-2-1. Udala eta errukietxeko juntak etxea zabaldu eta egokitzeko Elias Mendiolarekin eginiko hitzarmenaren berri eman zuten.
1858-1-16. Probintzian barrena ibiliko zen trenaren bidea egiteko herriak 40.000 errealeko diru laguntza ematea erabaki zuten.
1858-1-8. Probintzian egin nahi zen trenbiderako zabaldurik zuten diru laguntza eskea nola zen Diputazioari jakinaraztea erabaki zuten.
1857-11-30. Aurreko egunean Diputazioak bidalitako gutun baten berri eman zuten, erreginak haur bat izan zuela esanez. Udala poztu egin zen Asturiasko (Espainia) printzea jaiotzean, eta elizkizunak eta jaialdiak antolatzea erabaki zuen abenduaren 6an, aurrez parrokiko apaizekin harremanetan jarrita.
1857-11-30. Diputazioak herriko Miserikordian Laguntza Etxea sortzeko egindako proposamenaren berri eman zuten.
1857-11-22. Herriko miserikordiarekin bat eginik lurralde mailako Laguntza Etxea sortzeko proposamenaren berri jaso zuela adierazi zuen Diputazioak eta, ideia aurrera eramateko, herriak jarritako baldintzak onartu zituela zioen. Bestalde, jakinarazi zuen bertara joango ziren behartsu bakoitzeko Donostia eta Tolosako Benefizentzia juntei bezala ordainduko ziotela, Gipuzkoako Batzar Nagusiak erabaki zuten eran, bai orduan eta bai gerora. Eta 50.000 errealen bigarren zatia hitzarmena sinatzean eta miserikordia zabaltzeko obrak amaitzean ordainduko zirela. Diputazioari herriak baldintza guztiak ontzat jo zituela esanez erantzutea erabaki zuten.
1857-11-22. Joxe Mari Balanzategi sendagileak -Gipuzkoako Getarian zegoen- idatzi batean zioen herrian zen zirujau postuan interesaturik zegoela. Inor ez zegoen postuan orduan. Udalak hari buruz informazioa jasotzea erabaki zuen, nolako ikasketak zituen, eta haren jatortasunari buruz ere jakin nahi zuen -Zumaiako eta Zarauzko alkateei galdetu zien horretaz-.
1857-11-14. Azkenaldian herriak izandako biztanlego gehitzeaz jabeturik eta hilerriak orduan zeukan lurraldea txiki egiten zela-eta bertarako bidea egokitu beharrean izanik, Udalari beste hilerri bat egokitzea iruditu zitzaion, baina aurrez gaiari buruz sendagileei iritziak eskatuz.
1857-11-9. Diputazioak egindako proposamenaren berri eman zuten: herriko errukietxean Laguntza etxea sortzea.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago