1763-12-16. Lamiosena zubiaren inguruan arropa garbitzaileentzat egokitutako iturria eta aska ordaintzea erabaki zuen herriak.
1763-12-16. Landeta etxetik Harzubira bitartean egindako bidea ordaintzea erabaki zuten, eta langileei soldata agindu zieten.
1763-9-7. Landetako kalbario ondoan berriro egiten ari ziren ermitari buruz hitz egitean, horretan jarraitzea erabaki zuten, Frantzisko Ibero maisuak aurkeztutako era berean.
1763-8-21. Herriko basoen zaintzaileak adierazi zuen Atxumarriaga baserriko Domingo Goenagak txondor bat erretzean haizeak emandako txinpart baten bidez Kutxaingo zuhaiztiak su hartu zuela. Gutxienez, 50 haritz galdu zirela era jakinarazi zuen. Goenagak toki berean 50 haritz landatu beharko zituen eta, bi orri izandakoan, herriaren eskuetan utzi.
1763-8-21. Eskribauak adierazi zuen parrokiko ordulari berria egiteko baimena iritsi zela. Ordularia Guillermo de la Prada maisuak egingo zuen 3.300 errealean eta ordulari zaharraren truke. Parrokiko etxezainari horixe egiteko baimena ematea erabaki zuten.
1763-8-1. Alkateak adierazi zuen parrokiko apaizekin harremanetan jarri ondoren eta Frantziskanetako lekaimeen erreguak entzun ondoren, egokia zela Loiolako Santutegira egun hartan egingo zuten prozesioa bide berritik pasatzea. Ontzat hartu zuten gainontzeko agintariek ere horrela egitea, baina ondorengo urteetarako inolako zerikusirik gabe.
1763-7-17. Landeta baserritik Kurutzeako lurraldera bitartean bide berria egin zuten, eta Harzubira bitartean jarraitzea erabaki.
1763-5-29. San Millango markesari baimena eman zioten, bere etxe Bikuña, Inazio Iberok eginiko diseinuaren arabera egokitzeko.
1763-5-29. Unean haragia ebaki eta publikoki zabaltzen zen tokian etxe bat egitea erabaki zuten, eta hornitzailearentzat etxebizitza egokitzea.
1763-2-19. Landetara eginiko bide berrian, Arretxe eta Ondarre baserrien inguruan egokitu beharreko pendizak altxatzeko lanen baldintzak prestatzea erabaki zuten.
1763-1-10. Herriak 66 baratza zituela jakinarazi zuten. Guztiak alokatu zituen, zerbait ordainduz.
1762-12-31. Volpinik Loiolako egonaldia amaitu zuen.
1762-8-27. Azken hamabost egunetan arto anega bakoitza 28 errealean saldu zuten eta, herrian jasotzen zena kanpoan saltzen zenez, prezioa gehiegizkoa zen. Ondorioz, horrelako salmentak egitea debekatzea erabaki zuten, eta pregoiaren bidez herritar guztiei jakinarazi zieten.
1762-5-4. Probintziak emandako dekretuari erantzunez, soldaduen zozketa egin zuten eta konpainiaren ofizialak izendatu. Konpainia honela osatu zen: 48 soldadu, kapitaina, tenientea, alferiza eta sarjentua. Zerbait gertatuta ere, beste sei soldadu gehiago aukeratu zituzten.
1761-9-13. Urte hartan sagar gutxi izan zelako, sagar neurri bakoitzari sei errealeko prezioa ematea erabaki zuten. Horren araberako prezioa, berriz, sagardoari.
1761-8-22. Hilaren 12an Urrestillako parrokiko atarian aurkitutako neskatxa utzia Iruñeko Ospitale Nagusira eramatean egindako gastuak ordaindu zizkioten alkateari. Ospitalera emandako ehun errealeko limosna ere kontuan hartu zuten.
1761-7-12. Urrestillako parrokiaren atarian, utzitako neskatxa bat aurkitu zuten.
1761-6-3. Luis Foncueba maisuak amaitu zituen parrokiko sakristia eta Elola kaperaren ate gainerako apalen urreztatze lanak.
1761-5-30. Korrejidoreak agindu erreal bat bidaliz idatzi zuen, agintarien aukeraketak urtearen lehen egunean egin beharko zirela esanez.
1761-4-25. Parrokian bataioko kaperako burdinsarea urreztatu eta pintatzen ari zirenei, probintziako batzar nagusiak egin behar ziren aretoa zuritzea agindu zieten.
1760-12-27. Azkeneko aldiz egin zuten egun horretan agintari aukeraketa. 1761etik aurrera urtarrilaren 1ean egin zuten.
1760-12-22. Nikolas Altunak kontuak aurkeztu zituen, San Agustin komentuko erretaula nagusia egitean sortutako gastuen berri emanez, eta Udalak guztia onartu zuen.
1760-12-3. Frantzisko Ibero maisuak, bere aitaren izenean, parrokian eginiko santuentzako bi apalak amaitutzat eman zituen.
1760-6-10. Batzordea izendatu zen Eskuztako zelaian herritarren aldetik hainbeste eskatzen zen iturri berria jartzeko gestioak egiteko.
1760-6-10. Alkatea eta fidelari eskatu zieten herria eta Frantziskanen artean egindako lurralde trukaketaren eskritura egitea. Beharrezkoa egin zen horrela jokatzea, Gorostiolatik Enparan etxera bitarteko bidea egiteko.
1760-5-28. Martin Arzadun eta Domingo Bergaretxe zurginekin eta Juan Balzategi eta Mateo Zinkunegi mihiztatzaileekin eskritura sinatu zuten, Inazio Iberok eginiko itxuran San Miguel eta San Rafael irudiak parrokian jartzeko apalak egiteko.
1760-4-7. Korostiolatik Enparan etxea bitarteko bide berria egitea lehen enkantean jartzea erabaki zuten.
1760-4-7. Harzubian zegoen zumarra zahartuta zegoela ikusirik, eta erabat galdu baino lehen, saltzea erabaki zuten, enkantean jarrita.
1759-8-5. Parrokiko Vera Cruz erretaula amaituta entregatu zuten.
1759-7-13. Parrokiko Vera Kruz aldareko erretaula urreztatzeko eskritura egin zuten Manuel Fernandez de la Vegarekin.
1759-3-27. Eskuztako hariztia eskainitako 6.000 errealean saldu zuten.
1759-1-26. Loiolako elizako pulpituak, Inazio Ibero maisuak emandako eran lantzeko tratua egin zuten Gregorio Agirre maisuarekin.
1758-8-25. Iruñeko apezpikuaren baimenarekin Miguel Alzagari parrokiko erretaula nagusiaren alde batean zen Vera Cruz erretaula zaharra saldu zioten.
1758-3-17. Inazio Ibero maisuak eginiko itxuran parrokian Vera Cruz aldareko erretaula egiteko, Juan Agirre maisuarekin egin zuten eskritura.
1758-3-6. Parrokian Vera Cruz aldarea egiteko baldintzak aurkeztu zituen Inazio Ibero maisuak.
1758-1-27. Edozein ibaitan edo errekatan aurki zitekeen ahate edo antzar akabatu eta askatasun osoz etxera eramateko baimena eman zuen herriak.
1757-10-8. Fernando VI.a erregeak Gipuzkoako Foruak onartu zituen.
1757-3-18. Mistela eta pattarraren prezioak altxatzea erabaki zuten. Mistela 80 laurdenean jarri zuten eta pattarra 40an.
1757-1-23. Hezetasunari aurre egiteko San Agustin komentuko erretaula nagusiari harrizko oin bat egitea erabaki zuten.
1757-1-21. Aurreko urteko abenduaren 27an alkatetzarako aukeratu zuten Granadako Dukearen gutun baten berri eman zen udaletxean, eskerrak emanez aukeratzeagatik, baina karguari uko eginez.
1756-12-27. Alkatetzarako Granada eta Egako Dukea aukeratu zuten, baina hura gero ez zen sekula agertu bilera batera.
1756-9-9. Italiatik Loiolako erretaulak egiteko itxurak eskaini zituzten.
1756-8-3. Loiolako Santutegiko erretaula nagusiaren kapitelak, basak eta zimenduak egiteko ardura eman zuten.
1756-1-30. Ez zen inor agertu elur hornikuntza egiteko prest, eta herriak Domingo Arregi eta Mariana Martiarenakin tratua egin zuen lau urterako.
1756-1-30. Diruzain postuan jarrai zezan, Inazio Urdapilletarekin egin zuen eskritura Udalak.
1756-1-25. Diputazioari idaztea erabaki zuten, Iruñeko apezpikuaren aurrean gestioak egin zitzan eskatuz, ordu artean elizaren bidez bezala herriko erretoreak urteko agindu nagusiak jakitera eman zitzan.
1756-1-1. Aurreko urteko abenduaren 27an izendatutako Joakin Egia alkateak zin egin zuen bere alkatetza, baina egun horretan kanpoan zegoen. Historian askotan gertatu izan da antzeko zerbait, baina aukeratua herriratzen zenean alkatetza hartzera deitu ohi zuten.
1755-11-22. Herriak korrejidoreak idatzitako gutun bati erantzun zion, eta zioen hilaren 2an sentitu zen lurrikara benetan txikia izan zela eta ez zuela inolako kalterik sortu.
1755-11-2. Lurrikara txiki bat sentitu zen Gipuzkoan; besteak beste, Azpeitian.
1755-7-5. Korrejidoreak zezenketak debekatu zituen eta, herriak kexatuz idatzi ondoren, Patronatu Errealeko idazkariak zekorketak debekuaren baitan ez zirela sartzen erantzun zuen. Ondorioz, korrejidoreari jasotako baimenaren berri azaltzea erabaki zuten.
1755-6-13. Zergen bidez lortutako dirua kontrolatzeko, pattarra eta mistola bi tokitan bakarrik saltzea erabaki zuten. Urrestillan beste toki bat izango zuen.
1755-6-9. Kontseilu Nagusiak hilaren 2an emandako ordenaren berri eman zuten. Orden horrekin lau maraiko zerga ezartzeko eskubidea zuten herrian sartzen zen pitxar ardo, pattar eta mistelari. Zerga horrek hamar urteko ahalmena zuen. Bertatik lortutako dirua derrigorrez San Martin ospitalean sortu nahi zuten Errukietxean izango ziren behartsuei laguntzeko erabili behar zen.
1755-4-2. Apezpikuaren bisitariak emandako baimena gogoan izanik, parrokiko atarian hiru arku eta beste zenbait obra egiteko herriak batzordea izendatzea erabaki zuen, eta horrela Frantzisko Ibero eta beharrezkoak ziren beste maisuekin eskritura sinatu zituzten.
1755-2-17. Joseph Moreno Zabalak, Bisitari Jeneralak parrokiko ataria berria egiteko baimena eman zuen.
1755-2-15. Apezpikuari Vera Cruz kofradia edo Arimen erretaula egitek baimena eskatzea erabaki zuten.
1755-1-25. Herriak Maria Ana Martiarena, Tomas Bikendiren alargunarekin tratua egin zuen: urte osoan beharko zen elurra inguratzeko, hari Izarraizko izoztegia alokatuz.
1755-1-7. Huskeria batean alokatuta, 37 baratza zituen orduan herriak.
1754-12-26. Azken bost urtean herriak izandako sarrera eta gastuen berri emanez erantzun zion herriak korrejidoreak eginiko eskaera bati, esanez bereak zituela bi udaletxeak, alondegia eta dorrean zen eraikina (guztiak enparantzan kokaturik), partea izanik Enparan eta Soreasu errotak zituzten irabazietan ere, eta Gurpide errotan, berriz, hamarreko zati bat. Irabazirik handienak jaso zituen herriak bere baso eta mendietako egurra saldu zuenean, baina alde handiak izanik urte batzuetatik besteetara. Xehetasun gehien adierazten ahalegindu zen herria bere idatzian.
1754-11-16. Korrejidoreak gutun baten bidez adierazi zuen usoek soroetan nolako kalteak egiten zituzten, eta azkenaldian areagotu egin zirela. Usoak tiroz akabatzeko baimena eman zuen, urria eta azaroan zehar, baina inolako tresna debekaturik erabili gabe, sareak edo antzekorik.
1754-8-27. Enparan eta Harzubiko zubietan jendea pasatzeko jarritako harrizko pasabideak ordaintzea erabaki zuten.
1754-7-27. Korrejidoreak herriari erantzun zion ezinezkoa zitzaiola zezenketak ospatzeko enparantza ixteko baimena ematea, Gaztelako gobernadoreak maiatzaren 10ean emandako aginduarekin debekua emanda baitzuen.
1754-7-25. Korrejidoreari idaztea erabaki zuten, bere laguntza eskatzeko abuztuaren lehen egunean ohikoa zen bezala zezenketa izateko herrian, baina zezenketa hilko ez ziren zekorrekin egingo zela esanez. Izan ere, maiatzaren 10ean emandako probisio erreal baten bidez debekatu egin ziren zezenketak plaza itxi batean ospatzea.
1754-6-29. Udalbatzar Nagusian errukietxeaz hitz egin zuten, eta ospitala egitea erabaki zen, beharrezko obrak egin ondoren. Herrian saltzen zen ardo, pattar eta mistela pitxar bakoitzari lau maraiko zerga ezartzeko baimena eskatzea erabaki zuten, eta jasotako dirua bertan ziren behartsuen janaria inguratzeko izango zen, beste memoria batzuetako urteko dirua bezala.
1754-6-29. Enparan eta Harzubiko zubian Gallaiko harrobiko lauzarekin pasadizo bat egitea erabaki zuten, jende asko ibiltzen baitzen.
1754-6-21. Herri eta hirietan sortutako Miserikordiei buruz hitz egin zuten eta, batez ere, Azkoitian martxan jarritakoa aipatu zuten. Miserikordia horiek herritar behartsuentzat benetako oinarria ziren bizitza erabat egokitzeko. Kontuan izanik herrian zeuden behartsu ugariak eta kanpotik etortzen zirenak eskean zebiltzala herrian, neurriak hartzea erabaki zuten. Egokia ikusten zuten errukietxe bat egokitzea herrian. Horretarako, San Martin ospitaleak eman zezakeen erantzuna, lehen batean behintzat, egokitze batzuk eginik. Lehenik eta behin apezpikuaren baimena lortu behar zen eta hari eskaera zuzentzea erabaki zuten, ospitalea errukietxe bihurtzeko. Errukietxea mantentzeko zerga bat ezarri zuten. Gaiari buruz erabaki bat hartzeko, San Pedro egunean herritarrekin batzar bat egitea erabaki zen.
1753-12-27. Azken ordenantzak agindu bezala egin zuten herriko agintarien aukeraketa. Alkatetzarako Joseph Joakin Enparan izendatu zuten.
1753-12-26. Kontuan izanik herriko agintariak aukeratzeko eguna aldatu eta hurrengo egunean egin beharko zutela azken ordenantza betez, aurrez izan ohi zen Izpiritu Santuaren mezaren ordua izendatu nahian parrokiko apaizei idatzi baten bidez galdetzea erabaki zuten.
1753-8-16. Frantzisko Ostolazak enkante publikoan hartu zituen Caracasko Erreal Konpainiari emandako berrehun zuhaitzen hondakinengatik, 274 ikatz zama ordaindu zituela adierazi zuten.
1753-6-12. Udalbatzar nagusian adierazi zuten agintaritzarako aukeraketak abenduaren 27an egingo zituztela, San Miguel egunean ordez. Udalak lortutako baimenari esker egin zuten.
1753-5-30. Gaztelako Kontseilu Nagusiak alkatea eta agintarien aukeraketa abenduaren 27an egiteko baimena eman zuen, herriak 1752ko urriaren 22an eginiko eskaerari erantzunez.
1753-5-9. Herriak eginiko eskaera erantzunez, herriko agintari aukeraketa abenduaren 27an egiteko baimena eman zuen Gaztelako (Espainia) Kontseilu Nagusiak.
1753-2-24. Carascasko Gipuzkoako Erreal Konpainiari herriaren basoetan 200 zuhaitz ebakitzeko baimena eman zioten, 400 eskatu bazituen ere itsasontziak egiteko.
1753-2-16. Batzordea izendatu zen Arana errotako harria ikusi eta erosteko, ondoren Lamiosena zubirako baliagarria izango zena. Izan ere, alea ehotzeko harririk gabe agertu zen eta itxaron gabe berriro lanean jarri zuten.
1753-2-16. Lamiosena zubia egitea enkantean jartzea erabaki zuten.
1752-12-3. Izendatutako batzordeari ahalmena eman zioten Korostiola etxetik Frantziskotarren monasterio aldera egin nahi zuten bidea egin ahal izateko.
1752-11-8. Gortean probintziaren ordezkari Joakin Altunari ahalmena ematea erabaki zuten azken urriaren 22an Herri Batzar nagusian; hau da, herriko agintari aukeraketa Eguberri hirugarren egunean egiteko baimena, Gaztelako Kontseilu Errealean eskatzeko.
1752-9-25. Ferrol hiriko (Galizia) erreal fabriketara lanera joandako 11 zurginekin egin zituzten gastuen berri eman zuten -Donostiara eginiko bidaia eta bertan egin zuten denboraldia itsasontzian sartu bitartean-.
1752-8-18. Lamisosena zubiaz joan zen urteko urriaren 24ko erabakia kontuan izanda, Antonio Erkizia erregidoreak herriari proposatu zion bere kontura egingo zuela zubi berria, Iberok emandako ideia eta itxura errespetatuta. Gainera, unean herriak inolako dirurik ordaindu gabe egingo zuen zubia, erregidoreak eta izendatutako batzordeak jarritako erraztasun osoko zatietan geroago ordainduko baitzioten. Batzordeko beste lagunei adieraztea erabaki zuten onartutako proposamenaren berri, eta eskerrak eman zizkioten Erkiziari.
1752-7-30. Udalak deituta, herrian ziren hamar ofizial zurgin aurkeztu ziren Ferrol hirira (Galizia) joateko. Guztiak Donostiara bidaltzea erabaki zuten, Joxe Antonio Azkueren gutun batekin, Intendentearen zerbitzura jartzeko. Herriak bakoitzari 60 erreal eman zizkion.
1752-7-28. Diputazioak Ferrol (Galizia) hirirako behar ziren harginez eta zurginez idatzi zuen. Izan ere, herrian egindako zerrendan 11 zurgin eta hargin bakar bat bera ere ez zen, eta azken horiei hurrengo hilaren 6an Donostian Intendentearen aurrean aurkeztu behar zutela jakinaraztea erabaki zuten.
1752-7-10. Alkateak Arrasaten ospatutako Gipuzkoako Batzar Nagusiak hartutako erabakia adierazi zuen; 800 hargin eta zurginak erregea Ferrolen (Galizia) egiten ari zen lanera bidaltzea, alegia. Herriak tokatzen zitzaiona bete beharko zuela-eta Udalak erabaki zuen batzordea izendatzea herriko lurraldeko hargin eta zurginen zerrenda osatzeko.
1752-6-25. Diputazioak bidalitako gutuna irakurri zuten. Bertan honako hau esaten zen: herriko hargin guztiak Manuel Diego de Escoberori bidaltzeko eta haren aginduetara jartzeko, Ferrol hirian (Galizia) erregeak agindutako obrak egiteko. Gutun horri erantzutea erabaki zuten, abilezia zeukaten hargin gutxi zirela herrian eta beraiek herriko bideak egokitzen ari zirela esanez.
1751-6-18. Diputazioaren gutunarekin batera, Donostian zegoen Espainiako Itsas Ministerioaren eskaeraren berri eman zuten. Herrian zeuden harginak Ferrol (Galizia) hirira pasatzeko eskaera egiten zuen, bertan lan egiteko. Erregeak ordainduko zien egindako lana. Deialdia parrokiaren bidez egitea erabaki zuten, libre ziren harginak alkatearekin harremanetan jar zitezen.
1751-2-12. Urteroko herri jaietako zezenketak bertan behera uztea erabaki zuten, hiru urtetik behin egingo zirela adieraziz, Nafarroako edo Gaztelako zezenekin, nahiz eta hobe izan gaiari buruz San Miguel egunean hitz egitea, udal berria osatzen zenean hain zuzen ere.
1750-11-26. Diputazioak idatzitako gutun baten arabera, herritar hargin batzuek desertatu egin zuten, Ferrolgo (Galizia) portuko lanak alde batera utzirik. Herriko alkatearen aldetik berehala atxilotu egin beharko zirela esan zen, Donostiara bidali eta intendente nagusiaren zigorra jaso zezaten. Antonio eta Inazio Larraza anaiak eta Frantzisko Tomas Loidi ziren haiek. Kontuan izanik Antonio Larraza herriratua zela, gutun batekin Donostiara bidaltzea erabaki zuten, eta horrela adierazi zioten Diputazioari.
1750-9-29. Alkatetzarako izendatu zuten Manuel Frantzisko Alzibar Jauregi, baina ez zuen inoiz batzarrik zuzendu.
1750-9-18. Diputazioak hilaren 9an sinatutako gutun baten berri eman zuten, erreal agindu batekin batera: Portugalgo erregea hil zelako lutua jartzea agindu zuten, eta betetzea erabaki zuten.
1750-7-27. Probintziako idazkariak Iruñeko apezpikuak ezpata dantzaz egindako kontsultaz emandako erantzuna jakinarazi zuen. Apezpikuak eliz barruan, herri jairik nagusienean, Eguberri eta Gorputz egunetan bezala, ezpata dantza egitea baimendu zuen, baina dantzan gizonezkoek bakarrik hartuko zuten parte. Baimenaren berri parrokiko erretoreari ematea erabaki zuten.
1750-7-27. Parrokiko etxezainak esan zuen apezpikuak, bere azken bisitaldian, ordulariarentzat aparteko kanpai bat dorrean jartzeko agindua eman zuela. Kanpaia Ingalaterra edo Herbehereetatik ekartzeko asmoa zuten. Bestalde, herriari Inazio Ibero maisuarekin harremanetan jarri eta zer neurri eta nolako pisua beharko zuen erabakitzeko eskatu zioten.
1750-4-29. Hilaren 26an aurkitutako utzitako haurra -neskatxa-, Iruñeko Ospitalera Nagusira eramatea erabaki zuten, bataiatu ondoren. Inazio Gorostizu udaltzainaren emazte Margarita Goenaga aritu zitzaion bularra ematen.
1750-4-26. Goizean, utzitako haur bat aurkitu zuten parrokiko atarian. Neska zen, jaioberria.
1750-2-9. Apezpikuak parrokiko erretaula nagusiaren alde batean Arimen aldarea egitea baimendu zuen.
1750-1-23. Inazio Ibero maisuari Inazio deunaren erretaula zaharra tasatzeko eskatu zioten, erretaula Martite Azkoitiko ermitako erretoreak erosi nahi baitzuen.
1749-12-5. Tomas Bikendi zenaren Maria Ana Martirena alargunak urteko elur hornikuntza lana berari ematea eskatu zuen, aurreko urteetako prezioan egingo zuela eskainiz. Eskaera onartu eta eskritura sinatzea erabaki zuen herriak.
1749-5-23. Edozein ermitari jantzi apartekoak soinean zituela ibiltzea debekaturik zela jakinaraziz Diputazioak emandako agindua jasota, alkateari agindua gogoan izatea eskatu zioten. Ermitak zaindu behar zituztenek biztanle ezagunak izan behar zutela eta beste biztanleek bezalako jantziak eraman behar zituztela ere agindu zuen Diputazioak.
1748-10-27. Herri Batzar Nagusian erabaki zuten agintariek herriko karkaba guztiak garbiaraziko zituztela, horretarako etxebizitza bakoitzeko maiztertzan zenari bere nagusiari ordaindu behar zionetik sei erreal kenduz.
1748-7-12. Udaletxeko aretoan bost arratsaldetan antzerki eta dantza emanaldiak eskaini zituzten komedianteei ordaindu egin zieten egindako lana.
1748-3-19. Nikolas Altuna herriari 3.000 erreal aurreratzeko prest zenez, kale eta kantoi guztietan neurri berdin eta zabal antzeko kanalak jartzea erabaki zuten, gauza bera eginik Plaza Txikian, etxeen egitura jarraituz. Euria egiten zuenean ezinezkoa zen kalean egoki ibiltzea, eroriko asko izaten zelako.
1747-10-20. Agustindar fraideen probintzialak eta herriko prioreak erregutu zuten laguntza emateko herriaren aldetik erretaula nagusia egiteko, eta Udalak erabaki zuen eskaeraren berri Herri Batzar nagusian agertzea.
1747-9-16. Domingo Etxeparerekin eskritura sinatu zuten herriko teilaria sei urterako maiztertzan hartzean, Santu Guztien egunetik aurrera, eta urtean 26 dukat ordainduz. Etxepareren lana herriak agindutako prezioetan egin eta saltzera derrigortzen zuten.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago