Efemerideak

  • 1784-1-25. Teilagintza lanean ikas zezaten, herriko hiru gazte aukeratzea erabaki zuten.
  • 1784-1-22. Urri ziren artoa eta garia herrian eta 40.000 errealen generoa erosteko erabakia hartu zuten agintariek.
  • 1784-1-22. Herrian saltzen zen ardoa, mistela eta pattar pitxar bakoitzeko lau maraiko zerga zuen jarrita herriak, biltzen zen dirua errukietxeari emateko. Zergak luzapena izan zezan, agintariek aurrez bezala baimen erreala lortzea erabaki zuten.
  • 1784-1-22. Gramatika irakasle bat herriratzea onartu zuten, hari ordainketa egiteko edariei bi maraiko zerga gehituz, aurrez erregearen baimena lortuta.
  • 1784-1-22. Herriko txistulariari herriko enparantza edo beste zenbait tokitan diru bilketa egitea debekatu zioten, baina herritik kanpo egin zezakeela ere jakinaraziz; esate baterako, Loiolako atarian Pedro donearen egunean edo Inazio donearen bederatziurrenean ere toki berean.
  • 1784-1-11. Frantzisko Ibero maisuak aurkeztutako eran, bide berria egitea erabaki zuten herriaren barreneko sarreratik Eskuzta zelaira arte. Aurrez zegoen bidea behar bezainbeste zabalduz, batez ere, uholdeak izaten zirenerako arriskutsua zegoelako.
  • 1784-1-11. Eskuzta zelaian ermita bat eraikitzea erabaki zuten, ondoren bertan irudi bat jarriz.
  • 1783-12-13. Eguberrietan herria argitu nahirik, San Agustin eta Santo Domingo komentuetako fraideei idaztea erabaki zuten, hiru gauetan komentuak argitzeko eskatuz.
  • 1783-11-20. Madrilgo gortean zen Pedro Etxanizi, herriaren izenean Gaztelako Kontseilu Nagusiari eskaera aurkezteko ahalmena ematea erabaki zuten, San Millango markesak Enparan eta Soreasu errotetan zituen zatiak eskuratzeko -20.000 erreal osatzen zituzten guztira- eta herriarentzat baimena lor zezan Saño eta Enparan-saroe basoak saltzeko.
  • 1783-10-28. San Millango markesak idatzitako gutunaren berri jakinarazi zuten. Lukas Otaegiri lurraldearen trukaketa egiteko ahalmen osoa eman ziola zioen. Alkateari eta Ibero erregidoreari, Otaegirekin harremanetan jarri eta trukaketa egiteko baimena ematea erabaki zuen herriak.
  • 1783-10-12. Zestoako herriaren eskaerari erantzunez, herriak erabaki zuen 250 dukat ematea Gesalagako zubia egiteko.
  • 1783-9-12. Herriak maisuak izendatu zituen Iturriagatxo etxea ikusi eta kalteak neurtzeko, suteak hartu baitzuen.
  • 1783-9-5. Zabala Azpillaga baserrian izandako suteari buruz hitz egin zuten. Orduko erregidore Frantzisko Inazio Orendaina zen baserria, eta bertan izandako kalteak neurtzeko Domingo Errazti eta Pedro Joseph Zubelzu izendatu zituzten.
  • 1783-7-15. Hil honen 5ean, San Inazio bezperan parrokian ospatzen ziren bezperetara eta egunean bertan ospatzen zen elizkizunera, Udala korporazioan joateko hartutako erabakia ezerezean uztea onartu zuten.
  • 1783-7-5. Udala osatzen zuten guztiak San Inazio festetan, bezperetara, elizkizunetara eta meza nagusietara bezperan arratsaldez eta egunez korporazioan joatea erabaki zuten.
  • 1783-5-12. Biasteriko herriak idatzi zuen gutun baten berri eman zuten. Bertan zera zioten: inoiz ez zirela bertarako herriko ardo hornikuntza egiten zutenak kargatzera hara joan, nahiz eta ardo egokiak izan. Hornitzaileak harrotu egin ziren, eta Biasteriko ardoa ekartzen zutela eta ezinezkoa egiten zaiola jakinarazi. Gertatzen zena jakin ondoren, erantzutea erabaki zuten.
  • 1783-4-29. Bando baten bidez, ogia egiten zuten emakume guztiei hamasei ontzako librako ogia egin zezatela adierazi zieten, bakoitza lau laurdenean saltzeko, eta nahastu gabe Arabako garia hemen bertakoarekin.
  • 1783-4-27. Pedro Saizek, ikusirik ardo oparoa oso gutxi saltzen zuela, ardo txikia saltzeko baimena eskatu zuen. Baimena eman aurrez hornitzaileekin harremanetan jartzea erabaki zuen Udalak.
  • 1783-3-30. Frantzisko Ibero maisuak Zestoarako bidean egiteko agindu zituen lan batzuk alferrikakoak zirela agertzean, horrela zen edo ez jakiteko Juan Inazio Zulaika lizentziatuak batzordea izendatzea erabaki zuten.
  • 1783-3-14. Zestoara bitarteko bidea egokitu nahian, peritu bat izendatu zuten, hark ikus zezan noren lurraldeak behar ziren, ondoren haien jabeekin harremanetan jartzeko.
  • 1783-3-2. Olioa, bakailaoa eta koipearen hornikuntza aparte egiten zirenez, debekatu egin zuten salmetak edonork egitea, 200 dukateko multa ezarriz lehendabizikoan, bikoiztuz bigarrenean, eta agintarien esku utziz bigarren aldiz aginduaren aurka egiten zuenaren kasua.
  • 1783-1-6. Emakume arrain saltzaile denek, salgai jarri behar zuten arrain guztia arrandegian aurkeztea ezinbestekoa zutela agindu zuten -etxean gorderik ezertxo ere utzi gabe-. Salaketaren bat izaten bazen, etxean aurkitu zitekeen arraina galdu eta lau maraiko isuna eta egun bateko kartzela ezarriko zieten. Aurkitu zitekeen arraina, errukietxerako izango zen.
  • 1782-12-31. Agintarien aukeraketa egitean hitza eta botoa zuten herritar denak ez ziren biltzen azken urteetan, erregeak -1695eko ekainaren 13an- agertzen ez zenari hogei dukateko isuna jartzeko agindua eman bazuen ere. Hurrengo egunean egingo zen aukeraketan ahalik eta gehien bildu zitezen, erregearen zedulak agintzen zuen hogei dukateko isuna kobratzea erabaki zuten. Bandoa eman zuten aurretik.
  • 1782-12-15. Azaroaren 12an Kontseiluak emandako erret ordenari erantzuna ematea erabaki zuten. Zor handiak zituenez, erantzuna izan zen banku 'nazionala' sortzea Azpeitiko herriari ezinezkoa egiten zitzaiola.
  • 1782-11-30. Miserikordiaren estatutuei buruzko albisteak eman zituen Valladolideko (Espainia) Chancilleria Errealak, eta bertako juntak 1778ko apirilaren 25ean estatutu edo ordenantzak osatu zituela zioen. Kontseilura bidali zituen urte bereko uztailaren 13an eta, azaroaren 7an emandako dekretuaren bidez, onartuak izan ziren.
  • 1782-11-17. Ahuntzek zuhaizti eta landutako soroetan nolako kalteak egiten zituzten ikusi ondoren, ahuntz bakoitzeko probintziak ezarritako lau errealeko zerga zortzira altxatzea erabaki zuten batzarrean, behar ez zen tokian harrapatzen zen bakoitzean ordaindu beharrekoa, Gaztelako Kontseiluari aurrez baimena eskatuz erabakia aurrera eramateko.
  • 1782-10-7. Bixente Bergaretxerekin eskritura sinatu zuten, Frantzisko Ibero maisuak emandako itxuran sakristiako kaxoiak egiteko.
  • 1782-10-5. Frantzisko Ibero maisuak emandako iritzia ontzat harturik, Frantzisko Iturberekin eskritura sinatzea erabaki zuten, parrokiko aldare nagusiko Andre Mariaren nitxoan obrak egiteko.
  • 1782-10-5. Maladarrategi etxearen jabe Joxe Ezeizak bere etxearen izena aldatzeko eskatu zuen, handik aurrera Mardura deitzeko. Udalak onartu egin zuen.
  • 1782-9-15. Frantzisko Ibero maisuari parrokiko sakristiarako kaxoien planoa egiteko eta baldintzak prestatzeko eskatzea erabaki zuten, eta hilaren 29an errematea egiteko.
  • 1782-9-13. Parrokiko sakristiarako kaxoiak egiteko Frantzisko Iberok jarritako baldintzak onartu zituzten.
  • 1782-8-31. Alkateak jakinarazi zuen Frantzisko Xabier Altube tenientearekin egon zela. Honek agertu zion bera herritik kanpo izan zenean zergatik ez zuen nahi izan alkatetzaren makila jaso, baita deitutako Herri Batzar nagusia bertan behera uzteko erregutu ere. Horrela egitea erabaki zuten, udaltzainen bidez albistea herritarrei jakinaraziz.
  • 1782-8-29. Alkateak adierazi zuen herritik kanpo irten behar izan zuen hiru alditan Frantzisko Xabier Altube tenienteari, honek alkatetza har zezan, makila eta berria bidali ziola. Baina etxean zuen arren, Altubek ez zuen makila jaso nahi izan eta, beraz, herria, batez ere Andre Mariaren Jasokunde egunean eta San Roke eta ondorengo egunean -azken egun horretan egin beharreko enkantea egin gabe gelditu zen-, alkate gabe izan zen. Azkenik, gertatu zena ikusita konponbidea topatzea eskatuko zuen baina, erabakia hartzea ezinezkoa irudituta, gertatzen zenaren berri eman eta herritarrei lehen iganderako deitzea erabaki zuten.
  • 1782-7-7. Xabier Inazio Zuazolarekin eta Atxarankorta baserriaren jabearekin harremanetan jarri ondoren, alkatea eta fidelari baimena eman zieten Ugarte baserriaren lurretan zehar eta zuzen Atxarankortako harkaitzera bitartean bide berri bat egiteko, orain arteko bidea alboan utziko zuena.
  • 1782-4-25. Diputazioak konpainia bat osatzeko eskatu zuen, eta zozketa egitea erabaki zuten; aurrez 18 urtetik 50era bitarteko giza-seme guztien zerrenda egin zuten. Herriak soldadu bakoitzari lau pezeta ematea onartu zen: erdia zozketako unean eta beste erdia herritik ateratzeko unean. Baina, horrez gain, egunero beste bi erreal eta libra eta erdi ogi emango zizkieten, kanpoan egin behar zuten denboraldi osoan.
  • 1782-3-3. Joxe Joakin Enparanek Enparan errota saltzeko eskatuz idatzi zuen, eta horrela egitea erabaki zuen herriak, aurrez Soresu errota ere tasatuz. Batzorde bat izendatu zuten horretarako.
  • 1782-3-1. Udalbatzar nagusian erabaki zuten mila erreal bitarteko langintzak Udalak soilik erabakita egitea, baina hortik gora kostatzen zirenei buruz inolako erabakirik hartzeko, derrigorrezkoa zuen herritarren iritzia jasotzea.
  • 1782-2-2. San Agustin eta Santo Domingo komentuetako arduradunen idatziak irakurri zituzten, herriak agindutako gauetan leihoetan argiak jartzeko prest zirela adieraziz. Arduradunak beldurturik ziren, biztanleek zituzten eskubideak galtzeko zorian baitziren herriko agintariek mehatxatuta.
  • 1782-1-18. Udaltzainak piztu eta itzaltzen zituzten herriko kaleetan ziren farolak, eta Udalak erabaki zuen 60 erreal gehiago ordaintzea egiten zuten lan horregatik.
  • 1781-12-29. Egun hartan idatzitako gutun baten bidez Enparan errota saltzeko proposatu zuen Joxe Joakin Enparanek. Herriari interesgarria iruditu zitzaion eta, bera ez ezik, Soreasu errotarekin ere gauza bera egitea erabaki zuten ondorengo urteko martxoaren 3ko batzarrean. Gaztelako Kontseilu Nagusiari baimena eskatzea erabaki zuten.
  • 1781-12-15. Parrokiko sakristian egin nahi zituzten obrei buruz Urdapilleta erregidoreak adierazi zuen harremanak izan zituela Manuel Martin Carrera maisuarekin, baina ezinezkoa zela hori herriratzea, lan handietan sartuta baitzen une hartan. Zubelzu erregidorea maisuarengana bidaltzea erabaki zuten, Iberok egindako proiektuarekin.
  • 1781-12-9. San Agustin eta Santo Domingo komentuetako fraideekin uztailaren 30ean eta 31n komentuak argitzeaz eztabaida zuen Udalak, ez baitzuten nahi ohitura bezala hartzea urtero argiztatzea eta, beraz, herria eskaera urtero egin beharrean zen. Herri Batzar nagusian eztabaida kontuan izanik, guztien iritziak jaso ondoren erabaki zuten: komentuek garbi agertzen zutenez herriarekin bat egiterik ez zutela nahi San Inazio eguna ospatzeko, herriaren nahiari erantzun egokia eman gabe gelditzen baziren herritar bezala ez zirela hartuko eta eskubide guztiak galduko zituztela jakinaraztea. San Agustingo fraideei gogorarazi zieten ez zutela herriaren oparirik jasoko Aste Santuan eta San Agustin egunean.
  • 1781-12-6. Urte hartako urriaren 6an, etxebizitzak egiteko herriak emandako egurraren salneurriarri buruzko neurriak hartu zituzten. Neurrien arabera, ezinbestekoa zen burdinoletarako eta errotetarako, eta etxebizitza zein fabrikak egiteko erabiltzen zuten egurra bereiztea.
  • 1781-9-1. Inolako lurrik ez zutenei txerriak hazteari utzi beharko ziotela adieraztea erabaki zuten, eta horretarako beraien zerrenda prestatu zuen Urdapilleta erregidoreak.
  • 1781-9-1. Herriak San Inazio bezperan eta egunean gauez argiak jartzeko eskatuz bidalitako gutunari erantzunez jaso zituzten San Agustin eta Santo Domingo komentuetako prioreen idatziak, agindua betetzeko prest zirela agertuz. Baina San Agustin komentukoak eskatu zuen urtero gogorazteko egunak iritsi aurretik, gutun baten bidez nahiz agintarietako bat komentura agertuz. Herriaren nahia zen, ordea, gau horietan egiten zuten komentuen argitzea ohitura izaten jarraitzea, eta berriro San Agustingo prioreari idaztea erabaki zuten.
  • 1781-9-1. Azkenaldian ospatutako Probintziako Batzar Nagusien aldetik herriari ehun pesoko laguntza ematen ziotela jakinarazi zuten, parrokian -batez ere, sakristian- egin nahi zituzten lanak ordaintzeko.
  • 1781-7-24. Herriak, eurengan konfiantza agertuz, San Agustin eta Santo Domingo komentuei idaztea erabaki zuen, urteko eta ondorengo San Inazio bezpera eta egunean gauean euren komentuak biek argituko zituztelakoan, biztanle guztiek euren etxeetan egin ohi zuten bezala.
  • 1781-7-24. San Inazio egunean ospatuko zen alardea edo ezpata dantzarako herritar guztiei albistea ematea erabaki zuten, udaltzainen bidez.
  • 1781-7-24. 1610ean herriak hartutako erabakia aldaketarik gabe betetzea erabaki zuten. Hau da, bezperan prozesioa egingo zen Loiolara, bezperak eta konpletak kantatuz, eta santuaren egunaren ondorengoan meza nagusira joango ziren.
  • 1781-6-28. Herriak 1610. urtean egin zuen botoaz hitz egin zuten. Loiolako Ikastetxe Erreala sortu baino lehen eta gerora ere egin izan ziren ospakizunen berri jakin zuten, herria Loiolara bertaratzen baitzen 1767. urtea arte. Urte horretan hutsik gelditu zen ikastetxea.
  • 1781-6-10. Larraar baserritik Lasao auzora bitartean eginiko bideak ikustea erabaki zuten, ongi amaiturik ziren edo ez jakiteko.
  • 1781-5-13. Burdinola eta errotak zituzten betebeharrak jakinik, inguruko bideak zaintzeko eta konpontzeko agindua eman zuten aurreko urtean. Lanak Frantzisko Ibero maisuak aginduta bezala egitea eskatu zieten, baina herritarren zoritxarrerako erantzun gehiegi jaso gabe gelditu ziren. Guztiei berriro idaztea erabaki zen denbora motz batean konponketa lanak egiteko eta, orduan erantzunik izan ezean, judizialki gestioak egingo zirela esan zuten.
  • 1781-4-17. Pedro Sian tuterarrari, herrian ardo oparoa saltzeko baimena eman zioten, derrigorrezko zergak ordaintzen zituela-eta.
  • 1781-2-8. Parrokiko sakristiko lanak hasi eta elizgizonekin harremanetan jarri ondoren, bertan zen aldare zaharra kentzea erabaki zuten.
  • 1780-9-7. Ohiko gauetan komentuak argitzeari buruz San Agustin eta Santo Domingo komentuetako prioreek eginiko gutunak irakurri eta batari eta besteari herriaren aldetik erantzutea erabaki zuten.
  • 1780-7-17. Herriak San Agustin eta Santo Domingo komentuei 1773ko uztailaren 16an gauean argiak jartzeko eskatuz idatzitako gutunak erantzun gabe zirela-eta, berriro idaztea erabaki zuten, adieraziz herriak zer gertatu zen jakin nahi zuela.
  • 1780-5-31. Mehea burdinoletara ekartzean eta burdina Beduara eramanez gurdiek kaleetan egiten zituzten kalteen jakinean izanik, eta egurra eta simaurra erabiltzen zuten baserritarrak kontuan hartuta, gurdiak kaleetan ibiltzea debekatu zuten kaleko etxeren batean ez bazuten gurdia bete edo hustu behar. Beduara burdina eraman behar zutenek edo bertatik mehea ekarri behar zutenek beheko portaletik Enparan zubira pasatu behar zuten eta bertatik burdinola edo baserrietara.
  • 1780-5-20. Herriko fidelaren ardurapean, Eskuztatik Badiolatxo bitarteko bide berria egitea erabaki zuten.
  • 1779-11-7. Herri Batzar nagusian eta probintziko itsasertzak zaintzeko eginiko soldaduen zozketari hasiera eman aurrez, boluntario aurkeztu ziren bakar batzuk, zozketaren ondoren guztiak osatzeko.
  • 1779-11-6. Diputazioak gutun baten bidez jakinarazi zuen herriko konpainia atera beharko zutela Getaria, Zumaia, Zarautz eta Oriokoekin batera, kainoiaren lehen eztanda entzutean, agintzen zioten tokira, eta, beraz, prestaturik izateko defentsarako. Diputazioari erantzutea erabaki zuten: herritarren zerrenda osaturik zuela herriak, deia zabaldurik zeukala hurrengo egunean bertan Herri Batzar nagusia egiteko eta zozketa bidez konpainia prest izateko.
  • 1779-4-19. Iruñeko apezpikuko gobernadoreak Urrestillako San Martin ermita botatzeari buruz idatzitako gutunaren berri eman zuten.
  • 1779-4-11. Urrestillako San Martin ermitaren hondamena kontuan izanik eta azken urteetan ez zela bera ezertarako erabili, Iruñeko apezpikutzara eskaera egitea erabaki zuten, eraikina botatzeko. Baso zitezkeen materialak beste ermita batzuetan konponketak egiteko erabili ziren.
  • 1779-2-9. San Agustin eta Santo Domingo komentuei, Inazio deunaren egun bezperan eta beste zenbait egunetan leihoetan argiak piztera derrigortuak zirela gogoraztea erabaki zuten, eta hori egiten ez zuten bitartean herriak ez zietela sukalderako egurrik emango eta ez zituztela herritarrak zituzten eskubideak izango.
  • 1779-1-28. Gipuzkoako Batzar Nagusiak herrian ospatuko zirela-eta, herriko parrokian organojole Nikolas Etxeberriari behar zituen musikariak ekarri eta guztia ongi prestatzeko eskatu zioten, beti ere denak apainduriz eta nabarmentasunez irten zezan.
  • 1779-1-24. Irudituta gehiegizko iraupena zutela, Inazio donearen feriak zazpi egunekoa izan beharko zuela erabaki zuten, santuaren egunean dendak zabaltzea debekatuz, eta Santo Tomas inguruko feriari egun horretatik gabon bezpera bitarteko iraupena emanez.
  • 1778-3-31. Soreasuko errota berria egin zuen Frantzisko Ibero maisuari, errota alokatzen zuenaren eskuetan jartzea agindu zioten.
  • 1778-3-23. Odria auzoko biztanleek, euren kontura, 1776an eginiko bidea konpontzea erabaki zuten. Mugarriak jarri zituzten han, gurdi eta karrorik ibil ez zedin.
  • 1778-1-7. Txerriak kaleratzea debekatu zuten, batez ere prozesioak zirenean. Erreal bateko isuna jartzen zen.
  • 1777-12-27. Pregonariaren bidez jakinaraztea erabaki zuten datorren urtearen hasieratik askatasun osoz egin ahal izango zela bakailo eta koipearen salmenta, bai herri barruan, bai Urrestillan. Horrela egin nahi zutenek hiru egunen buruan adieraziko zioten euren gogoa herriko eskribauari. Kanpotar edonork herriratu zezakeen generoa saltzeko, baina herriko fidelari erakusten zioten nolako generoa zeukaten.
  • 1777-12-16. Herriko teilariaren esanetara eta ofizioa ikas zezaten herriak jarritako Inazio Egiguren eta Pedro Odriozola gazteei ordaintzea erabaki zuten. Lehenari, sei hilabete eta hamar egunetan lan egiteagatik 126 erreal eta hamazazpi marai ordaindu zioten. Bigarrenari, sei hilabete eta erdiko lanagatik, 117 erreal.
  • 1777-11-6. Loiolako Ikastetxe errealean ziren materialak herriaren babesean izanik eta horiek zaintzeko neurriak hartuz, udal eskribauaren sinatutako baimenik gabe inori bertatik ezer ateratzen ez uztea erabaki zuten. Loiolako etxezainak jaso zituen agiriak eta horien berri eman zion ondoren errukietxeko serorari.
  • 1777-7-10. Herriak Loiolako Etxe Santura prozesioa berriro egiteko gogoa zuen eta Manuel Bixente de Figueroa Gaztelako Kontseilu Nagusiko Gobernadoreari baimena eskatzeko idaztea erabaki zuten.
  • 1777-4-30. Granadako dukeak, Soreasu errota zabaltzeko, bere Insula etxearen lur zati bat eskaini zuela adierazi zuten.
  • 1777-4-1. Gaztelako Kontseilu Nagusiak, herriaren eskaerari erantzunez, probisio errealaren berri eman eta lurraldeko ikatza herritik kanpo saltzea baimendu zuen, baldin eta herrian eroslerik ez bazen.
  • 1777-3-18. Korrejidoreari gonbitea pasatzea erabaki zuten, Ostegun Santuan San Agustingo sagrarioko giltza har zezan.
  • 1777-3-16. Peritu bat izendatzea erabaki zuten Arantzeta baserria ikusteko, haren jabe Miguel Alzagak esaten zuelako erabat erre zela, gela bat izan ezik.
  • 1777-3-16. Suteetako Elkartean sartzeko eskaera egin zuen Miguel Alzagak, derrama osoan Etxarreta eta Egibar baserriak, eta erdian, berriz, Aritzederra eta Igeraberri errota.
  • 1777-3-16. Pedro Eizagirrek egin zuen eskaera, Urrestillako Eizagirre-garaikoa derrama erdian sartzeko; eta Frantzisko Iburustetak, berriz, Nuarbeko Mirabe erdian sartzeko.
  • 1777-3-4. Urte horretan bertan erre zen Arantzeta baserria berritzeko otea eskatu zuen Miguel Alzagak, karobi bat erretzeko Leizeaga inguruan, eta hari erantzutea ontzat hartu zuten.
  • 1777-3-4. Loiolako Erret Ikastetxe irudiak egiteko behar zituelako, gaztainondoak ebakitzeko baimena eman zioten Joxe Etxeberriari.
  • 1777-1-14. Olioa, lihoa, xaboi, almendra eta alondegian sartzen ziren antzeko generoak erostea debekatu zieten bersaltzaileei, bakoitzaren bandoa eman eta lau ordu igaro bitartean. Ondoren ere fidelaren baimena beharko zuten edo, bestela, zigorra jasoko zuten.
  • 1776-12-4. Urriaren 20an izendatutako batzordeak udaltzainei baserrietara albistea pasatzean, herritik baserrietarako bidea kontuan izanik ordaintzea proposatu zuen, eta Udalak onartu egin zuen. Madalena eta Arana bitartekoan erreal bat jasoko zuten; Landetara egiten zuten irteerara bi erreal; herritik Urrestilla bitartean eta ibaiaren inguruan ziren baserrietara, bi erreal; Makazti, Igerate eta Atxumarriagara, hiru erreal; Garin, Gerrenzuri eta Endaizpe baserrietara, hiru erreal; Ollolarretik Erraztibasora, Gorostorzu, Largarate eta Olarua, hiru erreak, eta abar.
  • 1776-6-30. Batzordea izendatu zuten Gramatika ikasleek izan beharreko arautegia idatziz aurkezteko. Araudiak ikasketak egitean eta kalean nola jokatu behar zuten jasoko zuen, herritar jatorrak izatera irits zitezen.
  • 1776-4-22. Antonio Palacios kanpai egileak adierazi zuen parrokiko ordulariaren kanpaiak Holandako egitura zuela eta horregatik ez zela urrutira entzuten. Bera eskaini zen kanpaia funditu eta hiru bider zarata handiago egingo zuen berria egiteko. Batzordea izendatu zuten, herria Palaciosekin harremanetan jartzeko.
  • 1775-11-5. Alkateak esan zuen egun hartako goizean haur utzi bat aurkitu zutela beheko errebaleko etxeetako leiho batean, eta bataiatu egin zutela berehala; 'Maria Inazia Azpeitia' deitura jarri zioten. Zailtasunak ikusi zituzten herriaren kontura hazteko, eta iñude baten bidez Iruñeko Ospitale Nagusira eramatea erabaki zuten; ohiko limosna eman zioten bertako administrariari.
  • 1775-10-15. Alkateak ezagutzera eman zuen azken ganadu izurriteari aurre egiteko sekulako emaitza onak eman zituen errezeta.
  • 1775-10-6. Alkateak jakinarazi zuen goiz hartan utzitako haur bat aurkitu zutela San Jose ermitan, eta berehala bataiatu zutela, Bruno Azpeitia izena jarriz, eta ondoren inude bati eman ziotela. Ezinezkoa zenez haurraren gurasoak aurkitzea, Iruñeko Ospitale Nagusira eramatea erabaki zuten.
  • 1775-6-24. Udalbatzar nagusian, aurreko egunez Juan Domingo Elolak aurreratutako korrejidorearen idatzia irakurri zuten. Bertan, korrejidoreak bete beharreko txandei buruz hitz egin zuten, toki batean izatea hobe izan zitekeela jakinaraziz. Ezaguturik nolako zail egiten zen hiru hilabetean herrian izan ohi zen txanda alde batera uztea -antzinatik horrela ezagutu zenez-, aho batez erabaki zuten korrejidoreari eta Diputazioari erantzutea, esanez txandak ordura arte bezala egitea zela herriarentzat egokiena. Juana erreginak baimendu zion korrejidoreari Gipuzkoan nahi zuen hiri edo herri baten bizitzea. Baina Batzar Nagusiak eta Diputazioak protesta egin zuten, eta aipaturiko herri horietan txandatzen jarraitu beharko zuen. Baina bakoitzean egin beharreko denboraldia luzatu egin zen 1697an; urtebete egitea erabaki zuten, eta 1746an hiru urtera luzatu zen bakoitzean egin beharreko denboraldia. Batetik besterako aldaketa uztailean ospatzen ziren Batzar Nagusietako egunetan egiten zen. Esan beharrik ez da korrejidorea herriratzean Gipuzkoako hiri nagusia bihurtzen zela bera zegoen herria; batetik, haren gorte guztia ondoan zuelako eta bestetik, edozer erako auziak erabakitzeko Gipuzkoa osoko biztanleak azaltzen zirelako. Azpeitia zen herri horietako bat. Ahalegin guztiak egiten zituen hura herriratu aurrez gauza guztiak egokitu eta txukuntzen, festarik handienak ospatzen zituena hura herrian izatean, gainontzeko agintari nagusiak ere bertara etortzen zirelako. Ohiko txandak alde batera uztea ez zitzaion ongi iruditu herriari, eta ahalmena emango zieten Azpeitian Miguel Alzaga alkateari, Joxe Jazinto Azkue fidelari, Frantzisko Xabier Altube erregidoreari eta Antonio Inazio Barrena Saroberi gestioak egiteko korrejidorearen nahia bat-batean mozteko.
  • 1775-6-18. Manuel Bentura Alzolarazek enparantza nagusiko bere dorrea korrejidorearen etxebizitzarako eskaini zuen, eta urtean 60 dukat ordainduko zizkioten.
  • 1775-6-15. Ardoa, pattarra eta mistelari lau maraiko zerga ezartzeko baimenaren luzapenaren berri eman zuten. Bildutakoa errukietxerako izango zen.
  • 1775-6-15. Manuel Altuna Osa eta Antonio Eizagirrek idatzitako gutunen berri eman zuten. Altunaren gutunean apezpikuak Sigueza (Espainia) katedraleko doktore izendatu zuela zioen. Eizagirrerenean, berriz, Añover del Tajoko (Espainia) apaiz izendatu zuela erregeak. Biak zoriontzea erabaki zuten.
  • 1775-5-7. Herriko Enparantza Nagusian Manuel Bentura Alzolaras debarrak zuen dorretxea eskatzea erabaki zuten, korrejidoreari eskaintzeko.
  • 1775-5-7. Altunburu tokitik Urrestillako Makibar baserrira bitartean ibiltarientzat bide berria zabaltzea erabaki zuten.
  • 1775-5-7. Gramatika katedra erakusteko gelak non egin erabakitzean, nahikoa iritzi desberdin sortu zen, eta azkenean udaletxe zaharrean bertan gela batzuk egokitzea erabaki zuten. Baina herria inolako ondasunik gabe zenez, Kontseilu Nagusiari Loiolan ziren materialak eskatzea onartu zuten, eta horiek lortzeko erosotasuna izatean bakarrik prestatuko ziren gelak.
  • 1775-5-7. Manuel Arlegi eta haren iloba Gramatika katedran egiten ari ziren lan bikaina ikusita, soldata osoa ordaintzea erabaki zuten, nahiz eta ikastaroa berandu hasi.
  • 1775-4-18. Parrokian egiten ziren obretarako izendatutako batzordeak jakinarazi zuen atariko arkuen gailurrean joan behar zuen San Sebastianen irudia Pedro de Michel eskultoreari egitea agindu ziotela, Ventura Rodriguezek emandako itxura gogoan izanik. Irudia, osagaiak eta apaindurak egiteko kontratua 12.000 errealean egin zutela adierazi zuten, eta herriak onartu egin zuen.
  • 1775-4-17. Joxe Etxeberria irudigileak parrokiko aterpe gailurrean jarri nahi zen San Sebastianen irudia egiteko eskaintza aurkeztu zuen, eta horretarako sortu zen batzordearen eskuetara pasatzea erabaki zuten, honek erabaki bat har zezan.
  • 1775-4-2. Diputazioaren gutuna jaso zuten, esanez Frantzia, Nafarroa eta Gaztelatik ezkutuan ganaduak ateratzen zirela, eta ondoren Udalak gertatzen zenaren berri jakin eta zaintzea erabaki zuen, bat-batean mozteko.
  • 1775-3-21. Frantzisko Jauregi udaltzainak zuen jantziak agertzen zuen zantarkeria kontuan izanda -ezin izaten zuen era horretan alkateari lagundu, batez ere elizkizun eta prozesioetan, hamalau urte baitziren herriak jantzia egin ziola-, Diego Foronda jostunak Aste Santurako beste berri bat egitea erabaki zuten.
  • 1775-1-26. Bi egun lehenago aurkitutako utzitako haurra Iruñeko Ospitale Nagusira eramatea erabaki zuten, bere inudeari horrela egiteko eskatuz.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan